![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Hizkuntza Politikarako Salburuordetza / Herri-administrazioa / 2005-12-22 / 07:00
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Salburuordetzak gizartearen aurrean legealdi honetarako (2005-2009) hartzen duen konpromisoa jaso nahi du dokumentu honek. Euskara berreskuratzeko bidean jorratu nahi dugun hizkuntza politikaren ildo, oinarri eta jarraibide nagusiak eman nahi ditu ezagutzera. Txostena oso-osorik erabili.com-en daukazu.
Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu.
KOLDO MITXELENA
Hobe genuke euskarak maitasun gutxixeago eta begiramen gehixeago jasoko balu gugandik.
KOLDO MITXELENA
Besteen hizkuntza gutxiesten duena ez da berea behar bezala maitatzeko gai (…) Euskararen arazoa ez da euskara duindu nahian ari garenon kontua bakarrik.
ANJEL LERTXUNDI
Euskara eta nazionalismoa banandu, bai, baina nazionalistek euskarari uko egin gabe, alegia, besteek bereganatu behar dute euskara (…) Elebitasunaren aldeko tolerante ziniko asko dago ulertu nahi ez duena ezin dela gizarte elebidunik sortu hiritar elebidunik gabe.
RAMON SAIZARBITORIA
Horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin.
BERNARDO ATXAGA
Hitzaurreak
EUSKARA BIZIBERRITZEKO AHALEGIN HANDIAK egin dituzte herri-aginteek eta gizarteak azken hogeita bost urte hauetan. Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak laurogeiko hamarraldian zuen egoera gaurkoarekin alderatuz gero, nabarmena da aurrerabide handia izan duela ordutik hona. Aldaketa nabarietako bat hiztunen kopuruan izandako hazkuntza da: euskara dakigun herritarrok bostetik bat izatetik hirutik bat izatera pasatu gara. Gainera, proportzio hori arrunt handitzen da gazteen artean, eta horrek berebiziko garrantzia du etorkizunari begira.
Euskarak esparru eta maila berriak irabazi ditu eta euskararen erabilera hedatzen ari da etxeetan, gizartean, komunikabideetan, administrazioan, merkataritzan, lan munduan eta abarretan. Baina erabileraren hazkuntza hori ez da izaten ari ezagupenaren adinakoa. Gure gizartea benetan elebidun izatea nahi badugu, beraz, ezinbestekoa izango da euskararen erabileran aurrerapauso sendoak ematen jarraitzea.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, hain zuzen ere, lehentasunezkotzat jo zuen euskararen erabilera soziala sustatzea, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzearekin eta euskararen kalitatea zaintzearekin batera.
Biziberritze Plan Nagusiak sei urteko ibilbidea egina duelarik, une egokia da egindakoaz eta eginkizun dugunaz gogoeta egiteko. Izan ere, Euskararen Legea lagun hizkuntza-politikaren arloan egindako bidea oparoa izan den arren, urrun gaude normaltasuna lortzetik, euskararen egoera diglosikoa baita oraindik. Beraz, egindakoa sendotzen eta bermatzen asmatu behar dugu, horretan ongi oinarritu eta aurrerajauzi egokia eman ahal izateko.
Dokumentu honetan aurkezten ditugun lan-ildoek datozen urteotan hiz- kuntza politikan jarraituko dugun norabide nagusia erakutsi nahi dute. Bertan esaten den bezala, erabileraren aldeko dema honetan gizarte osoaren inplikazioa beharko dugu. Horregatik, hizkuntza normalkuntzaren inguruan elkarriz- keta sozial eta politiko etengabea bultzatzea proposatzen dugu. Elkarrizketa lasaia, irekia, kritikoa, aurreiritzirik gabea, gardena, zintzoa. Euskarak ahalik eta adostasun sozialik zabalena behar eta merezi duelako. Horretan sinesten dugulako. Ondoren aurkezten ditugun gogoeta hauek, beraz, elkarrizketa hori bultzatzeko abiapuntu egokia izatea nahi genuke. Itxaropen horrekin eta euskararen alde dugun konpromiso irmoa berretsiz plazaratzen ditugu.
EUSKO JAURLARITZAKO HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILBURUORDETZAK gizartearen aurrean legealdi honetarako hartzen duen konpromisoa jaso nahi du dokumentu honek.
Euskara berreskuratzeko bidean jorratu nahi dugun hizkuntza politikaren ildo, oinarri eta jarraibide nagusiak eman nahi ditu ezagutzera.
Dokumentu irekia da, kritikarako eta hobetzeko jendaurrean jarria, herritarren, euskara elkarteen, erakunde sozial eta politikoen eta, oro har, gizartearen proposamen eta iradokizunekin eguneratua izan daitekeena.
Hizkuntza politika diseinatzea eta garatzea herri-aginteen erantzukizuna da eta erantzukizun horri heltzeko Sailburuordetza honen borondatea eta konpromisoa agertu nahi ditu dokumentuak. Dugun oinarrizko legeriaz baliatuta, euskara biziberritzeko prozesuan aurrera egiteko bide berriak eta seguruak zabaldu nahi ditu. Bizkor aldatzen ari den gure gizarte honek egunero jartzen dizkigun erronka berriei erantzuteko helburua dute alorrez alor proposatzen diren plan, neurri eta ekinbide guztiok.
Euskara berreskuratzeko eta euskara gizartean erabat normalizatzeko eginbehar honetan, ordea, elkarren osagarri dira herri-aginteak eta gizartearen ekimena. Hizkuntzen biziraupenerako ezinbesteko giltza, azken batean, beti baitute hizkuntzan horretako hiztunek. Legeak, dekretuak, planak… denak dira beharrezkoak hizkuntza minorizatuaren egoerari aurre egiteko; are beharrezkoagoa da, ordea, hiztunen borondatea, hiztunen jarrera, hiztunen konpromisoa. Beraz, elkarlanerako deia ere egin nahi dugu dokumentu honetatik abiatuta. Euskararekin konprometiturik dauden herritar, talde, elkarte, erakunde, enpresa eta abarrekin elkarlanean aritu nahi dugu.
Izan ere gaurko belaunaldiok egiten dugunaren mendean egongo da, hein handi batean, euskararen etorkizuna. Horregatik, ahal den hizkuntza politika eraginkorrena gauzatu nahi genuke, joandako urte hauetan urratutako bideari heldu eta, aurrera begira, jauzi luze bezain sendoa egiteko. Prest gaude, hortaz, gaurtik bertatik hasita, horretan lagun dezaketen iradokizun eta proposamen guztiak hartzeko.
IRAUPENA ETA HAZKUNTZA SEGURTATZEKO BEHAR ADINAKO TOKIA: horretan laburbildu zuen Koldo Mitxelena maisuak, ohiko argitasunez, euskararentzat etorkizun oparoa lortze aldera urratu beharreko bidea. Toki horren bila urrats ugari eman izan da, oso bereziki -eta inoiz ez bezalako indarrez eman ere- 1979ko Autonomi Estatutuak euskararen ofizialtasuna aitortu zuenetik, eta 1982an onartu izan zen Euskararen Legea makulu harturik.
Azken urteotan indar eta tresna ugari jarri da euskararen alde, inoiz ez bezalako neurrian jarri ere: besteak beste, erakunde politikoak, lege-araudia, aurrekontu publikoak, plangintza eta egitura berezituak, gizarte-ekimenaren ekarria ahaztu gabe. Horri guztiorri esker izugarrizko ahalegina egin da, eta, askotan bestelakorik entzuten bada ere, begien bistakoa da ahalegin ikaragarri horren eskutik aldaketa sakonak gertatu direla urteotan gure gizartearen hizkuntz egoeran. Horren adierazle garbienetariko batzuk dira dokumentu honen eranskinean jasotzen diren datuak (ikus eranskina).
Besterik da ahalegin handi horrek euskararen erabilerari dagokionez espero zitezkeen eta eman beharko lituzkeen emaitzak eman ote dituen aztertzea eta horretaz gogoeta egitea: egin beharrekoa ezbairik gabe. Orain lehen baino gehiago egiten da euskaraz, eta lehen egiten ez zen tokietan ere egiten da orain, baina ezagutzaren eta erabileraren arteko jauziaren tamainak erakusten du nahiaren eta ezinaren arteko borroka areagotzen ari dela.
Ezagueraren eta erabileraren hazkundeen arteko parekotasun falta hori ulertzeko hainbat arrazoi aipatu behar dira. Alde batetik, pertsona elebidunen tipologian aldaketa nabarmenak gertatu dira azken urteotan. Duela gutxi arte, euskal hiztunen artean nagusi ziren ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza euskara zutenak eta ingurune euskaldunean bizi zirenak. Egun, berriz, pertsona elebidunen artean, eta batez ere gazteen artean, gero eta gehiago dira lehen hizkuntza euskara izan ez dutenak, hau da, etxean gaztelera ikasi dutenak berez edota gaztelera eta euskara batera ikasi dituztenak. Orobat, gaurko pertsona elebidunen bi heren hirietan edo herri handietan bizi dira, hau da, eguneroko bizimodua euskaraz naturaltasun osoz egiteko egokiera txikiagoa eskaintzen dien inguruneetan. Psikolinguistikaren eta soziolinguistikaren ikuspegietatik begiratuta, bi faktore nagusi aipatu ohi dira hizkuntzaren erabileran gehien eragiten dutenen artean: hiztunak hizkuntza horretan komunikatzeko duen gaitasun erlatiboa eta hiztunak gertuko ingurune naturalean duen hiz- kuntz komunitatearen dentsitatea. Horrek azalduko luke, hortaz, euskararen erabilera batez ere esparru berrietan eta formaletan areagotu dela nabarmen, baina hazkunde apalagoa izan duela familiaren, lagunartearen eta lanaren esparruetan. Euskara bereganatzen ari diren hiztun berriei, euskara etxean ez baizik eskolan ikasten ari diren gazte elebidun berriei harreman sare euskaldunak eskaini behar zaizkie beren hizkuntz gaitasun hori sendotu dezaten eta bizitzan normaltasunez euskara erabiltzerik izan dezaten. Eta horretarako, orobat, beharrezkoa da euskal hiztunon artean euskararen erabileraren aldeko jarrerak eta joerak orokortzea, atxikimendu pasiboetatik jarrera aktiboetara igarotzea, euskaraz jarduteko ohiturak hedatzea.
