Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara itunetan egon bedi

Euskara itunetan egon bedi

2005-07-05 / 07:00 / Gotzon Garate   BESTELAKOAK

Euskal Herrian bada astero artikulu bat idazten duen idazle bat. Buruargia da. Alderdi politiko baten ideologoa dela esaten dute.

Anoetako bilera izan zenean, inongo dudarik gabe esan zigun Herri Batasunak, PSOEk eta PP-ek ituna egina zutela oraingo gobernua hankaz gora botatzeko. Sarritan esan zigun bere uste hori.

Bere ustea, ordea, ez erdi ustel, baizik zeharo ustel agertu da. EHAKek bi boto eman zizkien gobernuan dauden alderdiei eta beraiei esker irabazi egin zioten PSOEK eta PP-ek osatutako taldeari.

Guztiok izan dezakegu uste oker bat. Hemen, ordea, jakingarria hauxe da: zergatik uste zuen horrelako aldrebeskeria.

Idazle horrek ez daki euskaraz eta euskal kulturaz ez da inoiz ere arduratu. Idazle horrek, bere antzeko askok bezala, Euskal Herriaren problematika guztia hiru ardatzetan oinarrituta ikusten du: diruan, boterean eta karguetan.

Euskaldun askok problematika beste oinarri batean ikusten dute, ordea. Hauen iritziz, Euskal Herriaren nortasunari, identitateari eustean ala ez, hortxe dago kontu guztia.

Eta identitatea batez ere euskarari eta euskal kulturari lotua dago. Euskara galduz gero, Euskal Herria pikutara doa. Horixe esaten dute abertzaleok.

Diruaren, karguen eta boterearen gose diren horiek, baina, ez dute sinesten abertzaleen asmo horietan. Asmo horiek, beren egiazko asmoak estaltzeko mozorro hutsak direla uste dute.

Zu nolakoa zaren, besteak ere horrela direla uste duzu. «Azeriak buztana luze, besteek ere horrela dutela uste».

Euskal Herriko talde armatuan ari direnek ere ez omen dute beste asmorik, diruzaleen ustez. Horregatik «mafiosoak» deitzen dituzte. Badakigu mafiosoen asmo nagusia diru biltzea dela, sarri zilegi ez den bidez.

Botere zaleei ez zaie axola euskara eta euskal kultura. Horietako batek esan zuen esaldia oso entzutetsua egin zen: «Para qué queremos la independencia si es para comer berzas».

Holakoentzat independentzia azken kontuan bizimodu ona edo txarragoa izatean datza.

Horrek berorrek beste batean «Estoy obsesionado por la economía» esan zuen. Azken aldian badirudi pixka bat aldatu dela, onerako.

Lehengo egunean poz handia izan genuen euskararen aldekook. Madrileko Universidad Complutensen Pensamiento Políticon katedradun den batek Correo Espainolen (2005-06-24) hauxe esaten zuen:

«Tanta apertura desaparece, sin embargo, cuando Ibarretxe aborda el tema cultural: aquí promover la cultura es promover el euskera. Tal sentido tendrá el Plan vasco de la Cultura, estructurado en torno al euskera. El idioma deja de ser instrumento de comunicación para convertirse en seña de identidad de un colectivo definido por su ideología y a partir de ahí se convierte en factor de discriminación y de poder. En nombre del ‘pueblo vasco’ claro».

Betiko leloa errepikaten du katedradun honek: euskara diskriminatzeko bidea dela. Honentzat guztiok espainolez bakarrik egitea berdintasunaren eta justiziaren bidea da. Herioak jota eta galtzorian dagoen euskara mehatxua da Euskal Herriko gizartean.

Bestalde, pentsalari honek esaten duena egia bada, Ibarretxeri txaloak jo behar dizkiogu, euskarari eman nahi omen dion garrantziagatik.

Egun horretan berton eta kazeta berean EHUn Catedrático de Historia Contemporánea den batek EHAK-ri gogor erasotzen dio eta Ibarretxeri zergatik eman dizkion bi boto galdetzen du.

Itunen bat egin dutela ziurtzat jotzen du eta itun hori jakin beharrezko dela dio:

«Resulta imprescindible que se sepa qué compromisos existen, entre el tripartido y quienes mandan en EHAK».

Askok ez dakigu izan ote den itunik ala ez. Are gutxiago zertaz joan den itun hori.

Baina okasio egokia da ezker abertzaleei eskaera bat egiteko.

Datozen lau urteotan, kasu askotan zuek izango duzue balantza alde batera edo bestera makurtzeko indarra.

Agintzen ari direnekin egiten dituzuen itunetan, arren eta arren, ezarri euskara lehen eskakizun. Horrela egiten baduzue (eta seguru nago egingo duzuela), euskaldun guztion esker ona zeureganatuko duzue.


(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)

Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Nor da nor
2005-07-05 / 07:04 / Dionisio Amundarain

Gotzon Garateri neure zorionik beroena aipatu artikuluagatik. Hori esanik, bi zehaztasun: batetik, pozik jakingo nituzkeen berean anonimoki aipatzen dituen pertsonaiak, denok ez baitugu izaten artikulu guztiak irakurtzeko aukerarik; baina edukia ematearekin batera egilea zein den adieraz gero, nor nor den eta zeinekin ari garen jakiteko parada izango genuke; bestetik, guztiz bat egin nahi dut Garaterekin, EHAKri egiten dion eskabidean: "Agintzen ari direnekin egiten dituzuen itunetan, arren eta arren, ezarri euskara lehen eskakizun. Horrela egiten baduzue (eta seguru nago egingo duzuela), euskaldun guztion esker ona zeureganatuko duzue>; nirea behintzat bai. Esker mila Gotzon zeure artikuluagatik.


(DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA itzultzailea da)

 
Dionisio Amundaraini adiskidetasunez:
2005-07-07 / 19:59 / Gotzon Garate

Arrazoi handia duzu, Dionisio, ahal izanez gero, izenak aipatzea hobe dela. Nik neure artikuluetan euskararen alde zerbait adierazi nahi izaten dut.

Pertsonen kontra jardutea ez zait gustatzen, beharrezkoa ez bada. Kontua geure hizkuntzari laguntzean baitago, eta ez inori min ematean. Ahal izanez gero, jendea begirunez hartu eta geure aldera ekartzen badugu, hobe. Ingelesek ongi dioten bezala, infernuan ere adiskideak izatea gauza ona da.

Dena dela, nik neure artikuluan aipatzen ditudan katedradunak hauetxek dira: Antonio Elorza, Catedrático de Pensamiento político de la Universidad Complutense eta Manuel Montero, catedrático de Historia contemporanea de la UPV.

Nor da “ideologoa”? Hori ezin dut agirian esan, pisuzko arrazoiengatik. Dena dela, zeuri esango dizut Porto Ricotik itzultzen zarenean. Zutaz galdetu eta bi hilabeterako hara joana zarela esaten didate.

Eta zurekin ari naizenez gero, bihotzez eskerrak eman nahi dizkizut, Dionisio, euskararen alde zeure denboran egin duzun lan txalogarriagatik. Zinez, zintzo jokatu duzu.

Eta toki guztietan hauxe esaten dut: Zazpi probintzietan oso gutxi daude euskaraz Dionisio Amundarainek bezain ongi idazten dutenak. Dionisio maisuen maisu da.

Besarkada estua.

Gotzon Garate

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com