![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Andres Urrutia Badiola / Hizkuntza / 2005-11-18 / 11:44
Orotarikoa, orokorra eta ororentzat. Hala zehaztuko nuke nik azken hogeita bat urteetan Euskaltzaindiak ondu duen OEH lanaren izaera.
Orotarikoa, euskara bera hartzen duelako bere barruan, euskalki, idazle eta testu desberdinak agerian dituela.
Orokorra, bertara bildu baitira gai askotako esparru eta alorrak.
Ororentzat, euskaldun izan zein izan ez, bertan daudelako iturburu zorrotz eta zehatzak, euskal hitzen nondik norakoak zertzeko.
Bukatu du Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegia. Hortxe dago, guztion eskura, eginiko lana, 16 liburukitan antolatuta.
Badakigu, alabaina, horrelako proiektua aurrera eramateko, mota askotako ahaleginak behar direla. Ahalegin akademikoak eta instituzionalak, akademikotasunak ezinbesteko baitu, ikerlana behar den bezala egiteko, antolakuntzaren azpiegitura sendoa.
Izenak ere aipatuko dira, eta mahai honetan gaudenok horiek omendu nahi ditugu; eskertu ere bai, partaide askoren fruitua izan delako orduko hura.
Zuetako asko horien artean egon zineten, euskarak garai hartan behar zuena egoki zertzen zeundetela uste izanda. Egun, bistan da, zuei arrazoi eman behar.
Latza izan daiteke horrelako lan baten egunerokotasuna. Latzagoa, zer esanik ez, bizirauteko itxaropenik ez daukan hizkuntza baten
etorkizuna. Badago, beraz, euskara eskura, hiztegi honen bidez. Hiztegi bizia, bibliotekaren apaletatik kanpo ere hedatu behar dena, euskarari buruzko lan zinezkoaren eredu gisa.
Ospa dezagun, beraz, amaitu berri den lana. Zoriondu eta entzun ditzagun errealitate hori gauzatu dutenak. Ez ditzagun gaur eguneko eskabideak ere bazter utzi, hauek baitira ekinean jarraitzeko akuilu apartak. Hartara, agerian jar dezadan Euskaltzaindiaren zina, egun aurkezten duguna euskarri digitalean jarri eta gizarteratzeko, egunotako teknikak baliatuz.
Dakizuenez, prest dago gure erakundea lanerako, eta, jakina denez, aspaldikoari eutsiz, ekinean jarraitzen eta jarraituko du, euskal gizarteari gaurko lakoxe emaitza egokiak eskainiz.
(ANDRES URRUTIA BADIOLA euskaltzainburua da)
Andres Urrutia euskaltzainburuaren artikuluak erabili.com-en (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Josu Lavin Campo / 2005-11-18 / 15:01
Non dago OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIAn, eman dezagun, Leizarragak erabilitako ABOLITU aditza?
Klikatu googlen bi hitzok:
abolitu lavin
eta ikusiko dituzu pasarte batzuk non Leizarragak erabili baitzuen aditz hori.
Edo klika ezazue:
abolitzen lavin
eta beste batzuk ikusiko.
Gauzak hobeki egitea bazegoen! Ala nahita egin dira gaizki? Nola gure Iboni "abolitu" aditza ez zaion gustatzen... ba, ez da agertzen!
Izen hobea KASIK OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA izan (sic) litzateke.
Adarrik ez jo, mesedez!
(JOSU LAVIN CAMPO Herri Ikastetxeko Irakaslea da)
Raul Iglesias Alvarez / 2005-11-18 / 18:32
Nire ustez "abolitu" hitza ez da azaltzen Leizarragaren testua duela gutxi "deskubritu" delako -edo behintzat duela gutxitik dago eskuragarri-. Ez dugu ahaztu behar liburuki hauek duela 20 urte hasi zirela egiten... Hortaz, ez litzateke arraroa izan beharko geroago azaldutako testuen ondarea ez agertzea liburuki horietan...
Gainera, ez dugu ahaztu behar OEHa deskribatzailea dela eta ez arauemailea. Beraz, ez dut ulertzen Iboni egiten diozun kritika... Hiztegi Batuan (http://www.euskaltzaindia.net/hiztegibatua/); hau da, testu arauemailean, agertzen baita "abolitu" terminoa....
Josu Lavin / 2005-11-18 / 19:13
Kaixo Raul,
Joannes Leizarraga ez da Joan Lazarraga!
Neuk Leizarragaren obrak duela hogeita bost urte, behin baino gehiagotan, irakurri nituen, eta duela hamar bat urte eskuz digitalizatu, 1200 (mila eta berrehun) ordutako lana, hain zuzen ere. Hamar bat pertsonak jakin dute, harez gero, nire esfortzua eskertzen.
Interneten dohainik lortu ahal da, gutxienez bi lekutan.
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren paperezko edizioan ez da ABOLITU aditza agertzen.
Geroago sartu dute.
ABOLITU ez da Leizarragaren hitz bakarra KASIK OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIAn agertzen ez denik!
Adeitsuki
(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea)
Raul Iglesias Alvarez / 2005-11-21 / 08:00
(RAUL IGLESIAS ALVAREZ Euskal Filologian lizentziaduna da)
Josu Lavin Campo / 2005-11-22 / 09:01
Gaurko BERRIAn galdetzen dio Olaia Alberdik Ibon Sarasolari:
"Orotariko Euskal Hiztegia amaitu duzue. Orain nola elikatu, nola berritu OEH, egunero sortzen eta erabiltzen hasten garen hitz-hiztegi berriarekin?"
Eta hona Ibon Sarasolaren erantzuna:
"Hor ez dago ezer osatzerik. Egin beharko dena da, nire ustez,euskara batua biltzen hasi, beharbada OEH-ren sistema bera erabiliz. Hau da, ereduzko autoreen lanak hartu, oraingoak, eta horien bidez OEH-rekin egin zen bezala, hiztegia nolabait taxutzen joan. Horrelako zerbait saiatzen ari naiz ni Ereduzko prosa gaur delako aplikazioaren bidez. OEH-k biltzen duen tradizioa bukatu da alde horretatik; izatekotan ere, pixka bat txukundu daiteke egindakoa, baina osatu jada ez. Orain beste gauza bat egin behar da."
Argi dago beraz ezen Leizarragak (eta beste batzuek) erabilitako hainbat hitz behin ere ez direla KASIK OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIAn sartuko.
Bejondeiela!
(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea)