![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Haritza Camblong Ruiz / Bestelakoak / 2005-12-22 / 07:00
Izugarrikoa izan zen Igandeko BEC-eko bertso lehiaketa, egunaren parte handienean behintzat. Zein giroa! Nolako bertsuak! Euskararen eta bertsolaritzaren uhainek, jendeak zentzu berean eramaiten gintuzten, zoriona eraginez. Festa hartan oso zoriontsu sentitzen nintzen ni behintzat, une madarikatu hori arte.
Aitzinetik, gerta zitekeela pentsatua nuen. Duela lau urte pasa bazen, zergatik ez zen berriz ere pasako? Bainan hala ere, zoin ximikoa sentitu nuen bihotzean sari-banaketako txistuak entzutean! Bat batean, BEC-eko airea aldatu zen, gorroto usaina zuen. Zoin herra sentitzen zen txistu horien aldetik! Lehengo zorion uhaina gorroto eta koldarkeri uhainean bihurtu zen.
Neri min egin zidaten gisan, pentsatzen dut txistu horiek beste jende batzu ere minduko zituztela. Eta hasteko sariak banatzeko oholtzara igo zirenak. Horregatik, elkartasun osoa adierazi nahi diet Fernando Tapia, Miren Azkarate eta joera intolerante hori pairatu izan behar zuten beste guziei.
Jarrera hori ez da berria eta iduritzen zait forma desberdinetan eta jende desberdinek pairatzen dutela Euskal Herrian. “Talde” desberdin batekoa izaiteagatik soilik, jendea baztertzean datza. Batzuek fundamentalismoa deitzen dute. Egia erran, ez dakit zer den hori zehazki. Nik sinpleki intolerantzia edo bazterkeria deituko nuke. Bazterketa joera hori nahiko arrunta bihurtu da gure gizartean. Alta izugarri larria iduritzen zait neri, eta tamalez, Euskal Herriaren gaitz hori kronikoa bihurtu dela beldur naiz. Hori, aztertu beharreko gaia dela uste dut, bainan ez naizenez aditua eta hemen lekurik ez legokeenez, hortan utziko dut.
Joera beraz gain (larriena kontsideratzen dudana nik behintzat), ondorioak ere aztertu daitezke. Txistu horiek, jendea zatitzen dute eta euskara eta bertsolaritza politizatzen dituzte. Finala BECera eramaitearen helburuetariko bat, euskara eta bertsolaritza Bilboren ezkerraldean indartzea zen. Egun eta ordu luzez hori lortzeko egindako lana ez ote dute txistu intolerante horiek neurri handi batean deuseztatu?
Beste hainbat galdera egiten dizkiot buruari: BBK txistukatzen zutenen artean, ez ote zen banketxe hortako bezerorik? BECetik ateratzean gazteleraz mintzatzen zen jendearen artean, txistuak bota zituztenik ba ote zen? Gaurko gizartea “erosotasunaren” gizartea bihurtu da neurri batean, eta noski, askoz erosoago da jende-taldea segitzea behatza ahularen norabiderantz altxatuz, eguneroko bizitzan norberaren ideiekin koherentea izaitea baino. Horregatik zoriondu nahi ditut herraren uhain horren korrontearen kontra, kurai handiz eta erosotasuna ondoan utziz, txapelketa antolatzen lagundu duten sari-banatzaileak txalotu dituztenak.
Ongi orroitzen banaiz berriki Durangon saritu duten Gotzon Garatek zioen ezkerreko ideologia maitasunean oinarritu behar dela. Ni horrekin arras identifikatua sentitzen naiz. Segur naiz txistuka ari ziren jende gehienek ere, beren burua ezkertiartzat dutela, bainan haiek dirudienez gorrotoaren bidea nahiago dute maitasunarena baino.
Xalbador ere txistukatu zuten gogorki 67an. Berak, hitzak eta manera atseman zituen jendearen txistuak txalotan bihurtzeko.