Esan nahi da, beraz, asko dela egin duguna eta egin behar zena egin dugula, orain dela hogeita bost urteko hizkuntz egoerak eta egungoak ez baitute zerikusirik. Ibilbide honetan badira, noski, argi-ilunak, baina argiuneak gailentzen zaizkie, nabarmen, ilunguneei. Euskarari eman zaion estatus juridikoa eta euskararen normalizaziorako landu diren hizkuntz politikak egokiak izan dira, eta horren lekuko ditugu emaitzak. Baina asko da eginkizun daukaguna ere, luzea baita egiteko daukagun bidea. Gizarte baten baitako hizkuntz prozesuak ez dira goizetik gauera burutzekoak, eta gure gizartean elebitasun orekatu batera iristeko prozesua ere luzea izango da. Bide horretan aurrez aurre agerian dugun hurrengo auzia erabilerarena da, eta horretara bideratu beharko dira aurrekontuak, horretara bultzatu beharko da elkarlana, horretara jarri beharko ditugu erreferentzia eredugarriak, etxetik hasita -administraziotik, Jaurlaritzatik bertatik-. Pixkanaka, baina etengabe, erabilera handitzea (etxean, kalean, administrazioan, lan-munduan, aisialdian) eta kalitatea gordetzea: horra euskararen aurrerabiderako oinarrizko helburuak.
GAURKO EGOERA EZIN DA ULERTU IRAGANA KONTUAN HARTU GABE. Egindako ahalegin ikaragarriaren ondoren, euskarak gure gizartean gaur oraindik ere dituen gabezia eta mugak ulertuko baditugu, nahitaezkoa da gogora ekartzea urte luzetan nozitu behar izan ditugun elebakartasun ofiziala eta neurri ezberdinetako hizkuntz zapalkuntza, hala nola euskararekiko aitorpen sozial urria.
Hizkuntz kontuetatik harantzago, fenomeno sozialak oro har kontuan hartzen baditugu, erraz ulertzekoa dirudi elkarbizitza ahalik zuzenena helburu duen politika batek ezin duela "gizartea gaur nolako, politika ere halako" neurriarekin ez etsi ez konformatu. Aintzat hartu beharra dauka iragan jakin baten ondorio dela gaurko gizartea, baina ez iraganeko erasoak gaurko ahulezien estalgarri gisa baliatzeko, ezta iraganeko bidegabekerien ordainez begia begi truk gisako kitapen ezinezkoak bilatzeko ere. Iragana iragan da, eta ez dago atzera bueltarik.
Baina gizarte jakin baten elkarbizitzan dauden defizit asko iraganak hain ditu errotu, indartu eta sakondu, non askotan ez baikara konturatu ere egiten defizitak direla: eta defizit horiek egunotaraino iritsi zaizkigu eta gaurko gizartean eragiten dute, ia oharkabean eta isilik, baina etengabe. Defizit askok normaltasunaren bermea hartzen du, injustiziaren biktima denak sarritan normaltzat eta zuzentzat jotzeraino hartu ere. Esate baterako: gizonezkoen neurrira moldatu eta garatu den historiak mendean hartu zuen emakumea eta normaltzat jo zuen emakumeen mendekotasun hori; denbora eta ahalegin asko egiten ari gara eta egin beharko dugu mendez mende eratutako mentalitate horren araberako jokabide, iritzi, ohitura eta topikoak -elkarrekin bizitzeko eredu guztiz egituratua- galarazteko. Gauza bera ez bada ere, antzeko zerbait esan liteke hizkuntzen arteko harremanei buruz ere: botereak hizkuntza bati emandako botereak, eta horren ondorioz lortutako hegemoniak eta sonak bere inguruko hizkuntzak gutxietsi eta gutxitu egin ditu historian zehar, askotan gutxietsien kontrako legezko neurriak erabiliz, eta aurreiritzi, GOGOETARAKO ABIAPUNTUAK topiko gaizto eta zuzentasunezkotzat hartzen diren jokabide bidegabeak errotuz beti ere.
Hizkuntza gutxietsi eta gutxituen kontrako legezko neurriak desager- tzen direnean ez da, ordea, injustizia desagertzen, ezta hizkuntza horien aldeko lege-arauak onartzen direnean ere: aurreiritziek, topiko gaiztoek eta zuzentzat jotzen diren jokabide injustuek hain segitzen dute errotuta eta lanean non ez baitira ikusi ere egiten. Hizkuntza gutxituak egitate entzunezin halako batzuk dira hizkuntza hegemonikoarentzat, eta hizkuntza gutxituetan lortutako emaitza kulturalak, berriz, ez ikusi eta ez entzun, estimatzen ez diren huskeria halako batzuk. Egiten ari garena ez da deskribapen ezkor puztu bat: Euskal Herrian bizi dugun egoera linguistikoaren ispiluak egunero islatzen du diogun hori. Hain da handia eta begi-bistakoa gaztelaniaz bizi den komunitatearen eta euskararen munduaren arteko etena!
Horrela, bada, hiztun komunitate hegemonikoak hiztun gutxituaren munduaz duen ezagutza falta hori da, agian eta elkarbizitzari dagokionez, euskal komunitateak bizi duen defizitik latz mingarriena. Egunerokoa da errealitate garratz hori hedabideetan, unibertsitatean, euskaraz garatzen ez den kulturgintzan, ekonomiaren edo industriaren munduan. Salbuespenak salbuespen, hizkuntza hegemonikoan ari denak ez dauka hizkuntza gutxitukoaren berririk, ez du hartarako jakin-minik, eta hizkuntza gutxitua nor izan nahian haste hutsa erlakaizten bat bezain desatsegin eta deseroso gertatzen zaio erdal komunitateari.
Horra, bada, iraganean erroturik egunotaraino iritsi eta berean, gero eta indartsuago, jarraitzen duen defizit eta aurreiritzi bat. Horregatik guztiagatik, uste dugu euskal politika linguistikoaren lan premiazkoenetako bat pedagogikoa dela: hizkuntza hegemonikoko hiztunen aurreiritzi eta topiko galgarriak deserrotzen ahalegindu behar du eta hizkuntza gutxituko hiztunen auto-estimua indartzen saiatu, beti ere injustiziarik gabeko elkarbizitza lortzeko bidea eginez.
GURE HIZKUNTZ ARAZOEN ITURRIA EZ DA BAT ETA BAKARRA. Harro egon behar dugu euskaldunok euskara gorde eta garatze aldera urtetan eta urtetan egindakoaz, oso bereziki azken hogeita bost urteotan egindakoaz.
Badugu esker ona nori eman ere: prozesu horretako emaitzak ikusita, inor gutxietsi gabe esan litekeelakoan gaude, gizarte osoaren aparteko aitorpena merezi dutela etxean ikasi ez eta euskaltegien eskutik ahalegin pertsonal itzelari esker bere burua euskaldundu dutenek: euskaldun berriek.
Nolanahi ere den, egindakoa asko bada ere, eta egindakoa egiteko iraganak utzi dizkigun kargak handiak badira ere (aurreko atalean egin dugu horri buruzko aipamena), oker ibiliko ginateke pentsatuko bagenu gure hiz- kuntz eskasia eta gorabehera guztien iturria iraganeko "zapalkuntza" dela, edo pentsatuko bagenu eskuartean dugun legeria dela euskararen garapen biziago baterako daukagun muga. Geure kontzientzien lasaigarri baino ez dira horrelako ikusmoldeak, gure irudiko behinik behin. Esan gabe doa, gainera, norberaren mugen aurrean itsu, eta gabezia guztien erantzukizuna hirugarren batzuen bizkar sistematikoki botatzean oinarritzen den jokabideak ez diola batere mesederik egiten euskarari.
Onartu beharko genuke, inolako arazorik gabe onartu ere, herritarrengandik jasotzen duen leialtasuna izaki hizkuntza baten biziraupenerako elikagai osasungarrienetakoa, euskaldun askok, zabar eta utzikeria handiz tratatu duela euskara. Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena. Zerbaitek galaraz badezake guztiz hizkuntza bat, zerbait baldin bada hilgarria hizkuntzarentzat, hiztunen arduragabekeria edo axolagabekeria da. Eta euskaldunok onartu behar dugu gutariko asko ez dela (ez garela) oso fin ibili kontu honetan, eta gaur ere sendotu beharrean dugula euskararekiko leialtasuna.
Hori da, beraz, euskararen gaurko mugarik garrantzizkoena. Baina ez da bakarra. Geure baitakoak ditugu euskararen erabilera makaltzen duten beste faktore hauek ere: euskaldun askoren hizkuntz gaitasun maila apala, erdaraz jarduteko ohitura, prestakuntza profesionala erdaraz jaso izana, euskararen indar sozial mugatua, gure hizkuntz jarreraren eta jokabidearen arteko aldea (gogoratu Mitxelenaren esaldi hura: "euskarak bihotz gutxiago eta lan gehiago behar du"; edo Atxagarena beste hau: "jendeak berealdiko gauza pila egiten du euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egitea"). Faktore horien guztien ondoan bada beste bat nabarmendu nahi duguna: euskararen garapenerako nahitaezkoa den adostasun politiko-soziala ez da behar bestekoa, urria da, eta, urteotan sendotu ordez, murriztu egin da, gainera.
Euskararen inguruko ideologizazioak ere kaltea dakarkio gure hizkuntzaren normalizazioari. Euskal mundua askotarikoa da, baina bere irudiak ez du hori erakusten, bere irudia ia-ia kolore bakarrekoa baita. Eta horretan erantzukizuna ez da euskara indarkeriarekin eta bere munduarekin lotuta lotsagabeki azaldu nahi izan dutenena bakarrik, baita euskararen mundutik bertatik eta joera politiko jakin batetik irudi hori ematen saiatu direnena ere. Beste hitzetan esanda: euskararen ideologizazioak ertz ugari ditu, euskara monopolio gisa bere egin dutenena, alde batetik, eta euskara besteen ("abertzaleen") arazotzat utzi eta abertzaletasunaren aurkako arma politikotzat erabiltzen dutenena, bestetik.
