|
Lehengo egunean Euskal Gobernuko kultura sailean goi kargua duen bati elkarrizketa jakingarria egin zioten. Elkarrizketa horretan lehenago ere maiz entzun izan dugun leloa irakurri genuen, euskara ez dela «como arma arrojadiza» erabili behar.
Galde liteke, esaldi hori esan omen zuenak ze autoritate zuen hori esateko. Berak, egia esan, ez zuen arma arrojadizarik bota. Ez eta liburu bat ere euskaraz idatzi. Gaurko gazteek beraren etsenplua jarraitu izan balute, orainez gero euskara kanposantuan egongo zen.
Goazen, baina, mamira. «Euskara ez da arma arrojadiza bezala erabili behar» esaldi horrek zer esan nahi duen ez digute garbi esaten.
Egon ere ez baitago zalantzarik: euskara zapaldua, baztertua eta gutxietsia dago. Halere guri esaten zaigu ez dugula euskara «arma arrojadiza» bezala erabili behar.
Badirudi guk milioi bat ez garen euskaldunok eta euskara gal zorian daukagunok, gaztelaniaz mintzo diren 300 milioi eta dozenaka gobernuz babestuak direnak geure arma arrojadizaz eho eta suntsitu nahi ditugula.
Nork arma arrojadizak jaurti? Ez duzue euskaldun bat aurkituko gaztelaniari gorrotoa dionik. Ostera, euskarari gorroto bizia dioten espainolak piloka dira. Bai eta euskaldun batzuk ere. Horien esku balego, gaur berton sinatuko lukete euskara lurraren azaletik suntsi dadin.
Guk zaharrok Francoren denbora haiek bete-betean ezagutu genituenok, badakigu geziak eta tiroak nondik datozen. Euskara debekatua, euskararen alde lanean ari zirenak zigortuak. Irakur ezazu J.M. Torrealdairen liburu mamitsua: “El libro negro del euskera”.
Francoren ohoretan esan behar da bera baino lehenago espainolek zintzo jokatu zutela euskara eskoletatik eta gizarteko antolamenduetatik zapuzten. Bai eta euskara boronoen, txotxoloen eta ezjakinen hizkuntza zela zabaltzen. Euskaldun askok sinetsi zieten.
Oraindik ere badira euskara politikatik kanpora atera behar dela esaten dutenak. Geure kaltetan, jakina. Berrikitan horrelaxe zioen «intelektual» batek ongi ezaguna den kazeta baten. Mundu guztiko nazioetan, ordea, hizkuntza eta politika elkarri lotuak ibili dira eta dabiltza.
Ia nazio guztietako konstituzioetan hizkuntzaz mintzatzen da. Urrutira joan gabe, honatx zer dioen Espainiako Konstituzioaren hirugarren artikuluak. «El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla». Hau ez da arma arrojadiza, hau euskara- ri bihotz erdi-erdian labaina sartzea da. Euskara norberaren aukeran gelditzen da. Gaztelania da beharrezko hizkuntza. Euskara inola ere ez. Eta munduko hizkuntzalari guztiek argi eta garbi esaten dute beharrezko ez den hizkuntzak ez duela luzaro iraungo. Euskara heriotara kondenatua dago.
Euskara politikatik atera behar dela. Esaiezu hori Nafarroako gobernua zuzentzen dutenei. Egunero ikusten dugu hango politika nora zuzenduta dagoen: euskarari ahal diren trabarik gehienak ipintzera.
“Egunkaria”ri egin nahi dioten auzia politikak eraginda dela ez dago zalantzarik. “Egunkaria”k berak eta haren inguruan auzipetuak direnek euskararen alde zintzo jokatzen zuten. Hori ezin zuten batzuek irentsi eta aitzakia bat bilatu behar. Kazeta hori terroristen esanetara omen zebilen.
Atzerrian gauza bera gertatzen da. Hizkuntza eta politika elkarri lotuak dabiltza. Estatu Batuetan beldurrez daude gaztelania hartzen ari den indarraz eta hesiak eta hormak ipintzen ari dira, nagusi ez dadin.
Euskara heriotara kondenatua badago ere, oraindik bizirik dago. Zeini esker? Euskal Gobernuari eta alderdi politiko abertzaleei.
Euskaldun batzuk, ordea, hor dabiltza, Madrileko txaloak jaso nahian, gu ari garela arma arrojadizak jaurtitzen. Orain dela gutxi horrela madarikatzen zuen batek Euskal Herrian Euskaraz taldeak egiten duen lan handia eta txalogarria: euskara arma arrojadiza bezala erabiltzen dutela.
Hogei euskaldun bildurik badaude eta espainol bat agertu, denak erdaraz hasten dira. Nork jaurtitzen du arma arrojadiza? Bide batez esan beharra dago, horrelako kasuetan geure buruok koldar hutsak erakusten ditugula eta azken kontuan geuk euskaldunok euskara hutsaren hurrengotzat hartzen dugula. Besteek euskara onartzea nahi badugu, geu hasi behar gara euskara aintzakotzat hartzen. Badugu euskaldunok geure buruok belzteko eta errudun aitortzeko joera. Euskaldunok nahiko masokistak gara.
Orain denbora pixka bat euskal idazle ezagun batek esaten zuen: «Nuestro primer reto como vascos hoy es recuperar la dignidad». Esaldi pozgarria Madrilekoentzat. Euskaldunak zapalduak direlako duintasuna galdu al dute? Zapaltzaileek berek ez ote dute duintasuna galtzen?
Egunotan euskal gobernuan kargu handia duen batek esaten zuen euskal talde armatua zela Euskal Herriko problema nagusia.
EHAKek oso zuzen erantzun zion Euskal Herriko problemarik lehena eta oinarrizkoena euskaldunen autodeterminazio eskubidea ez onartzea dela. Talde armatuaren sortzea eta gerozko jardunbidea eskubide hori ez onartzetik heldu dela.
Ondorioz, talde armatuak armak uzten dituenean besterik gabe eta automatikoki bakea helduko dela uste dutenak oker dabiltza.
Armak betiko zokoratzen badira ere, euskaldunek beren etorkizuna moldatzeko duten eskubidea ez bada onartzen, ez da Euskal Herrian bakerik izango.
Egiazko bakea justiziaren gainean bakarrik oinarri liteke.
(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)
Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|