|
Tabakoa erretzeko bizioaren jabe direnei eraso egin die 28/2005 legeak. Euskarari ere bai. Eusko Jaurlaritzaren arabera, erretzea baimentzen duten tokietan, jendaurrean derrigorrez jarri beharreko txarteletan hauxe idatzi behar omen da: "Hemen erretzea dago".
Taberna askotan aspalditik jarrita dute txartel hau bezalakoa: SALDA BADAGO.
Bada, orain Eusko Jaularitzak dionez, aldatu beharrean aurkituko dira tabernari guztiak. Hemendik aurrera SALDA DAGO txartel berria eskatu beharko diete Erregeei, legearen barruan egon nahi badute behintzat.
Mila lizentziatu, filologoak zientoka izango dira, agindu hau kaleratu baino lehen, idazkiaren gainean ibiliko zirenak. Dena den tabernazaleak izango balira.... txikito bat hartu, begirada bota eta.... SALDA BADAGO....
Nere ustez txartelak jarri behar badira horrela jarri beharko lirateke: HEMEN ERRETZEA BADAGO.
Iragarkia egunkari guztietan
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak tabakoari buruzko 28/2005 legea betetzeko han-hemenka derrigorrez ezarri beharreko seinaleei buruzko iragarkia argitaratu du EAEn karrikaratzen diren egunkarietan. Hona hemen hitzez hitz zer dioen iragarki horrek:
(...) Seinaleak argiak izan beharko dira eta leku ageri batean jarri beharko dira. Gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon beharko dira eta honako eduki hauek jaso beharko dituzte:
Tabako-saltokietan eta tabako-makinetan: 1.- DEBEKATUTA DAGO 18 URTETIK BEHERAKOEI TABAKOA SALTZEA. TABAKOA OSO KALTEGARRIA DA OSASUNARENTZAT.
Zalantzarik badago, adina egiaztatzeko eskatu ahal izango da.
Erretzea debekatuta dagoen establezimenduetan (erabateko debekua alegia): 1.- ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO.
Erretzeko guneak dituzten establezimenduetan: Lokalaren atean: 1.- ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO, ERRETZAILEENTZAKO EREMUAN IZAN EZIK. Egokitutako eremuaren sarreran: 2.- ERRETZAILEENTZAKO EREMUA. LEKU HONETAN EZIN DA SARTU 16 URTETIK BEHERAKO INOR.
100 metro koadro baino gutxiago dituzten hostalaritza-establezimenduetan: Hartutako erabakiaren arabera: 1.- ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO 2.- HEMEN ERRETZEA DAGO.
Beti honako hau aipatuko da: "28/2005 LEGEA betez".
Eta hala ematen dut aditzera guztiak jakinaren gainean egon daitezen legea hobeto betetze aldera.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko abenduaren 29a DROGA GAIETAKO ZUZENDARITZA
Milaka txartel
Zientoka edo milaka izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko bazterretan banatuko diren txartel okerrak. Behin banatutakoan, beti bezala, bi aldiz ahalegin handiagoa egin beharko dugu egindako okerra zuzentzen. Euskararentzat sekula ez ditugu kontuak aurretik ateratzen.
Ez da gutarikoa:
Joan den egunean Euskal Telebistan kotxe iragarki bat ikusi (eta entzun) nuen, Kotxe hau onena da, ikaragarria da, aparta.... akats bat besterik ez du: EZ DA GUTARIKOA!
Nere uste apalean "gutarikoa" bizidunekin erabili ohi dugu euskaldunok, orain arte behintzat.
Badakit publizitate munduan dena ontzat hartzen dela. Euskaltelera joan zaitez sega-poto baten bila, eta handik gutxira esango dizute... Hemendik aurrera BAZARA EUSKALTEL. Mesedez, errespetu piska bat kamarada....
(IŅAKI ANDUEZA ARBIZU institutuko irakaslea da)
|