Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Lan esparruan eragiteko irizpideak eta estrategiak

Euskararen Aholku Batzordea / Enpresa / 2006-01-17 / 07:00


2004. urtean Euskararen Aholku Batzordearen Euskararen Erabileraren Jarraipenerako Batzorde-atalak egindako hausnarketaren emaitza da honako hau. Esparru sozioekonomikoan euskararen erabilerari buruz izandako gogoeta jasotzen da: azken urteotako ibilbidea aurkeztu ondoren, adierazle kuantitatiboen bidez esparru horren irudia ematen da, eta ikerlana osatzeko, aldeko nahiz aurkako aldagaiak aztertu ondoren, etorkizunerako proposamenak eta lan-ildoak zehazten dira.



Sarrera

Sarrera

Sarrera gisa eta eskuartean dugun gaia kokatzeko, hiru alderdi ikutuko ditugu: irizpide soziolinguistikoa, irizpide demolinguistikoa eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioena. Hain zuzen ere, txosten honetan jasotakoak testuinguru horretan kokatu behar baitira.

Irizpide soziolinguistikoa

Hizkuntzaren soziologian eta soziolinguistikaren alorrean hainbat lan egin duen egile ezaguna dugu Joshua Fishman. 1991n kaleratu zuen “Reversing Language Shift: Theoretical and Empirical Foundations of Assistance to Threatened Languages” liburua, eta bertan azaltzen du —aurreko bere beste liburuetakoa jasoz— zer diren hizkuntzak biziberritzeko edo indarberritzeko saioak (RLS ingelesez), nola ematen den hizkuntza-aldaketa, dozena bat kasu praktikoen deskribapena (euskararen kasua barne), eta proposatutako eredua aplikatzeko zenbait gogoeta.

Fishmanen eredua diglosia lortu eta gaindituz, elebitasun orekatura abiatzen da. Zeregin hori irudikatzeko, arriskuan edo ahulduta dauden hizkuntzen tipologia mailakatua proposatzen du, hiztun-komunitate bateko belaunaldien arteko etenaren neurria identifikatu nahi duena. Aski ezaguna da Richter eskalak lurrikararen intentsitatea neurtzeko balio duela, eta eskala horretan zenbaki altuagoak eten edo haustura handiagoa adierazten duela. Fishmanek aurkezten duen tipologian ere beste horrenbeste egiten da: proposatutako eskalan zenbat eta altuagoa izan puntuaketa, orduan eta handiagoa izango da hiztun-komunitatearen etena edo hausturaren neurria. Eskala horretan 8 maila edo urrats daude, bi fasetan bilduta:

I. Fasea, puntuaketarik altuena duena: diglosia lortzea du helburu, eta 8-5 bitarteko urratsak biltzen ditu.

II. Fasea, puntuaketa apalagoa duena: diglosia gainditzea du helburu: 4-1 bitarteko urratsak biltzen ditu.

Ikusten denez, lan-munduak gutxienez hiru urratsetan du kokalekua: seigarren urratsean, hirugarrenean eta lehenengoan. Hirugarren urratsean kokatzen dira bete-betean Euskal Herriko enpresa asko, gehienetan gertatzen baita “X” eta “Y” hiztunen arteko elkarreragina, bezero zein langile gisa. Beraz, hirugarren urrats horrek garrantzi nabarmena du hizkuntza biziberritzeko edo indarberritzeko saioan, bizimodu sozialean bete-betean eragiten duelako, ingurune modernoetan batik bat. Interesgarri ez ezik, beharrezkoa ere bada ahuldutako hizkuntzaren ibilbidea oinarri ekonomiko baten gainean eraikitzea, ahalmen demografikoarekin eta politikoarekin koordinatuta beti ere. Zailtasunak, hala ere, nabarmenak dira, teknologia, produktu eta zerbitzuen aldaketa azkarrak, multinazionalen politikak… direla medio. Dena dela, Fishmanen irudiko bostgarren urratsetik aurrera urrats bakoitzak baditu bere arriskuak, eta ez dago den-dena irabazteko egoerarik. Hortaz, lan-mundua irabazi beharreko esparrua da, gehienbat kultur autonomia osoa lortu nahi denean, baina 6. urratsarekin loturik beti ere: etxean eta auzoan jatorrizko hizkuntzari berriro bere lekua eskuratzen ahalegindu beharra dago. Baina hori dena egiten den aldi berean, lan-mundua bera ere zurkaizten hasi beharra dago, hortxe ematen dutelako herritar heldu gehienek bere bizialdi gehieneko denbora-tarterik handiena.

Irizpide demolinguistikoa

2001eko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru biztanletik bat (% 32,2) elebiduna da, hau da, 639.296 lagunek ondo edo nahikoa ondo hitz egiten dute euskaraz. Horietako erdia (329.323 pertsona) Gipuzkoan bizi da, % 41,7 (266.280 pertsona) Bizkaian eta gainerako 43.693 (% 6,8) Araban.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Horietaz gain, 361.006 lagunek (% 18,2k) euskaraz ondo edo nahikoa ondo hitz egiten ez duten arren, gai dira ondo ulertzeko, hau da, elebidun hartzaileak dira. Azkenik, euskaraz ez dakitenak (erdaldun elebakarrak) 984.656 pertsona dira, EAEko biztanleria osoaren % 49,6.

Adinaren araberako azterketa eginez gero, berehala ohartuko gara berretsi egiten direla azken urteotako joerak:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Azken 20 urteotan (1981-2001) hizkuntza-gaitasunaren bilakaera goranzkoa izan da. Izan ere, elebidunak gero eta gehiago dira lurralde eta berrogeita hamar urtetik beherako adin-talde guztietan. 1981ean EAEko biztanleen bostena (% 21,9) zen elebiduna eta 2001ean, esan bezala, herena (% 32,2). Adinaren arabera, hazkundea bereziki handia izan da gazteen artean, batez ere 20 urtetik beherakoen artean (% 20 inguru izatetik 1981ean, batez beste % 62 izatera pasatu dira 1991n).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hizkuntza-gaitasunari dagokionez, beraz, euskararen aurrerapena nabarmena izaten ari da, bereziki gazteen artean. Familia bidezko transmisioan ia ez da galerarik gertatzen; beraz, gero eta gehiago dira etxean euskara eta, batez ere, euskara eta gaztelania jasotzen dutenak. Baina euskaldunen gorakada euskara eskolan ikasi duten gazteei esker gertatzen ari da batez ere. Izan ere, 25 urtetik beherakoen artean euskaldun berriak euskaldun zaharrak eta jatorrizko elebidunak batera baino gehiago dira.

Horren guztiaren ondorioz, euskaldunen kolektiboa errotik ari da aldatzen. Etxean euskara jaso dutenen kolektiboa (euskaldun zaharrena edo jatorrizko elebiduna) eta euskaldun berriena oso desberdinak dira bai euskaraz hitz egiteko duten trebetasunari edo erraztasunari dagokienez, baita familiako, lagunarteko eta gizarte hurbileko harreman-sareari dagokionez ere. Eta horrek neurri handi batean baldintzatu egingo du hitz egiteko aukeratutako hizkuntza.

EAEko biztanleen % 18,9 euskaldun zaharrak dira eta % 2,2 jatorrizko elebidunak. Beraz, bost lagunetik batek euskara jaso du etxean, bakarrik ala gaztelaniarekin batera. Euskara eskolan edo euskaltegian ikasi dutenak, berriz, % 10,8 dira. Beste muturrean erdaldun zaharrak daude, hau da, lehen hizkuntza gaztelania izan eta gaur egun erdaldun elebakarrak direnak. EAEko biztanleen erdia dira (% 49,1).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

EAEn erdaldun zaharren multzoa nagusi da 30 urtetik gorako biztanleen artean. Baina 30 urtetik beherakoen artean, erdaldun zaharren pisua gero eta txikiagoa da eta nagusi dira elebidunak. Azken horien artean, euskaldun zaharren proportzioa gero eta handiagoa da. Baina benetako hazkundea euskaldun berriena izan da. Izan ere, 20 urte baino gutxiago dituzten gazteen artean hirutik bat euskaldun berria da. Adin-talde horretan, euskaldun zaharrak bostetik bat dira. Aldi berean, gazteen artean bada, oraindik pisu txikia duen arren, pixkanaka hazten ari den taldea, jatorrizko elebidunena hain zuzen. Proportziorik handiena (% 10,8) 5 eta 9 urteko gaztetxoen artekoa da.

Azken urteotako ibilbidea aztertuz gero, 1991tik 2001era bitartean euskaldun zaharren eta jatorrizko elebidunen bilakaera oso txikia izan da. Aldea puntu batekoa baino txikiagoa izan baita. Beste muturrean, erdaldun zaharren beherakada argia izan da (% 56,5etik % 49,1era pasa dira). Dena den, hamar urte horietako bilakaeraren gertakaririk azpimarragarriena euskaldun berrien hazkundea da. Izan ere, % 5,4 ziren 1991n eta % 10,8, bikoitza beraz, 2001ean.

