|
Azken urteotan euskaltegi homologatuen ahotsa, zehatzago esanda, euskaltegi homologatuetako irakasleen ahotsa entzuteko pribilegioa izan dut; «behin eta berriro», zuek esaten duzuen bezala. Haiei esker euskara maite dut.
Dagoeneko, euskal hiztuna naiz; beno, euskaraz hitz egiten dut, irakurtzen dut horrexegatik, eta zuen artikulua irakurtzeko parada izan dut (Patxi Goenaga Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburordeak eta bitariko batzordean administrazioko ordezkari direnek sinatua) eta, ikusten duzuen bezala, euskaraz idazten dut. Baina «behin eta berriro» euskalduna naizela aitortzen duen titulu bat ateratzen saiatu arren, ezin izan dut lortu.
Esaten duzuenaren arabera, «hizkuntza politikaren egokitasunaren ikuspegitik argi dago zein den lehenetsi behar den helburua: euskaraz hitz egiteko gai diren pertsona helduak kaleratzea eta hauek euskara erabiltzea». Heldua naiz, euskara erabiltzen dut, eta aukera eta jarrera hori nire irakasleei zor diet. Baina, gai honetaz arduratzen direnek tituluak asmatu zituzten; eta asmatu eta gero, guztiz beharrezkoak bihurtu dira hiztuna naizela egiaztatzeko. Horrexegatik, euskalduna naizela adierazten duen titulua dut helburu. Benetan, oso zaila eta nekagarria suertatzen ari zait.
Arestian esan dudan bezala, ez da nik asmatutako gauza bat, eta dakidanez, nire irakasleek asmatutakoa ere ez. Haiek ere sufritu behar izan zuten azterketen presioa; zuek sortutakoa, edo behintzat, zuek defendatzen duzuen sistema batek eragindakoa. Esaten dudana esaten dut, «azterketak gainditzean» indar handia jartzen duzuelako, nolabait euskaltegien porrota agerian uzteko edo. Horren harira, esaten duzuenaren transkripzioa egingo dut: «Euskaltegiak azterketara aurkezteko gai jotzen dituen ikasleak erdiak edo dira, eta hauetatik %55 inguruk gainditzen dute azterketa».
Sistema honen porrotaren erakusle bat neu naiz. Dena den, zuek sinisten duzuen sistemari begira, esan daiteke ez naizela oso adierazgarria, adinean aurrera noa eta. Baina sistemaren porrota erakusten duten nirea baino eredu gogorragoak egunero ikusten ditut: euskaldun zaharrak eta euskaraz ikasi duten gazteak. Gogorra da, oso gogorra, etsitzeko modukoa da jakitea haiek ere zailtasunak dituztela azterketak gainditzeko. Ez dakit, baina haiek ere ez dira hiztunak, gainditu gabeen % 45 madarikatu horretan egoteagatik?
Datuak aparte utzita, kontatuko dizuet euskaltegietan gertatzen ari dena. Ikasten dugunok hasiera-hasieratik hiztun alaiak gara; jolastuz, ideiak trukatuz, lagunak eginez, kafeak hartuz... ikasten dugu. Baina, azterketen egunak ailegatzen direnean ondo prestatuta gaudenean, oparia jaso ordez, ezusteko galantak jasotzen ditugu, «behin eta berriro», eta hiztun alaiak izatetik aztertutako gizajoak izatera pasatzen gara. Etsipena nagusitzen da gure artean. Gauzak horrela, batzuek azterketa gainditu ondoren ez dute hitz bat ere euskaraz egiten, mina eman diena ezabatu nahiko balute bezala; eta azterketen sistemaren porrotaren aurpegi gogorrena erakusten digute. Euskaltegietako diru laguntzak ez direla nolanahikoak esaten duzue; baieztapen hori, geroxeago, dudatan jarriko dut. Baina ez dut dudatan jartzen azterketak ez direla nolanahikoak, oztopoz betetako prozesua baizik. Beste ikasketetan gertatzen ez den bezala, gainditzen ditugun azterketak ez dizkiguzue gordetzen. Hala, posible da 2004ko deialdian idazteko proba gainditzea, hau da, trebetasun honetan gai izatea, eta 2005ekoan, trebetasun berberean, gai ez izatea. Beti zerotik hasi behar gara, eta bidean hiztunak galtzen ditugu, eta batzuk, zoritxarrez, euskararen etsai bihurtzen dira azterketen sistemaren etsai bihurtu ordez. Guztiz penagarria!
Halaxe daude gauzak euskalduntze-alfabetatze prozesuan! Azken finean indarrean daukagun azterketa sistema, goraipatzen duzuena, hiztunak galtzeko eta etsaiak irabazteko modukoa gertatzen da. Hizkuntza politikaren egokitasunaren ikuspegitik, ez dut uste dituzuen eskumenak behar den moduan betetzen ari zaretenik. Aitzitik, irakasleak dira hiztunen aldeko jarrera egunero erakusten didatenak, «behin eta berriro» klasera etortzen direnak. Eta hori guztia egunkarietan agertu gabe. Are gehiago, zuek deitutako «sektore pribatuak» bete egin du eta egiten du administrazioak bere garaian bete ez zuen eta gaur egun betetzen ez duen lan publikoa, oso merke gainera; eta «sektore pribatuko» irakasleak dira euskararen aldeko jarrera egunero agerian uzten dutenak. Eta, zuei gertatzen zaizuen bezala, ilusioa galdu gabe etorkizun duin bat ziurtatu nahi dute, bai haientzat, bai euskara hiztunontzat. Guretzat beharrezkoa dena ondo asko betetzen dute, hiztunak prestatzen dituzte guztiok euskaraz hitz egiteko aukera eduki dezagun.
Gainera, uste dut euskaltegietako langileentzat KPI bermatzeak gauzak dauden moduan mantentzeko baino ez duela balioko. Argi daukat kalitatea jokoan baldin badago eta zuek, adituek, baietz esaten duzue diru gehiago jarri behar dela formakuntzarako eta, nola ez, irakasleen lan baldintzak hobetzeko; horrela, hiztunon aldeko jarrera eskertzeko abagunea izango genuke.
Bukatzeko, ikasle bezala, hiztun bezala, herritar bezala bi proposamen txiki, erraz, posible egin nahi dizkizuet zuen eginkizuna hobeto betetzeko:
- 1.
Euskalduntze prozesuari dagokionez, azterketei dagokienez , hain zuzen ere, azterketaren proba bakoitzaren emaitzak gordetzea.
- 2.
Euskaltegiei dagokienez, diru laguntzak handitzea.
Hau guztia nire amak esaten zuena bete ez dezazuen, «unos cardan la lana y otros se llevan la fama». Eta kasu honetan, «la lana» ere bai.
(ITZIAR ARRIETA ARANA euskara ikaslea da)
- Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-06-30ean.
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak
|