![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Itxaso Ferreras - Kontseilua / Herri-administrazioa / 2005-12-14 / 07:00
Ondorengo 4 urteetan Euskal Herriko hizkuntza-politikaren 10 ardatzak zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztu du Kontseiluak.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2006-2010 urteetan Euskal Herrian euskararen normalizaziorako abiatu beharrekoa den hizkuntza-politika aurkeztu du. Txosten batean jaso ditu hamar ardatzak. “Proposamen hauek normalizaziorako oinarrizko hizkuntza-politika osatzen dute”, adierazi du Xabier Mendigurenek, Kontseiluko Idazkari Nagusiak.
Halere, Kontseiluko kideek argi azaldu dute Euskal Herrian errealitate desberdinak daudela EAEn, Iparraldean eta Nafarroan. Hori dela eta, egoera bakoitzaren berezitasunak kontuan izateaz gain, Euskal Konfederazioak Iparraldean beharrezko hizkuntza-politikaren proposamena egin duela Baionan gogorarazi du.
Kontseiluaren "hizkuntza-politika indartu eta garatzeko hamar proposamen" txosteneko lehen ardatza hizkuntza-ereduak gainditzea izango dela azaldu dute. “Hezkuntza Sistemak belaunaldi berriak, etorkinak barne, oso-osorik euskalduntzea” da arlo honetako helburu garrantzitsuenetako bat Kontseiluaren aburuz.
Euskalgintzak aspalditik egin duen beste eskaera bat txertatu dute ardatzen dokumentu horretan: hizkuntza-politikarentzat lehendakariordetza sortzea EAEn eta Nafarroan. “Sail guztietan euskararen garabidea bermatu behar duen organoa beharrezkoa da hizkuntza-politikaren zehar-izaerarengatik”, azaldu dute.
Bestetik, Administrazioa euskalduntzea ere funtsezkoa dela aldarrikatu dute. “Hizkuntzaren normalizazioa ez da ulertzen entitate publikoetan lan egiten dutenak euskaldundu gabe”, adierazi dute. “Ezinbestekoa da Administrazioa euskalduntzeko data bat finkatzea”.
Era berean, lan mundua euskaldundu behar da. Alor horretan orain arte egin den ahalegina oso murritza dela ohartarazi dute.
Kontseiluak behin eta berriro eskatu duen bezala, euskarak berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan behar du. Horretarako, corpus juridikoa hizkuntzaren estatus horretara egokitzea eskatzen dute.
Beste ardatz bat helduen euskalduntzearen laguntzak handitzea da, doakotasunera iristeko. “Egoera kontraesankor baten aurrean gaude: Administrazioetatik euskara erabiltzeko eskatzen digute baina, une berean, herritarrek ordaindu egin behar dute euskara ikasteagatik”, azaldu dute.
Zazpigarren proposamena hedabideetan kuotak ezartzea da. “Euskal Herrian diharduten komunikabide guztiei egoera soziolinguistikoaren pareko kuota batzuk ezarri behar zaizkie legez”, azpimarratu dute.
Bestetik, euskararen aurrekontua "nabarmen handitzea" eskatu dute Kontseiluko bozeramaileek. Hori lortzeko hiru proposamen egin ditu: zerga-kenketak, kredituak eta diru-laguntzak.
Gainera "Hizkuntza-politika indartu eta garatzeko hamar proposamen" deritzon txostenean, Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako eskaintza osorik euskalduntzeko eskatu dute. “Hori egin bitartean hezkuntzako eta gizarteko sektore jakin batzuk nabarmen diskriminatzen duen politika bat sustatzen da”.
Bukatzeko, hizkuntza-politika egokia eskatu dute, epe eta helburu zehatzak dituena, bitartekoz hornitua, sailartekoa, gizarte sektore guztietara iristeko modukoa, Administrazio Nagusitik Toki Administraziorainokoa.
