![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Iņaki Andueza / Hizkuntza / 2006-01-03 / 07:00
Tabakoa erretzeko bizioaren jabe direnei eraso egin die 28/2005 legeak. Euskarari ere bai. Eusko Jaurlaritzaren arabera, erretzea baimentzen duten tokietan, jendaurrean derrigorrez jarri beharreko txarteletan hauxe idatzi behar omen da: "Hemen erretzea dago".
Taberna askotan aspalditik jarrita dute txartel hau bezalakoa: SALDA BADAGO.
Bada, orain Eusko Jaularitzak dionez, aldatu beharrean aurkituko dira tabernari guztiak. Hemendik aurrera SALDA DAGO txartel berria eskatu beharko diete Erregeei, legearen barruan egon nahi badute behintzat.
Mila lizentziatu, filologoak zientoka izango dira, agindu hau kaleratu baino lehen, idazkiaren gainean ibiliko zirenak. Dena den tabernazaleak izango balira.... txikito bat hartu, begirada bota eta.... SALDA BADAGO....
Nere ustez txartelak jarri behar badira horrela jarri beharko lirateke: HEMEN ERRETZEA BADAGO.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak tabakoari buruzko 28/2005 legea betetzeko han-hemenka derrigorrez ezarri beharreko seinaleei buruzko iragarkia argitaratu du EAEn karrikaratzen diren egunkarietan. Hona hemen hitzez hitz zer dioen iragarki horrek:
(...) Seinaleak argiak izan beharko dira eta leku ageri batean jarri beharko dira. Gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon beharko dira eta honako eduki hauek jaso beharko dituzte:
Tabako-saltokietan eta tabako-makinetan:
1.- DEBEKATUTA DAGO 18 URTETIK BEHERAKOEI TABAKOA SALTZEA.
TABAKOA OSO KALTEGARRIA DA OSASUNARENTZAT.
Zalantzarik badago, adina egiaztatzeko eskatu ahal izango da.
Erretzea debekatuta dagoen establezimenduetan (erabateko debekua alegia):
1.- ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO.
Erretzeko guneak dituzten establezimenduetan:
Lokalaren atean:
1.- ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO, ERRETZAILEENTZAKO EREMUAN IZAN EZIK.
Egokitutako eremuaren sarreran:
2.- ERRETZAILEENTZAKO EREMUA.
LEKU HONETAN EZIN DA SARTU 16 URTETIK BEHERAKO INOR.
100 metro koadro baino gutxiago dituzten hostalaritza-establezimenduetan:
Hartutako erabakiaren arabera:
1.- ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO
2.- HEMEN ERRETZEA DAGO.
Beti honako hau aipatuko da: "28/2005 LEGEA betez".
Eta hala ematen dut aditzera guztiak jakinaren gainean egon daitezen legea hobeto betetze aldera.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko abenduaren 29a
DROGA GAIETAKO ZUZENDARITZA
Zientoka edo milaka izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko bazterretan banatuko diren txartel okerrak. Behin banatutakoan, beti bezala, bi aldiz ahalegin handiagoa egin beharko dugu egindako okerra zuzentzen. Euskararentzat sekula ez ditugu kontuak aurretik ateratzen.
Joan den egunean Euskal Telebistan kotxe iragarki bat ikusi (eta entzun) nuen, Kotxe hau onena da, ikaragarria da, aparta.... akats bat besterik ez du: EZ DA GUTARIKOA!
Nere uste apalean "gutarikoa" bizidunekin erabili ohi dugu euskaldunok, orain arte behintzat.
Badakit publizitate munduan dena ontzat hartzen dela. Euskaltelera joan zaitez sega-poto baten bila, eta handik gutxira esango dizute... Hemendik aurrera BAZARA EUSKALTEL. Mesedez, errespetu piska bat kamarada....
(IŅAKI ANDUEZA ARBIZU institutuko irakaslea da)
![]() | Inprimatu |
Andoni Sarriegi Eskisabel / 2006-01-03 / 07:51
Erretzeaz edo ez erretzeaz indarrean jarri berri den lege berri honek, argi ez bagabiltza euskara erreko digu beste behin.
HEMEN ERRETZEA BADAGO eta gisakoak ez dira oso jatorrak. Jatorra benetan HEMEN ERRE LITEKE da, edota HEMEN EZIN LITEKE ERRE, edo legearekiko zehatzago direnak, HEMEN ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO edota HEMEN ERRETZEA EZ DAGO DEBEKATUTA.
Mesedez, beste behin ere bazterrik bazter bi mila itzulpen desberdin (asko txarrak) egiten ari gara jada euskaldunok eta ez dut ikusi oraindik gure erakunde gorenetako inor eguna iritsi denerako esamolde horiek ofizialki nola idatzita egon behar duten esaten eta agintzen. Hor ikusten da Euskara ezein erakunde ofizialek ere ez duela hizkuntza ofizialtzat hartzen.