Geure baitako mugez hitz egiterakoan ezin ahaztu, ezta ere, euskararen irudi sozialari dagokionean ere eboluzio guztiek ez dutela onera egin. Halatan, frankismo bukaerako urteetan, esate batera, jarrera aurrerakoi eta abangoardiakoekin identifikatzen zen euskararen mundua. Frankismo garaia ezagutu ez eta, euskararekiko lotura konpromiso ideologikoetatik urruti, oso modu naturalean hartu duten belaunaldi berrikoek urte haietan ikusten zen moduan ikusten ote dute hori?
ESKUBIDEEN ETA AUKEREN BERDINTASUNA JOMUGA DUEN HIZKUNTZ POLITIKA. Justiziak berdintasuna bilatzen du. Hizkuntz politika zuzen batek ere eskubideen eta aukeren berdintasuna bilatu behar luke historiak galbahe eta neurri desberdinekin jokatu duen alorretan.
Hizkuntz kontuetan ere helburu nagusia elkarbizitza eta gizarte- -kohesioa izanik, hiztunon borondatea da lege nagusia -eta borondate hori errespetarazi behar du hizkuntz politika batek-, baina hiztunen borondatea ez da ez xaloa, ez aurreiritzirik gabea, hiztun baten borondateak ezin ditu, besterik gabe eta askatasunaren izenean, beste hizkuntza bateko hiztunaren eskubideak mendean hartu.
Horregatik, oso garbi izanik ere zerbait egiteko (edo ez egiteko) askatasunez jokatzea ziurtatu behar zaiola gizabanakoaren borondateari -eta askatasun hori bilatu behar duela politikak-, auzi linguistikoetan ezin da, besterik gabe, hiztunen borondatea argudiatu eta justizia alboratu; ez, behintzat, borondate hori aurrera eramateko orduan hizkuntza bateko eta besteko hiztunek ez badute aukera-berdintasunik.
Beste kantoi batetik ere begira dakioke auziari: euskal hiztunak bi hiz- kuntzen ezagutza eskaintzen dio euskal bizilagunen arteko elkarbizitzari. Elebakarrak, bat. Ez dago -ez legoke- gehiago esan beharrik. Baina esan beharra dago, gehienetan atzekoz aurrera jokatzen baitu hizkuntza hegemonikoak mendez mende ezarri duen logikak: bi hizkuntzak eskaintzen dituenari obligazioak bikoiztu egiten zaizkio; eskubideak, ordea, erdibitu. Eta elebakartasunak logika hori inposatzen duen bitartean -elebakarrak ez baitu beste hizkuntza ezagutzen-, elebitasuna egokitu egiten da desegokitasun horretara, egokitu egiten da elebakarraren logikara. Halatan, eta hizkuntza hegemonikoak ezarritako logikaren haritik tiraka, hegemonikoa indartzen joango da hizkuntza gutxituarekin duen harremanean; gutxitua, berriz, ahultzen.
Hizkuntza hegemonikoak eragindako logikak hori du bere alde: elebakarraren egoera normal bakartzat harturik, hizkuntzen arteko harremanetan gertatzen diren hainbat alde gaizto elkarbizitzaren arau bihurtzen ditu; hainbat alde on, berriz, elkarbizitzaren kontrakotzat jotzen.
Horregatik guztiagatik uste dugu hizkuntz politikaren egiteko bat dela logika horrek eragiten duen desoreka seinalatzea, eta baita hori guztia gainditzeko bidea markatzea ere. Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzak ezagutzeko baliabideak jartzeaz gainera, beste pauso bat ere eman behar du hiz- kuntz politikak, bere egitekoa baita justizian eta askatasunean oinarritutako hizkuntzen arteko elkarbizitza benetakoa bilatzea.
KOMUNIKAZIOAREN PREMIA UKAEZINA DA aipaturiko lanak arrakasta izan dezan. Baina hona hizkuntzalaritzak komunikazio hitzari ematen dion definizioa: "igorleak hartzaileari, biek ezagutzen duten kodea erabiliz, mezu bat bidaltzea". Horrek esan nahi du elebakarraren hizkuntza dela komunikaziorako tresna bakarra? Praktikan, halaxe da. Baina horrek esan nahi du elebakarra elebidunaren eremu guztietako kezkak, eguneroko errealitatea eta sorkuntza-lanak ezagutzeko egokieran dagoela? Ez, ez dago. Aitzitik, ordea: elebiduna gai da bi hiztun-komunitateen kezkak, eguneroko errealitatea eta sorkuntza-lanak ezagutzeko. Hori da aldea. Hori da elebidunak -elebakarrak ez bezala- elkarbizitzari eskaintzen diona.
Anjel Lertxundik zioen bezala, "euskararen arazoa ez da euskara duin- du nahian ari garenon kontua bakarrik". Komunikazioa eta elkarbizitza joan- -etorriko fenomenoak badira, erdal komunitateak entzun eta ezagutu behar ditu euskal komunitatearen eguneroko bizipenak, kezkak eta lorpenak. Bestea asmatu baino, bestea ezagutu egin behar da: horretarako, beharrezkoak dira interesa, jakin-mina, hurbilketa. Hala egiten ez bada, komunitate bateko parte batek beste partea inexistentziaren eremura baztertzen du. Eta kontu jakina da gure antzekoen kontra egin dezakegun bekaturik larriena, mespretxua bera baino larriagoa, antzekoarenganako ezaxolakeria dela.
Gaztelaniaz bizi den komunitatearen eta euskararen munduaren arteko etena pixkanaka desagerrarazteko ahalegin berezia egiteko premian gara, ezbairik gabe. Bi munduok ezin dugu ibaiaren ertz banatan kokatuta jarraitu. Egoera horretan setatuz gero euskarak ez du ezer irabazteko, eta guztia galtzeko. Eginahalak eta bi egin beharko ditugu erdaldunak ohar daitezen "mundu oso bat" ari direla galtzen euskararik ez jakiteagatik. Zubigintza eraginkor bati ekin beharra dago.
KALITATEAREN ETA KANTITATEAREN ARTEKO LEHIA asko eta askotan izan dugu min- tzagai. Euskara batuaren bilakabidean, erabilera jasoetarako hizkera garatzea lortu dugu. Gure zorionerako. Harro egon beharko genuke azkeneko hogeita hamar urteotan uste genuen baino gehiago aurreratu dugulako. Aurrerago ere egin genezakeen. Baina botila erdi hutsaren edo erdi betearen debate antzua baino haratago eginez, uste dugu egin ditugun aurrera pauso handien mezu positibo hori zor diogula gizarteari. Ia hutsetik abiaturik, hizkera jasoaren jabe egin gara oso denbora laburrean, eta hizkera jaso horrek kalitatezko egitura du administrazioan, hedabideetan, bizitza akademikoan, literaturan eta itzulpengintzan. Hizkera jasoa aipatu dugu bizpahiru aldiz. Hizkera jasoa eta hizkera estandarra kontu bera al dira, gurean behintzat? Ez dakigu, eta badira gu baino adituagoak hori erabakitzeko. Galdera hor dago.
Nolanahi ere den, gaude zubiak eraiki behar ditugula normalkuntzaren bidean lortutako emaitzen eta kaleko hizkeraren artean, gaude ahaleginak egin behar ditugula etenik -edo eten handiegirik- gerta ez dadin. Hizkuntza hegemonikoek kaleko erabileran eragiten duten itzal luzearen eta hizkuntza hegemonikoen eragin horretatik libratu nahi lukeen estandarizazioaren artekoa da lehia. Lehia horretan, ordea, ez ote lioke orain arte baino begirune gehixeago eskaini behar eskolatik pasatu gabeko euskaldun petoari? Ohar gaitezen estandarizazioak belaunaldi eskolatuen euskara soilik estandarizatu duela, eta eskolatu gabeak zailtasunak dituela, batez ere hiztegiari dagokionez, jardun estandarizatua jasotzeko.
Aldi berean, estandarizazioak arreta gehiago eskaini behar lioke kaleko hizkerak euskaran aurkitzen ez, eta hegemonikoan bilatzen duenari: noranahiko adierazkortasunari. Planteatzen ari garena ez da inondik ere garrantzia kentzea lexiko batu noranahikoari edo hizkuntzaren hainbat aldi formalen normalizazioari, ezta euskarak administrazioan, bizitza akademikoan edo hedabideetan eduki behar duen presentziari ere: ahalegin berezia egin beharra dugu euskara presente egon dadin kalean, hain zuzen hizkuntza batek arnasa hartzen duen eremu naturalean. Baina euskarak kalean arnasa hartuko badu, kaleko euskarak arnasa duelako izango da. Agian koska honetan (ere) bilatu beharko genituzke hainbat euskal gaztek, bizitza akademiko osoa euskaraz egin eta gero, euskara bazter uztearen arrazoiak.
DISKURTSOEI DAGOKIENEZ, ZAHARRAK BERRI ditugu (neurri batean) gurean. Berritasun itxurarekin eta ustezko modernitatearen izenean, oso zaharkituak eta integrazioaren aurkakoak diren diskurtsoak ari dira, berriro ere, gure plazako toki nagusia beretzat hartzen. Gogora dezagun, merezi du eta, 80ko hamarkadan nola hemen, Euskal Herrian, indartsu plazaratu izan zen euskal elebakartasunaren aldeko teoria. Orduan, euskararen etorkizuna segurta- tzeko ezinbesteko errezetatzat defendatu zuten zenbaitzuek euskal lurralde elebakarra behar zela eta -Konstituzioak gaztelaniari demaion tratamendua kopiatuz- euskararen ezagutza herritar guztien obligazio izan beharko lukee- la. Hala, hori ziotenek, euskal lurralde elebakarraren helburua ikurtzat hartuta, 10/82 Euskararen Legearen aurka egin zuten. Diskurtso haren parez pare elebitasunaren aldeko diskurtso ezberdinak formulatu ziren: ez zen inor, teorian behinik behin, erdal elebakartasunaren aldeko azaldu.
Egindako bideari esker, eta, oso bereziki, bai euskaldun berriek egindako ahaleginari esker bai seme-alabek euskara ikas dezaten neurriak hartu dituzten guraso erdaldunei esker, orduan baino "elebidunagoa" da gure gizartea. Baina, paradoxikoa badirudi ere, 1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabal- tzen. Diskurtso edo ikusmolde horrek eragozpenak baino ez dizkio ikusten Euskararen Legeari berari, eragozpenak lege horren garapenerako urteotan eratu den arkitektura legalari, eragozpenak euskararen aldeko ekintza positiboan oinarrituriko ekimenei. Diskurtso horri aurre egin behar zaiolakoan gaude.
