Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia

Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia

2006-01-09 / 07:00 / Kike Amonarriz   KULTURA

Euskaraz mintzo diren gazte euskaldunen artean ba al da gaztetasunaren berezko hizkerarik? Nolakoa da hizkera hori? Zein da gazteek egiten duten hizkeraren egungo egoera?

Hizkuntzaren aldaerak

Hizkuntzaren aldaerak

Hizkuntza bakoitzak aldaera desberdinak izan ohi ditu. Aldaeren artean bi mota nagusi bereiz ditzakegu Isidor Mari (2) ikerlari katalanaren sailkapenari jarraiki: egituraren araberako aldaerak eta erabileraren araberako aldaerak.

  • a) Egituraren araberako aldaerak:
    • Diakronikoak: Hizkuntzak aldatu egiten dira, denboraren poderioz.
    • Geografikoak: Hizkuntzak hitz egiten diren eremuen barruan, lurralde batetik bestera aldatu egiten dira. Euskalkiak, gure kasuan.

    Hizkuntza guztiak aldatu egiten dira denborarekin batera. Bestalde, ohikoa da, hizkuntza bakoitzak hitz egiten den lurraldearen barruan, berezitasun geografikoak izatea. Euskal Herria txikia izan arren, euskarak aldaera asko ditu. Desberdintasun handiak aurki daitezke bateko eta besteko hizkeren artean. Euskalki ugari dugu, eta ezin ahantzi dezakegu, hauetako batzuk, bidean galdu egin ditugula; desagertu egin direla, alegia. Erronkariera, konparazio batera.

    Argi geratzen da, beraz, hizkuntzak ez direla inoiz bat eta bera. Hizkuntzen egiturek aldaketak jasaten dituzte denboraren poderioz, eta aldaketa horiek, forma bereziak hartzen dituzte, hizkuntza hitz egiten den zonalde geografiko desberdinetan.

  • b) Erabileraren araberako aldaerak:
    • Sozialak (taldekoak):

      Klase sozial, adin-talde edo gizatalde bakoitzak hizkuntza aldaera jakin bat erabiltzen du. Horrela sortzen dira soziolektoak, argotak edo errepertorioak. Giza dialektologiak aztertzen ditu aldaera hauek.

    • Indibidualak (egoeraren araberako hizkuntza erregistroak):

      Norbanakook ere, leku, egoera eta adinaren arabera aldatu egiten dugu hitz egiteko modua. Ez dugu beti molde berean hitz egiten. Estilistikoki eta funtzionalki desberdin hitz egiten dugu honako aldagaien arabera: gaia, egoeraren formalitate maila, komunikazio bidea, adina...

    Har ditzagun adibide bezala haur talde bat, gazte talde bat eta heldu talde bat. Entzuten jartzen bagara, darabiltzaten hizkera moduak desberdinak direla ohartuko gara. Izan ere, gizatalde bakoitzak bere hizkera partikularra sortzen du. Argot direlakoak, hizkera berezi horietako batzuk dira, esate baterako.

    Izan ere, irakasleen aurrean gai bat azaltzean, ez dugu lagunekin edo etxekoekin bezala hitz egiten. Ez diegu berdin hitz egiten lagunei edo haur txikiei, aiton-amonei edo neska edo mutil lagunari... Hizkera desberdina darabilgu, gaueko parrandaz eta ligeen inguruan hitz egitean, eta arazo sakonen inguruan edo ikasketen inguruan aritzen garenean.

Gazte hizkera eta euskara

Euskararen kasuan, esan genezake, gaur egungo gazte euskara, aldaera geografikoekin (euskalkiekin) nahasten den soziolekto berri bat dela. Gazte euskaldunek beraien artean modu kolokialean komunikatzeko darabilten aldaera erreala da eta estandarretik berezia. Gazteak berez dira errebeldeak, hau da, formalitatetik ihes egiten saiatzen dira, baita hizkuntza kontuetan ere. Gazte euskaldunek, munduko beste gazteek bezala, berezko hizkera desberdina sortu, bizi duten egoera soziolinguistiko guztiz bereziaren eraginpean. Gazteentzat oso garrantzitsua da, hizkuntza marka hori bereganatu eta beraren bidez, talde gisa identifikatuak sentitzea.