Datuok erakusten digutenez, EAEn elkarren ondoan bizi diren bi hizkuntza ofizialetako bakoitzak ikuspuntu demografikoari, geografikoari eta funtzionalari dagokionez oso ezberdinak diren garrantzi-maila eta erabilgarritasun-maila ditu: gaztelaniak euskarak baino askozaz ere estatus handiagoa dauka; euskara, berriz, gutxienen hizkuntza gutxitua da oraindik ere, nahiz eta azken bi hamarkadetan bere bilakaera oso positiboa izan den.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian jasotakoa baieztatuz, aurrera begira ere lehentasunok izan beharko ditugu gogoan gure lana eratzeko:

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia

Agertu berri dugun egoera soziolinguistikoak berretsi egiten du Eusko Legebiltzarrak 1999ko abenduaren 10ean onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren egokitasuna. Bertan honakoxe hau dio:

“Erabiliz zorrozten den tresna da hizkuntza. Erabiltzen ez bada herdoildu ez ezik kamustu ere egiten baita. Horregatik zaindu behar dira ondo familiaren eta eskolaren luzapen eta ingurune diren jardunbide guztiak: kirola, aisia…

Datozen hamar urteotako erronkarik nagusiena, belaunaldi berrietako euskaldunentzat euskara helduaroko erabilera-eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin eta gaztelania bezain baliozko egitean datza, esaterako, enpresa-mundurako, aisirako, kirolerako eta komunikabideetako produktuen kontsumorako, bai eta funtzio sinboliko eta afektiboetarako ere, hala nola, familiako harremanetarako, lagunarterako, gizarteko bizitzarako, kulturarako, eta norberaren burua euskal hiritar jotzeko.

Horretarako, euskarazko zerbitzuen “eskaintza” eskolatik harantzago eraman eta beste erabilera-eremu garrantzizkoetara zabaldu behar da. Euskararen aldeko auzogintza, zerbitzugintza da, hurrengo hamar urteotan, bai herri-aginteek bai euskararen aldeko taldeek egin beharreko ahalegin garrantzitsuena: euskarak bizi-indar osoa edo ohargarria duen bizi-inguru hurbiletan osasun-, hezkuntza-, kirol-, aisia-, eta abarreko zerbitzuak euskaraz edo elebietan eskaintzea”.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izanik gure abiapuntu, ikus dezagun, beraz, zein den horren helburu nagusia:

“Euskaraz bizi nahi duten herritarrei, horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea”.

Helburu nagusi hori betetzeko, honako hiru helburu estrategiko hauek daude ezarrita EBPNn:

Lan-munduari edo esparru sozioekonomikoari gagozkiola, berriz, honako neurri horiek proposatzen dira Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian, bigarren helburu estrategikoaren barruan:

Arlo sozioekonomikoa identifikatzeko parametroak

EUSTATen Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen Gidazerrenda (2002) eta Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak (2001) kontuan izanda, honako hauek dira daturik adierazgarrienak arlo sozioekonomikoa identifikatu ahal izateko.

Kopuruari begiratuz gero, 154.840 enpresa eta establezimendu daude Euskal Autonomia Erkidegoan (1).

Kopuru horretatik, jardun-alorrari dagokionez berriz, honako hau da banaketa:

Banaketa geografikoari begiratuz gero, oso modu nabarmenean establezimendurik gehieneko eskualdea Bilbo Handia da (64.000 inguru). Bigarren tokian Donostialdea dago (28.000 establezimendu inguru) eta hirugarren tokian Gasteiz eta ingurua (16.000 inguru).

Bestalde, enplegua honela dago banatuta, jardun-adarra kontuan:

Tamainari dagokionez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko lau establezimenduetatik hiruk (% 76) bi langile edo gutxiago ditu; % 14k hiru eta bost langile artean eta % 5ek sei eta bederatzi langile artean. 155.000 enpresa eta establezimenduetatik 6.000 inguru dira hamabost langiletik gorakoak.

Azkenik, EAEko establezimenduetan lan egiten duten guztien % 17k bi langile edo gutxiagoko establezimenduetan lan egiten dute; % 14k hogei eta berrogeita hamar langile arteko enpresa edo establezimenduetan eta % 12k ehun eta berrehun eta berrogeita hamar langile arteko enpresetan. Ehun langilez gorako enpresek sortutako enplegua EAEko enplegu osoaren % 26 inguru da.

Azken urteotako ibilbidea

Lantegietako jarduna euskalduntzeko lehen kezkak eta ahaleginak duela urte batzutakoak dira EAEn; euskararen estandarizazioak aurrera egin zuen garaian hasten dira, 1977tik aurrera hain zuzen. Gune euskaldunetako enpresa ertain-handietan sortzen dira lehendabizi, eta kooperatiben artean batez ere. Nolanahi ere, lehen ekimen planifikatuak 1990. urtean hasi zirela esan dezakegu.

1990-1996: lantegietako euskara-eskoletatik mikroplangintza pilotuetara

1990-1996 urtealdikoak dira EAEn lan-munduan euskaraz jardun ahal izateko Eusko Jaurlaritzak eman zituen lehen irizpideak. Izan ere, 1990ean, Euskararen Aholku Batzordeak “Euskararen normalizazioa enpresa-munduan. Oinarrizko erizpideak” izeneko txostena idatzi zuen.

1992an, berriz, “Lan Mundua eta Euskara. Hizkuntza normalkuntzarako bideak” izeneko txostena idatzi zuen Batzorde berak, enpresetan euskararen erabilera lantzeko lehentasunak eta oinarrizko orientabideak eman nahian. Txosten horretan, euskararen erabilera lantzerakoan kontuan izan beharreko lehentasunak proposatu ziren: eskualde euskaldunak aukeratzea; hiru sektoreetan azterketa pilotuak abian jartzea, metodologia egokituz, Québec-eko eta Kataluniako esperientziak kontuan izanda; formazioa lantzea, Lanbide Heziketan eta langileen etengabeko formazioan euskararen presentzia sendotuz, eta informazioa zabaltzea. Halaber, plan hauek arrakastaz eta eragin sozial handiz aurrera ateratzeko, tamaina jakin batekoak izatea (50 langiletik gorakoak), plantila ahalik eta gazteena zutenak eta egoera ekonomikoaren aldetik estuasunik gabeak izatea gomendatzen zen.

Mikroplangintzetarako oinarrizko orientabide gisa, honako aholku hauek eman ziren:

Metodologiaz, berriz, honako urrats hauek finkatu ziren: eragileei aurkezpena egitea; bideragarritasun txostena lantzea; datu bilketa egitea: sailkako azterketa, banakako inkesta; aurkezpen zabala egitea; enpresa bakoitzera egokitutako plana idaztea; planaren aurkezpena egitea; inplementazioari ekitea eta ebaluazioa egitea.

Garai hartako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia zenak, Euskararen Aholku Batzordearen irizpide horiei jarraiki, enpresa mundua euskalduntzeko programaren oinarriak jarri zituen, horretarako baliabideak bideratuz. Hitzarmen bidez, kasu batzuetan, eta dirulaguntza bidez, beste batzuetan, esperientzia pilotuak jarri ziren martxan Elay enpresan (Elhuyarren eskutik), Arlan enpresan (Artezen eskutik) eta Ikerlan enpresan (Eusko Jaurlaritzaren eskutik). Udal-euskaltegien eta euskaltegi pribatuen sarea eratu berri zegoen ordurako, eta enpresetako euskalduntze-alfabetatzean parte hartzen hasi ziren.

Garai berekoak dira EAEko udalek bultzaturiko merkataritza-egitasmoak. Egitasmo horiek, gaur egun ere indarrean daude eta hitzarmen bidez lantzen dira nagusiki.

1997-1999: euskara-planen zabalkunde garaia

1990-1996 urtealdian, batetik, euskararen erabilera lortze aldera metodologia egokia garatu zen, lan-munduan, administrazioan eta baita merkataritzan ere; eta bestetik, enpresek oro har euskararekiko zuten interesa ere areagotuz zihoan, kooperatiben artean bereziki. Gainera, urtez urte gehituz zihoan euskara-planetan sartzen zen enpresa-kopurua, eta enpresa-motak, berriz, dibertsifikatuz, zonalde, tamaina eta sektore desberdinetan. Horren ondorioz, planen diseinuan eta exekuzioan ari ziren aholkularitza-enpresak ere ugaldu egin ziren.

1997an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS), era pilotuan landutako esperientzia beste enpresa batzuetara zabaltzea erabaki zuen, horretarako dirulaguntza-lerro berria sortuz erakunde pribatuetarako agindu orokor baten barruan. Horrez gain, aipaturiko aholkularitza-enpresen prestakuntzari ere ekin zion eta aldez aurretik aukeratutako enpresetako arduradunekin informazio-jardunaldiak prestatu zituen.

Aldi berean, udalentzako dirulaguntzen bitartez, merkataritzako euskara-egitasmoak edo planak ere diruz laguntzen hasi zen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

2000tik aurrera: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), lan mundurako aurrera pausu eraginkor eske

1998an zehar Euskararen Aholku Batzordeak (EAB) Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia taxutu zuen, hots, hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa. Esparru sozioekonomikoa euskalduntzea beharrezko bezain zail jotzen du EABk; egin diren esperientziak baliozkoak dira eta metodologia bera ere egokia eta eredugarria da haren ustez, baina era berean uste du euskal gizartea ez dela jabetu enpresa-munduan euskara erabiltzeak duen garrantziaz.

1999ko abenduan Eusko Legebiltzarrak berretsi egin zuen Euskararen Aholku Batzordeak eginiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Esan bezala, planak lau proposamen nagusi egiten ditu lan mundurako: eremu honetarako marko orokorra taxutzea, enpresetako euskara planen osagai nagusiak zehaztea, euskara planak enpresa gehiagotara zabaltzeko beharrezkoak diren giza eta diru-baliabideak jartzea, eta arlo sozioekonomikoko eragile desberdinen atxikimendua lortzea.