Erdal elebakartasuna lehen ez bezala orain aldarrikatu eta defendatzerakoan gutxienez hiru argumentu erabiltzen ditu diskurtso horrek: eraginkortasuna (Suitzako Konfederazioa edo Belgika edo Austria baino eraginkorrago ote Portugal elebakarra?), unibertsaltasuna (Lertxundik askotan salatu du zenbaitek uniformetasunarekin nahasten duela unibertsaltasuna: kasu honetan ere, kontua ez ote partikulartasunari kontrajartzen ez zaion unibertsaltasunaren izenean uniformetasuna defendatzen dutela?) eta eskubide indibidualak (aukera-berdintasunik ez denean -eta gurean oraindik ez dugu halakorik-, bidezkoa ote da indartsuenaren eskubide indibidualen izenean hizkuntza gutxituaz baliatu nahi dutenen eskubideak itolarrian jartzea?).
"Erdal zilborzaletasun" horrek arazo gisa ikusten ditu hizkuntzak, arazo gisa eleaniztasuna, arazo gisa elebitasuna eta euskara. Ikuskera zaharkitu horren aurrean, aukera eta aberastasun gisa aldarrikatu behar ditugu hizkun- tzak, aberastasun eta aukera gisa, beraz, euskara eta elebitasuna. Aukera eta aberastasun elkarbizitzarako eta gizarte-kohesiorako. Ideologizazio orotatik kanpo eta taldekeria ororen gainetik, beti ere euskararen kultur eta komunikazio balioa, hala nola integrazio sozialerako balioa azpimarratuz. "Erdal zilborzaletasunaren" aurrean "euskal zilborzalekeria" jarri gabe, euskararentzat guztiz kaltegarria litzatekeelako eta ez litzatekeelako on elkarbizitzarako. Asmatu behar dugu zinez konbentziturik gauden kontu bat gizarteratzen: ustez eskubide eta askatasun indibidualak defendatzen dituen "erdal zilborzaletasunak", ustez modernitatearen ispilu den jarrera horrek, egiazki eta praktikan ez dizkiola liskarra eta arazoak baino ekartzen euskal gizartearen helburu guztien artean preziatuena den helburuari: kohesio sozialerako eta elkarbizi- tza sendo eta askotarikoa hezurmamitzeko helburuari.
Kontua da, beraz, euskararekiko eta euskal hiztunaren hizkuntz aukerarekiko errespetuzko praktikak ezarri eta zokorabideak anakronismotzat agerraraztea. Neurri honek naturaltasun simetrikoa eskatzen du beste hizkuntzarekiko. Mitxelenak idatzia utzi zuen harako "erdara ere hemengoa da" hark hitzez hitz esaten duenaz gain gogorarazten digu euskarak euskaldun egiten gaituela, baina ez ezerdaldun, are gutxiago antierdaldun, euskararik ezak inor ezeuskaldun edo antieuskaldun egiten ez duen bezala. Esaldi hark gogorarazten digu, halaber, euskararen hautua egiteak ez gaituela beste hizkuntzak alboratzera behartzen, euskararen aldeko lana ez baita beste hizkuntzen aurkako jarduna. Nolanahi ere, zenbait diskurtso eta jarrera ikusita uste dugu, Mitxelena parafraseatuz esango genukeen "euskara ere hemengoa da" esaldiak hobeto laburbiltzen duela gaur egungo egoera (ez agian 80ko hamarkadako lehen urteetakoa) Mitxelenaren alderantzizkoak baino.
Horiek horrela, hizkuntz politika zuzen batek ez die beldurrik izan behar egoera linguistikoaren deskribapenari, deskribapenak ematen dituen datuei eta horren guztiaren emaitzak zehatz izendatzeari ere. Eta azkeneko urteotan diglosia hitzak garai bateko erabilerarik ez badu ere, ez dugu uste asmatu edo aurkitu denik hitz egokiagoa gure hizkuntzen egoera deskribatzeko. Diglosia kontzeptuaren zentzurik hedatuenaz -hiztegiek jasotzen dutenaz- ari gara: Autonomia Erkidegoan euskara hizkuntza ofiziala izanagatik, euskara ez da hizkuntza ofiziala bere eremu naturalean. Eta ofiziala den eremuan ere, onartu diren lege guztien eragina ukaezina dela aitorturik ere, euskararen eta gaztelaniaren arteko egoerak diglosikoa izaten segitzen du, hau da, eguneroko praktikan gaztelania da erabilera jasoetarako hizkuntza, hala nola gure politikan, hedabideetan, oro har bizitza publikoan.
Hizkuntza hegemonikoaren eragin eta indarrak hizkuntza menekoarengan eragiten duen lurtea noranahikoa da: hizkuntza menekoaren egituran eragiten du (fonetika, lexikoa, esapideak…); bizitza sozialean (hizkuntzen funtzio-banaketa, eskubideak…); hiztunen psikologian (botere-ahuldade harremana); bizitza ekonomikoan (bataren eta bestearen balioari buruzko usteak, eta uste horien araberako funtzionamendua, publizitatearen banaketan adibidez); bizitza kulturalean (hizkuntza baten eta bestearen unibertsaltasunari buruzko ikuspegia; zinea bezalako produktu kulturalen ekoizpen edo banaketa…).
"EUSKARA GUZTIONA DA" aldarrikatzen dugunean adierazi nahi duguna (hots: ez dela inoren monopolio, ez dela abertzaleena bakarrik, ez eta euskaraz dakitenena bakarrik ere, guztiena dela, eta, beraz, inork ez liokeela bizkar eman behar, erdaldunek ere zaindu beharreko ondarea dela, alegia), hori dena ez dator bat, praktikan, erdaldunek erdaldun jarraitzearen aldeko inertziarekin, ezta euskaldunek euskaraz bizi ahal izateko bilatzen dituzten oztopoekin ere. Arazoa ez da, seguru asko, leloarena, baizik eta leloak, praktikan, baliagarria izateko duen aldez aurretiko baldintzarena: marka politikoen gainetik eraiki beharreko diskurtso ideologiko bat eskatzen du, ez nazionala, ezta autonomikoa ere, baizik eta hizkuntz ekologia moderno baten oinarrietan tinkotua. Guztiek euskara kultur eta komunikazio baliotzat eta ikuspegi integratzaile batetik hartzea eskatzen du, hala nola euskal gizartearen identitatearen askotarikotasuna bermatu eta garatzeko behar-beharrezko faktoretzat. Falta dena programa komunitario bat da, identitate soilari atxikia izango ez dena, baina identitateaz diskurtso egituratzaile eta integratzailea bideratuko duena.
Kontua ez da, beraz, existitzen ez den unitate geopolitikorik sortzen ahalegintzea, euskararen aitzakian. Aitzitik, globalizazioaren beraren lanabesen bidez jokatu beharra dago apustua.
Hori horrela, hona kosta ahala kosta irabazi beharreko bi borroka: espazio birtualarena (gehienbat garapen teknologikoaren eremuan jokatzen dena), eta mundu mailako komunikazioarena eta presentziarena. Sare eta aliatu egokiak bilatu beharra dago, Europan aurrenik eta mundu zabalean gero, barruko prestigioaren gerra kanpoko borroka-tokietan irabazten laguntzeko.
TEKNOLOGIA BERRIEN MUNDUAZ. Gaur berebiziko arreta eskatzen duena teknologia berrien mundua da. Hasiera-hasieratik aitortu nahi genuke hainbat eta hainbat iniziatiba pribatuk, laguntza publikoarekin zein laguntzarik gabe, egin duten lana euskara teknologia berrietara egokitzen eta, batez ere, Internet-era eramaten. Etorkizuna dugu hor jokoan, sarritan entzun dugun kontua da. Egon beharra dugu teknologia berrien lehian, eta hiru argumentu nagusi ikusten ditugu premia hori nabarmentzeko.
Lehenik eta behin, euskaragatik beragatik egon behar dugu hor, ezin baitugu gure bizitzetan hain garrantzi handia hartu duen mundu horretan beste hizkuntzen maizter izan.
Bigarrenik, mundu horretan egoteak dituen ondorio ekonomiko begi- -bistakoengatik: baliabide ekonomikoak behar izatetik etekin ekonomikoak ematen dituen aktibitate industrial bat izateko bidean doa euskara, eta bide horretan aurrera egingo badu, ezinbestekoa du teknologia berrien aldeko apustua.
Eta hirugarrenik: gero eta gehiago ikusten ari garenez, globalizazioaren eraginez ezer ere ez da jadanik lurraldetasun geografikoaren hesietara mugatzen. Internet dela medio, beste hizkuntzak ere gero eta neurri handiagoan dira gure hizkuntzak, eskura eta baliagarri baititugu. Euskara ere ez da gure Erkidegoko ez eta Euskal Herriko lau hormetara mugatzen. Gureak ere, gure euskarak, gero eta ibilbide handi eta zabalagoak ditu eskura. Izan ere, inoiz pentsatuko ez genituen lotura eta harreman-aukerak eskaintzen dizkigu Internetek, denbora errealean eskaini ere. Denbora errealean egon gintezke konektatuta Reno-ko unibertsitateko euskal adarrarekin, Pragan irakasle dagoen hizkuntzalariarekin, Erasmus plangintzari esker Helsinkin ikastera joan zaigun ilobarekin, Australiako kanabera-industrian lan egiten ari den gure koadrilako lagunarekin. Denbora errealean egon litezke aipatutako horiek guztiak lotuta hemen gertatzen ari denarekin eta hemen egiten ari garenarekin. Ahantzi gabe, han eta hemen dagoenak, munduaren punta batean eta ondoko auzoan dagoenak, sare horretaz baliatzeko gai garen neurrian, eskura eduki ditzakeela hainbat eta hainbat produktu egoki euskaraz, haiek ekoizteko eta sarean jartzeko gai garen neurrian.
Ez dezagun ahantzi, ezta ere, gaur egun gazte asko, joan-etorri ekonomikoen eraginez, Euskal Herria uzten ari dela, Lizardiren harako "uztagun, aldikoz, Euskal Herria" poetiko hura guztiz erreal bihurturik. Horiek guztiek, eta gure diasporak berak ere, lurraldetasun geografikotik haratago identitateari euts diezaioten tresna biziki lagungarria izan liteke teknologia berriak euskararen garapenerako baliatzea.
