|
Denborak aldatu egin dira. Kasu batzuetan onerako. Guk, zaharrok, ongi konpara ditzakegu lehengoa eta oraingoa.
Guk Gerla Zibilaren ondoko urte haiek bete-betean ezagutu genituenok, ordukoa ze nolako giroa zen ongi dakigu.
Euskara zapaldua eta abertzaleak zokoan beldurtuta. Bazirudien euskararenak egin zuela. Ez zen horrela, ordea. Itxuraz itzalita zegoen sutegian, su geldoa gelditzen zen. Ia herri guztietan zeuden euskaltzale zintzoak. Isilik egon behar, ordea. Garai hobearen haizeak etorriz gero, berriz ere su bizia piztuko zen. Halaxe gertatu da.
Euskara bazterreratua izatea bakarrik izan baldin balitz, gaitzerdi. Euskara txotxoloen eta ezjakinen hizkuntza zela zabaltzen saiatu ziren zapaltzaileak. Eta aldez, behintzat, arrazoi handia zuten.
Guk, Gipuzkoako herri txikietan bizi ginenok ere, euskara hutsaren hurrengotzat hartua genuen. Gure herrian, neskak batez ere, lotsatu egiten ziren euskaraz egiten. Dotore izatea eta euskaraz mintzatzea elkar ezinak ziren. Neska pinpirin bat gaztelaniaz mintzatu behar zen.
Gizaldiz gizaldi euskara ezjakinen hizkuntza izan da. Honatx euskarak izan duen moztailerik eta alderdirik kaltegarriena: euskara eskolatik eta unibertsitatetik kanpora ibiltzea.
Menderen mendez, gure egunotara arte, irakaskintza oso-osoa gaztelaniaz eta frantsesez izan da. Gure etxean, Elgoibarren, gurasoek ia ez zekiten erdaraz. Baina eskolan ikasi zuten apurra, erdara hutsez izan zen.
Niri atzerrian nenbilenean, aitak idazten zizkidan eskutitzak, erdaraz ziren. Damu handia dut gorde ez nituelako. Gaztelania lardatsa eta traketsa zen, baina berak ez zekien besterik. Maitasun handiz idatzitakoak, horixe bai.
Maiz esan dugun bezala, euskara zinez aintzakotzat hartzea gure egunetako kontua izan da. Gernikako bileretan euskaraz egitea debekatua zen. Euskaltzaindian ere gaztelaniaz mintzatzen ziren.
Sekretarioek udaletxeetan eta apaizek elizako artxiboetan guzti-guztia erdaraz idazten zuten.
Orain, ordea, euskara gizarteko maila guztietara jasotzen saiatzen gara. Toki guztietan euskaraz mintzatu nahiko genuke. Etxean, kalean, eskolan eta unibertsitatean.
Eta hementxe gertatu da aldaketa pozgarria. Egungo egunean euskaraz egitea, kulturaren seinale da. Euskaraz mintzo denak badaki erdaraz. Bi hizkuntzen jabe da, gutxienez. Eta euskaraz egiten badu, euskal kontzientzia duelako da.
Bilboko kaleetan barna zoazenean, norbait euskaraz mintzatzen entzuten baduzu, badakizu pertsona eskoladuna dela. Estudianteek, unibertsitatean ikasitakoek, ikasketak egindakoek hitz egiten dute euskaraz.
Zoritxarrez, miserian bizi direnek, prostitutarik gehienek, etorkinek, kultura gabekoek ez dakite euskaraz. Erdaraz bakarrik dakite. Euskara beraientzat luxu hutsa da. Euskara diruaren eta kulturaren ondorioa da eta beraiek ez dute ez dirurik eta ez kulturarik.
Bizitza nola edo hala atera behar dutenentzat, gaztelania da behar-beharrezkoa. Euskara bizimodua konponduta daukatenen hizkuntza da. Eskolako kultura agintedunen eta aberatsen pribilejioa izan da, lehen eta orain.
Euskara kulturaren seinale bakarrik den bitartean, gal zorian dago, baina. Euskara gizarteko maila guzietara hedatu behar da. Aberatsen artean, kultura jendearen artean eta behartsuen eta herri xumearen artean ere bai.
Arrisku handia daukagu euskararekin ez ote den latinarekin gertatu zena gertatuko. Gizaldi eta gizaldi askotan latina kulturadunen hizkuntza zen. Unibertsitateetan latinez ikasten zen. Europa osoan. Salamancan, Parisen, Bolonian latinez egiten ziren ikasketak.
Euskal Herrian latinez zekitenek bazekiten gaztelaniaz ere. Horietxek ziren herriko jauntxoak, jakitunak, agintedunak, aberatsak.
Herri arruntak euskaraz bakarrik zekien. Gure ume denboran Gipuzkoan asko ziren erdaraz tutik ere ez zekitenak.
Nik neuk hauxe ere esan dezaket. Nik filosofia latinez ikasi nuela, Lauaxetak eta Orixek egin zuten bezala. Latina orain arte kulturaren seinale izan da.
Herriak, baina, ez zuen latinez egiten. Nazio guztietan, bai Erdi Aroan eta bai gero ere, zeinek bere hizkuntza erabiltzen zuen. Eta latina, kulturaren seinale izan arren, eta latinez mintzo zirenak harro egon arren, galdu egin da betiko. Egungo egunean apaiztegietan ere ez da latinez ikasten.
Horixe gerta liteke euskararekin ere. Guk, euskaraz egiten dugunok, unibertsitatean ikasiak izan arren, eta ingelesez edo alemanez jakin arren, jende xumeak gaztelaniaz eta frantsesez egiten badu, kito euskararekin. Hondamendira doa.
(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)
Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|