Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Iraultza eginkizun

Iraultza eginkizun

2005-07-12 / 07:00 / Joxe Manuel Odriozola Lizarribar   HIZKUNTZA

Ez naiz gai Aitor Etxebarria Zamoraren galdera guztiei erantzuteko. Galdera batzuk, gainera, aski zehatzak dira, euskalgintza eta euskalduntze-jardun praktikoari buruzkoak, eta zehaztasun horietan sartzeko nik baino esperientzia eta gaitasun hobea behar luke halakoak. Horregatik, damurik, zure galderen zehaztasun horri erantzun aleturik emateko gai ez naizenez, maila orokorrago batean arituko naiz gaurkoan ere. Orokorregian, zure gogorako.

Euskararen normalizazioa nola irudikatzen dudan galdetzen didazu. Hizkuntzaren normalizazioa zertan den jakiteko, beharbada, hizkuntza hori zer den jakin beharko genuke. Ba ote dakigu, ordea? Harrigarria irudituko zaizu erantzuna modu honetan hastea, baina barrenak agintzen dit hemendik hastea: zer da hizkuntza, soziolinguistikaren dimentsioari dagokionez? Tresna hutsa eta mekanikoa ote dugu? Gizarteak bere aldetik, hizkuntzaren eskurik gabe, sortzen duen esanahia (pentsamendua, kultura, ideologia...) aditzera emateko komunikazio-tresna? Hala balitz, ez genuke arazo larririk izan behar euskararen egoera bere onera ekartzeko, eta, bidenabar, euskaldunak bigarren mailako herritar izatetik erdaldunen duintasun-baldintzetan bizitzera pasatzeko. Denok euskaldun izateko, alegia. Izan ere, erdararen ordezkoa izango genuke orduan euskara, haren gunean eta unean erabilitakoa, hura darabilgun baldintza-moduetan erabili, eta kito. Hizkuntzak ez luke horrela aurreiritzi ideologikorik eta nazionalik sorraraziko, eta euskara guztiona izateko eragozpen-aitzakia ere desagertu egingo litzateke ziplo.

Baina, beharbada, hizkuntzaren definizio hori ez da egokia, ez da errealitate soziolinguistikoari bete-betean dagokiona. Beharbada, hizkuntza produktu historiko-sozial bat da, herri edo gizarte jakin baten produktua, eta, agian, ez hori bakarrik; agian, herri edo gizarte historiko eta sozial hori hizkuntzaren produktua ere bada, haren baitan sortua eta eraikia ere bada. Alegia, elkarrekiko eraginean sortutako gauzak izan litezke, batetik, euskara, eta, bestetik, Euskal Herria. Azkeneko hizkuntza-definizio hau zuzena balitz, pentsa dezakegun bezala, euskararen normalizazio soziala ez litzateke lorpen konplexua bakarrik izango, oso-oso gaitza eta zaila baizik. Ezinezkoa? Ezinezkorik ez dago: hebreera hor dago bizi-bizirik. Baina, zenbat gehiago?

Zergatik irudikatzen dut horren konplexua eta gaitza euskararen normalizazio soziala? Kutsu intelektualen bat emateko edo? Ez dut uste: uste dut Euskal Herriak iraultza nagusi bakarra daukala, berriro ere Herri Euskalduna izatea. Eta iraultza hori, ezinezko ametsen mundukoa da; kontuan har ezazu iraultza-kontuok amets kontuak izaten direla maizenik, eta kasu honetan ere halatsu. Zergatik ote? Nik badut nolabaiteko erantzuna: nire ustez, hizkuntzaren bigarren definizioa aurrenekoa baino askoz zuzenagoa da, eta definizio horren arabera, euskara normalizatzea, gauza zaila da, zailik baldin bada. Hortik iraultza hitza erabili izana.