Idatzi zituen ondoko beste bertso hauek, sari banaketaren egoeraren nahiko erakusgarri dira:
(...)
| Badakit askoz ere nukela hobea nehori ez agertu ene dolorea; odolaren mintzoa eduki gordea nahiko nuke, bainan ezin dut ordea. |
| Ama Euskal Herriaz naiz naigabetua, uzterat doalakotz betikotz mundua, bere seme alabez abandonatua nork barka dezaguke gure bekatua? |
| Bata dela eskuina, bertzea ezkerra, euskaldunen artean hazi dugu herra, ahantziz, Ama, zure maitasun ederra; horra zure seme hok dautzugun eskerra |
| Baztertu dugulakotz zure maitasuna, desegin da betiko gure batasuna; gu baitan aditzen da gudu oihartzuna, hau da zuri bizia ekendu dautzuna. |
(...)
Agian, bertso hauek irakurriz geroz, 67an bezala, txistugileak txalogile bihurtuko lirateke eta ez litzateke holako une tristerik gehiago gertatuko. Bestenaz, proposamen bat banuke antolatzaileentzat: aitzinetik badakigunez nor txistukatua eta nor txalotua izanen den, sariak binaka eman ditzatela, jende-taldearengandik onartua eta baztertua direnen artean.
Bukatzeko: saria emaiteko une hori, ez zen txistuzko murruak altxatzeko unea, txalozko zubiak eraikitzekoa baizik.
(HARITZA CAMBLONG RUIZ Bidarteko ESTIA Industria Teknologien Goi Mailako Eskolako irakaslea da eta bertsozalea)
Gai honekin uztartutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
erabili.com / 2005-12-22 / 07:00
erabili.com-ek Bertsolari Txapelketa Nagusiko Azken Saioaren kronika argitaratu zuen 2005-12-19an, ikus HEMEN Kronika horren hondarrean hauxe idatzi genuen:
Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioak izan zuen orban bakarra bukaerako sari banaketan hainbat bertsozalek izandako jarrerarekin gertatu zen. Bertsolaritza laguntzen dabiltzan hainbat erakudetako ordezkari (Bilbao Bizkaia Kutxakoa, Bilboko Udalekoa, Bizkaiko Foru Aldundikoa, Eusko Jaurlaritzakoa...) txistuka hartu zituen entzulegoaren zati handi batek.
Hainbat bertsozale egun ederra baino ederragoa igaro ondoren azken irudi ozpindu horrekin atera zen bertso aretotik. Bertsozale azpeitiar batzuk zera zioten: "txistu egiten duten horiek zergatik ez dute errespetu piska bat erakusten bertsolaritza saritzen eta laguntzen ari diren erakundeekin? Ados ez badaude, errespetuak agintzen du, gutxienez, isilik geratzea. Tamalez, Bertsozale elkarteak ere, txapelketa etorri eta txapelketa joan, ez du ezer egiten horrelakorik gerta ez dadin eta ohitura ere bihurtzen ari da zenbait bertsozaleren artean diruz laguntzen duten erakudeetako ordezkariei egiten duten ahalegina txistuka eskertzea".
Joseba Huarte Garate / 2005-12-22 / 07:00
Gogoan iltzatuta geratuko zait igandekoa betiko: itzela izan zen. Zorionak Bertsozaleen Elkarteari eta bertsolariei, bereziki, Egañari.
Zorionak ere Erabili.com-ekoei finalari buruz egin duzuen kronika bikainarengatik (nire ikasleekin eredu bezala erabiltzeko asmoa dut) eta erabat ados nago txistuen kontuarekin. Hori zuzendu beharrekoen artean jarri beharra dago. Ni ere han izan nintzen eta ingurukoak txistuka ari zirenean, nik txalo egin nuen.
