![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2005-12-21 / 07:00
Zinetan eskertzen diot Iñaki Anduezari bere gutuna, bi arrazoirengatik: bata, nire artikulu batean euskara zuzenean idatzia ez zegoen puntu bat salatu didalako, eta hori beti da eskergarria; bestea, bide eman didalako nekatua nago / nekatuta nago esapideei buruzko zenbait uste okerrez mintzatzeko.
"Hegaztien gripea" artikuluan irakurleak ikusia izango dute idatzi nuen. Hori ez da euskara gaiztoa: jakina denez, bizkaierazko eta gipuzkerazko tradizio osoan irakurleak ikusi dute esan eta idatzi izan da beti, eta, hortaz, hori ezin da euskara txarra izan. Baina ez da euskara zuzena, Euskaltzaindiaren arauak irakurleek ikusi dute agintzen duelako. Ni ororen gainetik euskara onean idazten saiatzen naiz, baina ahalegina egiten dut euskara zuzenean ere idazten. Mila esker beraz Iñaki Anduezari.
Besterik da Anduezak -ta-ri buruz dioena. Hasteko, irakurleek ikusita izango dute euskara gaiztoa dela egingo nuke zalantzarik gabe: dudak dituenak, ikus beza Orotariko Euskal Hiztegiaren bederatzigarren liburukian 776. orrialdean ez dela biltzen horrelako adibide bakar bat ere. Eta aurkitu ez dugulako ez dugu horrelakorik bildu.
Baina are egon-ekin josiak, nekatuta nago esaterako, aski badaezpadakoak dira. Horrelakoak batasunaren lehen abiadan bultzatu ziren, ikaragarri bultzatu ere, Anaitasuna aldizkariko gidarien eskutik. Anaitasunakoak erabateko batasunaren aldekoak ziren, eta beren ustez euskara batuak ezin zituen onartu nekatua nago / nekaturik nago / nekatuta nago bezalako hirukoteak: horietako bat onartu behar zen eta beste biak gaitzetsi batasunaren izenean. Niri ez zait hori jarrera zuzena iruditzen; baina, gainera, Anaitasunakoek okerrena, hots, nekatuta nago, aukeratu zuten batasunerako: Orotariko Euskal Hiztegiaren seigarren liburukiaren 447-8. orrialdeetan ikus daitekeenez, nekatua nago eta nekaturik nago bezalakoek lehen testuetatik hasita dituzte lekukoak euskalki guztietan, are bizkaieraz; nekatuta nago bezalakoak berantak dira eta ia bizkaieraz baino ez dira agertzen.
Ez ditut nik nekatuta nago bezalakoak gaitzesten: nekatua nago / nekaturik nago / nekatuta nago hirurak iruditzen zaizkit zilegi euskara batuan. Baina bat baztertzekotan nekatuta nago baztertu beharko genuke, irizpide gisa tradizioa hartzen badugu bederen.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Josu Lavin Campo / 2005-12-22 / 10:29
Ibon Sarasola jaunaren textua hauxe zen:
"Azken bolada honetan denok irakurri ditugu gure egunkarian hegaztien gripearen albisteak. Herriaren irakurleak ikusia izango dute Dirassarrek, gure idazle seguruenetako batek, hegaztietako gripea erabiltzen duela."
IKUSIA IZANGO DUTE hori zeharo gaizki erabiliTA dago, zeren egiatan adierazi nahi dena bestelakoa baita:
IKUSIA DUKETE
edo
BEHARBADA/AGIAN/IGUAL IKUSIA DUTE
IKUSIA IZANGO DUTE beste gauza bat da, nola ikusten ahal den hurrengo adibidean:
Bihar batzuek neure mezu hau IKUSIA IZANGO DUTE
IKUSIA IZANGO DUTE etorkizun/geroaldi burutu-burutua da.
Bestalde, esan dezadan ezen NEKATUTA DAGO bezalakoak zalantzatan jartze soila hagitz kaltegarria eta katastrofikoa zaiola euskarari.
(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)
Josu Lavin Campo / 2005-12-22 / 14:58
Ibon Sarasola jauna,
Ados al zaude ondoko adizkiokin eta dagokien itzulpenokin?
