![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Juankar Aretxabaleta Perez / Irakaskuntza / 2005-12-06 / 07:00
LOE izeneko Hezkuntza Lege Organikoaren ezarpena dela eta, azken boladan Espainiar Estatu mailako bi alderdi nagusien arteko desadostasuna irudikatzen saiatzen ari dira, baita hezkuntza mailan ere.
Hezkuntzaren alorrean ematen ari den borroka honetan euskal herritarrok ere harrapatu nahi gaituzte, lege honen bitartez erkidego autonomoetan onartzen diguten hainbat eskumen, espainiar interesen arabera kudeatzen jarraitzeko aukera emanez: gure eskubideen gainetik, hezkuntzaren mamia osatzen duten edukien ezarpenaren zati handiena ( %55 ) eurentzako gorde nahi dute.
Finean, berriro ere gure belaunaldi berrien heziketa/etorkizuna bera lege arrotzen menpe mantentzea dute helburu, eta hori guztia praktikan, berezko hizkuntza, curriculuma eta hezkuntza sistemaren garapenaren bidean izugarrizko oztopoa bilakatzen da.
Bide honetan, Gasteizeko Hezkuntza Sailburuaren jarrera, dagozkigun eskubideetan oinarritutako hezkuntza eskumenen defentsa eginez eta maila guztietan geure heldutasuna mahai gainean jarriz, txalotu egin nahi dugu.
Beraz, oraingo honetan, eskola publikoetatik Tontxu Camposek LOEri buruz egindako adierazpen gehienekin bat gatoz, eta eskatzen diogu gai honi dagokionez tinko eusteko eta ez amore emateko.
Bada ordua herri bezala dagozkigun hezkuntza eskubideekin zerikusia duten eskumenak %100ean lortzeko eta gauzatzeko euskalduntze osoa bermatuz, euskal curriculuma ikastetxe guztietan ezarriz, ikastetxeetan autonomia zabala gauzatuz… hezkuntza sistema publiko eta nazionalaren aldeko apustu garbia eginez.
Finean, jokoan dagoena ez da bakarrik eskumenen banaketa administratiboa, muga guztien gainetik Euskal Herri osorako baliagarria izango den berezko hezkuntza sistema diseinatzeko, antolatzeko eta egikaritzeko hautu zintzoa egin ahal izatea ala ez baizik.
(JUANKAR ARETXABALETA PEREZ Sortzen-ikasbatuaz Elkartearen lehendakaria da)
![]() | Inprimatu |