Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hatz-mamien begiak

Hatz-mamien begiak

2005-12-12 / 07:00 / Juan Luis Mugertza Unanue   BESTELAKOAK

Lehengo egunean Manu ezagutzeko aukera izan genuen. Manu Ataungoa da, baserri batekoa: Aitzgorrondokoa, hain zuzen ere, baina aspaldian bizi da Bilbon. Manu sindikalista izan da eta zinegotzia. Manu egun hauetan Durangon dago, baina ez azokan gainontzekook bezala liburuak edota diskoak erosten. Manu AEKko euskaltegian dago eta bertan hartu du ostatu gose greba egiteko.

Zer moduz? galdetu diogu eta irribarreak ahoan gerriari zuzendu dio keinua erantzuna emateko.

Duintasunak eta eskubideen aldeko beharrak mugitu dute Manu horrelako erabaki bat hartzera: Manuk gizarteari erakutsi nahi dio itsuek ere ikusten dituztela gizarte honetako bidegabekeriak.

Manuk oso ondo ikusi du hogei urte luze hauetan EAEko Legebiltzarrak, alderdi politikoek, arartekoek... apaindutako hitz potolo horien bueltan zer nolako axolagabetasuna dagoen.

Hezkuntza Sailak baditu liburuak braille alfabetoan euskaraz egokitzeko eta zabaltzeko, baina ez du egin.

Zertarako egokitu, berritu eta zabaldu zuen mundu osora Louis Braille frantsesak bere abizena hartuko zuen braille izenekoa alfabetoa? Dirudienez, munduaren luze-zabalera Euskal Herrian bukatzen da, bertako itsuek braillez euskaraz irakurtzeko aukerarik ez baitute, euskaraz eta braillez ekoizteko eta banatzeko ardura duen erakunderik ez baitago. Eta Manuk hori dena txiki-txikitatik halabeharrez ezagutu behar izan du.

Hamar urte zituela Pontevedrara joan zen eta gauza eder asko utzi behar izan zituen mutiko hark Galiziara joateko. Baina bestelako aukerarik ez zuen, baldin ikasi nahi bazuen. Gero, batxilergoa Galizian ezin egin eta Madrilera joan zen. Dena den, horretan ez da bukatu Manurena: Manu euskalduna da eta hezkuntza, informazioa eta kultura euskaraz gauzatzea nahi du, baina ezin.

Hesiaren gogorra oso altua da bakarrik salto egiteko. Horregatik laguntza nahi du. Jaurlaritzak ONCE onestu badu ere, euskararen inguruko tratua baztertzailea da: akatsez beterik daude askotan Madrilen egindako lanak. Noiz edo noiz, hemengo bati ematen diote, baina denbora luze behar izan ohi du egindako lana jasotzeko. Manuren ustez, dirua ez da arazorik handiena. Horren inguruan Jaurlaritzak taldetxo bat osatzea nahikoa litzateke zerbitzu ona emateko, baina borondatea behar da, orain arte erakutsi ez dutena.

Manurekin berriketan geundela gauza askok harritu gaitu; bereziki, bizi izateko gogoak. Mahaiaren gainean gauza asko ditu: grabagailua, idazmakina, sakelako telefonoa, liburuak... Egun, “Zientzia Polítikak” ikasten ditu Portugaleten.

Grabagailuan Unai Iturriagak idatzitako “Berandu da gelditzeko” liburuaren grabazioa du, baina ez da liburu bakarra. Raul Zibetirena ere badu: “Genealogia de la Revuelta” izenekoa. Marxismoa eta piketeroen gainekoa liburua ei da. Gizartearekiko kezkak Manuren begiak dir-dir ipintzen ditu eta hori oso ondo antzematen zaio hitz egitean.

Manurekin komunikatzeko sakelako telefonoak, erlojuak... berba egin ohi diote, baina bere hizkuntzan erderaz baizik. Dena den, Manuk badaki euskara mutua bada itsua ez dena; euskarak oso ondo ikusten baitu maila guztietan nola baztertzen duten. Alde egin aurretik, idazmakinaren gaineko azalpen batzuk eman dizkigu.

Sei tekla ditu Manuren aspaldiko tramankuluak eta ezkerretik eskumara irakurri behar da. Manuren esku banaren erpuruak pausatu dira eleen gainean guk ikus dezagun. Horren ostean, gu baliatu gara zer edo zer idazteko eta honako mezua idatzi diogu:

















EUTSI


























GOIARI

Bere irria begietan eta emandako ikasbidea buruan gure moduko askok baino gehiago ikusten duen itsua utzi dugu atzean.


(JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE idazlea da)

  • Estreinakoz Garan argitaratua, 2005-12-08an.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com