|
erabili.com-en duela hilabete batzuk argitaratutako iritzi-artikulu batean (2005-05-11), zera nioen besteak beste: «Hizkuntza-politikaz esaterako mintzatu beharko genuke sakon hurrengo legegintzaldian». Bide horretan eta ondorengo urteetako hizkuntza-politikaz gure herrian, maila guztietan, sakon eztabaidatu behar dela uste dugulako, Aralarrek Eusko Legebiltzarreko hamalau lan-batzordeei beste bat eranstea proposatu berri du: hain zuzen, ere Hizkuntza Politikarako Batzordea. Batzorde horren lana EAEn garatu den hizkuntza-politika baloratzea, gabeziak eta lorpenak seinalatzea, etorkizuneko hizkuntza-politikaren oinarriak eztabaidatzea eta adostasunak bilatzea izango litzateke. Egin beharreko lana gure ustez.
Guztiz harrituta gelditu naiz Bozeramaileen Batzordean gure proposamenak aldeko boto bat bera ere ez duela jaso jakitean. Egia esan, indar korrelazioa eta alderdien interesak kontuan hartuta ez nuen espero gure proposamena aurrera ateratzea. PSE-EEren eta PPren ezezkoak ez naute harritu euskararen normalkuntzaren aurrean, oro har, duten jarrera epel eta, zenbait kasutan, kontrakoaren isla baita.
EAJren ezezkoa ere kalkuluen barruan sartzen zen, alderdi horrek hizkuntza-politikaren kokapen instituzionalaz duen ikuspegi, nire ustez, murritzaren ondorioz; jakina baita esaterako, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikarako berariazko sail bat eratzearen kontrako jarrera tinkoa. Testuinguru horretan koka daiteke, halaber, EAJk Kontseiluaren Akordio Sozio-politikoa sinatu ez izana.
EB zalantza askorekin ikusten dut alor honetan eta, apika, gobernu-hitzarmenak lotuta eman dio ezezkoa Aralarren proposamenari. Dena dela, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean bere ordezkari euskaldunek nagusiki gaztelaniaz dihardutela ikusten dudanean...
Benetan kezkatu nautena EAren eta EHAKren ezezkoak izan dira. Biek eta biek euskararen normalizazioaren defentsa sutsua egiten dute. EA, gainera, Kontseiluaren Akordio Sozio-politikoaren sinatzaileetako bat da. Akordio horretan bertan hauxe hitzartzen da hitzez hitz: «1.2.- Hizkuntz politikari dagokion lekuaren onarpena instituzioetan». Ez al da, bada, Eusko Legebiltzarrean Hizkuntza Politikarako batzorde bat osatzea puntu horretan sartzen? Dena dela, Legebiltzarraren beraren mahairako gaztelaniadun funtzional bat izendatu duen alderdiari ezin zaio koherentzia handia eskatu teoria eta praxiaren artean.
EHAKren jarduera parlamentarioaren ardatz nagusietako bat euskaren defentsa izango dela esan du oraindik orain bere bozeramaileak: «También será clave todo lo que afecta al euskara» (Gara, 2005-09-11). Hau marka, horixe frogatzeko lehen aukeran, kale! Hamaika ikusteko jaioak gara!
Politikaren zoko-mokoak ezagututa pentsa liteke Aralarren proposamenak ez duela aldeko botorik izan, hain zuzen ere, Aralarrena izan delako, beste batzuei aurretik ez zaielako otu.
Euskararen normalkuntzak galdu du nik uste. Azken urteotan bildutako datuak ikusita, orain arteko hizkuntza-politikak izan duen bilakaera eta emaniko fruituak kontuan hartuta, euskararen gizarte-normalizazioan aurrerapauso kualitatiboak egin behar direla agerikoa da. Horrexegatik hizkuntza-politikaz eztabaidatu behar da erakundeetan eta gizartean. Eztabaida foroak zabaldu behar dira eta Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen ezezkoarekin sentsibilitate guztiak bilduko lukeen berariazko foro bat antolatzeko aukera aparta galdu dugu. Beste behin!
(IÑAKI IRAZABALBEITIA FERNÁNDEZ Aralar alderdi politikoaren Euskara Batzordeko buru da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|