|
Euskararen jatorria, euskal hitzen esangura, euskaldunen jatorria... Gaia pil-pilean dago hemendik kanpoko antropologo eta hizkuntzalari askoren artean. Gure artean gaiari beldurra zaiola uste dut, eta hortik jarrera prezientifikoak (fobiak eta dogmak barne). Artikulu honetan euskararen jatorrira mugatuko naiz, azterketa zein egoeratan dagoen azaltzen saiatuz.
Euskal toponimiaren aztarna zabala
Euskal toponimiaren aztarna zabala
Duela bi urte pasatxo, Theo Vennemann, Munich-eko unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Filologia irakasleak zioen, Scientific American aldizkarian, euskara izan zela Europako kontinentean glaziazio ostean (duela 12 mila urte inguru) zabaldu zen hizkuntza. Berak azaltzen duenez, Europako hainbat leku izenek euskara du oinarri. Hidronimian aztertutako hitz zaharren erroen artean, ur, iz, (i)ber eta beste batzuk ikertu ditu: «ibai, laku eta itsasadarretan dio fonema horiek nonahi agertzen dira, Isara alemaniarretik Tamesis ibairano».
Egia esan, Vennemannen adibideak iceberg-aren puntatxoa besterik ez dira; eta haren aurretik, Frank Bourdier jaunak ere nabarmendu zuen Europan zegoen euskal toponimia masiboa (Prehistoire de France. Flammarion). Eta gure artean Bernardo Estornes Lasak, «euskara, Europako aurrehistoriako latina» izan zela esatean. Baina halako baiezpenak egiten dituzten euskaldunak susmagarritzat jo ohi direnez, kanpokoekin jarraituko dut.
Kanpokoen artean, Michel Morvan paristarra dugu azken nobedadea. Duela urtebete argitaratu zuen liburutxo bat Ipar Euskal Herriko eta Gaskoniako toponimiaz (Noms de lieux du Pays basque et de Gascogne. Bonneton). Paris eta Bordeleko unibertsitateetako doktoreak euskal erro pila aurkitzen du Akitaniako eta Frantziako toponimian oro har: aitz, auz, bil, buru / bun / muno / man, cuc (kuk), gain, gar/kar/kal, harri, gand/kant, gabe/gob, arree, bin/vin, mal, mendi/men, ona, tur/tul, jau(r), urd/ord..., gorunea adierazten duten izenak aipatzearren soil-soilik.
Euskara eta latina
Goian aipatutako erro guztiak, jakina, latinaren eta grekoaren aurrekoak dira. Esan dezagun latina eta grekoa hiru-lau urteko haurrak direla euskara adin nagusikoarekin alderatuta. Baten batek argudia dezake gakoa ez datzala urte kontuan, eraginaren indarrean baizik.
Alde batetik egia da. Erromatarrek euren konkista eta inperioa ezarri zuten tarte laburrean (400 urte ingurutan) latinak Pirinio inguruko eremu zabal batean hondatu zuen euskara, guask deritzan bitarteko hizkuntza bat sortzeraino. Baina gure eremu menditsuan ez zuen eragin handirik izan.
Eta esanguratsuena, Europako toponimian arrasto oso gutxi utzi zuen, zeltek baino gehixeago, baina erlatiboki oso gutxi. Horrela, Morvan jaunak gorunea adierazteko aipatzen dituen 50 erroetatik 5 besterik ez ditu jotzen latinezkotzat: col (collis), poey/pui (podium), sus (summus), port (portus), mont/mon (montem). Nire toponimia ikerketen arabera, gainera, col hori *koro errotik dator, pui/puia *buru-aia dateke, eta sus, berriz, *auz erroaren aldagaia; eta ezin ukatu mont eta port hitzek euskal boro eta bortu hitzekin duten lotura (*boro-ate eta *boro-auz izan daitezke). Hala dio Vennemannek ere: «baliteke mons eta grandis latinezkoak baskoiei hartutako maileguak izatea». Grandis, zehazki, *gara-andi litzateke.
Euskararen eta latinaren antzari buruz, Jose de Guisasolak zera idatzi zuen Euskal-Erria aldizkarian, 1883an: «Voces latinas derivadas de raíces primitivas vascongadas». Eta ez du aztertzen edozein hitz, baizik eta izan/esse eta eu(ki)/habere aditzen senidetasuna.Mundu erdia euskalduna? Zera dio Morvanek: *kuk erroa Siberian ere aurkitzen dela, eta *kar/kal erroa Mediterraneo osoan, Indiaraino. Eta zera dio Vannemannek: «Marokon, paisaje eta ibaien izen argiro baskoiak dira».Datu hauen aurrean, lau jarrera aipa daitezke:
- 1) Dena hedatu zela Pirinio ingurutik, mundu zabalera, baita latinaren nahiz grekoaren iturrietara ere. Irentsi ahal izateko gordinegia.
- 2) Alderantziz, gure hizkuntza latin, greko, ibero-bereber edota sumeriotik sortu zela. Berdinki gordina, zeren aski frogatua baita euskara bertoko gune prehistorikoan hazi zela.
- 3) Euskararen senidetasun zabalok ukatzea. Hauxe da «isolazionisten» jarrera, hemengo ildo ofiziala. Uste dut, halere, isolazionistek aztoratzen hasteko motiboa daukatela.
- 4) Euskara hiru hizkuntzaren erroez osatuta dagoela. Hauxe da Bittor Kapanagak Erro eta Gara liburuan aurkeztu zuena, 1978an. Nik ere horixe uste dut, hots, euskararen enbor europar zaharrak beste bi hizkuntza handiren erroak bereganatu zituela: bereber libiko-kaukasikoa eta Mediterraneo ingurukoa, azken hau Babelgo nahaspila aurretik «mundu guztiak» egiten omen zuena.
Azkenez, latinak ere, birjinagandik sortzez garbikoa ez denez, sustratu horietatik edan zuen. Baina euskarak bost mila urte lehenago, gutxienez, latinak baino. Beraz, latina-euskara antzekotasunak ikusi eta euskararen %40 edo %60 latinetik datorrela esatea, Mitxelenak eta bere jarraitzaileek egin duten moduan, historia akatsa ezeze, akats historikoa dela uste dut.
(JOSU NABERAN NABERAN idazlea da)
Josu Naberan idazleak erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|