|
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran euskaraz idazten zuten batzuek, eskola zaharrekoek bereziki, ez zuten artean oso garbi h letra zein hitzetan idatzi behar zen eta, ondorioz, hatxe-koherentzia askorik ez zen egoten beren idatzietan. Alitziran idatzita zegoela ematen zuen. Gure artean, adar-jotze moduan, gatz-ontzia usatuta sakabanatzen zituztela esaten genuen.
EAEko Jaurlaritza osatzeko dagoen honetan Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluak agerraldi bat egin du «alderdiei euskara lehenesteko eskatuz». Agerraldian, besteak beste, honelakoak esan ei ziren: «Alderdiek kontuan hartu beharko lukete giza mugimendu honen eskaera, Euskal Herriko berezko hizkuntza defenditzen dugulako» edo «alderdi politikoek erantzukizunez jokatu behar dute eta haien akordioetan euskarak lehentasunak eskuratu behar du».
Halaber, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko lege organikoaren inguruko eztabaidan, alderdi politikoek aurkeztutako proposamenen azterketa egin omen du Kontseiluak, euskarari dagokionez eta hauxe dio: «Alderdiek ez dituzte gutxieneko neurriak hartzen euskararen normalizazioa lortzeko».
Ondo iruditzen zaigu Kontseiluak alderdi politikoen zein erakunde publikoen euskarari buruzko jarrera aztertzea eta, behar izanez gero, kritikatzea. Bere lan eta zereginetako bat da, gizarte-mugimendua den neurrian. Gaizki geundeke horrelakorik egingo ez balu!
Alabaina, beste kontu bat da kritika horiek, kexu horiek edo eskaera horiek indiskriminatuki egitea, alegia, gatz-ontzia hartu eta kritikak partitzen hastea. Aipatu bi adibideetan alderdiak, besterik gabe, zehaztasunik eman gabe, esatean alderdi guztiak berdin jokatzen dutela ematen da aditzera. Hori ez da horrela. Hori ez da justua. Hori esatea ez da gizalegezkoa euskararen normalizazioan eta zentralitatearen eskaeran alderdi batzuk beste batzuk baino gehiago egiten ari gara, teorian zein praxian. Esaterako, Aralarrek Kontseiluaren Akordio Sozio-politikoa sinatuta dauka eta horrek konpromiso jakin eta zehatz batzuk hartu izana adierazten du. Hori teoria da.
Praxian bestetik, lehenak izan ginen Ibarretxe planak euskararen estatusaren ikuspegitik zituen gabeziak salatzen, gure II. Kongresuan egon zirenak, Kontseiluak berak bidenabar, garbi ikusi zuten irekiera-ekitaldian erdarazko hitz bakarrak hizlari gonbidatu batek soilik egin zituela; Gipuzkoako Batzar Nagusien jarduna jarraitzen duenak badaki euskara hutsez diharduen alderdi politiko bakarra geurea dela...
Bat gatoz, Kontseiluarekin euskararen hizkuntza-politikak aldaketa eraginkorrak behar dituela edo EAEko atzen legegintzaldietako hizkuntza-politika ez dela egokiena izan esaten duenean. Bidaide gauzka adierazpen horietan. Hala ere, egoera horrek erantzule zehatz eta ezagun batzuk dauzka eta salatzekotan horiek salatu behar dira, ez ordea alderdi-multzo generiko formagabe bat.
Zehaztasuna eskatzen diogu Kontseiluari bere salaketetan. Gatz-ontzia kuzinatzeko utzi.
(IÑAKI IRAZABALBEITIA ETA JONJO AGIRRE Aralar alderdiaren ordezkariak dira Euskararen Aldeko Akordio Sozio-politikoan)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|