|
Odriozolari dagoeneko erantzun nion bere artikuluan. Hemen ipintzen dut berriro nire iritzia:
Euskal Herrian erdaraz (gazteleraz edo frantsesaraz) ekoiztutako kultura euskal kultura ere da, Euskal Herria ez delako euskara hutsez adierazten duen herria, hainbat hizkuntzaz baizik. Beste era batean kontsideratzea bai da bazterkeria.
Euskal Herrian ez dira bizi bakarrik euskaraz hitz egiten dutenak. Bai euskal identitatearen aldekoak bai kontrakoak euskal herrikoak dira, eta gure herri txikiaren identitate zorioneko horretako zati bat ere. Denok bizi gara zonalde “geokultural” honetan (batzuek nazioa deitzen diotena) eta iritzi politiko eta hizkuntza ezberdinak daukatenen arteko elkarreraginetatik sortzen da euskal kultura.
Eta euskal kultura ez dago gazteleraz, frantsesaraz edo euskaraz bakarrik. Edozein hizkuntzaz egon daiteke, euskaraz dagoena beti euskal kultura izango bada ere. Alabaina, batzuetan euskal kultura ez dauka hizkuntzarik ere (arten gertatzen den legez).
Baina garrantzitsuagoa dena, euskal kultura ez dauka ikuspegi bakarra, ez “euskal” terminoa atsegin dugunon ikuspegia ez termino hori ukatzen dutenena. Ikuspegi ezberdineko ekoizpenak onartu behar ditugu euskal kulturaren kontzeptu orokorrago batean, ondoan dauzkagun herri handiagoen eraginaren menpe ekoiztutakoak badirudi ere. Kultura ez da arrotzekoaren eraginaren kontra babesteko arma, mundua ulertzeko tresna bat baizik. Beste kulturaren eraginak ez dira kaltegarriak, aberasgarriak baizik. Herri baten kultura beti izango da bere historiaren ondorio hutsa, bere ibilbidearen isla, eta ibilbide hori beste kulturekin nahasten denean normala (eta ona) da eragina jasotzea.
Aski ezaguna da hizkuntzek bazter dezaketelako teoria. Askotan entzun dugu gazteleraz generoaren inguru sortzen diren arazoei buruz, eta konponbide xelebreei buruz ere. Izan ere, guk, euskaldunok, agudo jarri gara gaztelerazko arazo larri horiek konpontzeko (demagun “ciudadanos y ciudadanas vascos y vascas” zorioneko hori). Baina arazo gehiago dauzkagu gure hizkuntzan ere bazterkeria dagoela onartzeko.
Gure hizkuntza euskaldun hitza erabiltzen da bai euskal herrikoa esateko bai euskaraz hitz egiteko gai den pertsona esateko. Odriozola esaten duenez, jende askok erabiltzen du euskaldun hitza bakarrik bigarren zentzu horretan, eta euskaraz hitz egiten ez duten euskaldunak izendatzeko euskal herrikoa edo hemengo erdalduna erabiltzen dute. Nire ustez, euskal herriko eragin “geokultural” horren menpe bizi garen guztiok euskaldunok gara, nahiz eta euskaradunak ez izan (hau da, euskaraz ez hitz egin). Bi termino horiek erabiltzea (euskalduna eta euskaraduna) ezinbestekoa da euskal kulturaren ikuspegi osoak uka eta bazter ez ditzagun, “hemengo erdaldunen” ekoizpenak ere baitira euskaldunak. Aurrean esan dudanez, euskaraduna bada euskalduna izango da derrigorrean, hemengo kulturaren ondorio bat izango delako. Baina erdaraz ekoiztutako eduki kulturalak euskaldunak ere izan daitezke, euskal herriko eragin kulturala euskara baino zabalagoa delako.
Beste kontu erabat ezberdina da euskara eta euskaraz ekoiztutako kultura eraso larriak jaso dituela gure duela gutxiko historian eta, hori dela medio eta hiztun kopuru gutxi edukitzeagatik, ahalegin bereziak egin beharko dugu gure hizkuntza babesteko eta garatzeko. Alde honetatik, kultura euskaraduna bultzatu eta babestu behar dugula niretzat behitzat argi eta garbi dago. Baina horrek ez du esan nahi euskal herrian erdaraz ekoiztutako kultura euskal kultura ez dela, ezta bere ukazioa edo bazterkeria dela ere. Horrela pentsatzea bada jarrera baztertzailea, eta ez aldrebes. Euskal herrian erdaraz ekoiztutako eduki kulturalak ere euskal kultura dira eta.
Sergio Monge
|