|
Aupa Etxebeste!, "mende honetan euskaraz egin den lehenengo filma", ikusgai ez ezik hizpide ere badugu azken asteotan. Ikusleek eta kritikak harrera beroa egin diote oro har Asier Altuna eta Telmo Esnalen pelikulari, baina euskarazko bertsio orijinala gaztelaniazko azpitituluekin emateak ika-mika ere sortu du.
Oihartzun handia
Oihartzun handia
Euskaraz egindako film luze baten estreinaldia ez da ez egunero, ez urtero gertatzen den zerbait. Eta gertatzen denean, euskaltzaleek ikusminez eta gogoz hartzen dute produktua. Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendarien Aupa Etxebeste! dugu azken alea, askorentzat harribitxia ere bai.
Joan den irailean Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren baitan estreinatu aurretik ez ezik ondoren ere oihartzun zabala izan du film horrek euskal komunikabideetan. Euskaraz egindako film baten estreinaldia notizia delako gurean, alde batetik (aurrekoa Koldo Izagirreren Offeko maitasuna izan zen, 1992koa), eta filma ikusi dutenak ikusitako horrekin gustura gelditu direlako, bestetik.
Harrera ona
Zinemaldian bertan lehenengo eta gainerako zinematokietan ondoren, ikusleek ondo erantzun diote film berriari. "Oso komedia txukuna" (Alberto Irazu, Berria), "aurtengo saioko filmik dibertigarriena" (Lander Garro, Berria), "barrez lehertzekoa, baina zinezkoa" (Begoņa del Teso, El Diario Vasco), "lan duina, batez bestekoa baino hobea" (Borja Crespo, El Correo)... Kritikak ere begi onez hartu du Altuna-Esnal bikotearen lehen film luzearen emaitza.
Euskaraz bai, baina...
Zine zaletasunak eta han-hemenkako ikusle nahiz zine kritikarien goraipamenek ez ezik, filma euskaraz egina izateak ere bultzatu ditu euskaldun asko zinema aretoetara Aupa Etxebeste! ikustera. Eta bat baino gehiago harrituta gelditu da, euskarazko bertsio orijinala gaztelaniazko azpitituluekin ematen ari direla ikustean (gaztelaniara bikoiztutakoa ere ari dira ematen).
Filma bera aspaldiko partez euskaraz egiten den lehendabizikoa izan arren, euskaldunek ez dute bere horretan, euskara hutsean, dagoen produktua jasotzen, eta horrek hainbat gogoeta eragin ditu:
- "Zergatik, nolatan, Bilbon gaudelako ote, ezin dugu "ezta pelikula hau ere" euskara hutsean ikusi...?", galdetzen zuen Fermin Etxegoienek Berria egunkariko bere atalean.
- "Euskaldunon komunitatea erdaldunaren aldean beste behin gutxietsi edo gutxienez kontuan hartu ez duten sentipen mingarria dago Aupa Etxebeste! derrigorrez gaztelaniazko azpitituluekin ikusi behar izateak hainbat ikuslerengan sortu duen haserrearen azpian" (Jon Eskisabel Berria).
Hasierako asmoa: hiru bertsiotan
Filmaketa hastear zela Aupa Etxebeste! filma hiru bertsiotan zabaltzeko asmoa zuela agertu zuen Irusoin ekoiztetxeak:
- Euskarazko bertsioa (orijinala, beraz)
- Gaztelaniazko azpitituluekin
- Gaztelaniara bikoiztua
Ikusle euskaldunek espero ez zutena da, ordea, euskara hutseko bertsioaren ordez gaztelaniazko azpitituluak dituena ikusi beharko zutela Euskal Herriko zinematokietan, gertatzen ari den moduan.
Bi buru eta txapel bakarra
Aupa Etxebeste!-ren azpitituluek dituzten zenbait onura ere aipatu dira. Euskaldunberri batzuentzat edota euskaraz ikasten ari direnentzat lagungarri eta mesedegarri izan daitezke azpitituluak kasu honetan.
Euskaraz eginiko pelikula bere horretan ikusi eta entzutera joan den euskaldun horri, ordea, bere etxean atzerritar den sentsazioa sor diezaioke azpititulazioak. Informazio gehiegitxo aukeran, gainera, Hego Euskal Herriko euskaldunentzat.
Kontu honetan ere ele zaharrak dioen bezalaxe: "ezin dira bi buru txapel bakarrarekin estali".
Zer egin Azpeitian?
Irusoin eta Alokatu ekoiztetxeek eta Barton Films banatzaileak euskarazko pelikularen kopia guztiak gaztelaniazko bertsioan edo gaztelaniazko azpitituluekin zabaltzea erabaki dute. Iņaki Gomez Irusoin ekoiztetxeko arduradunaren arabera "Ez da erabaki erraza izan, guri ere bihotzak euskara hutsean zabaltzea eskatzen zigun, baina nahikoa apustu da guretzat euskara hutsezko pelikula egin izana, horrekin konforme gaude".
Iņaki Gomez-ek arrazoi bi eman ditu euskarazko kopiarik ez zabaltzeko:
- "Zinemara joatea ekintza soziala da, lagunekin joaten gara normalean, eta denok dugu euskara menperatzen ez duen lagunen bat; horregatik, erdarazko bertsioa ikusi beharrean, euskarazkoa ikustera joan daitezen nahi izan dugu, gaztelaniazko azpitituluekin".
- "Oso zaila da euskarazko kopia non zabaldu behar den erabakitzea: Azpeitian euskarazkoa bakarrik zabaldu behar genuen, ala euskara menperatzen ez duten euskaldun berriak ere erakarri behar genituen?"
Euskaraz ikusteko aukera
Aupa Etxebeste! txalotzeko eta gomendatzeko arrazoi asko daude. Euskal Herrian filmak egitea ez da lan samurra, are latzagoa filmak euskaraz egitea, eta horrelako ekoizpenek indarra hartzea beti izango da mesedegarria atzetik beste proiektu batzuk bultzatu nahirik datozenentzat. Euskal hiztunek ere merezi dute, baina, hain urriak diren maila horretako produktuak euskara hutsean jasotzeko aukera egin ahal izatea.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|