EZ DIOGU BELDURRIK IZAN BEHAR DEBATEARI, ez egiten ari garen gauzen eta daramagun bidearen azterketari ere. Lan asko egiten ari baikara eta iniziatiba asko jarrita baitaude abian, berebiziko arreta batez jokatu behar dugu eta beti kontuan izan, hipotesi moduan badarik ere, egiten ari garen guztia ez dela agian on, edo ez dela agian egokien, edo ez dela agian zuhurren. Eta kontuan izan behar dugu, halaber, agian ez garela egin behar litzatekeen guztia egiten ari. Bizi dugun egoeran, autokritikoak izan eta autokritika praktikatu beharra daukagu, baina ez zauria ozpinez erretzeko, ezta egiten dugun ororen inguruan halako susmo-egoera bat ezartzeko ere, ezta zalantza etsigarriak baz- katzeko ere. Nolanahi ere, uste osoan gaude behar-beharrezkoa dugula hitz egitea euskararen arloan orain arte egindako bideaz eta etorkizunaz lasai, askatasun osoan, euskalgintzaren barruan eta kanpoan.
Aipatu hausnarketa eraginkorra izango bada, askatasunean eta zintzotasunean egin behar da, hots, euskararen munduaren diskurtsoa bat eta bera ez, baizik eta askotarikoa dela egiazki onartzeari darion askatasunean, eta euskararen etorkizunaz landako helbururik gabe, taldekeriarik gabe, alegia. Kritika eta autokritika uztartuz, hutsune eta hutsegite guztien erantzukizuna sistematikoki hirugarren baten bizkar botatzeko tentazioaren aurrean amore eman gabe.
Aurrerapausoak eta ekimen eraginkorrak ongi identifikatzearekin batera, beraz, aztergai izan behar ditugu hutsuneak eta hutsegiteak. Ez dugu uste kontua horrenbeste denik errezeta berrien bila abiatzea, mirakulu halako batzuen esperantzan. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian ezarritako helburuak eta markaturiko lan-ildoak tresna egokia izaten jarraitzen dutelakoan gaude. Baina, hain zuzen ere EBPN ebaluatzeko momentua heldu da, eta hori abagune aproposa gerta dakiguke hausnarketa honi bidea irekitzeko, beldurrik gabe. Normala denez, egin beharrekoa baita egiten ari garena hobeto egitea, gastatzen ditugun diruak hobeto gastatzea, oinarri eta printzipio nagusiek bere horretan jarraitzen badute ere lehentasunak berraztertu eta birdefinitzea, lan-ildoak birmoldatzea, eta, finean, hizkuntz politikari beste bultzada bat ematea, bide batez erakundeen arteko lankidetza eta agenteen arteko elkarlana sendotuz.
TRESNERIA EZ DA ARAZO, EZ OZTOPO, EGOKIA DERITZOGU ORO HAR. Nekez aurki daiteke orrazi-hortzik gabeko fenomeno sozialik. Hori horrela, hizkuntz normalkuntzako ezein prozesuk berezkoak ditu gorabeherak, eta euskararena ez da salbuespen. Gure gizarteak euskararen normalkuntza bidean nozitu dituen gorabehera, liskar eta arazoak aztertzerakoan, zenbaitek langintza honetara jarritako tresnerian bilatu nahi izan du ezintasunen iturburua. Zehatzago esanda: batzuek legeek eta arauek osatzen duten tresneria jo izan dute dese- gokitzat, 1982ko Euskararen Legea bera ere eragozpen ikusteraino. Ez da hori gure iritzia. Urteotako emaitzei begirada bat ematea aski da Euskararen Legeak definitu eta babesturiko marko legalaren eskutik gertatu den jauziaren tamainaz jabetzeko. Eta Lege horren oinarriei so egitea ere aski da berorien gaurkotasunaz ohartzeko. Bada, beraz, behar beste arrazoi Euskararen Legearekin jarraitzeko, ahaztu gabe, gainera, zenbaitek planteatzen duen balizko aldaketa baterako egokia ote den momentua, politikagintzan arrazoia izatea ez baita aski, arrazoia errealitate bihurtu ahal izatea baizik.
Autonomi Estatutuak aldarrikaturiko euskararen ofizialtasuna oinarri- tzat harturik, euskararen normalkuntza eta erabileraren sustapenerako markoa definitzen du Euskararen Legeak. Legeak herritarrari hizkuntz eskubideak aitortzen dizkio, ez dio ezer inposatzen, eta aitorturiko eskubide horiek babeste aldera obligazioak ezartzen dizkie herri-aginteei. Printzipio hori oinarri hartuta, euskararen aldeko ekintza positiboa (diskriminazio positiboa) baliatzeko bide legala irekitzen du Legeak: hizkuntz inposizioari ateak ixten dizkio; ateak ixten dizkio, halaber, Marcuse-ren hitzak erabiliz "tolerantzia errepresiboa" deituko genukeen hizkuntz politikari, eta ateak irekitzen dizkio sustapenean oinarriturikoari. "Tolerantzia errepresiboa" izenez bataiatu dugun hizkuntz politika (eta "laissez faire, laissez passer" izenez ere ezaguna dena) da gaur egun ustezko liberalismoaren, askatasun indibidualaren eta modernitatearen izenean mozorrotuta zenbaitek plazara dakarren hizkuntz politika zaharkitu eta diskriminatzailea, zorionez Euskararen Legeak baztertzen duena.
Elebitasunaren aldeko printzipioa ezartzen du Legeak, baina benetako, ez itxurazko, elebitasunarena. Printzipio hori garbi ezarrita, progresibotasunaren aldeko apustua egiten du aplikazioari dagokionez. Eta hori ulertu behar da Legeak bere egiten duelako lehenago aipatu dugun helburu nagusia, hots, gizarte-kohesioaren helburua. Helburu horren arabera, joera politiko ezberdinetako agenteak, guztiak, saiatu beharko lirateke gizarteari helarazten benetako elebitasunean elkarbizitzak duela mesede, eta aipatu Legean oinarriturik egiten ari garen hizkuntz politika ez dela zatikatzailea, integratzailea baizik.
Legea tresna bikaina izan da euskarari eremu publiko nahiz pribatuetan lehen ez zuen lekua egiteko, euskaraz dakitenen kopurua gehitzeko -alfabetatuena barne-, eta euskara kultur tresnatzat erabiltzen dutenen kopurua handitzeko. Urteotako hizkuntz politikari esker, gure artean dugu jadanik aurreko belaunaldietako militantismorik gabe euskara modu naturalean bere egin duten gazteen belaunaldia, euskaraz hazi, hezi eta bizi direnena.
Bestalde, hizkuntz politika garatzeko lanabesen artean, legeriaren esparruan ez ezik badugu hizkuntz plangintzaren eremuan ere tresna inportanterik. Horien artean tresna nagusia Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aipatu behar dugu. Plan hori da hamarkada honetako hizkuntz politikaren ardatza, herri-aginteen hizkuntz politikaren ildo nagusiak jasotzen dituena, euskalgintzaren jardunerako eta elkarlanerako erreferentzia, eta herri-erakundeen arteko koordinaziorako nahiz euskalgintzako elkarteekiko elkarlanerako oinarrizko tresna. Huts egiteko beldurrik gabe esan liteke berau dela hamarkada honetako hizkuntz politikarako errezeta-biltegi moduko bat, ezagunak ditugun hiru helburu estrategikoen arabera osaturikoa: euskara ondorengoetaratzea, euskarazko zerbitzugintza eta euskararen elikadura.
Tresneria hau egokia delakoan gaude. Nolanahi ere, geuk bultzatu behar dugu debatea, eta horretarako abagune egokia izan liteke EBPNren eskutik egin den bideari buruzko hausnarketa ireki eta zabala antolatu eta aurrera eramatea. Ez gaur egun ditugun lege-oinarriak aldatzeko (esana utzi dugunez egokiak jotzen baititugu gerorako ere), ezta helburu orokorrak birplanteatzeko ere, bai ordea lan-ildoak eta lehentasunak berriz definitzeko, hain zuzen ere helburu horietaranzko bidea egiten modu eraginkorrean jarraitu ahal izan dezagun. Hizkuntz egoera aldatu egin da urteotan, eta horrek hausnarketa eskatzen du. Euskararen aldeko politika indarberritu beharrean gara, egin behar dugun jauzi kualitatiboa egingo badugu.
KONTSENTSUA BERREGIN NEHAR DUGU NAHITAEZ. Bada zerbait behar-beharrezko duguna, eta falta zaiguna: euskararen aldeko adostasun politiko-sozial zabala. 1982an Euskararen Legea onartu zenean lorturiko adostasunarekin aldera- tzen badugu gaurkoa, bistakoa dirudi atzera egin dugula. Gutxienez 1982an Euskararen Legea onartzerakoan izan genuenaren neurriko adostasun berri bat lantzeari ekin beharko genioke euskararen inguruan; liskarraren bidean zer irabazirik ez, baina galtzeko ikaragarri baitu euskarak, baita elkarbizitzak ere. Badira dozena bat urte, euskararen egoerak onera egingo ez balu zer gertatuko litzatekeen imajinatuz Bernardo Atxagak hauxe idatzi zuela: "Talde batekoak, euskara jakin eta normalki erabili nahi dutenak, kasu, baztertu eta mesprezatuak sentitu eta zapuztu egingo dira euskaldun itxurazaleekin eta erdaldunekin. Itxurazaleak, beren aldetik, tranpan harrapatua dagoenaren amorrazioa hartu eta errudun bila hasiko dira bere inguruetan; erdaldunek, berriz, gehiegizkotzat joko dituzte aurrekoen joerak, eta gorroto hartuko diote azken batean beraiena ere baden kulturari".
Kontsentsuaren beharraz ondotxo jabetu ziren 1982an, eta zintzo jokatu zuten euskararen eta elkarbizitzaren mesedetan. Kontsentsu hori berregin beharra dugu, nahitaez. Euskararen normalkuntza gizarte-integraziorako elementutzat hartzen badugu, eta prozesu demokratiko baten bidez bakarrik gauzatu behar dela uste badugu, begien bistakoa da herritarren gehiengo zabal baten onarpena eta konpromisoa ezinbestekoak zaizkiola hizkuntz politikari, baldin eta eraginkorra eta arrakastatsua izango bada. Horregatik zaigu nahitaezkoa aipatu adostasun politiko eta soziala berregin eta areagotzea, "errudunen" bila alferrik katramilatu gabe. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren eskutik urraturiko bidean zazpi urte pasatu ondoren egin beharko genukeen aipaturiko hausnarraldi/debate hori izan liteke adostasun berria lantzen hasteko modu bat.