1999ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, hitzarmena izenpetu zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Quebeceko Gobernuaren Hizkuntza Politikarako Idazkaritzarekin, besteak beste, enpresetako lan-hizkuntzaren normalizaziorako; hitzarmen horri esker, enpresetako hizkuntza-normalizazioari buruzko mintegia egin zen Quebecen 2000. urteko udaberrian, eta Euskal Herrian, 2001eko otsailean. Helburu nagusia, ordura arte erabilitako metodologia zorroztu eta erraztea eta plan-ereduak eskaintzea zen, euskara-plana martxan jarri nahi zuten enpresen eskaerari modu eraginkorrean erantzun ahal izateko.

Lankidetza horri esker, eta bestelako erabilera-esparruetan izandako esperientzia kontuan (Administraziokoa, batez ere), enpresetako euskara-planetan aintzat hartu beharreko irizpideak landu ziren; hala nola, malgutasuna, progresibotasuna, bideragarritasuna, ebaluagarritasuna eta iraunkortasuna. (Ikus II. Eranskina: plan-ereduak).

2000. urtean, Kultura Sailak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailarekin batera, 2000-2001 urtealdirako dirulaguntza agindua atera zuen, euskara plana egin eta garatu nahi zuten EAEko entitate pribatuetarako, egoera berriari aurre egiteko metodologia jasoaz eta diru-baliabideak gehituz.

Bestelako ekimenak

Bestalde, teknologia berriak direla eta, entitate pribatuetan euskara-planak garatzeko dirulaguntza-deialdian softwareari buruzko atalean lana euskaraz egiteko aplikazio informatikoen erosketa edota garapena nahiz erositako edota enpresan bertan garatutakoen euskarazko egokitzapena diruz laguntzen da. Baina horrekin batera, aipagarria da lan-programa zabalago baten barruan esparru sozioekonomikoan erabilgarri diren produktuak euskaraz izateko egindako ahalegina: teknohiztunentzat erabilgarriak diren hiztegiak eta tresnak sarean jartzea batetik, eta bestetik, softwareko produktu erabilienak euskarara itzultzeko eta lokalizatzeko ahalegina.

Horiek horrela, euskaraz dira kontsulta eta erabilgai: Xuxen zuzentzaile ortografikoa; EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa; hainbat hiztegi elektroniko (2) eta, besteak beste, software produktu erabilienak euskarara lokalizatuta (3).

Esparru sozioekonomikoari loturiko terminologia-lanei dagokienez, Euskararen Aholku Batzordearen baitan sortu berria den Terminologia Batzordearen bitartez, glosario horiek egin dira eta batzorde teknikoen bitartez normalizazio-lana egiten ari da:

Foru-aldundien eskutik garatutako ekimenetatik, berriz, hona esanguratsuenak liratekeenak: Bizkaiko Foru Aldundiak 2000. urtetik aurrera, dirulaguntza-deialdia kaleratzen du erakunde pribatuetan euskara-planak garatzeko. Materialgintzari dagokionez, Enpresa Euskaldunduz sailean liburu bi argitaratu ditu: Urratsez urrats (1997), bata, eta Fitxa juridikoen eskuliburua (2000) bestea. Bestalde, bai Bizkaiko bai Gipuzkoako foru-aldundiek Merkataritza Euskaraz programa koordinatzen dute.

Euskararen erabilera esparru sozioekonomikoan, adierazle kuantitatiboen bidez

Euskararen erabilera esparru sozioekonomikoan zertan den ikusteko lehen hurbilpen gisa, Euskal Herriko 2001eko Soziolinguistikako Inkesta dugu. Ondoren, 100 langile edo gehiagoko enpresei eta saltoki, jatetxe eta tabernei buruz egindako azterlanek erakutsitako emaitzak ekarriko ditugu hona.

Euskararen erabilera, erabilera-eremuaren arabera

Euskararen erabilera azaltzeko hiru eremu nagusi bereizi ditugu: familia, gertuko komunitatea (lagunak eta dendariak) eta eremu publikoa. Eremu publikoaren barruan, esparru pribatua eta administrazioarekiko harremana izan dira kontuan. Oro har esan daiteke, hazkundea esparru guztietan gertatu dela, hau da, bai administrazioarekiko harremanetan, baita esparru pribatuan ere; batez ere euskararen erabilera publikoak egin du gora azken hamar urteotan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Emaitzen arabera, udaletan, gizarte- eta osasun-zerbitzuetan, hezkuntzan eta enpresa pribatuan euskararen eskaintza zenbat eta handiagoa izan, herritarrok euskara orduan eta gehiago erabiltzen dugu. Beraz, eremu publikoan euskararen erabilerak izan duen hazkundea zuzen-zuzenean lotu behar zaio euskarazko produktuen eta zerbitzuen eskaintzari. Hala ere, irudiak nabarmen erakusten du, euskararen erabilera gora egiten ari den arren, eremu publikoan, oro har, eta segurtasun-indarrekin eta osasun-zerbitzuetan, bereziki, bide luzea geratzen dela oraindik.

Euskararen erabileran eragiten duten faktore nagusiak bi dira:

Euskararen erabilerak eta harreman-sareko euskaldunen dentsitateak duten korrelazioa 0,76koa da etxeko erabileran, 0,66koa lagunartean eta 0,80koa lankideekin. Hizkuntza-gaitasun erlatiboarekin, hau da, hizkuntza batean ala bestean hitz egiteko erraztasunarekin, berriz, korrelazioa 0,67ko da etxeko erabileran eta lagunartean eta 0,39 lankideekin. Laburbilduz, beraz, korrelazioak oso handiak dira eta harreman-sareko euskaldunen dentsitatea da faktorerik eragingarriena, batez ere lankideekin.

Zalantzarik gabe esan daiteke harreman-sareko euskaldunen dentsitatean gutxieneko maila edo atalasea dagoela. Gutxieneko maila horren azpitik ezin da euskararen erabilera bermatu. Familian maila hori oso argia da: denek jakin behar dute euskaraz. Nahikoa da batek ez jakitea euskararen erabilera nabarmen gutxitzeko. Lagunekin eta lankideekin, berriz, behar bada ez da ezinbestekoa denek euskaraz jakitea erabilera ziurtatzeko, baina bai gehienek jakitea.

Lehen hurbilpen honen ondorio gisa, bost ideia azpimarratu nahi ditugu:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

100 langile edo gehiagoko enpresa edo establezimenduen hizkuntza-egoera

Egoeraren erretratu zehatzagoa izatearren, esan bezala, 2003an, EUSTATen Enpresa eta Establezimenduen direktorioan jasota dauden 100 langile edo gehiagoko enpresa edo establezimenduak aztertu ziren. Herri-administrazioak baztertu ondoren (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak, Gobernu Zentraleko ordezkaritzak eta sare publikoko ospitale eta ikastetxeak), 100 langile edo gehiago dituzten 661 enpresa edo establezimenduk osatu zuten unibertsoa.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Erantzun-tasa handia izan zen (% 69): 661 enpresatatik 455ri egin zitzaien elkarrizketa (4). Elkarrizketatutako enpresen % 93k Euskal Autonomia Erkidegoan du sozietate-egoitza. Lurraldeari eta gune soziolinguistikoari begiratuz gero, enpresen erdia baino gehiago (% 55) Bizkaian dago, herena (% 32) Gipuzkoan eta % 13 Araban. Enpresen % 41 lehen gune soziolinguistikoan dago, % 21 bigarren gunean, % 32 hirugarren gunean eta % 6 laugarren gunean (5).

Enpresen tamainari dagokionez, enpresen % 64k 100-250 langile ditu; % 20k 251-500 langile eta % 16k 500 langile baino gehiago.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Enpresen % 58k, beren produktuak/zerbitzuak beste enpresa bati saltzen dizkiote. Enpresen erdiek baino gehiagok euskal kapitala dute, eta gehiago dira beren produktu edo zerbitzuak EAEz kanpo saltzen dituzten enpresak EAE barruan saltzen dituztenak baino. Industria-enpresen erdiak baino gehiago gune euskaldunetan (6) daude, eta gehienek EAEz kanpoko beste enpresa batzuei saltzen dizkiete beren produktuak. Eraikuntza-enpresa gehienak Bizkaiko gune erdaldunetan (7) daude, 100 eta 250 langile artean dituzte, eta beren produktuak batez ere EAEko beste enpresa batzuei saltzen dizkiete. Zerbitzu-sektoreko enpresa gehienak gune erdaldunetan daude, zerbitzuak batez ere EAEn saltzen dizkiote amaierako kontsumitzaileari, eta kapitala Euskal Herrikoa dute, batik bat.

Enpresa-kolektiboen ezaugarriak ikusirik, jarduera-sektorea da funtsezko giltzarria. Berorrek baldintzatzen du, neurri handi batean bederen, produktuen edo zerbitzuen amaierako hartzailea, merkatu geografikoa eta kapitalaren jatorria. Horrez gain, lurralde eta gune soziolinguistikoen banaketan eragina du, neurri txikiagoan bada ere, bai eta enpresen tamainan ere.