Gazte hizkerarena, duela gutxi arte, ahozkotasunera mugatzen zen fenomenoa zen, baina mende honen hasierarekin batera, eta garapen teknologikoaren eraginez, kode idatzirako jauzia egin du, indar handiz gainera. Euskaraz ere, idatzizko bi kode ditugu gaur egun: formala eta lagunartekoa. Ezagunak dira guztiontzat sakelakoen bidez bidaltzen diren SMS-ak. Berauetan, gazteek, hitz egiten duten bezala idazteaz gain, hitzak ahal bezain beste laburtzen dituzte, bestelako baliabide adierazkorrak erabiliz: emotikonoak, laburdurak, zeinuak..

Txatetan, emailetan, eta baita beraien arteko bestelako ohar eta idazkietan ere, joera bera suma daiteke. Gainera, nabarmendu beharra dago, egoera formaletatik kanpo, hau dela gazte askok darabilen idazteko modu nagusia.

Gazte euskara kolokialaren ezaugarriak

Gazte euskara kolokialaren ezaugarri nagusia da, euskara nahasia izatea da:

  • Euskara eta erdara(k) nahasten dira.
  • Euskarazko zatietan, euskara batua eta euskalkiak nahasten dira.
  • Herri bakoitzean, kontsensuzko forma berriak sortu dira: aditzetan batez ere.
  • Nahasketa horretan, ingurune soziolinguistikoak markatzen du, osagai bakoitzaren proportzioa: zenbat batutik, zenbat euskalkitik edo zenbat erdaretatik.

Ipar Euskal Herrian frantsesaren eragina ez da berdina leku guztietan eta gauza bera gertatzen da Hego Euskal Herrian gaztelaniarekin, baina orokorrean, fenomeno honek Euskal Herri osoa hartzen du:

  • Jokaera honen helburu nagusia, komunikazioaren adierazkortasunean irabaztea da.
  • Gertaera hauek guztiak bizi dugun egoera soziolinguistiko minorizatuaren eta hizkuntzen arteko ukipenaren ondorio dira.

Hizkera modu honetara, bestalde, batzuk euskara jatorrago batetik heldu dira eta beste batzuk erdaratik. Kasu batzuetan “galera” dena, beste batzuetan “irabazia” da. Hona hemen hitzaldiaren bezperan jasotako adibide batzuk:

“nei gehiena parke bat eitie gustako likit, baino gaztien egorie ikusita zeba ez protekzioko etxe dezente batzuk? Azken finin herriko gaztiek kanpoa guez ta ia udaletxie horrekin konturatzen hasten dan, ze herriye hutse geako zako denborikin"
(www.uztarria.com- 2005/03/29)"

"aupa hi. Klaro zeok emen tongoa iten dala, hoi dudau re ez. Baino bueno, badare talde batzuk k se lo kurran ta ez daketela beste aukera handik propaganda iteko, es lo ke hay. Pero tongo hay fijo!"

“Aupa hi, lista hau la ostia da, euskadi guztin jarraitzaile gehien dazketen taldek hauek baldin badie... esto es para jente ke kree en dios...”
(www.matraka.info- 2005/04/04)

Adibide hauetan, orain arte azaldu ditugun gazte hizkeraren ezaugarri gehienak agertzen dira.

Aldaketa garaiak

Hizkuntza orok, sortzen denetik, aldaketa ugari jasaten ditu, garaiak eta gizarteak aurrera doazen heinean hizkuntzak ere eraldatu egiten baitira. Gure hizkuntza komunitateak ordea, sakoneko aldaketak bizi izan ditu azken hamarkada hauetan. Besteak beste honako hauek nabarmenduko ditugu:

  • Euskaldun elebakarrak desagertu egin dira.

    Duela oso urte gutxi arte, beti izan dira euskaldun elebakarrak Euskal Herrian. Euskararekin nahikoa zuten eta ez zuten besterik behar bizi ahal izateko. Baina lehen esan bezala, garaiak eta baldintza sozio-politikoak aldatu egiten dira, eta momentu batetik aurrera, euskaldunek bizirauteko, beste hizkuntza bat ikasi behar izan zuten (legez eta bizimoduak behartuta).