“Gure jardueran erreferentzialak izango dira 10 eginkizun hauek”, esan du Xabier Mendigurenek, Idazkari Nagusiak. Hamar ardatzak jasotzen dituen txostenak honela dio hitzez hitz:
Azken mende-laurden honetan Euskal Herrian abian jarri diren hizkuntzapolitiken eraginez eta herri ekimenari esker egin diren urratsak ukaezinak badira ere, oraindik urrun aurkitzen gara euskaldunok nahi dugun normalizaziotik, hau da, erosotasunez geure bizitza euskaraz egunero egitetik. Gure hizkuntzaren normalizazio prozesuak une erabakigarriak bizi ditu azken bolada honetan, faktore batzuek moteltze kezkagarria erakusten baitute. Horregatik, ezinbestekoa da orain arte eman ditugunak baino pauso sendoagoak ematea eta euskararen ezagutza eta erabilera gizarte-eremu guztietara hedatzeko neurri eraginkorrak hartzea. Hori ez egiteak euskarari dagozkion eremuak berreskuratzeko erritmoa moteldu ez ezik lortutakoak ahultzea eta arriskuan jartzea ekar lezake. Egoera hau gainditu egin behar da, gaur egungo baldintzek eragotzi egiten baitute berez, zaila, luzea baina ezinbestekoa den euskararen normalizazioaren helburua lortzea. Beraz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak uste du ondoren azalduko diren hamar proposamenok aintzat hartu eta egikaritzea behar-beharrezkoa dela datozen urteotan Euskal Herrian euskararen normalizaziorantz pauso sendoak emango baditugu.
Duela ia mende-laurden bat indarrean ezarri ziren eredu sistema desberdinek bide luzea egin dute, eta hasiera hartako egoerari aurre egiteko baliagarriak gertatu baziren ere, hogeita bost urte geroago askiezak direla eta gainditu egin behar direla gizartearen gehiengoak gero eta garbiago ikusi du. Emaitzen ebaluaketak nabarmen erakutsi du A eta B ereduak desegokiak direla eta D eredua bera ere zenbait kasutan egoki euskalduntzeko askieza gertatzen dela. Gainera, gaur egun oraindik ere, Euskal Herriko zonalde zabaletan legez ezarritako debekuek eragotzi egiten diete euskal herritarrei euskaraz ikasteko aukera hizkuntza ofiziala ez den lurraldeetan. Bi errealitate horien ondorioz, belaunaldi berriak ez dira osorik euskalduntzen ari.
Horregatik, hezkuntza-sistemaren barruko ikasle guztiak hamasei urte betetzean euskararen jabe izan daitezen ikasteredu egoki bat Euskal Herri osoan ezartzea da une honetatik hasi eta datozen urteetarako hizkuntza-politika egokiaren oinarrizko zutabea. Horretarako, beharrezko birmoldaketak egin eta behar besteko baliabideak eskaini beharko dira. Esan gabe doa euskaraz ikastea eragozten duen corpus juridikoa aldatu beharra dagoela oinarrizko hizkuntza-eskubidea den euskara ikastekoa bermatzeko. Zentzu horretan honako premiazko neurri hauek hartu beharko dira:
Hizkuntza-politikarentzat lehendakariordetza sortzea Euskalgintzak aspaldi egin zuen eskaria da. Euskararen normalizazioak zeharkako izaera du eta ondorioz, Gobernuek izaera hori garatzeko modurik egokiena den lehendakariordetza sortzea da bidea. Datozen garai berrietan euskarari behar duen besteko bultzada eman nahi bazaio, guztiz komenigarria izango da Lehendakariordetza sortzea eta baliabide ekonomikoz hornitzea, euskararen normalizazioa salbuespenik gabe bilatzeko. Izan ere gaur egunean Sailordetza gisa Kultura Sailean edo Nafarroaren kasuan bezala, Hezkuntza Sailaren barruko Zuzendaritza barruan egotea ez da kokagunerik egokiena bere eginbeharrak betetzeko eta ez du behar bezala irudikatzen euskarak izan beharko lukeen zentralitatea ere. Honako neurri hau hartu beharra dago:
Administrazioaren euskalduntzea erabakigarria da euskararen normalizaziorako eta hizkuntza-eskubideen bermerako, eta hori esatean bera osatzen duten Sail guztiak hartu behar dira kontuan, inolako salbuespenik gabe. Zoritxarrez, gaur gaurkoz badirudi Gobernuetako Sail jakin batzuen bizkar bakarrik dagoela euskararen normalizazioa eta beste zenbait salbuetsita daudela. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da honako neurri hauek hartzea eraginkortasunez euskalduntze hori burutzeko:
Lan-mundua euskalduntzeko erabaki sendoa hartu behar da eta horretarako ondoren aipatzen diren puntuak garatzea gutxienezko urrats gisa proposatzen dira. Alor honetan orain arte egin den eta oraindik egiten den ahalegina oso murritza da eta hezkuntzaz kanpoko gizartearen egoerak nabarmen baldintzatzen du haren baitan euskalduntzen ari diren haur eta gazteen aurrerabidea. Gaurko egoera aldatu ezik etorkizuneko belaunaldietan egiten den inbertsioa oso murrizturik aurkitzen da lan-jardueretan euskara erabiltzeko aukerak oso mugatuak gertatzen direlako. Behar-beharrezkoa da lan-munduan eskolatik datozen gazte eleanitzei harrera egiteko egiturak pixkanaka prestatzea etorkizunean normaltasunez hizkuntza desberdinak erabil ditzaten. Hari horretatik honako neurri hauek:
Corpus juridikoaren gailurrean kokatzen diren legeek euskara berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatzea beharrezkoa da euskararen normalizazioa lortzeko aurrerabidean: berezkoak esan nahi du lurralde honetan bakarrik dagoena dela antzinako garaietatik eta hemen galtzen bada mundu osoarentzat galduko dela, lehentasunezkoak esan nahi du diskriminazio positiboaren gai izan behar duela dagoen egoera zaila gainditzeko eta beste hizkuntzen parean lehiakide izateko eta ezagutu beharrekoak esan nahi du modu iraunkorrean bizi nahi duenak derrigor ezagutu beharko duela bertoko hizkuntza ofiziala delako. Bide hau estatuko beste hizkuntza-komunitate batzuek ere dagoeneko urratu beharrekotzat jotzen dute, eta guztiz ezinbestekoa da hizkuntza gutxituen iraupenerako.
