|
Edozein euskaltegitako edozein euskara irakaslek bere buruari egiten dizkion galderak: Nolako euskal hiztunak ateratzen ari dira nire klaseetatik? Komunikatzeko oinarrizko ahalmena dute? Hizkuntzaren oinarrizko baliabideen jabe dira? Eta azkenak: Erabiltzeko urratsa eman dute? Baina, erabiltzeko aukera badute? Azken finean, euskaldun konpetenteak sortzen-lortzen ari naiz?
Eta honela etengabeko duda-mudak.
Era berean, ez irakasle soilen zalantza, baizik eta euskaltegiaren, euskaltegien sareen eta euskalduntze mugimendu osoaren zalantzak izan beharko lirateke, eta dira.
Zoritxarrez, normalean ateratzen dugun konklusioa, ez era zientifikoan edo estatistikoan, baina bai susmoa, erabileran huts handia dagoela izaten da, ikasleak euskaltegiko atetik ateratzen diren momentu beretik. Eta txosten ofizialek susmo hau baieztatzen dute: “Hizkuntza bat ikastea neketsua da. Bestalde, euskalduntzearen eta alfabetatzearen emaitzak ez dira onak: hasten diren askok ez dute ikasturtea amaitzen; hurrengo urtean gutxiagok jarraitzen du; oso gutxik erdiesten dute euskara-maila egokia. Horietako askok, gainera, ikasteari utzitakoan, euskaraz bizitzeko dituzten aukeren urritasunagatik, galdu egiten dute ikasitakoa.” (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia).
Euskaltegien helburu orokorra euskararen normalizazioa bada, hau da, Euskal Herria euskalduna izatea, eta ez hizkuntza irakaste hutsa, ezagutzan eragin behar dute,horretan finkatzen baitute beren eragin esparru nagusia. Baina horrekin batera, erabileran eragitea eta erabilera sustatzeko eragile aktiboak izatea ere izan behar dira euskaltegien helburuak. Jarrera honek euskararen ofizialtasuna baino harantzago doazen helburuak barne hartzen ditu: euskararen ezagutzan eragingo dute eta ezagutza hori erabilera bihurtzen ahaleginduko dira eremu pertsonal, sozial eta ofizialean, Euskal Herria euskalduna izan dadin. Ezin da pentsatu eskola-emate hutsarekin arestian aipatutako helburua lor daitekeela.
Praktika jarduera hauek garrantzi handia dute hiztun konpetenteak ateratzeko orduan, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera emango dio ikasleari. Horrelako programek garrantzia handia dute inguru hurbil hori erdalduna denean, ikasle horrek bestelako tresna batzuk behar izango baititu bere jarduera euskaraz burutzeko, beraz, hizkuntzaren konpetentzia ona izateko ezinbestekoa da erabiltzea eta praktikatzea, euskaraz zein japonieraz… Eta, orain arte, irakaslearen edota euskaltegiaren boluntarismoaren esku geratu da gehienbat. Egin ahal izan dena, egin ahal izan den denboran eta eduki ahal izan ditugun baliabideekin.
Azkenaldion, berriz, hainbat egitasmo jarri dira abian, euskaltegien, euskara taldeen eta hainbat udalen elkarlanari esker, baina oraindik, iniziatiba askotan bezala, borondatearen borondatez, koordinazio, formazio, baliabide eta errekonozimendu ofizial eta formal lortu gabe. Lekuan lekuko egoeraren arabera, bertako udalaren borondate politiko eta, batez ere, euskaltzale askoren iniziatiba eta lan boluntarioari esker.
