|
Tokiko telebista digitalaren garapenerako kontzesio administratiboaren prozesua abian du Kultura Sailak. Dekretu bidez lehenik, eta lehiaketa arautuko duen baldintza pleguaren eskutik hurrena, finkatuko du prozesu osoa Eusko Jaurlaritzak. Dekretuaren zirriborroa herritarren jakinera jarria du jadanik Kultura Sailak, hain zuzen ere behin-betiko dekretua onartu eta argitaratu aurretik hala nahi duen guztiak bere iritzia eman ahal izan dezan. Eskertzekoak dira iritziak eta iradokizunak, erabakiak hartzea dagokionak argibide gehiago izaten baitu horrela. Normala litzateke audientzia publikoan batzuk eta bestek aurkezturiko proposamenen argitan, behin-betiko dekretuak hobekuntzak izatea.
Hiru dira tokiko telebista digitalaren garapenerako prozesua arautzerakoan Kultura Sailak kontuan izan dituen helburu nagusiak, helburu horiek direlarik aldi berean tokiko telebista digitalaren ezaugarri behinenak: informazio lokala, eduki propioak eta euskararen lekua.
Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak tokiko telebista digitalei ezarri dien helburu eta ezaugarri nagusietariko bat da euskararen presentziarena, eta horregatik euskarak lehentasunezko lekua izan dezan neurriak aurreikusten ditu dekretu zirriborroak. Hori horrela ez denik nekez argudia daiteke dekretu zirriborroaren argitan, dekretuak bermatu egiten baitu euskararen presentzia tokiko telebista digital guzti-guztietan, salbuespenik gabe.
Une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen ari diren behin behineko tokiko telebistei erreparatzea nahikoa da ikusteko komunikazio talde handien telebistek gaztelania hutsean emititzen dutela, eta egungo telebista lokalen lautik bat eskas direla euskaraz jarduten dutenak. Hemendik aurrera hori ez da horrela izango, egoera aldatzeko neurriak ezarri asmo baititu Eusko Jaurlaritzak telebista lokalei buruzko dekretuan. Hemendik aurrera, nahitaez, tokiko telebista guztietan, pribatuetan zein publikoetan, izango du presentzia euskarak, presentzia duina gainera. Titular pribatuen kasuan gutxienez telebistaren eremuko euskaldunen portzentajearen adinakoa, eta titular publikoen kasuan gutxienez %50ekoa, inoiz ez gutxiagokoa, izango da euskararen presentzia, eta hortik gorakoa euskaldunen portzentajea handiagoa denean. Eta hortik gora, gainera, nahi adinako lekua egin ahal izango zaio euskarari, euskara hutsezko telebista egiteraino, telebista guztiei eskatuko zaizkien bideragarritasun baldintzak betetzen diren heinean.
Zehatz azalduta, ondorengoak dira euskarari lehentasunezko trataera emateko eta leku duin eta aurreratua egiteko dekretu zirriborroan jasotzen diren hizkuntza irizpideak:
- Udalek kudeaturiko kanalek euskaraz egin beharko dute beren emisioen erdia gutxienez. Euskaldunen portzentajea %50a baino handiagoa denean, portzentaje hori bera izango da euskarazko emisioen gutxienekoa. Horrek esan nahi du, hiriburu eta hiriburu inguru guztietan Ðhain zuzen ere elebidunen 2/3 bizi diren tokietan- Udalek kudeaturiko telebistek gutxienez erdia euskaraz egin beharko dute. Hori da gutxienekoa, gehiago egitea, euskara hutsean egiteraino, beren esku dago.
- Kudeatzaile pribatuak dituzten telebista guztiek beren eremuko euskaldunen portzentajearen neurriko lekua egin beharko diote euskarari gutxienez. Gehiago egitea, euskara hutsean egiteraino, beren esku dago, baina ez dago gutxiagorako aukerarik.
- Euskarazko programazioaren zati pisuzko bat audientziarik handieneko orduetan eman beharko dute.