Euskararen normalizazio soziala dela eta, galdetzen didazu eginkizun hori nortzuen artean, nortzuei esker egin beharko litzatekeen. Alegia, nork du interesik eta motibaziorik herri hau berriz ere herri euskalduna izateko? Inork baldin badu, noski. Inor horrek, itxura batean, herri euskaldunak berak izan behar luke: euskaldun garenok, euskaldun izan eta bizi nahi dugunok. Abertzale erdaldunek ere izan dezakete motibazioren bat herri hau izandakoa berriro izan dadin. Identitate espainiarrean edo frantsesean bizi diren batzuek ere bai. Bai, baina, gorago nioen bezala, gauzak oso konplikatuak dira. Kontua ez da erdara darabilgun lekuan euskara erabiltzea. Horrela balitz, hizkuntza, jadanik aldez aurretik sortua dagoen esanahi-pentsamendu-kultura ez-linguistikoaren mundu sozialeko komunikazio-tresna soila balitz, ez genuke arazo larriegirik izango beharbada. Errealitate soziolinguistiko hori neutrala balitz, zein ederki! Bilbo, Donostia, Iruņea, Gasteiz eta gainerakoak espainieraz eraikitako eta egituratutako hiriak eta herriak ez balira, zein ederki! Euskal Herria espainieraz eta frantsesez eraikitako prozesu eta errealitate soziolinguistikoa ez balitz, bai ederki!

Baina, ez, hiri eta herri horiek ez dira soil-soilik erdaldunak, nazio-hizkuntza eta kultura espainiarraren arabera eraikitako eta moldatutako prozesu eta errealitate soziolinguistikoak dira, Hegoaldeari dagokionez. Hiri eta herri horiek konstituzio soziolinguistiko bat daukate, horren arabera eratuak eta taxutuak daude, eta konstituzio mota hori espainiarra da. Konstituzioaz ari garenez, esan dezagun beste hau ere: konstituzio soziolinguistiko hori ez da formala, ez da gainegitura juridiko, politiko eta ideologikoari dariona, Stalinek esango zukeen moduan. Konstituzio soziolinguistiko hori azpiegiturako bizitzari ere badagokio, ez bakarrik gainegiturari. Ez dago bizitza sozio-ekonomikorik konstituzio soziolinguistikorik gabe. Horregatik, euskararen auzia marko juridiko-politikoaz haratago doan arazoa delako, kultura politiko soilak ezin du ulertu haren irispena eta sakontasuna. Horrexegatik dago Herri Euskalduna dagoen lekuan zokoratua, diskurtso politiko abertzaleek Euskal Herria (edo Euskadi edo Nafarroa edo...) kontzeptu politikoari aplikatzen dioten estrategia aplikatzen diotenean.

Esan bezala, hizkuntza lehen definizioaren zureko ezpala balitz, mintzaira txandakatzea besterik ez genuke egin behar, eta erdara eta euskara modu mekanikoan aldatzea izango litzateke kontua, solaskideak dituen hizkuntza-gaitasunen arabera. Gauzak horrelatsu balira, euskararen inguruko adostasunak eta hizkuntza-partekatzeak ez lukete arazo larriegirik sortuko beharbada, eta hizkuntza-identitateen arteko osagarritasuna ere posible izango litzateke inor inoren mendeko izan gabe. Baina, gauzak horrela ez balira, eta bigarren definizio hori zuzena balitz, euskarak lankide gutxi izango lituzke aldamenean; eta, izatekotan, lankide kaskarrak. Zeren, herri edo gizarte bat hizkuntzaren baitakoa izan baliteke, hiztun-gizakiok ere halaxe izango ginateke, eta orduan badakizu zer bihurtzen zaigun hizkuntza-kontu hau: euskaldun izan ala espainol (edo frantses) izatearen arteko giza eta gizarte kontraesan objektiboa eta subjektiboa. Kontraesan sinbolikoa eta materiala aldi berean. Antagonikoa? Ni baiezkoan nago; egungo egitura soziolinguistikoan ez dira osagarriak.

Oraindik ez naiz lehen galderatik pasa. Ikusten duzunez, Aitor, gainerakoak beste baterako utzi beharko ditugu, bestela honek luzeegi joko luke.


(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR euskara irakaslea da Pasaiako Udal Euskaltegian)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com