(JOSEBA HUARTE GARATE irakaslea eta bertsozalea da)
Pello Elorza / 2005-12-22 / 07:00
Lehenengo eta behin, adierazi behar dut igandeko ekitaldia oso ederra izan zela. Jendea erruz, bertsolarien maila oso ona, bertsozale guztiak asebetetzeko ekitaldia. Egun hauetan hedabide guztietan egin dira horren gaineko azalpenak, laudorioak, zorionak eta goraipamenak, denak ere ondo merezitakoak.
Baina oraingo nire idazkitxo honen arrazoia Bertso Txapelketaren amaieran gertatutako orbana da, halako kezka bat utzi baitit barruan. Sei-zortzi orduko saioaren baitan gertakari txikia da denborari dagokionez, baina ekitaldia pixka bat ilundu zuena. Sarien banaketan entzun ziren txistuez ari naiz, jakina.
Artikuluan beste norbaitek adierazten duen moduan, gizalegerik oinarrizkoenari jarraituz gustura ez zegoenaren jarrerarik egokiena isilik geratzea izango zen. Baina, dirudienez, zenbaiten buruan nonbait gizalegearen kontu horrek ez du leku handirik, eta bere ezadostasuna txistuaren soinu ozenez agertu behar larria zuen.
Barka iezadazue “politikoki zuzena” ez izatea, baina gertaera horren azpian nik jokabide edo jarrera politiko konkretu batzuk ikusten ditut. Betiko kontu bera da: euskal kulturaren adierazpenak kolore konkretu batzuetara lerratu nahia. Beti ari gara aho betean esaten euskara eta euskal kultura alderdikerietatik eta politikaren zurrunbilotik atera behar dugula, baina gero asmo hori astoak jaten du, berdea delako-edo. Izan ere, pertsona konkretu batzuk oholtzara igo zirenean entzun ziren txistu-hotsak, eta ez beste batzuk igo zirenean. Zergatik izan zen? “Kapitalismoari” lotutako erakundeak zirelako? Gobernu edo erakunde “epel” batzuen ordezkariak zirelako? Zergatik?
Eta dirua aipatu dudanez, hausnarketatxo bat: Bertsolari Txapelketa bat antolatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Lan luzea eta handia, pertsona, material, baliabide tekniko eta ordu asko eskatuko ditu. Eta hori guztia, azken batean, dirutan neurtu daiteke, erabat eta osorik ez bada ere. Zenbat izango da guztira? Pentsatzen dut kontu horien berri izango duela euskal gizarteak, laster batean. Eta txistuak entzun zituzten erakunde horiek lagunduko dute aurrekontua berdintzerakoan, ala? Ala zer gertatzen da, dirua eman behar dute eta gero ixil-ixilik geratu, ez agertu laguntzaile moduan? Eta, gainera, txistuak entzun, denen aurrean lotsagarri geratzeko ahalegin hori jasan?
Haize berriak omen zetozen euskal gizartera. Politikan, kulturan, gizartean eta gizakiak egunaren bueltan egiten dituen jarduera guztietan jokatzeko joku-arau berriak omen zetozen. Ba, haize berri horiek era honetako ekitaldietara ere iritsi behar dute, bertso mundua -euskara bezalaxe- denona baita, alde bateko eta besteko pentsamoldeak ditugunona, nahiz eta sektore batzuk, oker, uste izan “beraiena” bakarrik dela.
Aurten ahalegina egin du bertso munduak erdal mundurari hurbiltzeko, gu hunkitzen gaituzten ekitaldi eta kultur adierazpideak ulertzen hasi daitezen haiek ere, elkarren hurbilago gertatzeko. Baina jarrera itxiak erakusten badira, berriro uxatu ez al ditugu egingo?
Euskal kulturari -eta euskarari- denona izateko, gutako bakoitzak jarri ohi dizkiogun konnotazio guztiak kendu behar dizkiogu, geure koloreekin “pintatu” gabe utzi. Eta, gorago esan dudan bezala, gizalegearen bidetik, gustuko ez dugun zerbait gertatzen denean, isilik geratu, txistuka eta oihuka hasi gabe, ustez atzean utzitako garai batzuetako portaerak azaleratzen baitira horrela.
