|
Zertarako? Ez al liteke hobe berton gutxieneko atxikimendua izango bagenio? Izan ere, euskarari ez zaio kanpotik etorriko euskaldunok ukaiten ez diogun maitasun edota errespeturik.
Euskarak nazioa behar du, eta nazioa garen neurrian soilik estimatuko gaituzte nazioartean. Eta nazio hori, geure nazioa alegia, eraiki ahal izateko, ezinbestekoa dugu euskara. Hortaz, has gaitezen geure baitatik ematen lehenbailehen eta ez dezagun eskatu, erdara hutsean eskatu gainera, hainbeste kontu euskararen alde.
Elebitasun formalean oinarritutako politika linguistikoak ezer gutxi ekarriko dio normaldu gabeko euskarari. Elebitasun formal horrek abantaila ikaragarriak ematen baitizkio erabat normaldua den gaztelaniari. Erdaldun hutsak izan eta euskarari batere atxikimendurik ez diotenek (horrelakoak askotxo dira gure artean) ez dute sekula euskararen beharra sentituko dena erdaraz ere ematen badiegu. Eta euskarak, egun, beharra eta prestigioa behar du bertoko erdaldun nahiz euskaldunon artean. Urrutiko errekonozimenduak gerora etorriko zaizkigu, etortzekotan.
Horregatik, bada, gaitz uler daiteke, esaterako, Karrantza Haraneko Karpin parkerako seinaleztapenean “Parke tematikoa” dioen kartel berean “Parque temático” jartzea. Erdaldun peto batek euskarazko grafiazkoa ulertzeko arazorik baleuka, benetako arazo baten aurrean izango ginateke, baina ez arazo linguistikoa, hain preseski.
Politikoek orain diote errebisatu behar dela hezkuntza ereduena, ez baita lortzen belaunaldi berriak erabat euskaldunak izatea. Egia esan, euskaldun izatea ez da euskaradun soila izatea, askoz haratago baitoa izate hori. Baina ez legoke batere txarto politikoek berek, esaterako, profil linguistiko jakin bat eman beharko balute, administrazioan lan egiteko gutako edonori eskatzen diguten horietakoa. Horrela, behintzat, euskal legebiltzarra hurbilago sumatuko genuke euskaldunok, gutxienez orain erdaldunek parlamento vascoa sentitzen duten bezain hurbil.
Euskarak bere esparrua behar du, erdarak kontrolatu eta bideratuko ez duen esparrua, hain zuzen. Hau da, EiTB-1ek ez du zertan izan EiTB-2ren menpeko, euskarazko edozein testu administratibok erdarazkoa jatorritzat izan behar ez duen bezala. Edo, politikoek euskaraz egindako adierazpenek ez dute jarraian zertan erdarazko errepikapenik eduki; itzul dezatela kazetariek, horrela kazetari euskaldunen beharra azpimarratuz.
Tira, esan nahi nuena zera da: nik ez dut euskararen nazioarteko egunik ospatu, baina egunero, gehiago edo gutxiago, euskaraz egiten dut. Eta, horrela, “euskararen bertoko eguna” ospatzen dut, egunero. Gehiago asetzen nau, eta merkeagoa zaigu denoi.
(ROBERTO ALKARTERRI euskara irakaslea da)
|
|
Aizu, ez nintzen bat ere konforme gelditu Eusko Ikaskuntzak atxikimendurako atera zuen testua irakurri nuenean, batez ere azken lerroa irakurrita. Zera zioen:"Euskara nazioarteko laguntzaren beharrean dago, bakarrik arituz gero euskal gizarteak nekez iraunaraziko baitu bizirik bere hizkuntza".
Eta hori dagokionean galdetzen nion neure buruari: zer gara ba, Uganda? Agian, Haiti? ...? Gauza bat da esatea nazioartean euskarak izatea nahi genukeen lekua aldarrikatzea eta beste bat esatea nazioarteko laguntzaren premia dugula, eta beste bat lekutxorik gabe gureak egin duela esatea.
Egia esan, gure arteko ika-mikak merezi ote zuen zalantzan dantzan ibili nintzen, kasketalditzat joz neure iritzia. Eta geroago jakin dut zu ere antzera samar ibili zinela, ez oso pozik Euskararen Egunarekin.
Beraz, hurrengoan ere ildo berean (nahiz bestean) topatzeko beldurrik gabe izango garelakoan, agurtzen zaitut.
Txus Arrieta
|
|
Roberto. zure testua ezin irekiz, iritzi bat emango dizut. Duela hogeita
hiru urte Euskal Herrira itzuli nintzenean, ametsaren ordez, sekulako
amorrua piztu zitzaidan gogoan, eta ez itzali entzun nitudanean eta gaur
ere entzuten ditudalarik, hainbeste lotsagabeko, euskal irakasle,
euskaltzale eta euskaltzain oso, beren artean eta luzaro erdaraz
hitzegiten, eta niri erdaraz zuzentzen: batik bat Iparraldeko
euskaldunen geroa beltz ikusten dut. Hil arteraino, euskaldunekin euskaraz
hitzegiten, eta euskaraz idazten jarraituko dut, nahiz nire 35. garren
euskal liburuak, ez duen oihartzun handirik izan. Urte berri hobea zuri
eta euskarari. Txomin Peillen "fanatikoa" omen denarengandik goraintziak.
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|