|
Euskara batua eratzen hasi zenerako erreinua eta erresuma ez ziren dagoeneko sinonimoak: erresumak hartua zuen aspaldidanik esanahi-eremu zabalagoa. Euskara batuaren lehen mementoko oldar etimologiazaleak arriskuan jarri zuen bereizkuntza aberasgarri hori. Tamalez, gaur egungo joerak ere ez du arriskua baztertu.
Berez, Frantzia erreinu izatetik errepublika izatera igaro zenean hasi zen erresumaren bilakaera semantikoa, Frantziak, erregimen aldaketa gorabehera, erresuma izaten jarraitu baitzuen. Hurrengo pausoa, jakina, edozein herrialde mota izendatzeko erresuma erabiltzea izan zen. Kontuan izan behar da ez genuela zernahi entitate independente bere nolakotasun politikoan izendatzeko hitz berezirik: bistan da herrialde zabalegia eta lausoegia gertatzen dela alde horretatik. K. Mitxelena izan zen, hain zuzen, erresuma hitzaren abantailaz Hegoaldean jabetu zen lehena, 1972ko URSS-en (SSSR-n, nahiago baduzue) eta beste zenbait erresuma sozialistatan segitu zen hizkuntza politikaz esaldian, esaterako, ikus daitekeenez.
Euskara batua, aldiz, biak sinonimotzat hartzera lerratu zen, errazagoa baita etimologiara jotzea hitzen benetako esanahia testuetan aztertzen hastea baino. Eta, beste askotan bezala, Iparraldeko hitza lehenetsi zen Hegoaldekoaren kaltean. Hiztegi Batuak ere ez du egoera hori konpontzen lagundu: onartzen du erreinu, besterik adierazi gabe, eta onartzen du erresuma, adibide batekin, erreinu ez bezala; eta tamalez, erreinu bat, Belgikako erresuma, hautatzen da adibide gisa.
Azken urteotan euskara batuaren aldaera interesgarri bat sortu da. Elkar-en eta Hegoaldeko beste zenbait argitaletxetan argitaratzen duten eta Berrian idazten duten Iparraldeko idazleek eratu duten euskara batua da. Euskara hori guk erabiltzen duguna bezain batua da, baina Iparraldeko kolore osoa du. Euskara batu horretan erresuma-k Mitxelenaren adibidean duen esanahia du, jakina: izenburuko Ghanako erresuma idazle horietako baten testu batekoa da, eta Ereduzko Prosa Gaur-en horrelako mordoa ikus daitezke.
Bego Erresuma Batua, erabateko onarpena lortua baitu. Nik neuk Nafarroako erreinua lehenetsiko nuke –aipagarria da euskara batuaren Iparraldeko aldaera horretan Nafarroako Erreinua erabiliagoa dela Nafarroako erresuma baino eta Txillardegi batek ere Nafarroako erreinua erabiltzen duela–. Eta, jakina, Ghanako erresuma bezalakoak bultzatuko nituzke euskara batu osoan. Horrela jokatuz ez naiz, bistan da, ezer asmatzen ari. Tradizio aipagarria eta euskara batuan pisu bazterrezina duen joera bat euskara osora hedatuz joatea baino ez dut proposatzen.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
- Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|
|
Hau irakurririk gogora etortzen zait pasatu dena kin garraio eta garraiatu hitzak eta bidenabar transporte, transportista, transportatu.
Orobat gogoratu naiz kin izkiriatu zuena hak Xabier Amuritza an prologoa nire liburua (Euskararen arrotzhitzak, reeditionea, 2001) non izkiriatu zuen hau paragraphoa:
"Inguruko hizkuntza hain ezberdin eta sendoek komunki daukatena, ostera, euskara bezalako hizkuntza txiki eta ia agoniko bat bere baitarik asmatzen hasteak ausarkeria handiegia dirudi. Honek ez du inola ere esan nahi neologismoen baliabidea ukatzen dudanik, baina, irizpide orokor gisan, ingelesak edo alemanak mailebatzeko eskrupulurik ukan ez dutena euskarak saihesteari arloteria deritzot. Zoritxarrez horixe egin dugu eta egiten ari. Zer lortzeko? Hizkuntza guztia deskolokatzea. Indefinizio etsigarria. Anbigutasun gogaikarria. Eta auzi izugarri garrantzitsua deritzodanez, apur bat luzatu egingo naiz, Erramunen baimenez." (Prologoa, 12 or.)
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)
|