Langileen hizkuntza-gaitasuna

Grafikoan ikus daitekeenez, EAEko 100 langiletik gorako enpresetan, langileen % 35, batez beste, euskaldunak dira, (III. Soziolinguistikako Inkestaren arabera, EAEn besteren konturako langileen artean % 31 dira euskaldun. Hortaz, elkarrizketon bidez lortutako datuak baikor samarrak badira ere, inkestako datuarekiko aldea ez da handiegia).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Enpresa bakoitzeko euskaldunen batez besteko ehunekoa oso aldatzen da jarduera-sektorearen arabera.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Espero zitekeenez, alde handienak lurraldearen eta gune soziolinguistikoaren araberakoak dira. Enpresen tamainak, produktu edo zerbitzuen amaierako hartzaileak, edota merkatu geografikoak ez dute eragiten ia. Hala ere, euskal kapitala duten enpresetan euskaldunak % 39 dira, eta batez ere kanpoko kapitala duten enpresetan % 31 dira euskaldunak.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Grafikoan ageri den joera jarduera-adar guztietan errepikatzen da gutxi gorabehera, hau da, euskaldunen kopurua batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da bezeroen arretarako langileen artean eta txikiagoa zuzendaritzakoen eta teknikarien artean. Hala ere, Arabako enpresetan, euskaldunen ehunekorik handiena (% 18) zuzendaritzako langileen artean gertatzen da. Eta 1. gune soziolinguistikoko enpresetan ez da ia alderik antzematen kategorien arabera, (% 16 inguru euskaldun). Ostera, bezeroen arretarako langileen artean euskaldunak % 22 dira.

Euskararen erabilera

0 eta 10 arteko eskalan (0k euskara inoiz ez dela erabiltzen esan nahi du, eta 10ek euskara beti erabiltzen dela), euskararen erabilera orokorra EAEko enpresa handietan batez beste 2,9koa da. Ondoko grafikoan ikus daitekeenez, ez dago ia alderik, erabilera orokorraren eta komunikazio-modu ezberdinen artean.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Batez besteko horren azpian ageri da:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Enpresako euskaldunen batez besteko ehunekoarekin gertatzen zen moduan, eta neurri handi batean horren eraginez, euskararen erabilera asko aldatzen da jarduera-sektorearen arabera.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Euskararen erabilera ez da ia aldatzen enpresen tamainaren arabera, baina zertxobait gehiago erabiltzen da tamaina handieneko enpresetan. 100 eta 250 langile arteko enpresetan batez bestekoa baino zertxobait gutxiago, 2,7 puntu, eta zertxobait gehiago 251 eta 500 langile arteko enpresetan, 3,2 puntu, eta 500 langile baino gehiagoko enpresetan, 3,3 puntu. Espero zitekeenez, euskararen erabileran gertatzen diren alderik handienak lurraldearen eta gune soziolinguistikoaren araberakoak dira.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Baina batez besteko horren atzean, aniztasuna da nagusi. Enpresa askok euskara ahozko komunikazioan erabiltzen dute, baina ez idatzizkoan edo alderantziz. Euskararen erabilerari dagokionez gertatzen diren konbinazioak hautemateko, komunikatzeko moduetarako erabilera-tipologia bat landu da.

Lehenik, lau erabilera-motetarako faktore-analisia aplikatu da, eta lehen bi faktoreek aldakuntzaren % 82 argitzen dutela ikusirik, bi faktore horiek hartu dira abiapuntu bidezko tipologia lantzeko. Hau da, euskararen ahozko erabilera (barnekoa kanpokoa baino gehiago) eta idatzizko erabilera (kanpokoa barnekoa baino gehiago) jasotzen duten bi faktore horiek hartu dira abiapuntu. Emaitzazko tipologiak bederatzi enpresa-talde bereizten ditu, eta talde horiek bi faktoreen aldakuntzaren % 90 argitzen dute.

Ondoko grafikoan tipologia-taldeak irudikatzen dira bi faktoreek osatzen duten planoan (ardatz horizontalean ahozko erabilera eta bertikalean idatzizko erabilera). Koordenatuen zentroa bat dator batez besteko enpresarekin, hau da, ondoko puntuazioak dituen enpresarekin: 2,9 ahozko barneko erabileran, 3,2 ahozko kanpoko erabileran, 3,2 idatzizko barneko erabileran eta 2,9 idatzizko kanpoko erabileran.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Grafikoaren goialdean, eskuinaldean, 9. taldea dago (% 4). Enpresen bi herenak zerbitzu-sektorekoak dira eta herena industriaren sektorekoak. Gehienak Gipuzkoako 3 eta 2. guneetan dauden 100 eta 250 langile arteko enpresak dira, euskal kapitala dute, eta produktuak edota zerbitzuak Euskal Herrian saltzen dituzte, amaierako kontsumitzaileari batez ere. Euskara erabiltzen dute ia beti: 8,6 erabilera orokorrean (8,5 ahozko barnekoan, 9,3 ahozko kanpokoan, 9,5 idatzizko barnekoan eta 9,3 idatzizko kanpokoan).

Behealdean, ezkerraldean, 1. taldea (% 33) dago. Talderik handiena da, euskara inoiz erabiltzen ez duten enpresek osatzen dute: 0,4 puntu erabilera orokorrean (0,4 ahozko barnekoan, 0,5 ahozko kanpokoan, 0,7 idatzizko barnekoan eta 0,3 idatzizko kanpokoan). Enpresetako % 55 industria-sektorekoak dira, beste enpresa batzuei zerbitzu egiten dieten enpresak % 17, eta eraikuntza-enpresak % 10. Gehienak 100 eta 250 langile arteko enpresak dira, produktu edota zerbitzuak batez ere kanpoko beste enpresa batzuei saltzen dizkietenak.

4, 7 eta 8. taldeak guztirakoaren % 30 dira. Industria-sektoreko enpresak dira gehienak eta Euskal Herritik kanpoko beste enpresa batzuei saltzen dizkiete beren produktuak (4 eta 7). Gune soziolinguistikoaren arabera, ahozko komunikazioan erabiltzen dute euskara (gehiago barnekoan kanpokoan baino) eta gutxi idatzizkoan.

Lerroaren gainaldean, 2, 3 eta 6. taldeak daude. Zerbitzu-sektoreko enpresak dira gehienak, idatzizkoan erabiltzen dute euskara, baldin eta Euskal Herrirako ematen badute zerbitzua eta bezeroa amaierako erabiltzailea badute. Bezeroarekiko harremanetarako ez bada, oso gutxi erabiltzen dute euskara ahozko komunikazioan.

Azkenik, 5. taldea (% 13) dago. Nahikoa erabiltzen dute euskara, ahozko komunikazioan (3,6 barnekoan eta 3,6 kanpokoan) zein idatzizkoan (4,3 barnekoan eta 4,1 kanpokoan). Batez besteko profilaren antzeko profila dute, kokapen geografikoan izan ezik (3 eta 2. gune soziolinguistikokoak dira, erdiak baino gehiago Gipuzkoan daude).

Laburbilduz, enpresa dagoen gune soziolinguistikoa da euskararen erabileran eraginik handiena duen faktorea, faktore horrek adierazten baitu neurri handi batean ahozko komunikazioan gertatzen den erabilera, batez ere barnekoan. Jarraian jarduera-sektorea eta merkatu geografikoa eta produktuen edo zerbitzuen hartzailea daude. Faktore horiek kanpoko komunikazioan gertatzen den erabilera argitzen dute, batez ere idatzizkoan. Irakaskuntzaren sektorea alde batera utzita –salbuespena baita–, erabilera zertxobait handiagoa da beren zerbitzuak Euskal Herrian eta amaierako saltzaileari saltzen dizkioten sektoreetan, hala nola banku eta aseguruen sektorean, merkataritza eta ostalaritzako sektorean eta bestelako zerbitzuen sektorean. Azkenik, euskararen erabilera normalizatzeko planak edo irizpideak edukitzearen faktorea aipatu behar da. Enpresen tamainarekin lotzen den alderdi horren eraginez, gehiago erabiltzen da euskara enpresa batzuetan beste batzuetan baino, nahiz eta gainerako faktoreetan baldintza berak dituzten enpresak izan.

Txikizkako saltokien, jatetxeen eta tabernen hizkuntza-egoera

Egoerararen deskribapena osatzeko, beste bi azterketa egin dira: txikizkako saltokietan lehendabizikoa, eta jatetxe eta tabernetan bigarrena.

Saltokietan eginiko azterketan, lau jarduera-adar aztertu ziren: elikagaiak eta edariak; ehungintza, jantziak eta oinetakoak; etxetresna elektrikoak, irratia, telebista eta soinua; papertegiak, liburu-dendak eta egunkariak. Jarduera-adar hauek txikizkako merkataritza-establezimenduen erdia baino gehiago osatzen dute, eta jarduera-adarren araberako emaitzak homogeneoak izan dira. Aitzitik, jatetxe eta tabernetan euskarari ematen zaion erabileraren artean ezberdintasunak daude. Hori dela eta, bereizirik aztertuko dira.

Lagina 800 saltokik eta 500 jatetxe eta tabernak osatu dute, eta ia inork ez dio inkesta erantzuteari uko egin.

Euskararen erabilera ahozko komunikazioan

Euskarari EAEko saltokietan, jatetxeetan eta tabernetan egiten den ahozko erabilera oso txikia da, 0 eta 10 bitarteko eskalan 1,5 puntukoa batez beste. Erabilera oso txikia da hiru kolektiboetan, nahiz eta jatetxeetakoa batez bestekoa baino nabarmen handiagoa den, hots, 2,3 puntukoa. Saltokietakoa, berriz, bat dator batez bestekoarekin, eta batez bestekoa baino txikiagoa tabernetakoa, hots, 1,2 puntukoa. Enpresa handiekin erkatuz gero, erabilera-maila erdira jaisten da. Izan ere, enpresa handietako batez bestekoa 3,0 puntukoa da (2,9koa barneko erabileran eta 3,2koa kanpokoan).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Batez besteko 1,5 puntuko erabileraren arabera, % 70 establezimenduk ez dute euskara inoiz ere erabiltzen, % 14k gaztelania erabiltzen dute gehiago, % 7k hizkuntza bat bestea adina eta % 9k euskara gehiago.