Euskararen osasunerako eta elkarbizitza ontzeko beharko genukeen hizkuntz adostasun hori zertan oinarritu? 1982an, Gobernu zentralak Euskararen Legearen aurka jarritako inkonstituzionaltasun errekurtsoa zela-eta, Fernando Savaterrek idatzitako testu batek abiapunturako baliagarri izan litezkeen oinarri batzuk behintzat badituela uste dugu, gaurkotasun osoa duten oinarriak:
"A estas alturas del siglo parece imprescindible aceptar que un idioma no es sólo un instrumento de comunicación, sino el vínculo identificador de determinada comunidad, la sede de su tradición (que en buena medida, como siempre, puede ser memoria inventada) y el refugio del simbolismo mítico que le brinda sus nociones referenciales. Ninguna lengua puede ser descalificada por el número de sus hablantes, la cuantía y calidad de las obras literarias en
ella escritas, sus aptitudes para vehicular la ciencia moderna, su extensión geográfica, etc., porque no se trata de eso. (…)
"Se dice que en Euskadi no sólo se habla euskera, ni siquiera se habla mayoritariamente euskera y que la realidad histórica del castellano en Euskadi Sur y del francés en Euskadi Norte debe ser aceptada con regocijo cultural. Estoy de acuerdo. Las invasiones y los mestizajes, el intercambio forzoso y la pluralidad inevitable me parecen siempre muy preferibles a la mongolizadora pureza étnico-cultural. Es mejor tener dos lenguas que una y mejor conocer tres que dos. Pero esto no impide afirmar justificadamente que el euskera es la lengua de los vascos: y lo es, no porque sea la única que tienen, sino porque ellos son los únicos que la tienen. (…) La tarea difícil es rescatar y consolidar el euskera, no proteger al castellano y a sus usuarios de la supuesta revancha lingüística: en esto, como en todo, el respeto fomenta el respeto, mientras que la intransigencia suscita intransigencia.
"(…) Las lenguas no se odian entre sí, sólo los fanáticos que las manejan (…) No es verdadero amor al castellano lo que mueve a algunos a intentar convertirlo en fundamento de una concepción monolítica de España; ni tampoco es auténtico amor al euskera el de quienes quisieran utilizarlo como coartada aislacionista…".
INERTZIAK ASTINDU BEHARRA, ETXE BARRUTIK HASITA. Orain arte esandako guztiari
buruzko komunikazio eta kontzientzia zabalagoa lortzeko beharrezkoa da
etxe barruan egiten ari garen lanari bultzada eta sendotasun irmoagoa ematea,
eta etxe barrua diogunean, Euskararen Politika bat sustatzen duen gobernu
honetako sail guztiez ari gara.
Egindakoa ez da makala, baina lan handia daukagu egiteko, bai, etxe barruan. Garbi badugu ezin direla printzipioak baztertu eraginkortasunaren eta eguneroko eskakizunen izenean, elkarbizitza bermatu beharko lukeen hiz- kuntzen arteko berdintasun-aukera gure paisaian egiazki nagusi dadin ahalegindu behar dugu ezinbestez. Eta gobernuak eta administrazioak bihurtu behar dute, lehenik eta behin, prozesu horretan ispilu eta berme. Ispilu, onartutako legeak betetzen dituelako. Eta berme, betearazten dituelako.
Garai bateko helburu kuantitatiboetatik kualitatiboagoetara -alegia, erabilera egiazki bultzatzearekin zerikusia duten helburuetara- jauzi egitea dagokigun garaiotan ez da aski izango gobernuaren ertz batetik edo bitatik euskararen politika bat egitea. Euskararen garapenerako politika Jaurlaritzaren lehentasunen erreinuan sartzeak eskatzen duena zera da: gobernuko sail guztiek euskararen erabilerarako hizkuntz politika eraginkorra zehaztu eta bere egitea, edota, han eta hemen sarri askotan erabili ohi diren hitzetan esanda, euskararen garapenerako hizkuntz politikari zehar-lerroaren trataera ematea. Euskarak erabilia izango den guneen beharra du, egiazki lan-hizkuntzatzat hartua izango den gune eragingarriak behar ditu, eta, bide hori urratu, Jaurlaritzako sail guztiak inplikatzen diren neurrian bakarrik urra liteke.
Etxe barrutik hasita esan dugu, hots, ez etxe barruan bakarrik, etxearen hesi-mugetatik harantzago ere bai baitago inertziak non astindu. Euskararen erabilera gizarte-bizitzan areagotzeko prozesuak agente ugariren inplikazioa eskatzen du, gaur egungoaren aldean handia izan beharko lukeen inplikazioa, bai administrazio ezberdinen aldetik, baita alderdi politikoen eta askotariko gizarte-eragileen aldetik ere, hala nola sindikatuen aldetik.
Inertziak astindu beharra begi-bistakoa dirudi, halaber, euskalgintzara jarritako dirulaguntza-politiketan. Inertziak berezkoa du ohikotasunak ematen duen erosotasuna, baina urteak pasatu ahala, eta hizkuntz egoera aldatzen doan neurrian, beharrezkoa dirudi dirulaguntza-programei ere astindu bat ematea. Izan ere, alde batetik, beldurrik gabe onartu behar genuke euskaraz egiten den guztia agian ez dela ona (ahaleginak bai baitu berezkoa meritua, ez ordea nahitaez bikaintasuna), eta bestetik, euskarak merkatu berriak irabazi beharko lituzke, dirulaguntzen ohikotasunaren dinamikatik haratago. Bikaintasuna eta eraginkortasuna bezalako kalitate-printzipioak bermatzeak inertzien aurrean beti erne izatea eskatzen du, inertziak astintzea, alegia.
Ildo berari jarraiki, gizarte-ekimenaren esparruan ere bada zer astindurik. Gizarte-ekimena deitzen denaren baitan euskararen diskurtso ofizial bat eta bakarra eraiki da, eta horren ondorioz badirudi euskararen hautua egiteak diskurtso horren oinarrian dagoen aukera politikoarekin bat egitea dakarrela. Arlo honetan inertziak astintzeak besteak beste hausnarketa eskatzen duelakoan gaude, honakoa: zenbait sektorek euskarari bizkar emate horretan zenbaterainoko eragina izan du aipatu fenomeno horrek? Uste dugu euskalgintza askotarikoaren aldeko apustua behar duela euskarak, patrimonializazio guztiei ateak itxita. Euskararen munduaren irudia monolitikoa izateak kaltea baino ez dakarkio euskararen garapenari. Euskarak, guztiona izango bada eta guztiok baliatuko badugu, guztiok batu behar gaitu, ez ordea berdindu, ez baikara berdinak, diferenteak eta pentsaera ezberdinetakoak baizik. Euskara ezin liteke diferentzia horiek ezabatzeko edo estaltzeko erabili, diferentzia horiek adierazteko baino.
Bestalde, hainbatetan esan ohi den moduan, eraginkorra da ekimen pribatuaren eta publikoaren osagarritasuna. Halere, eta joko-zelaia zehazte aldera, komenigarria dirudi esatea erakunde publikoei dagokiela -Jaurlaritzari bereziki- hizkuntz politika definitu eta garatzea, hala nola eguneroko jardunean irabazi behar duen lidergoa baliatzea, herritarren hizkuntz kontzientzian, inplikazioan eta konpromisoan eragitea delarik gizarte-ekimenez sorturiko organismoen egiteko nagusia, gure irudiko behinik behin. Politikak, legeek eta administrazioak gauza asko dituzte egiteko, baina erabakigarria gutariko bakoitzak euskarari diogun leialtasuna da: horra euskararen etorkizunaren maratila nagusia. Maratila hori herritarrei ezagutarazten eta askatzen lan bikaina egin dezake gizarte-ekimenak.
Inertzien guztiz kontrakoa eta oso beharrezkoa da euskararen geroaz halako kezka-puntu bat gizarteratzea, konpromiso-aldarri moduko zerbait izango litzatekeena. Kontua ez da, ezta urrik eman ere, hizkuntza gutxitu batek atzera egiteko arriskua berezkoa duelako-edo, ezer onik ez dakarten mezu apokaliptikoak kaleratzea. Izan ere, gainera, Nafarroak eta Iparraldeak eskatzen dituzten ñabardurak ñabardura, begi-bistakoa da duela hogeiren bat urteko hizkuntz galeraren joera bertan behera erori dela; euskaraz gero eta jende gehiagok dakiela eta euskaraz egin ere jende gehiagok egiten duela; hezkuntzan / hedabideetan / administrazioan -ordena horretan- inoiz ere izan ez duen tokia hartu duela gure hizkuntzak; euskaraz egiten den literaturaren maila -literatur itzulpenarena zeresanik ez- oso goikoa dela; euskara batua, estandarra eta jasoa errealitateak ditugula… Aurrera egin dugunez, nabarmen gainera, eta askozaz hobeto gaudenez, lekuz kanpo legoke etsipena baino ez darien mezu negatiboak plazaratzea, baina, halere, itxaropentsu izan eta azaltzearekin batera, gizarteari arazoak ere baditugula esan behar zaiolakoan gaude, urria eta guztiz irregularra baita oraindik ere euskararen erabilera. Halako tentsioa, gutariko bakoitzaren etengabeko konpromiso-eskaera goxoari eutsi beharko genioke, beraz. Gogorarazi behar baita, Joseba Sarrionandiaren hitzetan, "euskararen paradoxarik larriena da, euskara euskaldun guztien patrimonioa dela, baina, aldi berean, gutxi batzuen hizkuntza".
EZAGUPENETIK ERABILERARAKO JAUZIA EGITEKO, HIZKUNTZ POLITIKA INTEGRATZAILE ETA
MALGUA, BAINA EZ EROSOTASUNIK GABEA. Hainbat aldiz esana dugunez, urteotan
euskal gizarteak euskararen normalkuntzarako egindako bidearen balantzea
positiboa da. Argi-ilunak dituen bidea da, normala denez, baina argiuneak
dira nagusi, ezbairik gabe. Halere, aurrerakada horrek ez du euskararen biziraupena
berez bermatzen. Ez dago ezkorrak izateko arrazoirik, bai baitugu
etorkizunari baikor begiratzeko motibo ugari, baina ezin da euskararen geroa
bermatutzat eman.
