Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Patxi Altunak Euskara zuen lagun eta adiskide

Patxi Altunak Euskara zuen lagun eta adiskide

2006-01-21 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

"Euskara Batuaren bandera haste-hastetik hartu zuen", "Euskara zuen lagun eta adiskide", "Francoren diktadurapean igandeko mezetan entzute handiko predikuak egiten zituen". Hitz horiekin eta gehiagorekin gogoratu dute Patxi Altuna.

<b>Andres Urrutia: “Haizeak ez ditu eramango haren lanak”</b>

Andres Urrutia: “Haizeak ez ditu eramango haren lanak”

Patxi Altunaren biografian lau ezaugarri azpimarratuko nituzke: lehena, jesuitarena, bokazioz hala erabaki zuelako eta konbikzioz hala bizi zuelako. Hurrena, hizkuntzalaria, euskararen iragan, gaurko eta etorkizunean arduratuta, euskara bera baitzen haren arduren kezka nagusia eta ardatza. Hirugarren, irakasle eta pedagogo, Unibertsitateko zein alfabetatze prozesuetan, hainbatek euskara menderatu zutelako Euskera hire laguna gogoangarriaren bitartez. Eta laugarren, euskaltzain osoa, euskara batuaren aditzari egundoko bultzada eman ziona eta urteetan Gramatika batzordearen buru izan zena. Haren argitalpenetan nabarmen dira euskarazko idazle klasikoen edizioak: Etxepare, Tartas, Mendiburu, Kardaberaz... horiek dira lorratza jakin bateko erakusleak.

Bestalde, gramatika lanak ere aintzat hartzekoak, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordearen EGLU argitalpenetan. Euskara batuaren bandera haste-hastetik hartu eta hala jarraitu zuen, uste baitzuen euskara batua zela egun Euskaltzaindiak izan dezakeen egitekorik behinena. Goian bego Patxi Altuna eta hari egindako omenaldi liburuaren goiburua (Haizeak ez eramango!) iraulietara jarriz, esan dezadan bidenabar haizeak ez dituela eramango Patxi Altunaren lanak.

Pello Salaburu: “Euskara zuen lagun eta adiskide”

Euskararekin lotzen ez badugu, nekez uler daiteke Patxi Altunaren bizitza. Euskara zuen lagun eta adiskide, eta euskarari eman zizkion, doktorego tesia Salamankan Mitxelenarekin egin zuenetik, eta lehenago ere, bere ordurik onenak. Filologo sendoa, hizkuntzaren historian, eta hizkuntza klasikoetan, batez ere latinean, errotzen zuen bere jakituria.

Eta jesuita. Patxi Altuna jesuita zen, eta hori beti ageri zen bere baitan. Jesuita euskalduna, edo euskaldun jesuita. Hori baitzen Patxi. Ez da kasualitate hutsa berak egin azken lana Loiolako Inazioren Gogo-jardunen liburuaren euskal itzulpena izatea. Hori aurkeztu genuen elkarrekin Deustuko Unibertsitatean orain dela hilabete batzuk. Ez dakit nola amaitu ahal izan zuen lana, akitua baitzen dagoeneko.

Hainbeste urtez Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko burua izan zen. Lan handiak egin zituen batzorde horretan: gaiak zehazten, liburuak egituratzen, eztabaidak behar bezala eramaten. Behar zenean elkarrizketa askea uzten zuen, behar zenean mahaia jo eta jendea isilarazten zuen. Elkarrekin egin genuen, beti dut gogoan, lehenbiziko liburukiaren azken orrazketa ere.

Patxi Altunaren joanarekin euskaltzale handi bat galdu dugu, euskararen inguruko gaietan espezialista on bat, filologo klasiko bat. Desberdinak ginen bai adinez, bai historiaz, bai mundua ikusteko moduaz. Baina ordu asko elkarrekin eman ondoren, adiskide bat galdu dudala esan dezaket.

Ana Toledo: “Artesirik gabeko adorea zuen”

Patxi Altuna, Aita Patxi, Jesulagun euskaltzalea da niretzat. Hala gogoratzen dut eta hala gogoratuko dut.

Jesulagun euskaltzalea da Francoren diktaduraren garaian igandeetako mezetan entzute handiko predikuak egiten zituena; Jesulagun euskaltzalea da hainbat argitara lanetan beste jesulagun euskaltzale batzuen obra aztertu eta ezagutzera ematen duena. Patxi Altuna Jesulagun euskaltzaleak bi lantoki nagusi izan ditu, Deustuko Unibertsitatea eta Euskaltzaindia. Lantoki horietan bi lantegietara emana bizi izan da: irakatsi eta ikertu. Bi egitekoak berebiziko kemenarekin beteko ditu. Patxi irakasleak eskola bakoitzean arima uzten zuen, bere bizitzako lehena eta azkena balira bezala ematen zituen. Patxi ikertzaileak ikerketa bakoitzean bere ezaguera filologikoekin lan egiten du, ez edonola ordea: azken xehetasunaren xehetasuna aurkitu behar du, azken detailetan detailea atzeman behar du.

Artesirik gabeko adorearekin heldu zion euskara gizarteratzeari, euskara duina erabiltzeko bidea erakusteari, euskara ikertzeari... hala jarraitu zuen bizitza osoan: eginkizun horietarako egunaren ordu guztiak gutxiegi zituen.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com