A, eta bide batez: Bertsolari Txapelketa antolatu duen erakundeak zerbait esan beharko al luke kontu honetaz?
(PELLO ELORZA URIBESALGO itzultzailea da)
Egoitz Unamuno Loidi / 2005-12-22 / 10:08
Hamaika entzuteko jaio ginen.
Eskumako gobernatzaileei eta bankuetako ordezkariei jotako txistuak sarri dira osasungarri. BEC-en batu zen jendea bizirik eta kritiko den seinale!
Bertsolaritzak izaera gazte eta progresista dituen seinale!
Hala horren atzean ere kontsigna politiko huts batzuk daudela esaten hasi behar duzue orain?
Horrek mindu zaituztetela?
Horri bueltak ematen hasi behar duzue?
Mesedez...
Non bizi zarete baina?
Entzun berriz Unaik euskaltegiaren inguruan abestutako bertsoak. Han botatako arrazoiak eta ulertuko duzue nondik datorren jendearen haserrea. Hipotekaren gaian kantatutakoak ere ez dira txarrak!
Nik hurrengoan ere txistu joko diet, nik ez ditudalako eurak ezartzen dizkiguten jokaera eta bizilegeak atsegin.
Zuek egin nahi duzuena!
Libre da ezta?
Aio.
(EGOITZ UNAMUNO LOIDI Soraluzeko Pil-pilean Euskara Elkarteko koordinatzailea eta Soraluzeko Ibilixan Ibilixan Bertso-eskolako arduraduna da)
PD: Luzeago, sakonago eta ederrago ere idatziko nuke baina ez daukat astirik.
Borja Ariztimuño López / 2005-12-24 / 02:26
Ni ere ezkertiarra naiz.
Ni ere progresista naiz.
Euskaltzale eta hertzale.
Baina...
Halere ez nago ados txistu haiekin. Bertsolaritza ez baita ezkertiarren kontua, are, ezta politika kontua ere.
Kultura da, euskaltzaletasunaren adierazpide egun. Eta berdin izan litezke euskaltzale PNV, EA, EB, PSE edo Ezker Abertzaleko kideak (PPkoez hobe ez hitz egitea...).
Bertsolaritzaren alde zer edo zer egin duen jendaki oro da errespetagarri bertsolaritza txapelketa batean.
Hortik kanpo, bakoitzak jakingo.
Mesedez, ez politizatu (gehiago) euskara.
Eta egiozue txistu Otegiri erdaraz mintzo den bakoitzean, eta GARAko arduradunei euskara "horrenbeste" erabil ez dezan!
(BORJA ARIZTIMUÑO LÓPEZ Euskal Filologiako ikaslea da)
Roberto Alkarterri / 2005-12-27 / 12:16
Neu ere izan nintzen BECeko finalean. Gainerako hamahiru mila ikus-entzuleak bezala, neu ere hunkitu ninduten zortzi finalistek abestutako hainbat bertsok, bai eta barre algara bat baino gehiago botarazi ere. Baina bada besterik ere: han ginen guztiok ikusi eta, bereziki, entzun ahal izan genuen txistualdi gorgarria.
Izan ere, goi-mailako bertso erakustaldiaren ondoren, bertsolarien lan eskergarria saritu beharra zegoen, eta sari banaketari ekin zitzaion oholtza gainetik. Atzera ere, eta zoritxarrez nire ustez, txistukada zaratatsu bezain lotsagarria eskaini zitzaien instituzio ezberdinen izenean sariak banatzera azaldu ziren ordezkariei. BBK-ko, Kutxako eta Bizkaiko Aldundikoez gain, txisturik ozenenak Miren Azkaraterentzat izan zirela dut gogoan. Norentzat, eta Miren Azkaraterentzat, Eusko Jaurlaritzaren baitan dagoen politikaririk euskaltzaleenarentzat, hain zuzen.