Aldaketa handia gertatu da, eta etorkizunean ere asko aldatuko da hiz- kuntz egoera. Aldaketa etorriko dela ohartzeko beste ezer ez bada ere nahikoa da kontuan hartzea 20 urte barru gure herri honetako eliteak euskara erabiltzeko gai direnek osatuko dituztela: izan ere, gaur egun unibertsitate- -ikasketak egiten hasten direnen artean gehiago dira euskaldunak euskaraz ez dakitenak baino. Horrek berak nahitaez euskararen prestigio sozialaren alde egingo du etorkizun hurbilean.
Ezagupenean egin dugu aurrerakadarik handiena. Euskaraz dakitenek hiztun izateko pausoa ematea da orain kontua, euskaldunen kopurua hazten jarraitzeari bizkarra eman gabe, noski. Beste era batera esanda, helburu kuantitatiboetatik kualitatiboetara igarotzeko momentua da, ezagupenetik erabilerarako jauzia egitekoa. Administrazioan, esate baterako, dagokien hizkuntz eskakizuna egiaztaturiko langileak gero eta gehiago izan daitezen ahalegin- tzeari utzi gabe, uste dugu gure kezka nagusia, euskaraz ez dakiten langileen
hizkuntz gaitasuna eta portaera baino gehiago, izan behar dela dagokien hiz- kuntz gaitasuna egiaztaturik duten langileek euskara lan-hizkuntzatzat erabiltzearen aldeko estrategiak definitu eta garatzea.
Badakigu erabilerari dagokionez ezin dela espero epe laburrean sekulako jauzi kualitatiborik gertatzea. Kontua joera bat ala beste markatzea da, eta guri dagokigu joera hori positiboa izan dadin egin beharrekoak egitea. Esate baterako, badakigu erabilera-esparru batzuetan onera egin duela nabarmen euskarak: hezkuntzan batez ere, baita administrazioan eta hedabideen esparruan ere, zeresanik ez literaturgintzan. Baina badakigu, halaber, esparru ez formaletan, nola lagunartean hala lan-munduan, nola aisialdian hala familia giroan, askoz motelago doala gorantz erabilera. Badago, nolabait esatearren, "gailurra" harrapatu izanaren sentsaziorik, alabaina, oraindik ere egitekoen artean galtza bete lan dugu. Horregatik da beharrezkoa, orain arteko joera positiboa indartzea, horretarako baliatu behar diren neurri berriak baliatuz eta zuzendu beharrekoak zuzenduz. Erabilera-esparru ez formalei eta euskaraz jarduteko baldintzak betetzen dituzten guneei (administrazioko hainbat gune, esaterako) arreta handiagoa jarri behar diegu.
Erabileraren kontu honetan bada, agian "politikoki zuzena" ez bada ere, gogoan hartu beharreko beste puntu bat, hizkuntz kontzientziarekin eta jokabidearekin zerikusia duena. Mitxelenak ohartarazi gintuen ez zuela "dekretuen mirakulu-ahalmenetan" sinesten, norberak hizkuntzarekiko dituen leialtasun eta kontzientzian baitatza gakoa finean. Hori horrela, euskaraz ez dakitenei, presio-sentimendurik sortarazi gabe, euskararen balioaz mezu erakargarriak helarazi behar zaizkie, eta euskaraz dakigunontzako, berriz, zirkuitu osoak moldatu behar ditugu, eta erabileraren aldeko konpromisoa gauzatu. Euskal zirkuituak diseinatu eta gauzatzea da, besteak beste, aurrerapauso eraginkorrak egiteko bidea.
Hau guztiau nola egin? Gaur egungo Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJ, EA eta EB-Berdeak alderdiek hitzarturiko akordioan esaten denari jarraiki, hizkuntz politika integratzaile, malgu eta errealitate sozialari egokitua behar dugu. Horrekin esan nahi dugu, gizarte-kohesiorako, ez zatiketarako, behar dugula euskara normalizatu. Uste dugu euskararen garabidea gizakiaren neurrietara egokitu beharra dagoela. Norbanakoaren erresumaren baitakoak izan behar dira aurrerapausoak eta lorpenak, ez helburu "historiko"ekiko lilura zaharkituaren alorrekoak. Herritar bakoitzaren bizi-kalitatean zuzen-zuzenean sartzen den osagaia izan behar du euskararen erabilera kualifikatuak.
Esan nahi dugu, halaber, azkarregi ez baina geldialdirik gabe, modu pausatuan baina etenik gabe garatu behar dugula hizkuntz politika. Beldurrik gabe aitortu eta onartu behar dugu -horrek ez baitu zerikusirik etsipenarekin, fenomeno sozialen ezagutzarekin baino- 20 urte baino gehiago beharko ditugula euskal gizarte guztiz elebiduna iristeko, gure belaunaldiak ez duela euskararen normalizazioa lortuko -erabatekoa esan nahi da-, eta kontua, hala ere, gure belaunaldiak ere aurrera egitea dela. Beldurrik gabe onartu behar dugu euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatu behar dugula, baina ziurrenik euskaldun guztiek -euskaldun prestatuenak barne- ez dutela euskara bakarrik eta kitto! erabiliko une eta esparru guztietan. Beldurrik gabe onartu behar dugu helburua herritar guztiak euskara erabiltzeko gai izatea eta zenbait funtziotan -ez guztietan, ezta herritar guztien partetik ere- lehen hizkuntza euskara izatea dela. Beldurrik gabe onartu behar dugu erabilera-esparruak eta funtzioak betetzerakoan hizkuntzen arteko hierarkiak ezberdinak izan litezkee- la lurralde bakoitzean. Beldurrik gabe onartu behar dugu, esandako guztiagatik onartu ere, printzipioak eta helburuak garbi izanik, erritmoei dagokienez malgutasunez jokatu behar dugula, estrategia eraginkorrak baliatuz beti ere.
Esan nahi dugu, baita ere, erdaldunenganako diskurtso erakargarria eta gozoa egin behar dela euskararen izenean. Euskarak balio erantsia proiektatu behar du, euskaraz ez dakienak mundu oso bat galtzen duela senti dezan. Eta, euskararen munduak berak bere baitan duen aniztasuna proiek- tatzen asmatu behar da. Euskararekiko atxikimendua ez dugu lortuko euskara sinbolotzat proiektatuz, are gutxiago sinbolo politikotzat emanez: euskara erakargarri eta baliagarri den neurrian hedatu eta errotuko da gizartean.
Hau guztiau diogunean, ordea, argi eta garbi esan behar da gizarte bat benetan elebiduna izango bada nahitaez herritarrek elebidunak izan behar dutela. Argi eta garbi esan behar da elebakartasunetik elebitasunerako bidea injustiziarik gabe egin daitekeela eta hala egin behar dela, baina ezinezkoa dela deserosotasunik eta nekerik sortarazi gabe egitea, ezinezkoa dela ahulenaren aldeko ekintza positiborik gabe egitea. Argi eta garbi esan behar da, beraz, euskararen garabidea eta biharko gizarte elebiduna errealitate izango badira nahitaezkoa dela gaur oraindik euskararen mundutik urrun diren erdaldunak euskara sustatzeko prozesuaren aurrean jarrera positiboa hartu eta lan honetan inplikatzea, inoiz ere ahaztu gabe hau ez dela erdararen aur- kako borroka eta hemen bere hizkuntzan bizi izateko ezintasun nabarmenak dituen bakarra -eta oraindik ere urtetan zehar izango dituena- euskalduna dela. Argi eta garbi esan behar dugu, azkenik, euskararen normalkuntzaren aldeko jarrera dela -kontrakoa ez bezala- jarrera moderno, kosmopolita eta demokratikoarekin bat egiten duena.
Asmatuko al dugu gizarteari helarazten, eta bereziki erdal munduari jakinarazten, biharko elebitasun hori benetan ahalbidetzea eta euskarari etorkizun oparorako ateak irekitzea helburu zoragarria dela, helburu komunitarioa dela, eta inork ez duela zertan ezer galdurik prozesu honetan, baizik eta denok dugula zer irabazia? Asmatuko al dugu euskararen arazoa ez dela gizartearen zati baten arazo, baizik eta gizarte osoaren arazo dela adierazterakoan?
Kontua aski sinplea delakoan gaude: finean, herritarren borondate librea eta atxikimendua izango dira gure gizarte eleanitz honetako bizitzan euskarak izango duen pisua erabakiko dutenak. Baina, kontuz, borondate hori librea izango bada, eta gure Herriko hizkuntzen arteko harremana berdintasunean oinarrituta gauzatuko bada, nahitaezkoa da gaur egun ez dugun berdintasun-puntura iristea. Horrek eskatzen du euskal herritarrak elebidun izatea eta euskaraz bizitzeko aukera egiazkoa izatea. Hori da pixkanaka eta gizartean pitzadurarik eragin gabe -ez, ordea, deserosotasunik sortarazi gabe-, datozen urteetan guztion artean landu beharreko helburu komunitario zoragarria.
HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILBURUORDETZARI DAGOKIONEZ, Euskararen Legea eta gainerako araubidea, hizkuntz politikaren alorrak daraman orain arteko bidea eta, bereziki, EBPNren garapena aintzakotzat ditugularik, ondorengo jardunbideak hartu eta bideratuko ditugu:
Udalekin eta hezkuntzako eragileekin egitarau bereziak diseinatzea eta garatzea, horretarako behar diren baliabideak eskainiz.
niko zaiolarik euskararen erreferentziazko corpusaren proiektuari eta terminologia-lanari.
Egoera soziolinguistikoa
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoan aldeak daude lurralde batetik bestera: Nafarroako iparraldea, Ipar Euskal Herriko barnealdea, Gipuzkoa eta Bizkaiko ekialdea dira eremurik euskaldunenak; Araba, Bizkaiko mendebaldea, Iparraldeko kostaldea eta Nafarroako hegoaldea, berriz, erdaldunenak. Euskal Herriko hiriburuak edo metropoliak ere, hau da, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baiona (Donostia salbuespena da) ia erabat erdaldunak dira.