  • Elebakartasuna iragana da eta etorkizuna eleanitza izango da.

    Une honetan, elebakartasuna iragan bihurtu da. Euskaraz dakigun guztiok dakigu gaztelera edo frantsesa, ezinbestekoak baitzaizkigu. Euskararen eta erdaren arteko desoreka funtzionala erabatekoa da.

    Gaur egun ordea, elebitasuna ere iragan ari da bihurtzen. Geroz eta hizkuntza gehiago ikasten ditugu, lanerako hala eskatzen digutelako edo eta munduarekin gehiago erlazionatzen garelako. Gaur egun, edonork du munduko edozein txokotara bidaiatzeko aukera, lanaren lekualdatzea gero eta fenomeno zabalduagoa da, ikasketak direla medio, kanpoko unibertsitateetara doazen ikasleak gero eta gehiago dira... Ondorioz, ingelesaren ezagupena orokortzen ari da eta laugarren hizkuntza bat ikastea ere ez da arraroa. Gure etorkizuna, beraz, eleanitza izango da.

    Ingelesaren indarra eta presentzia gero eta handiagoak dira. Ingelesetik hitz asko geureganatu ditugu, egunero erabiltzen ditugunik ia ohartu gabe. Hitz batean esateko, ingelesa geroz eta geureagoa dugu.

  • Eredu sozialak ere aldatzen ari dira.

    Familia eredua, baloreak, mugikortasuna... Lehen haurraren hizkuntzari, esate baterako, “ama hizkuntza” deitzen zitzaion, bizitzaren lehen urteetan amarekiko harremanak mugatzen zuelako ikasiko zuen hizkuntza. Gaur egun ordea, “lehen hizkuntza” esatea hobesten da, besteak beste, emakumea lan munduan integratzearen ondorioz, haur txikien heziketan (eta hizkuntzen ikaskuntzan) askoz ere pertsona gehiagok hartzen duelako esku: aitak, haur eskolak, aiton-amonak, zaintzaileak...

  • Pertsona eta herrien arteko harremanak eta mugimenduak biderkatu egingo dira.

    Garraio bideen, teknologia berrien eta digitalizazioaren eraginez, pertsona eta herrien arteko harremanak, komunikazioa eta mugimenduak biderkatu egingo dira: ikasketak, lana, aisia… Munduarekiko harreman moduak erabat ari dira aldatzen; teknologia berrien bidez, munduko edozein lekurekin izan ditzakegu harremanak noiznahi.

    Emigrazioa betidanik egon den arren, geroz eta gehiago dira eta izango dira Euskal Herrira joko duten etorkinak, guztiz kultura eta hizkuntza desberdinetakoak. Hauen hizkuntza integrazioa eta hizkuntza arrotzen tratamendua jada mahai gainean ditugun lehentasunezko gaiak dira. Fenomeno honek, sakoneko aldaketak eragingo ditu gure gizartean, eta erronka berriak planteatuko dizkio hizkuntza normalizazio prozesuari.

Garai berri hauetan, erronka berriak sortu zaizkio hizkuntzari. Orain arteko errebindikazio nagusiak lurraldetasun kontzeptuaren inguruan eratu dira (ofizialtasuna, etab.), hemendik aurrera ordea, eskuragarritasunaren kontzeptua ere erantsi behar diogu analisi horri. Hizkuntzen etorkizuna, lurraldetasunean ez ezik, beren eskuragarritasunean jokatuko baita (hiztunek eskura izango dituzten eduki, produktu eta zerbitzuetan), eta ez hainbeste beren indar sinbolikoan.

Hizkuntza normalizatzeko, bide luze eta gogorra geratzen zaigu oraindik ere, eta ohartu behar dugu prozesua arrakastaz bideratu ezean, euskara hizkuntza dekoratiboa bihurtzeko arriskua dugula. Euskarak duen posizio ahula orekatzeko, beraz, ezinbestekoak izango dira interbentzio politikoa eta gizartearen aldetiko aldeko jarrera aktiboa.