Gerora, Bertsozale Elkartekoek berek zertxobait esango zutelako itxaropenaz, nolabait babestuko zutelakoan edo, zain egon nintzen tartetxo batean; baina, ezer ere ez. Bertsolari txapeldunaren azken agurra ere entzun genuen; txintik ere ez. Eta bertsolariei txaloak eskaintzen jarraitzeko gogoa joan zitzaidan. Nirekin joandako bertsozale lagunari ere berdin gertatu zitzaion, eta pentsatu nahi dut, gutaz gain, bazela han besterik antzeko inpresioak zituenik.
Etxera etorri eta ETBn esan zituztenak ere entzun nituen, arretaz adinako harriduraz; hitz bakar bat ere ez BECen igandean izandako hotsik ozenenaz. Astelehenean Estitxu Fernandezek Andoni Egaña txapelduna elkarrizketatu zuen Bertatik Bertara saioan. Baina azken itxaropena galdu behar izan nuen: salaketa-hitzik bat bera ere ez, ez galderarik ez erantzunik.
Egia esan, ez ditut bereziki gogoko erakunde publikoen izenean euskararen salbatzaile gisa saltzen dizkiguten horiek guztiak. Azkarate anderea bera ere ez dut ezagutzen, ezta bereziki estimatzen ere. Baina bertsozale nahiz euskaltzale naizen aldetik, ez nuen ulertu igandeko txistualdi horrena. Areago, ez dut uste ulertzeko betarik hartuko dudanik ere, baina gauza bat bai badakit: zertxobait ari gara txarto egiten, eta euskararen izenean egiteak ematen dit minik handiena.
Agur eta urte berri on!
(ROBERTO ALKARTERRI euskara irakaslea da)
Egoitz Unamuno Loidi / 2005-12-27 / 20:31
Begira.
Uda honetan Xiberuako herri batean izan nintzen pastoral bat ikusten.
Pastorala hasi aurretik eta ondoren, lehenengo ilaran zeuden agintariei txistu egin zieten bertako gazte batzuek.
Agintarietako bat euskalduna zen eta beste biak ingelesak ziruditen, euren kapela eta traje klasiko eta guzti.
Batzuk ixilik egoteko esan zieten.
Poztu ninduen barrutik gazte horien jarrerak.
Ixilik (euskaldun gazte zintzook barne) egoteko garaiak poliki poliki pasatzen ari dira zorionez eta BEC-en txistu zaparrada handia izan bazen arrazoi duinen bat ere izango da tartean ezta? Ala bertsozaleen ia denok ardi lelo batzuk garelakoan zaude?
Gaixoak oholtzaratu ziren agintariak... beti txalo entzuten eta han txistu entzun behar... gaixoak...
Eta euskarak izango ditu han bildu zirenak baino lagun eskaxagoak, bat baino gehiago. Eta jokaera kaltegarriagoak bat baino gehiago.
Hurrengo kolaborazioa Jaurlaritzak Telebista Digitalaren arloan euskararen erabilera arautzeko egin duen planaz idatzi zenezake. Horren eragina bai izango dela izutzekoa euskararen etorkizun aldapatsuan!
(EGOITZ UNAMUNO LOIDI Soraluzeko Pil-pilean Euskara Elkarteko koordinatzailea eta Soraluzeko Ibilixan Ibilixan Bertso-eskolako arduraduna da)
Aitor Romeo Larrarte / 2005-12-28 / 13:49
Egun on:
Neu txistukatu nuen horietako bat naiz. Ez dut nire eguneroko jarduna gorroto zubietan eraikitzen, Gotzon Garaterekin bat nator ezkertiarren ideologia maitasunean oinarritu behar dela dionean baina ez ditzagun gauzak nahastu.
Nire ustez, politikari eta banketxeetako kideek onartu behar dute "publiko" aurrean daudenean, txistuak zein txaloak jaso ditzaketela.