Euskara ofiziala da Euskal Autonomia Erkidego osoan duela hogei urtez geroztik eta legea euskararentzat lagungarria da arlo gehienetan; Nafarroako lur zati batean ere ofiziala da, zertxobait geroztik; baina oraindik ez da ofiziala ez Ipar Euskal Herrian, ezta Nafarroako lur zatirik handienean ere. Hortaz, euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzeko, eremu hori irabazteko bide luzea dago egiteko oraindik.
Aldi berean, euskal populazioaren baitan aldaketa sakona eta azkarra ari da gertatzen. Aldaketa horrek ondorengo ezaugarriak ditu:
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ezaugarri nagusiak
Oro har, eta hizkuntza-gaitasunari dagokionez, euskararen aurrerapena begi- -bistakoa da EAEn (Euskal Herriko biztanleen ia hiru laurden eta euskaldunen %80tik gora bizi baita bertan). Ia ez dago galerarik eta euskaldunen proportzioa gero eta handiagoa da gazteen artean. Aldi berean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da guraso biak euskaldunak direnean, baina gero eta gehiago transmititzen da bietako batek bakarrik dakienean, nahiz eta horrelakoetan euskara gaztelaniarekin batera transmititzen den.
Nafarroan ere euskaldunak gero eta gehiago dira. Hazkunde hori euskaldun berriei esker gertatzen ari da, euskaldun zaharrak etengabe gutxi- tzen ari direlako. Euskaldunen artean, beraz, aldaketa sakona izaten ari da: euskaldun berriak euskaldun zaharrak beste dira jada. Euskal hiztunak, esan bezala, gero eta gehiago izan arren, galerak irabaziak baino handiagoak dira oraindik. Zorionez, baina, gazteen artean egoera alderantzizkoa da: 35 urte baino gutxiago dituztenen artean, euskara ikasi dutenak etxean jaso eta ondoren galdu dutenak baino gehiago dira.
Iparraldean, euskara ez da hizkuntza ofiziala, eta mendeetan zehar egoera diglosikoan mantendu den arren, indarra eman izan dioten erabilera- -eremuetan (familian, lagunartean eta gertuko komunitatean, hain zuzen) alboratuta geratzen ari da, oso azkar gainera. Hortaz, euskararen galera nabaria da, nahiz eta gazteen artean badirudien galera moteltzen ari dela.
![]() |
Erabilerari dagokionez, erdara da gehien erabiltzen den hizkuntza. Halere, euskararen erabilerak gora egin du EAEn, batez ere euskaraz hitz egiten hasi diren gazte euskaldun berriei esker. Euskaraz dakitenen kopurua gora egiten ari da eta erabiltzen dutenena ere bai. Inoiz euskara erabili izan ez den esparruak ere irabazten ari da.
Alabaina, biztanle guztiak hartu beharrean, euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du EAEn ere bai. Esan bezala, euskal hiztunen hazkundea euskaldun berriei zor zaie bereziki. Baina, euskaldun berri gehienek erraztasun handiagoa dute erdaraz euskaraz baino. Gainera, familia eta lagunartea erdaldunak dituzte, beraz harreman-sarean ez daukate behar besteko euskaldunik euskaraz hitz egiteko.
![]() |
Euskararen eremuan aldaketak nonbait argiak eta nabariak izaten ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) da. Begi-bistakoa da azken hogei urteotan euskararen ezagutza handitu egin dela. Elebidunak bostetik bat ziren 1981. urtean eta 2001ean, berriz, herena ziren; horrek esan nahi du euskarara etorri direla beste 200.000 hiztun potentzial. Gehikuntza hori, bestalde, orokorra izan da, izan ere hiru lurralde historikoetan gertatu da; are gehiago, adin-talde guztietan ere halaxe gertatu da, 65 urtetik gorakoen taldean izan ezik.
Gaur egun, elebidun gehienak (%66,3) hirietan bizi dira, batez ere hiru hiriburuetako metropoli-guneetan eta EAEko errepide sare nagusietan lerra- tzen diren 10.000 biztanletik gorako udaletan.
EAEko biztanleen banaketa eta bilakaera
EAEn 2.082.587 lagun bizi dira, 2001eko zentsuaren arabera. Biztanleen banaketa irregularra da hiru lurraldeen artean. Bizkaiak biztanleen erdia baino zertxobait gehiago (%53,9) biltzen du, Gipuzkoak biztanleen herena (%32,3) eta Arabak gainerako %13,8.
Azken berrogei urteotan biztanleriak izan duen bilakaera aztertuz gero, esan behar da 1960tik 1975era bitartean hazkundea handia izan zela lurralde guztietan, eta bereziki gune industrializatuenetan. Prozesu hori, baina, gelditu egin zen 70eko krisiarekin, eta 80ko hamarkadatik aurrera joera-aldaketa etorri zen, batez ere Bizkaian. Azken 20 urteotan, beraz, EAEk 60.000 biztanle galdu ditu. Dena den, lurraldeen artean aldeak antzematen dira. Izan ere, 1981etik 2000. urtera bitartean Arabako biztanleria %11 hazi da. Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, aldiz, %6 eta %3 jaitsi da hurrenez hurren.
Azken 20 urteotako beste ezaugarri nabarmenetako bat biztanleriaren zaharkitzearena izan da, jaiotza-tasa oso txikiak eta sorterrira itzuli direnen migrazio-fluxuak eraginda. Halere, 2001eko zentsuan jasotako datuen arabera, lehen aldiz azken 20 urteotan 0 eta 4 urte bitarteko umeak 5 eta 9 urte bitartekoak baino gehiago dira.
EAEko biztanleetatik %27 erkidegotik kanpo jaio dira. Berton jaiotakoak ez diren 564.656 biztanleetatik gehienek (%52,9) erkidego mugakideren bat dute jatorri, alegia, Nafarroa, Errioxa, Kantabria edo Gaztela eta Leonekoak dira. Azken erkidego horretakoak dira, hala ere, gehienak (%40 inguru). Erkidego horiez gain, historikoki populazio-emaile izan diren beste zenbaitetatik iritsi dira biztanle gehien: Extremadura (%11,9), Galizia (%9,9) eta Andaluzia (%7,1).
EAEko atzerritarren1 taldea aztertuz gero, ikusiko dugu 30.017 lagun direla, betiere INE-k 2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan emandako datuen arabera. Kopuru horrek sinbolikoa dirudi, halere, azken urteotan bertaratzen ari den atzerritzar-kopuruari erreparatuz gero, handitzen ari dela ikusten da, eta hazkundeak joera horri eusten badio, baliteke atzerritarrek toki handia hartzea biztanlerian.
Aurreko guztia egiaztatzeko, nahikoa da ikustea EAEn bizi diren atzerritarren %54,9 (16.493 lagun) 1996-2001 aldian iritsi dela gure erkidegora; eta azken urtean etorritakoak 1996an etorritakoak baino bost aldiz gehiago direla.
![]() |
Hizkuntza-gaitasuna (EAEn)
2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko elebidunak, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz ondo hitz egiten dutenak biztanleen ia herena dira (%32,2), elebidun hartzaileak, hau da, euskaraz ondo hitz egin ez arren, euskara ondo ulertzen dutenak %18,2, eta erdaldun elebakarrak, alegia, euskaraz hitz egiten ez dakitenak, biztanleriaren ia erdia (%49,6).
Hizkuntza-bilakaeraren tipologia: BILA indizea (EAE)
BILA indizea hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza aldagaiak gurutzatuta
lortzen da. Zazpi taldek2 osatzen dute tipologia, norbanakoaren hizkuntza-
-garapenak izan ditzakeen aukerak islatzen dituztenak. Indizeak euskarak
zenbat hiztun galdu eta zenbat irabazi dituen jakiteko balio du.
2001eko Zentsuaren datuak oinarri hartuta, esango dugu, oro har, etxean euskara jaso dutenek gorde egiten dutela hizkuntza. Izan ere, EAEko euskaldun zaharrak %18,4 dira (365.972 lagun) eta jatorrizko elebidunak %2,9 (58.104 lagun); gutxi batzuek galtzen dute, baina ordainetan, askoz ere gehiago dira euskarak jasotzen dituen hiztun berriak.
![]() |
![]() |
Etxeko hizkuntzaren tipologia: ERABIL indizea (EAE)
ERABIL indizea lortzeko, BILA indizea (lehen hizkuntzaren eta hizkuntza- -gaitasunaren arteko konbinazioa) eta etxeko hizkuntza (euskara, euskara eta gaztelania, edo gaztelania) gurutzatu dira. Gurutzaketa horren bidez, BILA indizeko taldeek etxean zein hizkuntza darabilten jakin dezakegu.
Lehenengo eta behin, gogoratu EAEko biztanleen erdia erabat erdaldunduez eta erdaldun zaharrez osatua dagoela. Euskaldun zaharrak populazioaren %18,5 dira; talde horretan daude euskal hiztun aktibo ia guztiak, hau da, populazioaren %13. Talde horretako gehienak euskaldun aktiboak dira, ia hiru laurdenak; bostetik bat aktiboak dira, bietan, euskaraz eta gaztelaniaz, eta hamarrenak euskaldun zahar pasiboak.
Etxeko hizkuntza etxeko euskaldunen dentsitatearen arabera (EAE)
Hizkuntza erabiltzeko berebiziko garrantzia du hiztunen dentsitateak eta, horrekin batera, hizkuntza horretan hitz egiteko erraztasunak. Euskara ohiko hizkuntza izan dadin etxean, beharrezkoa da etxeko guztiek jakin dezaten euskaraz hitz egiten. Nahikoa da familiako kide bakar batek euskaraz ez jakitea erabilerak oso behera egiteko.
Etxeko elebidunen dentsitatea %80tik gorakoa bada, euskara erabili ohi dute %72,3k eta euskara eta gaztelania, biak %17,4k. Gainerakoetan gaztelania erabili ohi dute (%10,3).
Baina elebidun-dentsitateak %80tik behera egiten badu, kasurik onenean ere (dentsitatea %60-%80 artekoa denean), %16,5era jaisten da erabilera. Halakoetan, bi hizkuntzen erabilera %33,7koa da. Etxeko elebidun- -dentsitatea %60tik beherakoa bada, ia inork ez du erabiltzen nagusiki euskara, eta bi hizkuntzen erabilera ere %13 ingurukoa da.
![]() | Inprimatu |