Aldaketa hauek guztiak gertatu dira eta areagotu egingo dira, eta euskaldunoi erronka nagusi bat planteatuko digute: gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu nahi badugu, hizkuntza komunitate beregain bat eraiki beharko baitugu, munduari irekia, dinamikoa, autozentratua eta autoarautua; alegia, burujabea.

Gazte euskaldunen ezaugarri soziolinguistikoak

  • a) Ezagupenari dagokionez:

Argi-ilunez beteriko panorama azalduko dugu ondoren.

Euskal hiztunen ezaugarriak asko aldatu dira azken hamarkadetan. Hego Euskal Herrian geroz eta gazte gehiagok ezagutzen du euskara (Iparraldean ez da oraindik galgatu hiztunen galera), baina lehenengo aldiz gure historian, euskal elebakarrak desagertu egin dira. Euskal Autonomia Erkidegoan ia gazte guztiek ulertzen dute euskara, baina hauen artean nagusiki euskaraz hitz egiten dutenak gutxi dira.

Azken inkesta soziolinguistikoaren datuen arabera (3) , euskara ezagutzen duten gazteen artean, adin-multzo gazteenetan gehiengoa jatorriz erdalduna da, ingurune erdaldunetan bizi da eta familia harremanetan apenas erabiltzen duen euskararik.

Euskal hiztunen artean, euskararen oso ezagupen maila desberdinekin eta oso hiztun tipologia desberdinekin aurkitzen gara.

Bestalde, euskara batua sortu eta hedatu izanaren ondorioz, elkar ulertzeko arazorik ez duen lehen belaunaldia dugu kalean. Euskara ezagutu arren, ordea, euskaraz egiteko adierazkortasun arazoak dituzte gazte gehienek. Euskarak, hizkuntza orok bezala, edozer gauza esateko balio du, baina tamalez, euskara ez da gauza guztietarako erabiltzen. Euskaraz dena esan daiteke, baina ez da dena esaten. Gai jakin batzuen inguruan ari garenean izugarrizko joera dugu erdarara jotzeko.

Aitzitik, euskararen ezagupen maila sakon eta jasoa duen gero eta gazte multzo garrantzitsuagoa dugu.

Bada beste aspektu garrantzitsu bat. Eten sakona gertatu da belaunaldien artean. Frankismoaren ondoren, euskara desagertu egin zen gure hiri nagusietako kaleetatik, eta horrek ekarri du, kaleko hizkerari dagozkion hainbat hitz, esamolde eta kontzeptu modu bizian transmititu ez izana. Gaur egungo gazteek erabiltzen duten euskara ez da herri euskaldunetako helduek erabiltzen zutena, eta maiz, euskarak berezko duen hainbat baliabide “zaharkitua” gertatzen zaio hiritar gazte euskaldunari, berauek baztertu eta ondoko hizkuntza menperatzailera jotzen dutelarik. Joera hauek oso nabarmenak dira, lokuzioetan, hizkuntzaren erabilera ludikoetan, sexu hizkeran, etab.

Euskalkiei dagokienez ere, sakoneko aldaketak ari dira gertatzen. Gazteek, beren euskalkiaren ezagupen mugatuagoa eta nahasiagoa dute, oro har, baina euskalkia dute euskarririk sendoena adierazkortasuna lortze aldera. Gainera, beraienak ez diren euskalkien gero eta ezagupen zabalagoa dute, harreman gero eta ugariagoei, unibertsitateari, hedabideei eta musikari esker, besteak beste.

  • b) Erabilerari dagokionez:

    Euskararen ezagupena zabaldu bada ere, erabilera ez da neurri berean hedatu, eta haur eta gazteen arteko euskararen erabilpenean hobekuntza nabarmena bada ere, oro har, euskarak galdu egin du erabilera dentsitatean. Lehen, gutxiagok egiten zuen euskaraz, baina egiten zuen askok euskara zuen beren mintzabide nagusi eta ia bakarra. Gaur egun, gehiagok erabiltzen du euskara, baina, erdararekin askoz ere modu nahasiagoan.