Euskararen presentziari dagozkion betebeharrak gutxienekoak dira, eta tokian tokiko hizkuntza egoera kontuan harturik euskarari leku duin eta egokia bermatzea dute helburu. Baina euskarari lehentasunezko trataera ematearen irizpidea ez da bakarrik betebehar horien eskutik bermatzen, areago baitoa araua. Izan ere, gutxienekotik gorako euskararen presentzia progresiboki baloratzeko bidea irekitzen baitu dekretu zirriborroak, espresuki esaten duelarik bereziki baloratuko direla osorik euskaraz jardungo duten telebistak. Horrek bistakoa den zerbait esan nahi du, honakoa: telebista guztiek bete beharko dituzten bideragarritasun baldintzak betetzen dituen euskara hutsezko telebistak kontzesioa lortu ahal izango duela hain zuzen ere euskarari ematen zaion lehentasunaren ondorioz. Beraz, barruti bakoitzean euskara hutsezko telebista kanal batek edo bik edo É jardun ahal izango du eskaintzarik baldin badago eta guztiek bete beharreko bideragarritasun baldintzak betetzen baditu.
Bada, beraz, argi eta garbi esan beharreko zerbait: Kultura Sailaren dekretu zirriborroak ez dizkio ateak itxi euskara hutsezko telebistari, zabalik baitaude ate horiek; ateak itxi gaztelania hutsezko telebistari itxi zaizkio, ez baita euskararik gabeko gaztelania hutsezko tokiko telebista digitalik izango. Gainera, lehiaketako puntu-banaketa egiterakoan kontuan hartuko da gutxienekotik goragorako euskararen presentzia, bereziki eta modu erabakigarrian baloratzeraino osorik euskaraz jardungo luketen telebista-proiektuak.
Exijentziei dagokienez, bestalde, agente pribatuei baino exijentzia altuagoa ezarriko litzaieke udalei. Izan ere, uste baitugu euskararen erabilera bultzatzeko jardunean gizarteko agente pribatuei baino konpromiso eta ahalegin handiagoa eskatu behar diogula herri-aginteok geure buruari, besteak beste ispilu eta eredu izan gaitezen.
Euskarak gaur egun telebista lokalen munduan duen presentzia ikusita, bistan da lortu nahi diren hizkuntza helburuak pisuzkoak eta aurreratuak direla. Aukera oparoa irekitzen zaio euskarari tokiko telebisten esparruan. Gure iritzian orain bi aldetako erronka da euskal gizarteak aurrez aurre duena: alde batetik, euskararen presentzia ahalik eta zabalena bermatzeko gai izango diren proiektu bideragarriak eratzea, eta, bestetik, euskarazko emisioetarako ikus-entzuleak irabaztea. Bide hori modu arrakastatsuan egin nahi badugu, gaude beharrezkoa dela urrats ausartak baina seguruak ematea, geure buruari helburu lorgarriak jartzea, beti ere aurrerantz jarraitzeko moduan. Horregatik da egoki eta beharrezko dekretu zirriborroak aurreikusten duen progresibotasuna, zaila baita ezinezkoa ez bada euskararen presentzia bermatzeko eta handitzeko finkaturiko helburuak gauetik goizera, dekretu baten bidez behartze hutsagatik, lortzea. Denbora beharko da, eta horregatik aurreikusten dira dekretuan betetze prozesurako gutxieneko abiapuntuak eta helburuak. Honetan ere guztiz aplikagarria baitzaigu Mitxelena maisuaren gomendio hura, «handikeriazko menturarik gabe» jarduteko gomendioa, alegia. Dekretuak gutxienekoak ezarri eta gehiagorako aukerak ematen ditu: aukera horiek baliatzea da orain kontua eta erronka.
Kataluniari buruzko erreferentziak azaldu dira zenbait adierazpenetan, eta horiei buruzko aipamen batekin bukatu nahiko genuke. Irakurri ahal izan dugunez, katalanaren betebeharra euskararena baino altuagoa omen da tokiko telebistetan. Hori, ordea, ez da horrela. Emisioen %50a gutxienez katalanez izatea da Kataluniako betebeharra, nahiz eta hango elebidunen indizea %50a baino dezente handiagoa izan. Hemen udal guztiei eskatzen zaie %50eko gutxienekoa, eta, Katalunian ez bezala, hortik gora eskatzen zaie udalei nahiz pribatuei elebidunen portzentajea handiagoa denean.
(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|