Inoiz euskara erabiltzen ez dutenak tabernen % 77, saltokien % 70 eta jatetxeen % 49 dira. Gaztelania baino gehiago erabiltzen dutenak, aitzitik, tabernen % 7, saltokien % 9 eta jatetxeen % 12 dira.

Enpresa handiei dagokienez, ahozko barne-komunikazioan euskara inoiz ere erabiltzen ez dutenak % 39 dira eta kanpo-komunikazioan inoiz erabiltzen ez dutenak % 43. Euskara gaztelania baino gehiago erabiltzen dutenak, aldiz, % 10 dira barneko komunikazioari dagokionez eta % 19 kanpokoari dagokionez.

Ahozko komunikazioan euskara hain gutxi erabiltzearen arrazoia establezimenduen % 62an euskaraz dakienik ez egotea da. Zehatzago esateko, tabernen % 68an, saltokien % 64an eta jatetxeen % 34an inork ez daki euskaraz.

Establezimendurik gehienak oso txikiak dira, langile bat edo bikoak, eta populazioari dagokion euskaldun-kopurua % 29 dela kontuan hartuz, logikoa da erdietan baino gehiagotan inork euskaraz ez jakitea. Jatetxeak, hein batean bada ere, arau horretatik kanpo geratzen dira. Izan ere, ez dira hain txikiak eta, honez gain, gune euskaldunagoetan kokaturik egon ohi dira batez beste.

Hortaz, establezimenduen neurri txikiak eta errealitate soziolinguistikoak establezimendu erdietan inork euskaraz ez jakitea dakar, eta, hortaz, hizkuntza hau inoiz ez erabiltzea.

Nolanahi dela ere, honek ez du esan nahi establezimendu handiagoetan euskara askozaz gehiago erabiltzen denik; 2,2ko erabilera-maila baitagokie hauei, eta 1,4koa txikienei. Azken batean, erabilera hein handi batean argitzen duen faktorea establezimenduek kokaleku dituzten gune soziolinguistikoak dira.

Euskararen erabilera idatzizko komunikazioan

Lehenik eta behin, establezimendurik gehienetan idatzizko komunikazioa gutxi erabiltzen dela eta kasu askotan errotulaziora eta tiket eta fakturetara mugatzen dela azpimarratu behar da.

Nolanahi dela ere, saltokietan, jatetxeetan eta tabernetan gutxi erabiltzen da idatzizko komunikazioa; izan ere erabilera honi 0 eta 10 bitarteko eskalan dagokion batez bestekoa 2,2 puntukoa da. Dena den, 0,7 puntuz gainditzen du ahozko erabilerari dagokiona.

Oraingoan ere, jatetxeetako erabilera batez bestekoaz gaindikoa da nabarmen, hots, 2,9 puntukoa. Taberna eta saltokietan, ordea, txikixeagoa da; 2,1 eta 2,0 puntukoa, hurrenez hurren.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Euskarari idatziz ematen zaion erabilera, kasu honetan ere, enpresa handietakoa baino txikiagoa da, batez besteko 3,0 puntu baitagokie haiei (3,2 barneko erabileran eta 2,9 kanpokoan), nahiz eta aldea ahozko erabilerari zegokiona baino txikiagoa den.

Batez besteko 2,2 puntuko erabileraren arabera, % 58 establezimenduk ez du euskara inoiz ere erabiltzen, % 19k esparru erdietan baino gutxiagotan, % 10ek erdietan, % 5ek erdietan baino gehiagotan eta % 8k beti.

Inoiz euskara erabiltzen ez dutenak tabernen % 54, saltokien % 63 eta jatetxeen % 43 dira. Beti erabiltzen dutenak, berriz, tabernen % 7, saltokien % 8 eta jatetxeen % 10 dira.

Enpresa handietan, idatzizko barneko komunikazioan euskara inoiz erabiltzen ez dutenak % 46 dira eta kanpoko komunikazioan inoiz erabiltzen ez dutenak % 56. Barnekoan beti erabiltzen dutenak, aldiz, % 14 dira eta kanpokoan beti erabiltzen dutenak % 18.

Zehatz-mehatz bat ez badatoz ere, euskarari ahozko komunikazioan ematen zaion erabileraren eta idatzizkoan ematen zaionaren artean erlazio handia dago. Bestalde, kasu honetan ere, establezimenduak kokaturik dauden gune soziolinguistikoek argitzen dituzte hein handi batean idatzizko erabileraren nondik norakoak.

Neurriari dagokionez, establezimendurik handienetan erabiltzen da gehien euskara, baina aldeak ez dira oso garrantzitsuak; 3,2 puntu baitagozkie handienei eta 2,1 txikienei.

Erabilera orokorra: ahozko eta idatzizko erabileraren tipologia

Euskarari ahozko komunikazioan eta idatzizkoan ematen zaizkion erabilerak nahikoa erlazionaturik daude, baina bi komunikazio-mota hauetako erabilera ez da homogeneoa, eta badira euskara ahozko komunikazioan erabili arren idatzizkoan erabiltzen ez duten establezimenduak, baita alderantzizko erabilera ematen diotenak ere. Enpresa handien kasuan egin bezala, ahozko eta idatzizko komunikazioan euskararen erabilerari dagokionez gertatzen diren konbinazioak ezagutzeko, erabilera-tipologia egin da. Aipaturiko hau bederatzi establezimendu-taldek osatzen dute, eta ondoko grafikoan daude irudikaturik.

Grafikoan, ardatz horizontalak ahozko erabilera irudikatzen du, eta idatzizkoa bertikalak. Koordenatu-gunea erabilera-eskalaren erdiarekin dator bat, ahozko erabilerari dagokion 5arekin eta idatzizkoari dagokion 5arekin, hau da, ahozko komunikazioan euskara zein gaztelania maila berean erabiliko lituzkeen eta idatzizko komunikazioan euskara aldi edo esparru erdietan erabiliko lukeen establezimendu-motarekin. Taldeen azalerak irudikatzen duena, berriz, ez da sakabanaketa, talde bakoitzean den establezimendu-kopurua baizik. Enpresa handietako emaitzak gogoratzearren, haien tipologia bera irudikatzen duen grafikoa gaineratu da.

Ikus daitekeenez, saltoki, jatetxe eta tabernen erdiek ez dute inoiz ere euskara erabiltzen ez ahozko komunikazioan ezta idatzizkoan ere, eta lautik hiruk (hirugarren koadranteko ezkerreko beheko angeluan kokaturiko hiru taldeek) gutxi erabiltzen dute edota batere ez.

Enpresa handietan, ordea, hirutik bat dira euskara ahozko nahiz idatzizko komunikazioan inoiz erabiltzen ez dutenak, eta erdiak (hirugarren koadranteko ezkerreko beheko angeluan kokaturiko bi taldeak) gutxi erabiltzen dutenak edo batere erabiltzen ez dutenak.

Kontrako muturrean, saltoki, jatetxe eta tabernen % 7k bakarrik erabiltzen du euskara bai ahozkoan eta bai idatzizkoan. Portzentaje hau enpresa handiei dagokiena (% 4) baino handiagoa da.

Planoaren gainerakoa, bi komunikazio-mota hauetan euskara gehiago edo gutxiago erabiltzen duten establezimenduek osatzen dute: saltokien, jatetxeen eta tabernen % 17k, eta enpresa handien kasuan, % 45ek.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Laburbilduz,

Egoeraren analisia: aldeko nahiz aurkako aldagaiak

Atal honetan euskara biziberritzeko garaian -eta esparru sozioekonomikoan bereziki- eragina duten aldagaiak laburbildu nahi izan ditugu, bai aldekoak bai kontrakoak. Analisi horrek etorkizuneko oinarriak eta helburuak finkatzen, eta horiek lortzeko beharrezkoak diren lan-lerroak zehazten lagunduko digu.

Ahulezia izena eman diegu helburuak lortzeko oztopo diren sektore barneko aldagaiei, egoerei eta gertakizunei; eta indargune, berriz, helburuak lortze bidean egin beharreko lana erraztu eta laguntzen duten sektore barneko gertaera edota aldagaiei. Mehatxu izendatu ditugu helburuak lortzeko oztopo diren sektorez kanpoko aldagai, egoera eta gertakizunak; eta aukera, berriz, helburuak lortze bidean egin beharreko lana erraztu eta laguntzen duten sektorez kanpoko gertaera edota aldagaiak.

Aldeko eta kontrako faktore horiek guztiak aztertuko ditugu xeheago datozen orrialdeotan. Ikus ditzagun, bada, ahuleziak aurrena:

Ahuleziak

Indarguneak

Mehatxuak

Aukerak

Hurbilpen sistematikoagoaren bila: proposamenak eta lan-ildoak

Hizkuntza plangintzako adituen ustetan euskararen normalizazioa burutzeak euskaraz mintzatzen diren hiztunen kopurua handitzea ez-ezik, hiztun horiek komunikazio-egoera guztietan, euskara erabiltzera iristea ere esan nahi du. Horren ildotik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburu nagusia da euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea, azken batean Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak aregotzea.

Euskal gizartearen lanari esker eta abian jarritako hizkuntza-politikaren ondorioz, funtzio soziolinguistikoetan aurrerapauso nabarmenak eman dira, hala ere, euskararen egoera beste hizkuntza gutxituen eta gutxiagora etorri direnen antzekoa da oraindik: hainbat gizarte-esparrutan oso ahula da duen presentzia; lan-mundua bera da horren adierazgarri.

Eskolak urte luzeetan egindako euskalduntze-ahaleginak ez du oraindik behar besteko segidarik gizartean: ez kulturan, ez kalean, ezta enpresa-munduan ere. Eta hizkuntza-plangintzaren ikuspuntutik lan-munduarena bereziki zaindu beharreko esparrua da, besteak beste, eskola-munduaren irtenbide naturala delako eta heldu-aroko erabilera-eremu garrantzizko eta prestigioduna delako. Azken batean euskara biziberritzeko saioari sinesgarritasuna eta heldutasuna eman diezaiokeen alor pragmatikoenetako bat delako, gainerako alorretan egindako lorpenak sendotzeko eta esparru berriak irabazteko ere trakzio-indarra egingo duena; edota, aldiz, eragin ezean gainerako esparruetan burututako lana zalantzan jar dezakeena, euskal hiztunak erdalduntzeko gune izango den neurrian.

Euskal Herrian diharduen enpresa batek, ordea, zergatik ekin behar dio bere eguneroko lana euskaraz (ere) egiteari?

Aurreko atalean, sektorearen aukerak aztertzen ari ginela, aipatu ditugu euskararen erabilerak lan-mundura ekar ditzakeen zenbait onura. Enpresetako hainbat ordezkariren esanetan euskarak badakartza enpresa-alorrean garrantzitsuak diren kohesio, identifikazio, motibazio eta hurbiltasunerako balioak, lan-harremanak gizatiarrago egiten dituztenak, pertsonala gogobetetzen lagungarri direnak eta ondorioz, alderdi ekonomikotik ere, produktibitatea sustatzen laguntzen dutenak.

Enpresa organizazio bat da, pertsonek osatua. Eta zaila izan ohi da gehienetan horien guztien interesak norabide berean jartzea, eta bat egiteko modua aurkitzea. Euskararen erabilera areagotzeko proiektuan inplikatzen diren langileak enpresarena den proiektu batean inplikatzen dira; eta enpresak, bere aldetik, bere langileen kezkak zein gogoak jaso eta erantzun egiten die. Enpresa-buru nahiz langile, goi-kargu nahiz sindikalista, euskaldun zahar nahiz berri, euskaldun nahiz erdaldun, proiektu honek guztion parte hartzea, adostasuna eskatzen du.

Pertsonen garapen linguistikoa, beren garapen profesionalaren eta osoaren parte bat da.

Kalitatezko zerbitzua zein produktuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresak, kalitate handiagoa eskaintzen ari dira, beren aldetik arreta pertsonalizatuagoa, hurbiltasun kulturala eta prestakuntza erakusten dutelako. Balio erantsia badute beraz, eta horrek lehiakideekiko abantailan jartzen ditu, areagotu egiten baitu zerbitzu nahiz ekoizpenei antzemandako kalitatea.

Enpresaren nortasunaren ikuspuntutik, enpresa dinamikoaren irudia islatuko da, erronka eta proiektu berritzaileei ekiteko kemena duen enpresa dela erakutsiko da, bezero-hornitzaile, lehiakide eta gizartearen aurrean oro har. Jendaurreko jarduerak hobetzen direlako.

Euskara, enpresaren irudi eta markaren alderdi bihurtuz, marketing argumentutzat erabil dezake euskal merkataritzak eta industriak. Merkatuak zabaldu eta nazioarteko bihurtzen ari zaizkigun garaian, enpresek gero eta beharrezkoagoa dute osagai identifikatzaileak landu eta garatzea.

Ekonomia, lan-mundua, ez daude gizartearen egituretatik kanpo. Gurea, euskal gizartea, urteetan egindako ahalegin sozialaren ondorioz, gizarte elebiduna da; eta euskara biziberritzearen aldeko norantzan doana, gainera. Horixe adierazten du hezkuntzan, euskal ereduetako matrikulazioan gertatzen ari den etengabeko hazkundeak; bai eta bertako erakunde publikoek euskara biziberritzeko ezarriak dituzten politikek ere. Enpresaren berezko funtzio nagusia aberastasuna sortzea bada ere, bere komunitatearen nahiekin bat egiten jakin behar du, eta alor sozioekonomikoan euskara biziberritzeko eragile aktibo eta aitzindari bihurtu. Hau da, euskal gizartearekiko erantzukizunean sakondu behar du.

Euskararen Aholku Batzordearen aurreko txostenetan esan izan den bezala, euskarak berreskuratu beharreko esparruen artean lan-mundua dago. Zeregin honetan asko da oraindik egiteko dagoena, baina ez gara zerotik abiatzen. Hurrengo orrialdeetan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioenari jarraiki, aldi honetarako planteatzen diren helburuak eta horiek lortzeko proposatzen diren lan-lerroak bildu dira.

Lan-lerro nagusiak

Kudeaketa-molde aurreratuena darabilten enpresen artean ezaguna da berringeniaritza terminoa. Besteak beste, enpresako prozesuak zehatz berraztertzea eta berriz diseinatzea esan nahi du, hartara kalitatean, zerbitzuan, kostuetan, berrikuntzan eta abarretan hobekuntza nabarmenak lortzeko.

Alor sozioekonomikoan eragiteko programari dagokionez, horren moduko hausnarketa-saioa beharrezkoa delakoan plazaratuko ditugu hurrengo lerroak, izan ere, badira ia hamabost urte 1990ean Euskararen Aholku Batzordeak lan-munduan euskararen normalizaziorako oinarrizko irizpideak eman eta, artean Eusko Jaurlaritzako HPIN zenak (egungo Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak alegia), beste eragile batzuekin elkarlanean lan-mundurako programa abian jarri zuenetik, hots, aurreneko plan pilotuak abian jarri zirenetik.

Hamabost urteotan nabarmen aldatu da enpresa-mundua bera kalitatearekin lotutako kudeaketa-moldea edota teknologia berrien erabilera orokortu eta ohiko egin zaizkigun neurrian, edota merkatuen internazionalizazioa areagotu zaigun heinean. Aldatu egin da, orobat, euskarak berak euskal gizartean duen estatusa, hiztun eta espazio berriak irabazi eta horiekin batera bizitza sozialean agerikoago egin den neurrian. Eta gehiegi ez luzatzeko, beste horrenbeste aldatu egin behar izan dute ezinbestean enpresetan euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza-aldaketa bideratzeko diseinatu eta gauzatu ziren interbentzio planifikatuak, hots, euskara-planak berak.

Hortaz, Euskararen Aholku Batzorde honen iritziz zentzuzko bezain beharrezko dirudi alor sozioekonomikorako diseinatu eta gauzatu zen programa baloratu, berrikusi eta doitzea, probazko izaera hori atzera uzteko, bateko, eta hizkuntza-plangintzaren ikuspuntutik modu sistematikoagoan eta hedapenez zabalagoan eragin ahal izateko etorkizunean, besteko. Hori lortu ahal izateko hainbat alderdiren gaineko hausnarketa egin beharko da ezinbestean; zenbaitetan programaren oinarriari eragingo dioten zenbait alderdiren gainean hain justu ere. Eta hortik hasi behar dela uste dugu: ondoren zerrendatzen dira Batzorde honen iritziz, oinarri horiei dagokienez, berraztertu beharreko gai nagusiak.

Lanerako esparrua mugatzen: azpiprogramen bereizketa

Lan-mundua diogunean oso alor zabalari buruz ari gara, lan-jarduera ezberdinen konplexutasunaren araberakoa.

1990ean abian jarri eta egun indarrean dauden programetan parte hartzen duten erakundeen nolakoari erreparatuz gero, erakunde-motak askotarikoak direla antzeman daiteke berehalakoan: agente soziolaboralak (sindikatuak eta bestelako elkarteak) lanbide-elkargoak, elkarteak, enpresa merkantilak, kooperatibak, fundazioak, etab; sektore ekonomikoari dagokionez, bigarren eta hirugarren sektoreko enpresak nagusitzen dira, zehazkiago, bigarren sektoreko industria alorrekoak bereziki. Enplegatu-kopuruari dagokionez ere dozena eskasera arrimatzen diren erakundeetatik hasi, eta milatik gora langile dituzten erakundeak badaude. Eta azkenik, euskal hiztunen ehunekoa irizpide hartuz gero, % 10era iristen ez diren erakundeetatik hasi, eta % 80tik gorako indizea duten erakundeek ere parte hartzen dute.

Aniztasun horretan erakunde hauek batera duten elementu bakarra, juridikoki pertsona pribatu izatea -edota fundazioen kasuan, sortzezko kapitalari dagokionez, eta gobernu-organoetako ordezkaritzari dagokionez, berauek erditik gora pribatu izatea- da. Parte-hartzaileen askotarikotasuna begien bistakoa da, hortaz.

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzeko asmoz, Merkataritzako Gipuzkoako Lan-Mahaia eratu zen hango Foru Aldundiaren eskutik, eta SIADECO ikerketa-elkartearekin elkarlanean, Euskara Merkataritzara egitasmo orokorra bideratzeko; Bizkaian ere antzeko ekimenak abiarazi ziren zenbait udaletan, ARTEZ elkartearekin elkarlanean; gaur egun ALKARBIDEk bateratu eta koordinatzen ditu esparru honetako egitasmoak. Horiek horrela, eta egindako azterketen argitan, erabilera eta presentzia oso apalak badira ere, eskarmentu bat metatu da, eta sortu da establezimentu txikiotan eragiteko metodologia nahiz interbentzio-molde bat, beste hainbat erremintarekin batera.

Eragin horretan ere ez da atzera geratzen Finantza eta Aseguruen alorra, hala ere ez da programa jakin batean pean landu, orain artean.

Hori horrela, alor sozioekonomikoaren baitan, azpiprogramak bereizteko proposamena egiten du Batzorde honek ondoko alor hauetan berariazko normalizazio-planak bidera daitezen:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Euskara-planak

Tamaina bateko zein besteko enpresetan euskara-plana dutenen masa areagotzeari buruz ari garen honetan, hau ere bere ingurunearekin batera aldatu egin da.

Hasiera bateko euskara-planek, lurralde euskaldunetan eta indize demolinguistiko altuko enpresetan abian jarri zirenek, euskara bereziki lan-hizkuntza gisa sustatzea zuten helburu; 1996an euskaldun-kopuru baxuagoko enpresetan jarri zirenak, berriz, erabilera eta presentzia areagotzea, eta langileen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.

2000. urtean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lehenengoz berariazko dirulaguntza-deialdia kaleratu zuen entitate pribatuetan euskara-planak garatzeko. Dirulaguntza-deialdi horretan ageri zen enpresaren eguneroko errealitatea hizkuntzaren erabilera-eremutan sailkatuta jasotzen zuen koadroa. Erabilera-eremu hauek errazenetik zailenerako hurrenkeran ordenatuta ageri ziren bi ardatz handitan bereizita, kanpo- eta barne-harremanetan.

Erabilera-eremuok finean hizkuntza-helburutzat jotzen ziren, eta horien hiru konbinazio egin ziren, hiru plan-eredu itxitan (E1, E2 eta E3) eta helburuen aukera libreko plan irekian (Ex) gauzatu zirenak (ikus I. eranskina).

Horiek horrela, euskara-planen artean gaur egun badaude hizkuntza-ohitura aldatzea helburu duten planak ―dela lan-hizkuntza gisa, dela zerbitzu-hizkuntza gisa edo bietara―, eta beste batzuk berriz, ekimen solte eta puntual batzuk ―itzulpen bidez lortzen direnak askotan― gauzatu nahi dituztenak. Horiek guztiek parte hartzen dute dirulaguntza jasotzeko programan, eta euskara-plan gisa jotzen dira, nahiz eta ikusi den bezala, asmoz eta egitez, oso ezberdinak izan elkarren artean.

Gure iritziz, gutxieneko batzuk finkatuta, euskara-planak era askotakoak izan daitezke; enpresaren abiapuntuko egoera kontuan izanda finkatu behar da organizazio bateko euskara-plana: helburuak (kanpo eta barne-errotulazioa, kanporako harrera-hizkuntza, administrazioarekiko idatzizko harremana, erakunde barruko zabalkunde handiko testu laburrak, etab.); baliabideak (euskara arduraduna enpresa txikien kasuan, edota euskara-batzordea enpresa handien kasuan adibidez). Kasuan kasuko planaren bideragarritasunaren eta eragingarritasunaren arabera, neurtu eta babestu beharko lirateke ekimenak.

Euskara-planen elkarren arteko homologagarritasuna eta alderagarritasuna lortzeko proposamenak berraztertu beharko lirateke, gutxieneko helburu batzuetatik abiatuta, tokian tokiko eta sektorean sektoreko plan-ereduen beharra baloratzeko, hau da, EBPN garatzeko indize demolinguistikoaren eta biztanle-kopuruaren araberako udalerri-multzoak bereizi diren bezala, hemen ere antzera jokatzeko.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Zerbitzu eta baliabideen eskaintza areagotu

Alor sozioekonomikoan euskararen erabilera biziberrituko bada, beharrezkoa izango da, besteak beste, lanean euskaraz gehiago edo gutxiago egiten duten enpresen multzoa handitzea, eta, hartara, masa kritikoa eratzerantz jotzea. Horixe izan dugu hizpide aurreko puntuetan.

Multzoa zabaltzeko ordea, erraztasunak ere eman behar zaizkie programan esku hartu nahi dutenei. Eta hori bezain garrantzizko eta beharrezkoa da plandunen taldea bera ere egonkortzea eta trinkotzea.

Berriak erakartzeko eta daudenak egonkortzeko zeregin horretan lagungarri izango da zerbitzu nahiz baliabideen eskaintza egokia eta koordinatua egitea, herri-administrazioek bideratua, batik bat; eta planen kalitatean eragiten eta kostuak gutxitzen lagunduko duena.

Gizartea orohar eta esparru sozioekonomikoko eragileak, bereziki, hizkuntza-normalizazioaren prozesuaz informatzea eta prozesuko partaide direla konturaraztea

Ezin uka euskal gizartea euskara berreskuratzen ari dela, horren frogagarri ditugu, besteak beste, azken hamar urteetako bilakaera soziolinguistikoa erakusten digun Euskal Herriko III. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako emaitzak. Horren ondorioz, iragarri daiteke era guztietako enpresa eta organizazioetan datozen urteetan arituko diren eragileen (langile, bezero, zuzendari, teknikari, sindikatuetako ordezkariak…) artean gero eta elebidun gehiago izango direla eta euskara erabiltzeko aukerak areagotu egingo direla.

Horrekin batera, duela 50 urte ez bezala, enpresek nahiz organizazioek produkzio-gune errentagarriak izateaz gain badituzte beste helburu eta erronka batzuk, kalitatearen eta bikaintasunaren kulturari loturikoak, hain zuzen: bezeroei begira jardutea, pertsonen garapena eta inplikazioa, enpresa kokaturik dagoen ingurunearekiko eskaerei erantzutea, eta abar.

Horiek horrela, euskara ondare sozial gisa hartuta, esparru sozioekonomikoan euskarak egun duen eta aurrera begira izan beharko lukeen presentziaz agente sozioekonomiko nagusiak informatzeko eta sentsibilizatzeko, bi ekintza-lerro proposa daitezke esparru honetan, era batera edo bestera, eskumenik duten eragile publikoek garatzeko:

Horrekin batera, eskaera soziala suspertzeari begira, bezeroen motibazioa eta sentsibilizazioa areagotzeko jarduerak jarri beharko lirateke martxan:

Agente sozioekonomikoen inplikazioa areagotu

Informatzeko eta sentsibilizatzeko lanak egin ahala, agente sozioekonomiko nagusiekin, hau da, merkataritza-ganbarekin, enpresari-elkarteekin, elkargo eta sindikatuekin, besteak beste, kontzertazio-bidea jorratu beharko litzateke eta lankidetza-akordioak sinatu erakunde publikoen eta erakunde pribatu horien artean.

Lankidetza-akordioen helburu izan daitezke:

Halaber, esparru sozioekonomikoan lan-harremanek duten garrantzia kontuan izanik, alor horretako jardueretan hizkuntzaren normalkuntza lortzeko zereginean lan-harremanez arduratzen diren erakundeen iritzia ezagutu eta beraiekin koordinatu behark lirateke jarduerak.

Lan-harremanen alorreko erakundeen artean, Lan Harremanen Kontseilua sindikatu eta enpresa-konfederazioen artean etenik gabeko elkarganatze eta komunikazioa erdiesteko organoa izateaz gain Jaurlaritzari lan eta gizarte-alorrean aholkuak emateko erakundea denez gero, egokia litzateke harengana zuzentzea eta bere iritzia eskatzea, hizkuntza-normalizazioari dagokionean.

Eraginkortasunari begira, sektoreka edo jarduera-esparruka lan egitea onuragarri izango litzateke.

Bestalde, jakinik agente horietako askok ez dutela giza azpiegiturarik, erakunde publikoek, lankidetza-akordioen baitan, hainbat material eta zerbitzu berezitu jarri ahal izango lituzkete erakunde pribatuon eskura, bakoitzaren jarduera-esparrua kontuan: euskara ikasteko baliabideak, gaikako hiztegiak, sentsibilizazioko materialak…(ikus zerbitzu eta baliabideen eskaintza eta herri-administrazioen parte hartze koordinatua).

Kontuan izan behar, batik bat amaierako erabiltzailearekiko harremana duten azpisektoreen kasuan, enpresa-kopurua oso altua izateaz gain, oso langile gutxiko enpresak direla gehienak, eta horrek dakar, batetik erakunde publikoetatik sustapen-lana banan-bana egiterik ez izatea eta, bestetik, enpresek ere baliabide urriak izatea euskararen erabilera normalizatzeko.

Hortaz, merkataritzaren eta ostalaritzaren kasuan batez ere, ezinbesteko gertatzen da orain artean baino modu koordinatuagoan garatu behar izatea sustapen-lana eta enpresa horiek bilgune natural dituzten tokietatik eragitea.

Herri-administrazioen parte hartze koordinatua

Azken urteotako ibilbidea ikusita, euskarak esparru sozioekonomikoan garapen eta presentzia sendoagoa izatea nahi badugu, ezinbestekoa da esparru honetan zerikusi zuzena duten herri-aginteen inplikazioa areagotzea, hau da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioen bezalaxe, hizkuntza-politika horretako partaide bihurtzea.

Horrek dakar, ezinbestean, garatu beharreko programa berrien gaineko kontzertazioa, behar diren giza eta diru-baliabideak esleitzeko, teknikariak trebatzeko, etengabeko prestakuntza arloan euskara eskaintzeko, eta abar.

Azken finean, euskararen zeharkakotasunari men eginez, esparru sozioekonomikoan euskara biziberritzeko ahalegina bere gune naturalean txertatu eta integratzeko bidea egin behar da arian-arian. Esaterako, eta adibide gisa besterik ez bada ere, herriz herri gauzatzen diren “PERCO”etan euskara ere kontuan izan behar da bai diagnostikoak bai ondorioak eta proposamenak egiteko orduan. Halaber, herri-administrazioek kontratazioak egiten dituztenean hizkuntza-irizpideak ezarri eta betearazi egin behar dituzte.

Bestalde, hizkuntza-politikaren eremuan eskumenak dituzten organoek (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak) euren jarduna koordinatu beharko dute, batik bat zein herri-agintek zein egitarau-mota eta zein mailatan sustatu edo finantzatu behar duen argitzeko.

Oso formulazio orokorra bada ere, abiapuntu gisa esan daiteke:

Abiapuntu horren bitartez herri-aginte batzuen eta besteen lehentasunak finkatu beharko lirateke; horrek ez du esan nahi foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidego osoko proiektuak sustatu ezin dituztenik, ezta Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek udal mailako egitarauak sustatu ezin dituztenik ere. Baina, bai kontzertatu behar dela zeinek zein neurritan esku hartu behar duen bai baliabideak areagotzeko, bai baliabideei etekin hobea ateratzeko, bai hutsune edo bikoizketa nabarmenik ez gertatzeko.

Lege-garapena

2003ko abenduaren 31z geroztik indarrean da 6/2003 Legea, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena. VII. Kapituluan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak finkatzen ditu, eta erakunde publikoei nahiz diruz lagundutako erakunde eta interes orokorreko sektoreei horiekiko betebehar jakin batzuk finkatzen dizkie. Horrenbestez, Euskararen Erabilpena Arauzkotzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraiki, Autonomia Erkidegoan dauden bi hizkuntza ofizialetako bata zein bestea erabiltzeko eskubidea aitortzeaz gainera, euskara –berariaz progresibotasun-printzipioari jarraituz– sustatzeko asmoa ere agertzen du.

Lege honek, beraz, markoa ezartzen du, eta, orain, erregelamenduen bidez garatzen joan beharko da, arian-arian, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen alde egiteko eta horiek babesteko.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Legearen garapen gisa erregelamendu bidez garatu beharrekoen egutegia finkatu eta betetzea. Halaber, erregelamenduen bitartez legearen eraginpeko erakunde hauek bete beharreko gutxieneko alderdi eta horiek betetzen lagundu ahal izateko baliabideak zehaztuko direla pentsatzekoa da.

Esparru sozioekonomikoan oro har duen eraginagatik, oso gogoan eduki behar da herri-administrazioek zerbitzu publikoaren zeharkako kudeaketa egin dezaketela, eta zerbitzu hori enpresa partikular batek ustiatu arren, zerbitzua emateko modua zehaztea administrazioari dagokiola. Hortaz, kontuan izanik batetik zerbitzuaren titularra administrazioa dela eta bestetik era honetako zerbitzuen neurri-tamaina, guztiz beharrezkoa da zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketan herritarren hizkuntza-eskubideak eta herritarrekiko hizkuntza-betebeharrak bermatzeko hizkuntza-irizpideak behin betiko finkatzea eta onartzea administrazio guztiek.

Hortaz, erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak babestu eta bermatu ahal izateko oinarri-oinarrizko betekizun jakin batzuk zehaztea eta horietarako baliabideak eskura jartzea beharrezkoa den bezala, beharrezkoa ere bada legezko betekizun horiek, gutxienez, benetan beteko direla ziurtatzeko egitasmo koordinatua abiaraztea, eta ez bakarrik legearen eraginpeko alderdiekin, baita hortik gorakoekin ere.

Lanbide-heziketa

2003/2004 ikasturtean, Derrigorrezko Hezkuntzan diharduten EAEko ikasleen % 48,2k D eredua aukeratu du, % 22,5ek B eredua eta gainerako % 29,3k A eredua.

Sarearen arabera, D eredua publikoan zein pribatuan nagusi den arren, alde handiak daude euren artean. Izan ere, sare publikoan D ereduak ikasleen % 62,1 hartzen du eta A ereduak % 23,6. Pribatuan, ordea, D eta A ereduko ikasle-kopuruak parekaturik daude (% 35,5 eta % 34,5 hurrenez hurren).

D eredua nagusi da Haur Hezkuntzan (% 62,3), Lehen Hezkuntzan (% 53,6) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (% 44,4). Batxilergoan eta, batez ere, Lanbide Heziketan, berriz, A eredua da nagusi (% 55,9 eta % 83,6 hurrenez hurren).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Lanbide Heziketaren bilakaerari dagokionez, egoera oso gutxi aldatu da 1982/83 ikasturtetik gaur egunera arte. A eredua erabat nagusi izan da eta da (% 80tik gora ikasturte guztietan). B ereduan, berriz, oso ikasle gutxi aritu dira (% 5 baino gutxiago ikasturte guztietan eta gehietan % 2 baino gutxiago). Azkenik, D ereduari dagokionez, 2000/01 ikasturtera arte oso ikasle gutxi aritu da D ereduan (% 5 inguru edo gutxiago). 2001/02 ikasturtetik hona D ereduan matrikulatutako ikasleen portzentajeak gora egin du argi eta garbi (2003/04 ikasturtean % 13,9).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hizkuntza-ereduek Lanbide Heziketan eta gainerako irakasmailetan izan duten bilakaera oso bestelakoa izan da. Oro har, D ereduak ia etenik gabe egin du gora ikasturtez ikasturte, ikasle gehienek aukeratutako eredu bihurtu arte.

Lanbide Heziketan, berriz, ikusi berri dugunez, azken lauzpabost ikasturtetik hona baino ez du D ereduak argi eta garbi gora egin. Joera-desberdintasun hori zuzen-zuzenean lotu behar da eskaintzarekin. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntza edo DBHn hiru ereduetako edozein aukeratzeko modua dago, baina hori ez da Lanbide Heziketarekin gertatzen. Orain arte, eta gaur egun ere, euskaraz ikasteko eskaintza oso txikia izan da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Beraz, euskararen presentzia areagotzea garrantzi handiko ekimena da, esparru sozioekonomikoa elikatzeko harrobi nagusienetako bat den neurrian. Hori horrela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dauden gabeziei aurre egiteko gogoeta eta lan-proposamena egiteko eskatzen zaio.

Etengabeko prestakuntza

EAEn laneko prestakuntzan euskararen presentzia (euskararen irakaskuntza eta euskaraz emandako prestakuntza) eta erabilera zein den begiratuz gero, ikus daiteke laneko prestakuntzari buruzko informazio euskarri gehienak, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz daudela, baina ez dela adierazten prestakuntza-modulua zein hizkuntzatan eskaintzen den; halaber, ez dago euskara ikasteko ia eskaintzarik. Beraz, bakanak dira laneko prestakuntzan euskararen presentzia sustatzeko ekimenak.

Hori horrela, kontuan izanda laneko prestakuntzaz arduratzen diren erakunde gehienak publikoak direla bideragarria dirudi horietan hizkuntza-irizpidea txertatzeko ahalegina egitea. Horrek ekarri beharko luke, gutxienez, laneko prestakuntzari buruzko informazio-euskarri guztiak elebietan egotea, erakundeen eta erabiltzaileen arteko internet bidezko harremanak, zein bestelakoak, euskaraz ere izan daitezen.

Horrekin batera, laneko prestakuntzari buruzko eskaintza/eskaera adierazterakoan ezinbestekoa da euskararen aipamena jasotzeko modua izatea, besteak beste, zentroaren ikasteredua zehaztuz, euskaraz eman/hartuko diren ikasgaiak zehaztuz, enplegu-eskatzaileentzako curriculumean eta enpresentzako enplegu-eskaintzetan euskararen ezagutza maila zehazteko aukera sartuz, eta abar.

Halaber, laneko prestakuntzari buruz egiten diren azterketa eta ikerketetan hizkuntzaren aldagaia jaso beharko litzateke, prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonen ezaugarri linguistikoak ezagutzeko eta euskarazko prestakuntza jasotzeko prest egon daitekeen enpresa eta langile kopurua ezagutzeko, behinik behin.

Laneko prestakuntza alorreko ekimen pribatuetarako dirulaguntza deialdietan euskarazko prestakuntza sustatu beharko litzateke, euskarazko prestakuntza berariaz aipatuz eta dagokion bestean baloratuz. Gaur egun euskara-planak dituzten enpresen prestakuntza-premiak aztertu, lurraldeka edo eskualdeka esaterako, eta bertako prestakuntza-zentroekin eskaera horiek asetzeko neurriak abian jartzea izan daiteke neurrietako bat.

Bestalde, erakunde publikoek antolatzen dituzten prestakuntza modulu desberdinetan euskarazko eskaintza bermatu beharko litzateke, erakunde horietako edo dagokion Sailaren euskara planetan baldintza hori jasoaz eta prestakuntza emango duten enpresa/zentroak kontratatzerakoan hizkuntza irizpideak ezarriz.

Ondo letorke, azkenik, erakunde publikoek euskaraz eman daitekeen prestakuntzaren eta euskararen irakaskuntzaren informazioa zabaltzea, gaiak zein ikastetxeak, euskara-mailak zein euskaltegiak aipatuz.

Eranskina

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Oin-oharrak


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1119276407