Lege horiek denak Euskal Herri mailako ikuspegiz lantzea guztiz ezinbestekoa da, hizkuntza-politika euskararen berezko lurralde osoan aplikatu behar delako.
Helduen euskalduntzearen laguntzak handitu behar dira doakotasunera iristeko. Haur-gazteen eta helduen artean euskalduntzeari dagokionez gertatzen ari dena aztertzen denean egoera kontraesankor bat ageri da. Alde batetik, ahaleginak egiten diren arren, gaur eguneko ikastereduen erruz milaka gazte behar bezala euskaldundu gabe gizarteratzen dira eskola-aroaren amaieran eta urte batzuk geroago gazte horiek beroriek euskara beharrezko den lanpostuak eskuratu nahi badituzte beren dirutik ordainduz ikasi behar izaten dute. Arazo berarekin topo egiten dute beren biziraupena ziurtatzea ozta-ozta lortzen duten etorkin helduek ere. Ukaezina da Administrazioak hizkuntza-eskakizunak eskatu behar dituela bere plantilletan sartu nahi dituen langileentzat, gero horiek euskalduntzen dirutzak gastatzen ibili nahi ez badu. Horrela bakarrik lortuko da epe baten barruan funtzionario euskaldunak izatea. Horregatik honako eskaera:
Euskal Herrian diharduten komunikabide guztien, nola idatzizkoen hala elektronikoen zein ikusentzunezkoen jarduna aztertu eta gizartean gertatzen ari den aurrerabide soziolinguistikoaren pareko kuota batzuk legez ezartzea erabaki behar da. Bestela gaurko egoerak alor batzuetan neke handiz lortzen den aurrerapena beste eremu batzuetako kontra-jardunaren eraginez galgatzea baitakar.
Gaurko egoeratik hizkuntza-politika atera eta bultzada indartsu bat eman nahi bazaio diru baliabideak nabarmen handitu behar dira, orain artekoa bikoizteaz edo hirukoizteaz ari gara kasuen arabera. Hori lortzeko honako hiru puntuok aintzat hartzea beharrezkoa izan daiteke:
Orain arte baino ahalegin eta baliabide gehiago bideratu behar dira unibertsitateetan falta diren karrerak euskaraz ikasteko aukerak sortzeko eta Lanbide Heziketaren eskaintza osorik euskalduntzeko. Bestetik, Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea ahalbidetzen duten enpresei abantaila fiskalak eskaini beharko litzaizkieke. Hori guztia egin bitartean hezkuntzako eta gizarteko sektore jakin batzuk nabarmen diskriminatzen duen politika bat sustatzen ari da eta euskararen normalizazioa galgatzen. Hona neurriak:
Hizkuntza-politika egokia abiatzea ezinbestekoa da orain arte aipatutako puntuen bidetik euskararen normalizazioa lortu nahi bada. Kontseiluaren aburuz egokitasun horren jabe den hizkuntza-politikak honelakoa izan behar du:
Aipaturiko baldintza horiek beteko dituen politika behar da gizartean dauden baliabide mugatuak ahalik eta hoberen ustiatu eta era koordinatuan normalizazioak eskatzen duen helburuak lortzeko.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
![]() | Inprimatu |