Ez bata eta ez bestea. Ofizialki argitaratu da esaldi desegokia. HEMEN ERRE LITEKE egokiagoa da eta HEMEN EZIN LITEKE ERRE ere bai noski. EGON horren gehiegizko erabilera nabaria da eta askotan xelebrea euskaldun peto askorentzat.
Debekua adierazi behar denean, berriz, HEMEN, ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO edota HEMEN, ERRETZEA EZ DAGO DEBEKATUTA.
Kasu hau ez da SALDArena bezalakoa. SALDA egon egoten da, baina ERRETZEA ez da egoten. Hizkuntza kakazten ari gara.
(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Udalaren Euskara Zerbitzuburua)
Igor Murua / 2006-01-03 / 10:09
Erre liteke ez al da baldintzazko esaldi baten ondorioa? Esaterako: "Leihorik balego, erre liteke (erre ahal izango litzateke)."
Baina gabiltzan egoeran, ez dago inongo baldintzarik, erre daitekeela besterik ez du adierazi behar kartelak.
Beraz, nire ustez simple eta jatorrena "Hemen erre daiteke" eta "Hemen ezin da erre" izango lirateke.
IGOR MURUA MUJIKA
Iņaki Martinez Etxeberria / 2006-01-03 / 11:34
Honatx nire ustez euskarazko esapiderik jatorrena. Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaldunek ulertzeko modukoa: "HEMEN ERRETZEA LIBRE DAGO"
(IŅAKI MARTINEZ ETXEBERRIA euskara irakaslea da)
iņaki Andueza / 2006-01-03 / 12:26
Barkatu Andoni Sarriegi jauna, baina ez dut uste "hemen erretzea badago" esaten dudanean hizkuntza kakazten ari naizenik.
Zuk diozu..." Salda egon egoten da, baina erretzea ez da egoten..." Noski kamarada, ez dela egoten. Erretzea badago ala ez, baina ez da egoten.
Gaizki al dago hau ere?
Edo
Dena den eskerrik asko erantzuteagatik.
Iņaki Andueza
erabili.com / 2006-01-04 / 07:00
Oraingoan ere burua betiko lepotik egin dute euskararekin. Erretzea debekatu dute baina libre daukate euskara akatsez beteta erabiltzea (hori bai, gainera, eskerrak eman beharko dizkiegu euskara erabiltzeko "mesedea" egiten digutelako..)
![]() | ![]() |
| Espainiako Osasun ministeritzak erretzerik ez dagoen tokietan itsatsi beharreko oharrak argitaratu ditu euskaraz (akatsez beteta). | Oharra euskaraz oker dagoela ohartu dira... eta zuzentzeko saiakera egin dute... Tamalez, ez da askoz hobeto geratu. |
Andoni Sarriegi Eskisabel / 2006-01-27 / 09:41
HEMEN SARTZERIK BADAGO eta HEMEN KAKA EGITERIK BADAGO ez dira esaldi jatorrenak. Ez dakit non arraiotatik ari den sartzen EGON BIRUSA baina erabat hedatzen ari zaigu. BILBON EGON eta BILBON IZAN ere ez dira berdinak euskaldun askorentzat. BILBON IZAN NAIZ, joan-etorri bat adierazteko da (egun berekoa normalean) eta BILBON EGON NAIZ denboraldi bat han igaro izana adierazteko (hainbat egun adibidez). Badakit euskalki batzuetan IZAN hori ez dela erabiltzen, baina erabiltzen dugunok behintzat eutsi egin beharko diogu eta besteok ahal baduzue ikasi.
HEMEN SAR DAITEKE edo LITEKE eta HEMEN KAKA EGIN DAITEKE edo LITEKE bai!!!!! .... EGITERIK EDO SARTZERIK BADAGO eeeeezzzzz!!!!! DAITEKE eta LITEKEren artean, ahaltasun- eta errealtasun-mailak ebatz lezake.
(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Udalaren Euskara Zerbitzuburua)
UZ / 2006-01-30 / 16:33
Oso ondo EGON aditzeko guzti hori, baina ez litzateke Beasaingo UdaleKO Euskara Zerbitzua izan beharko? Niri, gutxienez, jatorragoa iruditzen zait, egokiagoa ez esateagatik.
A! Eta beste euskalki batzuetan zurea dena erabiltzen ez bada, ez saiatu inposatzen. Nahikoa dugu Bizkaierak Batua sortzerakoan hartu zuen lekua ikusita.
Eskerrik asko.
Ugaitz Zabala