Zergaitik Txistuak? Herritar askok ez daukatelako inolako aukerarik modu zuzenean, haien jarduna kritikatzeko. Adibideak: ni neuk hainbatetan administrazio ezberdinetara jo dut erreklamazioak edota eskaerak egitera, zenbaitetan politikariekin hitzordua eskatu dut eta nire ahaleginak ezerezean gelditu dira. Nire ustez, politikariek herritarron parte hartzea (erabakietan, aurrekontuen diseinuetan, bileretan...) ahalbidetzen ez duten (eta askotan ukatzen duten) bitartean txistuak eta txaloak egongo dira.
"Intolerante, eroso, fundamentalista, gorroto, koldar, baztertzaile..." hitzak erabiliz zu zeuk "zubiak" eraikitzen zaudela uste duzu? Futbolean esaten den bezala "hori ez da, nire estiloa".
Txistuak anekdota hutsak iruditzen zaizkit, politikariek INPOSATZEN dizkiguten hainbat proiektuen aurrean: Abiadura Handiko Trena, Bilboko kotxe lasterketa, superportuak, super-koartelak, EBPN herritar eta euskaltzalei bizkarra emanez diseinatzea (Bilbon, hala gertatu da - Euskara Elkarte bateko kidea naiz)...
Nik nahiago nuke Ana de Castro, Bilboko "Euskara Zinegotzia"ri txistu egin beharrean, berarekin bildu (maiz euskara elkartean eskatu diogun bezala) eta adostasun puntuak bilatzen saiatzea baina aukera horiek behin eta berriz ukatzen zaizkigunean gaizki iruditzen zaizu (nire desadostasuna helarazteko aukera bakarrenetakoa denean) txistu egitea?
Jende asko neka-neka eginda dago politikarien jarrera inposatzaileekin eta seguruenik DENAK mahai batean jesartzeko prest agertzen garenean, txistu horiek txalo bihurtzeko urrats haundia emango dugu. Ea hurrengo batean Ana de Castro-rekin (txistuak ez diren) komunikatzeko beste aukeraren bat sortzen zaidan.
(AITOR ROMEO LARRARTE Etxebarriko kultura teknikaria da)
Haritza Camblong / 2006-01-04 / 23:08
Atsalde on,
Kanpoan ibili naiz oporretan eta berriki itzuli naiz etxera.
BEC-eko gertaera horrek eztabaida piztu duela ohartu naiz eta horretaz pozten naiz. Eztabaida eta elkarrizketaren bidez konpotzen bait dira gauzak, ala ez?
Azken iritzia eman duen Aitorri erantzun nahiko nioke batipat.
Alde batetik, arrazoina eman nahi dizut gauza batean: beharba hitz gogorregiak erabili ditut, eta horrela jendea mindu, eta beraz zubiak eraiki beharrean hormak altxatu ditut.
Bestalde zera argitu nahiko nuke; neri jendea kritikatzea ez zait gaizki iduritzen, kritika eraikigarriak egiten badira. Bainan ez zait iduritzen BECen gertatu zena kritika zela, bazterkeria baizik. Sariak, jarduera arras bera izango luken, bainan Batasunako litzateken batek eman balitu,ez litzateke txisturik izanen. Hau da, jendeak ez zituen politikan ari diren sari-banatzaileak haien jardueragatik txistukatu (hala balitz, hori ere ez litzaidake oso zuzena nere idurituko, txapelketa antolatzen lagundu bait zuten, bainan hala ere ez litzateke hain larria izanen), Batasunakoak ez zirelako soilik txistukatu zituzten. Eta txistu horien ondorioetaz aparte, jarrera hori zait iduritzen bereziki larria.
Gau on deneri.
(HARITZA CAMBLONG RUIZ Bidarteko ESTIA Industria Teknologien Goi Mailako Eskolako irakaslea da eta bertsozalea)