Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ausart jokatzeko garaia

Ausart jokatzeko garaia

2005-12-01 / 07:00 / Iker Martinez Lagos - Topagunea   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Laister ezagutuko ditugu telebista digitalaren baimen banaketarako irizpideak EAEn. Eusko Jaurlaritza ari da irizpide horiek lantzen eta gizarte eragileok azken bi urteotan behin eta berriro egindako eskariak gizarteratzeko unea heldu da. Euskarazko hedabideek egin dituzte beren eskariak, eta alderdi politiko zein euskalgintzako beste eragile batzuen iritziak entzun edo irakurri ahal izan ditugu azken asteotan.

Eusko Jaurlaritzak dauka orain hitza, Jaurlaritzari baitagokio EAEko barrutietan zein telebista izango ditugun erabakitzea. Horretarako, nahi dituen irizpideak jarri ahal izango ditu. Hau bereziki azpimarratu behar den zerbait da: Eusko Jaurlaritzak nahi dituen irizpideak jar ditzake, berea da horretarako eskumena une honetan. Estatuko erkidego autonomoetako gobernu bakoitzak nahi izan dituen irizpideak jarri ditu, bakoitzaren interes politikoetatik abiatuz. Adibideak askotarikoak dira: Nafarroako Gobernuak gaztelerazko programazioa ezarri du, Kataluniakoak katalan hizkuntza erabiltzeko betebeharra zehaztu du eta Madrilen alderdien arteko iskanbila sortu da, bertako banaketaren ondorio modura. Adibide horiekin argi ikus daiteke Eusko Jaurlaritzak bere ikuspuntutik jar ditzakeela irizpideak, bere arduratik.

Irizpide politikoak aplikatu daitezela eskatu nahi dut, beraz. Baten bat harritu egingo da nik irizpide politikoak aplikatzearen aldeko eskaria egiten dudala irakurrita, baina ez erratu: ez nabil irizpide politiko-partidisten inguruan hitz egiten, euskararen aldeko irizpide politikoez baizik, hizkuntza irizpide politikoez. Jaurlaritzak paregabeko aukera du orain, inori ardurarik pasa gabe eta erakundea gidatzen dutenen ikuspegitik, hizkuntza politika eraginkorra aplikatu eta irizpideen ardatzean euskara jartzeko. Erabakiak hartzeko eskumenak aldarrikatzen diren garaiotan, oso aukera ona du Jaurlaritzak eskariok praktikan aplikatzeko.

Eskari hau ez da berria. Kultura Sailburuari 2003 urtean euskarazko telebistentzako lizentziak gordetzeko eskaria egin zion Topaguneak. Federazioak 2004an ere proposamen zehatza aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari. Hamar puntuko proposamena zen aurkeztutakoa, irizpideen ingurukoa. Hainbat alderdi politikok ere badu proposamen horren berri. Irizpide proposamen horien artean, bat hizkuntzaren ingurukoa izan zen eta eskari zehatzak, ondorengoak:

  • «EAErako izendatutako barruti bakoitzean gutxienez euskara hutsezko telebista bat izatea.
  • Barruti bakoitzean banatu beharreko gainerako lizentziei dagokienez, euskara hutsez izan beharrekoen ehunekoa eskualdearen egoera soziolinguistikoaren arabera definitzea. Ehuneko hori finkatzeko, eskualde bakoitzaren elebidunen eta elebidun hartzaileen kopuruak batzea.
  • Gainontzeko lizentzien hizkuntzaren tratamendua kuota bidez finkatzea, eskualdeko egoera soziolinguistikoaren arabera, baita ere.»

Tokiko elkarteak urriaren 28an egindako agerralditik, prentsako tituluarekin gelditu dira batzuk, eta kritika egin diote zuzenean edo zeharka. Topaguneak 2004ko uztailetik jarri zituen mahai gainean bere proposamenak eta nahi izan duenak proposamenok ezagutzeko aukera izan du. Tituluarekin gelditzeko hautua egin dutenek jakingo dute zergatik gelditu nahi izan duten azalean.