Hala ere, erabilera sustatzeko egitasmoak bultzatzeko aukera teoriko guztiak, paperean idatzita behintzat, egon badaude, EAEren kasuan, gainontzeko herrialdeetan ezta hori ere:
2003ko irailean Euskararen Aholku Batzordeak Euskalduntze-alfabetatzearen etorkizunerako oinarriak eraginkortasunari eta kalitateari begira txostena kaleratu zuen eta erabilerak sektorearen etorkizunerako duen garrantzia azpimarratu zen: “Ikas-prozesua hobetzeko, horren eraginkortasuna eta praktikotasuna bermatzeko alegia, komeni da euskalduntze-alfabetatzearen eta gizarte-erabileraren artean zubiak eraikitzea, ikasleak euskaraz behin ikasi eta gero euskaraz aritzeko dituen aukerak eta oztopoak aurreikusiz. Izan ere, ikasten ari den bitartean ikasleak aurrera egiten badu ere, atzera egin dezake hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez badu.”
Horren ildotik, Euskaltegiak eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Euskalduntze-Alfabetatzerako Jarraipen Batzordeak erabilera sustatzeko aukera berriak zabaldu dizkio sektoreari, zehaztu eta garatu gabe egon arren:
“Argi dago, euskaltegien jarduera-eremuak beste arlo bat jorratu behar duela euskalduntze-alfabetatzean, ikaskuntzarekin zuzenean loturik dagoena: erabilerarena. Ildo horretatik, euskaltegiak euskalgintzaren eragile dira, euskalduntze-alfabetatze hutsean bezala hari dagokion sustapen lanean. Hori ez ezik, euskaltegiek badute berezitasun bat, alegia, azpiegitura egokiak eta behar den beste giza baliabide, erabilera sustatzeko lanean jarduteko.
Edozelan ere, jarduera esparru hori zabaltzeko, euskaltegien sareak izango dira solaskide administrazioei begira, askozaz lan eragingarriagoa egin daitekeelako modu koordinatuan jardunez, euskaltegiek euren proposamenak banan-banan aurkeztuz baino. Betiere, euskaltegiak eurak ere izan daitezke diru-laguntzen jasotzaileak, baldin eta ezein saretakoak ez badira.”
Errealitatean, jarduera hauek orain artekoa baino trataera handiagoa eta serioagoa behar dute eta garapena esparru guztietan kontuan hartu: euskaltegietan, normalizazio planen barruan (plan globalak, era guztietako jarduerak hartzen dituztenak: hizkuntza trebakuntza, erabilera sustatzeko jarduerak,...), maila lokaleko euskalgintzan (herrian edo auzunean): hitzarmenak edo egitasmo konpartituak, EBPN edo BEA, herrialde edo nazio mailako euskalgintzan, sektorekako akordioetan (administrazioa, erakunde pribatuak, elkarteak,...)
Eta honela estrategia orokorra zehaztu: Profesionalizazioa eta prestakuntzaren garrantzia azpimarratu; informazioa eta formazio minimo bat ere ziurtatu; finantzazio bideak aztertu, eta ez lan boluntarioaren esku utzi; kolaborazio bideak bultzatu; egitasmoak ahalik eta zabalenak izan eragin esparrua ahalik eta handiena izan dadin.
Programa hauek berebiziko garrantzia dute euskararen zabalkunde eta inplantazioan, baina argi dago ezin dutela euskaltegiek bakarrik aurrera eraman. Horrelako ekimenak burutzeko Hitzarmengintzaren bidea jorratu behar da, bai instituzio, bai gizarte eragileak, bai euskaltegi, bai euskara taldeak inplikatu egin behar dira. Hauen guztien parte hartzea erabatekoa bada, ekimenak arrakasta izan dezake, baina hauek parte hartuko ez balute, batetik, ekimenak prestigio gutxi izango luke eta, bestetik, hankamotz geratuko litzateke.
Honenbestez, ongi etorria izan bedi erabileraren gaineko jardunaldiak antolatzeko iniziatiba, euskaldun “inkonpetenteak” sortu nahi ez baditugu eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko balio badute.
(FERNANDO LANDABURU GÓMEZ AEK-ko Bizkaiko koordinatzailea)
|