ORAINALDI BURUTU-BURUTUA:
NEKATUTA NAGO: estoy cansado/cansada
= NEKATURIK NAGO
= NEKATUA NAGO
= NEKATURIK NAIZ
= NEKATUA NAIZ
ORAINALDI BURUTU-BURUTUA + KE:
NEKATUTA NAGOKE: probablemente estoy cansado/cansada
= NEKATURIK NAGOKE
= NEKATUA NAGOKE
= NEKATURIK NAIZATEKE
= NEKATUA NAIZATEKE
LEHENALDI BURUTU-BURUTUA:
NEKATUTA NENGOEN: estaba cansado/cansada
= NEKATURIK NENGOEN
= NEKATUA NENGOEN
= NEKATURIK NINTZEN
= NEKATUA NINTZEN
LEHENALDI BURUTU-BURUTUA + KE:
NEKATUTA NENGOKEEN: probablemente estaba cansado/cansada
= NEKATURIK NENGOKEEN
= NEKATUA NENGOKEEN
= NEKATURIK NINTZATEKEEN
= NEKATUA NINTZATEKEEN
BA + ALEGIAZKO BURUTU-BURUTUA:
NEKATUTA BANENGO: si estuviese (pero no lo estoy) cansado/cansada
= NEKATURIK BANENGO
= NEKATUA BANENGO
= NEKATURIK BANINTZ
= NEKATUA BANINTZ
ALEGIAZKO BURUTU-BURUTUA + KE:
NEKATUTA NENGOKE: estaría (pero no lo estoy) cansado/cansada
= NEKATURIK NENGOKE
= NEKATUA NENGOKE
= NEKATURIK NINTZATEKE
= NEKATUA NINTZATEKE
Adeitsuki
(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko irakaslea da)
Erramun Gerrikagoitia / 2005-12-22 / 18:42
Amaitzen du Ibon Sarasolak esanez:
> Ez ditut nik nekatuta nago bezalakoak gaitzesten: nekatua nago / nekaturik nago / nekatuta nago hirurak iruditzen zaizkit zilegi euskara batuan. Baina bat baztertzekotan nekatuta nago baztertu beharko genuke, irizpide gisa tradizioa hartzen badugu bederen.
Baldin hirurak iruditzen bazaio zilegi, zertaz ari da jn akademikoa? Ez al dago hor kontradiktionerik? Ez al du akademikoak beste ezin themarik buruz zer izkiriatu? Ur handiagoetan ez al du sartu nahi edo ez al da kapaz igeri egiteko an ur handiago eta transzendentalagoak?
Noiz zentratuko da Ibon an arazo eta problema graveagoak? Kapaz baldin bada eta digne baldin bada.
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)
Iñaki Andueza / 2006-01-01 / 20:20
Sarasola jauna:
Ez nuen gatazkarik sortu nahi, benetan.
Euskaltzain batek "nekatua nago" erabiltzen zuela ikusi nuenean, nahastuTa geratu nintzen. Betidanik ikasi eta gero erakutsi baitugu, nago aditzarekin partizipioak erabili behar ditugula, aditzondoak gisa funzionatzen direlako. Nekaturik ere erabili dezakegu, noski: .."bata irekiTA, baina bestea zabalIK"
Neretzat galdegaia da hemen erabakigarria: Nola nago? beti aditzondoa. Zer naiz? pertsona nekatuA naiz, adjetiboa.
Dena den, Euskaltzaindiak onartuko balu (zu barruan zaudela kontutan harturIK) ni nahastuTa/RIK nagoela, arren esaidazu lehenbailehen. Egunero ikasleei beraien idazlanetan zuzentzen diet akats hori (nere ustez akatsa zena), eta akats bakoitza hamar aldiz kopiatzen dute. Haien onerako bada ere, erran lehenbailehen "nekatuA nago" ontzat hartu behar dudan hala ez ikasleen idazlanetan.
Ez nuen gatazkarik sortu nahi erran dizut hasieran, eta horrela da. Eskerrik asko Euskaltzain jauna.
(IÑAKI ANDUEZA Institutuko irakaslea)
iñaki Andueza / 2006-01-03 / 16:03
Berrirro natorkizu, Ibon Sarasola jauna:
Euskalzain batek esaten duenean "tradizioz esan eta idatzi duela -irakurleak ikusi dute...-" hori ez dela euskara txarra, zer esan nahi du?
Espanolez "la dije" tradizioz esan eta idatzi egiten dute, baina beraien Akademiak, behin eta berriro saihesten du. Euskarak baditu bere arauak, eta errespetatu bahar ditugu, jende askok gaizki erabiltzen baditu ere. Jadanik -"jende asko etorri dira" -onartu duzue, etorkizunean... Zuek hizkuntza zaintzeko zaudete , eta ez jendeak esaten duena onartzeko, nahiz eta gehiengoa izan.
Eta bukatzeko, zein da euskara txarra eta euskara zuzenaren arteko desberdintasuna? Ez al dugu beti euskara zuzena erabili behar, batez ere publikoki idazten dugunean? Guk akats mordoa izan dezakegu, baina Euskalzain batek....
Agur bero bat
(IÑAKI ANDUEZA ARBIZU institutuko irakaslea da)