    Azken urte hauetan. haur eta gazteen erabilera indizeak hobetu egin dira. Hobekuntza hau oso positiboa izan arren, ezin dugu ahaztu, oraindik ere, salbuespena direla euskara gazteen hizkuntza nagusia den 3.000 biztanletik gorako herriak. Euskal Herriko herri eta hiri nagusi gehienetan erdaraz euskaraz baino gehiago egiten da gazteen artean eta asko dira oraindik ere %5eko erabilera indizera iritsi ez direnak.

    Argot nazionalik ere ez dago. Ditugun apurrak maila lokalera mugatzen dira eta zaila da maila lokaletik nazionalerako jauzia ematea.

  • c) Motibazioari dagokionez:

    Motibazioari dagokionez, aurrerapauso handia eman du euskarak azken urte hauetan. Prestigio soziala irabazi du eta gehiengoak hizkuntzarekiko jarrera baikorra du. Hala ere, geroz eta nabarmenagoak dira gazteen artean, jarrera indiferentean agertzen diren multzoak.

Hizkuntzaren kalitatea

Egoera honetan nola definitu genezake “hizkuntza kalitatea”? Euskararen Aholku Batzordearen eskariz landutako txostenean (4) hiru maila berezi ditugu hizkuntzaren kalitatea definitzerakoan, Ibon Sarasolak landutako kontzeptuetatik abiatuta:

  • Euskara zuzena: Euskaltzaindiaren arauen araberakoa.
  • Euskara jatorra: Euskararen senaren edo usadioaren araberakoa.
  • Euskara egokia: Bere xederako egokia dena..

Ondorioz, euskara ona deituko genioke aldi berean egokia, jatorra eta zuzena den euskarari. Hiru maila horiek bereiztu eta gero, gure proposamena honako hau da: lehentasuna (hezkuntzan eta hedabideetan batez ere) arau komunikatiboak (egokitasunak) izan behar duela eta ez arau gramatikalak (zuzentasunak).

Ikuspegi honetatik abiatuta, gazte hizkera garatzea eta hizkuntzaren irakaskuntza egokitasunaren ikuspegitik lantzea guztiz garrantzitsuak dira, honako arrazoi hauengatik:

  • Hizkuntzaren balio instrumentala eta erabilgarritasuna hobetzeko, eta hizkuntza funtzio guztietarako gaitzeko. Izan ere, euskara bakarrik ikasketetarako hizkuntza bezala identifikatzen bada edo eta, gai jakin batzuetan bakarrik erabiltzen badute, hizkuntzaren erabilera esparruak ez baitira zabalduko.
  • Hizkuntzaren ezagupena sakontzeko.
  • Hizkuntzarekiko motibazioa lantzeko.Euskararekiko lokarri emozionalak indartzeko.
  • Erdararekiko menekotasuna murrizteko.
  • Erabilera esparruak eta erreferentzia mundu partekatuak sortzeko.

Gazte hizkera sortzeko bideak

Gazte hizkera sortzeko bi euskarri nagusi ditugu:

  • Batetik, tradizioa. Gure ondare linguistiko osoa: estandar batua, euskalkiak, literatur tradizioa, ahozko tradizioa, lehengo eta gaur egungo erreferentzia sinbolikoak...
  • Bestetik, sorkuntza. Eta gazteen artean hizkuntza sorkuntza gerta dadin, mekanismo eta baldintza egokiak eskaini beharko ditugu.

Hori lortzeko, haur eta gazteen inguruko euskararen erabilera dentsitatea handitu egin behar da, haur eta gazteei zuzenduriko eduki, zerbitzu eta produktu euskaldunen eskaintza ugalduz eta bermatuz. Era horretan, bestalde, imaginario partekatuak eta erreferentzia komunak sortu eta indartu ahal izango ditugu.

Azken batean, hizkuntza komunitate bat harreman sare bat da, eta kultura oro erreferentzia sistema bat da. Horregatik dute hizkuntza komunitate osoa hartzen duten komunikabideek halako garrantzia, gazte hizkera sortu eta hedatzeko momentuan. Une honetan, ikuspegi nazionala landu ezean, bi euskalki nagusi sortzeko arriskua baitugu, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa. Azkenik, guzti honek esan nahi du, politika instituzionalak eta gazteen dinamika sozialak eragin behar direla, helburuok betetze aldera.

