Eusko Legebiltzarrak euskararen alde lan egingo du
Eusko Legebiltzarra / Herri-administrazioa / 2005-12-03 / 07:00
Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko lehendakariak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eusko Legebiltzarrak onartu duen euskararen aldeko erakunde-adierazpena irakurri du:
- "Lehena.- Euskal Autonomia Erkidegoa biztanle ugarik euskaraz hitz egiten, irakurtzen eta idazten duenez, eta ama hizkuntzatzat eta herritar guztien ondaretzat jotzen duenez, Eusko Legebiltzarrak ekimen eraginkorrak garatuko ditu, hitzarmenen eta adostasunen bitartez, euskararen oraina indartzeko eta etorkizuna bermatzeko.
- Bigarrena.- Eusko Legebiltzarrak euskararen alde lan egingo du. Izan ere, uste osoa du euskara garatzea, aurreratzea eta sustatzea pluralismo eta elkartasun demokratikozko balioen gainean oinarritzen dela. Euskarak lehentasunezko elkargunea izan behar du, eta euskal gizartea banatzeko eta zatitzeko erabiltzea saihestu behar da.
- Hirugarrena.- Eusko Legebiltzarrak lan egingo du euskara alderdi arteko liskarretatik edota erabilera politikoetatik kanpo gera dadin. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle guztiek erabil eta goza dezaten bultzatuko du, gizartearen jakineko zati baten ondare esklusiboa den ideia alde batera utziz.
- Laugarrena.- Euskara, hizkuntza izaki, komunikatzeko bidea da. Historian ibilbide gorabeheratsua izan du, eta euskal gizartearen adierazle garbia da mundu guztian. Eusko Legebiltzarrak lan egingo du euskara gizarte bizitzako esparru guztietan erabil dadin bermatzeko.
- Bosgarrena.- Eusko Legebiltzarrak ekimenak bultzatuko ditu, euskara erabil dadin zailtzen duten oztopoak desagerrarazteko. Era berean, legebiltzarreko erakundeek jendearekiko komunikazioan erabiltzen duten hizkuntzaren kalitatea eta aberastasuna ere zainduko da.
- Seigarrena.- Euskara normalizazio bidean dagoen komunikatzeko bidea izaki, erabilera hedatu egin behar du, eta esparru nahiz alor guztietan erabili behar da. Eusko Legebiltzarreko talde politikoak horretaz jabeturik gaude, eta hitzematen dugu gero eta gehiago, eta normaltasunez, erabiliko dugula gure jarduera politikoan, bereziki, jendaurreko saioetan eta agerraldietan eta herritarrei zuzenduriko komunikazioetan".
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1133546731