Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Tokiko telebistak euskaraz

Iñaki Uria Manterola / Herri-administrazioa / 2005-11-15 / 07:00


Euskarazko tokiko telebisten elkarteak, Tokikok, eskaera bat egin berri dio Eusko Jaurlaritzari: «Tokiko telebistentzat lizentziak banatzen direnean, barruti bakoitzean, gutxienez euskarazko telebista bat behar dugu. Barruti edo demarkazio bakoitzeko lau telebistarentzat egongo da tokia eta gutxienez bat euskaraz izatea ez da gehiegi eskatzea».



Bat nator azken iritzi honekin: barrutiko euskarazko kate bat eskatzea... ez da ez asko eskatzea!

Eremu, bailara, barruti euskaldun edo ia euskaldun batean... hori izan al daiteke irizpide bakarra? Urola-Kosta edo Lea-Artibai batean Localia, Vocento eta Local Media kateei erdara hutsez jarduteko lizentzia eskainiko ote die Eusko Jaurlaritzak inondik inorako hizkuntza eskakizunik ezarri gabe?

EAE hamabost barrutitan zatitu du Madrilgo gobernuak uhinen espazioa banatzeko orduan. Irizpide teknikoak erabili ditu horretarako. Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzari dagokio baldintzak jartzea eskualde horietako bakoitzean zein katek jardungo duen erabakitzeko. Hizkuntzari dagokionez, bistan da Gasteiz bateko edota Tolosalde bateko egoera soziolinguistikoak ez direla parekoak. Ez eta Donostia eta Barakaldo batekoak ere. Bistakoa da. Errealitate soziolinguistiko ezberdinak dira eta seguruen tratamendu berezia eskatzen du bakoitzak, dagoen errealitate horretatik normalizazio egoera baterantz aurreratu nahi bada, eta ez atzera egin.

Hizkuntzaren etorkizuna hainbat eragiten duen komunikabide baten arautzea Jaurlaritzaren esku egonda, ez litzateke ulertuko eskualde hauetan bertan emititu ahal izango duten telebista kateek hizkuntza bete beharrik ez izatea.

Berrian bertan ikusi genuen urriaren 31n, Katalunian beharrezko izango dela katalan hizkuntza erabiltzea tokiko telebistek lizentzia eskuratu ahal izateko. Areago, Generalitatearen eskakizunen barruan Kataluniako kultur adierazpenak sustatzea eta lau kantutik hiru katalanez interpretatzea aipatzen dira.

Kontrako adibiderik ere bada. Nafarroako Gobernuak honakoxe baldintzak jarri zituen duela urtebete: «La programación será en castellano. En las demarcaciones que incluyan términos municipales integrados en la zona vascófona ó en la zona mixta (...) se reservará uno de los canales de audio asociados al programa para la emisión en vascuence». Hau da, telebista gaztelaniaz izango da.

EAEn, berriz, orain tokatzen da hau guztia arautzea eta Eusko Jaurlaritzak eskumenak ditu horretarako. Euskararen aldeko diskriminazio positiborik ez aplikatzea tokiko telebistak banatzeko orduan, abiadura handiko atzerapausoa litzateke euskararen normalizaziorako. Nekez gainditzekoa, gainera; begira, bestela, zer gertatu zen duela hamaika urte Joseba Arregiren Kultura Sailak banatutako irrati frekuentziekin. Zenbat daude euskaldunak? Zenbatek emititzen dute euskaraz? Dialean bueltatxo bat eman eta ohartuko zarete esparru hori galdua dela euskararentzat... eta Eusko Jaurlaritza berriek ez diotela eutsi esparru horren berrarautzeari.

Horregatik guztiagatik garrantzizkoa litzateke tokiko telebistentzako baldintzak arautu behar direneko honetan euskararekiko diskriminazio positiboa ezartzea. Eta diskriminazio positiboa ez da euskarazko kate bat jarri eta beste guztiak erdaraz uztea. Diskriminazio positiboa ez da ETB1 euskaraz utzi eta ETB2, TVE1 eta TVE2 kate publikoak gaztelania hutsez uztea, eta kate pribatu guztiek inolako beharkizunik ez izatea euskararekiko eta euskaldunekiko.

Euskararen eta euskaldunon aldeko jarrera positibo batek hizkuntza eskakizunak ezartzea dakar Euskal Herriko komunikabideetan oro har eta kasu honetan tokiko telebistetan. Eremu soziolinguistiko bakoitzaren arabera izan beharko du... Konforme. Mailakatua... Ados. Baina ez dezagun berriz ere geure burua engaina euskarazko bakar bat izatearen aukerarekin. Eremu euskaldun batean ez ditzagun ateak ireki erdara hutsezko hiru telebista sartzeko! Eskualde ia euskaldun batean lagun ditzagun bertako eragileak euskarazko telebistak egitera eta ez erdara hutsezko kateak errotzen lagundu. Eta eskualde ia erdaldunetan bultza dezagun egiten diren kateetan euskarak ere presentzia duin bat izan dezan... euskaraz bizi nahi dutenei aukeraren bat emateko horretarako.

Erabaki ahalmena hainbeste aldarrikatzen den une honetan, egoki erabaki dezan eskatzen diot Eusko Jaurlaritzari, gai honetan berea baita erabakimena.


(IÑAKI URIA MANTEROLA kazetaria da)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1132016037