Proposamenak

Honako proposamen hauen oinarrian, "Hizkuntza kalitatea"ri buruzko txostenean aurkezturiko proposamenak daude.

Familia eta ingurune hurbila:

  • Gurasoengana iritsi (euskaldun zaharren kasuan euskara “jatorra” transmititzearen garrantzia bereziki nabarmenduz). - Idatziz (gutunak, bidalketa bereziak), nahiz zuzenean (hitzaldiak, bilerak..) eta material osagarrien laguntzaz aipatu helburuak iritsarazi. - Abian dauden esperientziak bildu eta ebaluatu ondoren, sistematikoki martxan jarri, gurasoen tipologiaren eta zonaldearen ezaugarrien arabera.
  • Ikasleentzat egoki diren kultur produktuen berri eman gurasoei.
  • Bertoko haur hizkera lantzeko lagungarriak eskura jarri.

Egokitasuna hezkuntzan

  • Helburua eta ikasbideak egokitasunaren ikuspuntura moldatu, gramatikaltasunetik komunikaziorako jauzia eman:
    • Planteamendu metodologikoaren garapena: metodoa eta ikasmaterialak.
    • Irakasleen prestakuntza eta formazioa.
    • Ahozkotasunaren lanketa “curriculum” eta ebaluaketa sistemetan txertatu.

Ikastetxeetako hizkuntza normalizazio plangintzak

  • Ikastetxeetako hizkuntz normalizazio plangintzak hedatu eta sistematizatu.
  • Ikastetxeetako eta udalerrietako plangintzak lotu eta koordinatu.
  • Esparruak:
    • Ikastetxearen jardunean esku hartzen duten eragile guztiak.
    • Hezkuntza jarduera osoa.
    • Ikastorduetako eta ikastorduetatik kanpoko erabilera ikastetxean.
    • Antolatzen diren ekintzak.
    • Barne funtzionamendua.

Ikastetxez kanpokoak

  • Eskolorduz kanpoko jardueren euskalduntze programei ekin eta haietako bakoitzera egokituriko errepertorioak landu. Eskolorduz kanpoko jardueren esparrua izan daiteke hizkera ez-formalak eta afektiboak lantzeko esparrurik interesgarrien eta eraginkorrenetako bat.
  • Ikasketa edo/eta erabilera egitasmo sektorialetan ere, parametro hauek guztiak aplikatu.
  • Eskola eta herriaren arteko loturak sendotzean, motibazioa lantzeaz gain, ingurune hurbil horretan eragingo luke eskolak.
  • Eskolako jarduerak herriratu: irrati saioak, idatzizko lanak, aldizkariak, antzerkitxoak…
  • Eskolaz kanpoko jarduerak antolatu, eta lehendik antolatuta daudenetan hizkuntzaren egokitasuna zaindu.
  • Euskal Herriko beste ikastetxeetako haur eta gazteen arteko harreman-bideak ugaldu, batez ere zonalde euskaldun eta erdaldunetako gazteen artekoak.

Bestelakoak

  • Herri/eskualdeko hizkuntz ondarea jaso eta ikasleen eskura modu erabilgarrian ipini, eskolan ahal den neurrian erabiliz.

(KIKE AMONARRIZ GORRIA filologoa eta soziolinguista da)

Oin-oharrak:

(1) Hitzaldi hau Azpeitiko Gazte hizkerari buruzko jardunaldietan aurkeztu nuen 2005eko apirilaren 6an eta “power point” bidez eskaini nuen, idatzizko testurik irakurri gabe. Bertan azaldutako ideia nagusiak osatu egin dira, hitzaldian esandakoak transkribatu eta gero.

(2) Marí, Isidor (1983): registres i varietats del llenguatge. Barcelona. Generalitat de Catalunya.

(3) III. Mapa Soziolinguistikoa (2005).Gasteiz. Kultura Saila. Eusko Jaurlaritza

(4) Euskararen Aholku Batzordea (2004) Hizkuntzaren kalitatea. Gasteiz. Kultura saila. Eusko Jaurlaritza.

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)

Kike Amonarrizek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com