Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntzak eta legeak

Hizkuntzak eta legeak

2006-01-18 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Iñaki Andueza jaunak Galdegaia eta Euskara zuzena erantzunetan azaldu dizkidan arrazoien erantzuna beste batzuei ere agian interesatuko zaielakoan, sail honetako artikulu baten bidez erantzutea pentsatu dut.

Lehenik, Euskaltzaindiak ez ditu onartu ez nekatuta nago, ez nekaturik nago; baina ezta nekatua nago ere. Ez da kontu horrezaz mintzatu, besterik gabe.

Bigarrenik, arriskugarria iruditzen zait hurrengo puntuan erabiltzen duzun argudioa: gramatikaren kontra doalako-edo iruditzen zaizu badaezpadakoa nekatua nago delakoa. Baina badago urrezko erregela bat kontu horretan: hizkuntza eta gramatika bat ez datozenean, aldatu behar dena gramatika da, ez hizkuntza. Beste hitz batzuez esateko, Leizarragak, Etxeberri Ziburukoak, Axularrek, Agirre Asteasukoak, Lardizabalek, Duvoisinek, Joanategik, eta abarrek, eta abarrek, eta K. Mitxelenak erabiltzen duten joskera hori ez badator bat gramatikak dioenarekin, gramatika da aldatu behar dena, eta ez, gure artean behin baino gehiagotan saiatu garen bezala, hizkuntza. Eta Euskaltzaindia hizkuntza zaintzeko dago agian; baina zaintze horrek, neurri batean, "jendeak esaten duena" onartzea eskatzen du. Horrela jokatzen dute bederen ezagutzen ditudan Akademia eta Akademia ordeko guztiek, konturatzen baitira hiztun petoak eta idazle onak direla, non-nahi, unean uneko hizkuntzaren jabeak.

Besterik da –ek ergatiboaren kasua, ez baitu, berez, zerikusirik gramatika legeekin: hor bi sistema daude betidanik euskara historikoan: batean, sortaldeko euskalkietakoan, plurala + ergatiboa –ek gertatzen da; bestean, sortaldekoetan, –ak. Lehenengoa hautatu zen Euskara Batuan, a) bat aukeratzea nahitaezkoa zelako batasuna egingo bazen, eta b) –ek formak tradizio hobea zuelako eta eraginkorragoa zelako, besteak beste. Baina ez zegoen hizkuntza legerik batasunerako –ak hautatzea debekatzen zuenik. Orobat, ez zegoen hizkuntza legerik aditzean dot paradigma, edo zan paradigma, esaterako, aukeratzea debekatzen zuenik. Hori guztia arau bidez konpondu behar zen, azken batean arbitrarioak zirelako hautaketak. Hizkuntza legeetatik kanpoko arau horiek osatzen dute euskara zuzena esaten zaiona.

Baina pankartetako Ongi etorriak –edo jende asko etorri dira–, adibidez, euskara gaiztoa dela adierazteko ez da –ez litzateke– araurik behar. Bestela esan, hizkuntza legeek gobernatzen dute kontu hori. Eta egungo euskararen arazo larrienetako bat hau da: hogeita hamar urte eman ditugu euskara zuzena osatzen duten arauei begira eta horiei buruzko hutsak bakarrik zuzentzen. Azkenean iruditu zitzaigun hori zela zuzenkizun bakarra, eta aski zela arau horiei –eta, okerrago dena, halakok edo halakok bere kabuz eratu zituen arau-usteko "osagarriei"– begiratzea euskara onean idazteko. Baina euskara batzen ari ginen bitartean, euskara "eguneratu" eta "hiritartu" ere egin behar genuen, eta hori zela-eta barra-barra sartu zitzaigun, konturatu gabe-edo, euskara gaiztoa euskara batuan. Zeren garrantzizkoa zen irakurleak ikusi dute zuzentzea; baino garrantzizkoagoa –maila bat garrantzizkoagoa– idazkunetako Ongi etorriak –edo Euskara batuaren ajeaken salatu nituen hainbat– zuzentzea. Eta hor nabarmen egin dugu huts.

Bukatzeko, Iñaki Andueza jauna, berdin jokatzen dute gainerako hizkuntzek, gaztelaniak adibidez. Aski duzu Kixoteren bigarren kapitulua irakurtzen hastea Cervantes "leista" zela ikusteko. Halere ez da Cervantes gaztelaniazko idazleen artean txarrena. Edo ikus ezazu Real Academia de la Lengua Española-ren azken hiztegiak, Diccionario panhispánico de dudas delakoak, zein esku leunez tratatzen duen "leismoa" edo "laismoa": "usos impropios" omen dira; baina J. A. Pascual akademikoak, hiztegi horren aurkezpena zela-eta egin zioten elkarrizketa batean esan zuen bezala, gaztelaniazko benetako hutsak pienso DE que no tienes razón bezalakoak dira. Bakoitzari berea, hori da legea. Eta agur bero bat.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Neurriak non?
2006-01-18 / 08:35 / Roberto Manjón

Sarasolak esandakoak ez daude txarto. Bakarrik falta zaio erabilerak gustuko ez dituenean ere aplikatzea. Jakina, "hizkuntzaren jabeak" eta "idazle onak" zein diren, erabilera hedatua norainokoa den, hiztun arrunten balioa zein den, hiztunari arnas hartzen noraino utzi behar zaion, prudentziak zer agintzen digun... beti erabaki behar dira, eta horretan bakoitzak jartzen ditu bere neurriak (Gero, bestalde, batzuek hizkuntzaren zaindaritzat dute bere burua, besteak baino jabeagoak edo, eta uste dute eskubidea daukatela inori nola hitz egin eta, azken finean, nola bizi esateko. Euskeraren inguruko mundua eta askatasuna edo aurrerapena ez dira oraino lagun onak izan). Nire irudiko, Sarasolak diskrezionalitate handi samarraz jotzen du normalean erabaki horiei dagokienez. Eta hori guztia kontuan hartu gabe neurri horiek jartzen ditugunean azpitik eragiten duten oinarri ideologikoak, hala nola Euskal Herriaren batasuna, euskeraren batasuna, Iparraldeko euskeraren pisua, tradizioa... Oinarri ez aitortuak gehienetan, baina argudio sasilinguistikoez eta bestelakoez mozorrotzen ditugunak


(ROBERTO MANJÓN LOYOZA, Osakidetzako euskara-teknikaria da.)

 
Hizkuntzalaritzan agindu
2006-01-18 / 11:25 / Karlos del Olmo

Zenbait hizkuntzalarik ere, itxuraz, botere apur bat lortu bezain laster, hizkuntza eta are literatura kontuetan ere agintzen ahalegintzen direla ikusten dugu gero eta sarriago Euskal Herrian. Zenbaitetan, gainera, badirudi ezen araugintza bide -itxuraz- sano zuzen, zedarritu eta seinaleztatu batetik eroan gura izaten dutela eta hiztunak eta komunikazioa auskalo zein xendra ezainetatik doazela. Geroak, halere, nor bere lekuan jarriko du.


(KARLOS DEL OLMO idazlea eta itzultzailea da)

 
Ongi etorriak izan zaitezte!
2006-01-18 / 09:54 / Josu Lavin Campo

Ongi etorri dira

eta

Ongi etorriak dira

esaten ahal dugun bezala,

Ongi etorri izan zaitezte

eta

Ongi etorriak izan zaitezte

esaten ahal dugu, inoren baimenik gabe.

Ongi etor zaitezte ere posible da, nahiz burututasunik ez duen adierazten, aspektugabea delako.

ONGI ETORRI IZAN ZAITEZTE formak burututasuna adierazten duen bezala, ONGI ETORRIAK IZAN ZAITEZTE burutu-burututasuna adierazten du.

burutu = perfektu

burutu-burutu = pluskuanperfektu

Beste edozein aditzekin berdin joka genezake:

Irakurria izan ezazue bihar arratsalderako goizean eman dizuedan irakurgaia

Eginak izan itzazue bostetarako mateko ariketak

Ez zaitezte menderatuak izan!


(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
Josu Lavini erantzunez
2006-01-18 / 10:29 / Dionisio Amundarain

Josu Lavini erantzunez:

Nik neuk ez nuke sekula zuk dakartzun esandi hau esango:

"Eginak izan itzazue bostetarako mateko ariketak".

Beste hau ateratzen zait zure horren ordez:

"Egin itzazue bostetarako mateko ariketak" edota "Bostetarako eginak izan/eduki behar dituzue mateko ariketak".


(DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA itzultzailea da)

 
Forma zuzen korrektuak ba dira bat baino gehiago, zorionez
2006-01-20 / 13:08 / Erramun Gerrikagoitia

Guztiz osoro naturala da entzutea honakoak gure inguruan "eindde eukizuez biherrak domekarako", holakoak entzun ahal dira ganik edozein euskaldun traditional eta ezeskolatu. Beste osterantzeko formak ere zuzenak direnik nor ukatzen ahal du?, baina nork ukatu ahal du ezen okerra da hau formea? Hori da kuestionea.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com