Ausart jokatzeko ordua da. Nori edo zeri zaio beldurra? Euskararen aldeko irizpideak finkatzea ez da inoren kontra egitea, ezta ezeren kontra egitea ere. Irizpide modura euskarazko telebistak eskatzea, tokiko informazioa euskaraz jasotzeko dugun eskubidea bermatua izateko eskaria da. Euskara hutsezko kanalentzat lekua egitea, gainera, ez litzateke arazoa izan behar gainontzekoei kuotak jarri ahal izateko. Kataluniako ereduak argi erakusten du, kataluniera hutsezko kanalak egoteaz gain kuotak jar daitezkeela. Irizpide horiek ez diote inori aterik itxiko, aurkezten diren eragile, erakunde eta enpresa guztiek baldintza berdinetan jokatuko dute, hizkuntza eskakizunei dagokionez.

Norbaitek pentsatuko du hizkuntzarekin tematuta nagoela eta bestelako irizpideak ere aintzat hartu behar direla. Ados. Baina euskarak urratsak eman behar baditu, argi dut hizkuntzak erdigunean egon eta gainontzeko irizpideetan ere eragin behar duela. Tokiko hedabideen sarea osatzeko bidean, benetan tokiko hedabideen sarea baldin bada, tokikotasuna, kultur sorkuntza eta gizarte antolakuntza ere aintzat hartuak izan behar dira. Hiru irizpideok jasoak izan daitezela funtsezkoa deritzot. Ildo horretan Edorta Aranak "Tokiko telebistak eta lotsaizuna" izenburuko artikuluan ondorengoa esaten zuen: “Tokiko telebistak gertuko informazioa eta eduki propioak eskainiz, euskaraz arituko diren kanalak izango dira eta horren bidez hezkuntza sisteman eta normalkuntza linguistikoaren aldeko bestelako ekimenekin bat egingo dute, ikus-entzunezko egitura mediatiko propioa eta autonomoa sortzeaz bat”. Ez dut Tokiko elkarteak 2005eko urriaren 28an egindako eskaria (“erdipurdiko” eskaera omen den hori) Edortak egindakoarekin kontraesanean dagoenik uste; baina, hori alde batera utzita, ados nago berak egindako ekarpenekin. Edorta Aranak aipatzen dituen gaien artean, bi bereziki azpimarratzekoak direla deritzot. Batetik, gertutasun eta tokikotasunari lotutako erreferentzia ahaztu ezinekoa da. Zilegi da eskualdez gaindiko egitasmoetan pentsatu eta horretarako prestatzea, baina orain urgentziazko gaia tokiko telebistena dela gogoratu behar da, eta hori eskualde edo barruti bakoitzeko egitasmoari lotuta dagoen zerbait da. Tokiko telebistak helburu dira, eta ez, bestelako egitasmo batzuetarako bitarteko. Bestetik, autonomiaren gaiari ere heldu beharko geniokeela deritzot. Tokian tokiko gizartean ondo txertatuta dauden egitasmoei lehentasuna ematea funtsezko gaia da, eta hori tokian tokiko autonomiatik egin behar da. Tokiko telebista baten erabakigunea ez badago herri edo eskualdean, telebista hori ez da tokikoa.

Ausardia. Hori da orain Eusko Jaurlaritzari eskatu behar zaiona, ausart joka dezala. Talde mediatiko handi eta ez hain handien interes politiko eta ekonomikoen gainetik, tokikotasuna, gizarte mugimendu autonomoa eta euskara ardatz hartuko dituen araua behar dugu, tokiko telebista digitalen esparru euskaldun bat izateko. Jaurlaritzak hiru ardatzok izango dituen dekretua sortzeko aukera du, inori beldurrik izan gabe eta euskararen aldeko politika argiak aplikatuz.


(IKER MARTINEZ LAGOS Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko idazkaria da)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com