|
Gauza jakina da hitzak eta zenbakiak aho biko ezpatak bihur daitezkeela: zer lortu nahi, halaxe erabili. Bizitzaren arlo guztietan gertatzen den arau ekidinezina da, inondik ere. Politika ez da, beraz, arau horretatik libre geratzen den arloa. Eusko Jaurlaritza, haren Kultura Sailaren bitartez, eredu garbia dugu horretan.
Izan ere, kanpora begira, politikoki komeni denean, hitz polit eta gozoz adierazten du euskararen geroratzean helduen euskalduntze-alfabetatzeak izan duen, duen eta izango duen garrantzia; komeni ez denean, ordea, lau haizetara zabaltzen du krisi larrian dagoen sektorea dela. Halaber, barrura begira, aberastea helburu bakarra duten enpresa pribatu soilak bagina bezala hartzen gaitu batzuetan; otsoari belarriak ikusi ondoren politikoki hori komeni ez denean, ordea, elkarlanerako deia egiten digu. Eguzkia nora, zapiak hara.
Horren harira, iragan den asteartean Patxi Goenagak, Jokin Azkuek, Xabier Huizik eta Gotzon Loberak sinatutako artikulua irakurtzeko parada izan genuen erabili.com-en. Han euskalduntzeari eta euskaltegiei loturiko hainbat konturen inguruan Eusko Jaurlaritzak zein iritzi, asmo eta helburu duen argi azaldu zuten. Horien guztien berri emateko erabilitako hainbat hitz eta zenbaki, ordea, zehaztu behar direlakoan gaude.
Lehenik eta behin, Euskaltegi Homologatuen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioei dagokienez, argi esan beharra dago, norbaitek etetekotan, negoziazio horietan hitzartutako bide metodologikotik aldendu eta bere jarrera inposatu nahi duenak eten dituela, eta ez egindako bideari eusten ahalegindu denak.
Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak euskalduntze eta alfabetatzerako duen helburua zein den aipatzen dutenean -euskaraz hitz egiteko gai diren pertsona helduak kaleratzea eta hauek euskara erabiltzea, eta ez euskaltegiak ikaslez beterik izatea, ezta euskaltegiko langileek eta euskaltegiek beren jardunari eustea-, ahaztu egiten zaie aipatzea euskaraz hitz egiteko gai diren eta gero euskara erabiltzen duten pertsona heldu horiek nondik ateratzen diren. Agian HABEren egoitzetatik? Hizkuntza Politikarako sailetik, akaso? Ez, euskaltegietatik. Eta euskaltegi horiek, hiztun horiek kaleratzeko, berezko jarduna dute, eta ezinbestekoa da jardun hori bermatzea eta normalizatzea helburuak lortu nahi badira. Baina baten batek pentsa lezake hori ez dela ezinbestekoa, eta benetako helburua dela Administrazioaren ABLErik (ETTrik) handiena den euskaltegien sektorearen egoera ez-normalizatuari eustea. Edo, oraindik ere, zalantzan jarri behar al da eginkizunik ote dugun?
Hirugarrenik, zenbakien erabilera maltzurrak irakurlea nahastera eraman dezake, eta hainbat zehaztapen egin behar dira herritarrek egoeraren inguruko argazki errealago bat egitea nahi badugu:
- Ikasleen bilakaerari dagokionez, zazpi urtean jaitsiera izan dela azpimarratu dute, baina azken bi ikasturteetan izandako igoerari ez diote zenbakirik jarri, eta %14koa izan da. Zantzu guztien arabera, gainera, joera hori izango da nagusi aurrerantzean ere.
- Euskaltegion esku utzi dituzten diru baliabideak ere aipatzen dituzte, hau ere aldarrika, HABEren ekarpena zein «handia» izan den agerian utziz. Hemen ere hainbat zehaztapen:
- a) HABEren ekarpenen atalean diru-laguntzaren kontzeptuari ez dagozkion beste kontzeptu batzuk sartzen dituzte, administrazioko langileen matrikulak, kasu. Hortaz, argi eta garbi bereiztu beharra dago, irakurleak balorazio okerrik egitea nahi ez bada, zein kopuru dagokion diru-laguntzari eta zein administrazioko langileen matrikulari.
- b) Haien eragiketa matematikoa -ikasle gutxiago, baina diru-laguntza handiagoa- ez da zuzena. Izan ere, 10 urtez KPI ez dute igo eta euskaltegi libreen homologazioa dago tartean.
- c) Azken bi ikasturteetako HABEren ekarpenaren igoera %27,43koa izan da, ondo azaldu dutenez. Zergatik, ordea? Batetik, 2003ko azaroan sinatutako akordioaren ondorioz hainbat urtetan eman ez zen igoera ematea adostu genuelako. Bestetik, arestian esan bezala, bi ikasturte horietan ikasle igoera izan delako.
- d) Halere, sakoneko arazoa ez da hori, honako hau baizik: inolako azalpenik gabe ematen dituzten kopuru horiek guztiak, nahiz eta handiak iruditu, ez dira, ez dira inoiz izan, eta ez dira inoiz nahikoak izango egoera normalizatzeko, Bitariko Batzordean adostutako eta haiek apurtutako bidean ondo asko agerian utzi denez.
Laugarrenik, ikasleei begirako beka sistema ere abian jarri dutela zabaltzen dute lau haizetara. Besterik da beka horiek eskuratzeko jarritako baldintza baztertzaileekin bat ez etortzea, emaitza «onak» lortzen dituztenek baino ezin baitituzte beka horiek eskuratu, kontuan hartu beharreko beste alde batzuk bazterrean utzita.
Bosgarrenik, euskaltegiaren jardueraren araberako diru-laguntza proposatu beharrean, ikasleen emaitzen araberako diru-laguntza proposatzen hasi dira guretzat. Irakaskuntzaren zein arlotan proposatzen da horrelakorik? Ez al litzateke erokeria izango irakaskuntzaren beste edozein arlotan proposatzea? Zergatik gurean? Zergatik eskatu normalizatu gabeko sektore bati normalizatuari eskatzen ez zaiona?
Azkenik, abisu baten berri ere ematen digute: mahaia hankaz gora botatzeak aurreko egoerara itzultzea ekar lezake. Mahaia hankaz gora jartzea geuri leporatzen digute, urtebete eta erdiko lan-prozedura haiek eten duten arren. Aurreko egoerara itzultzera haien jarrerak eramango gaitu, ez gureak. Horrenbestez, espero dugu emandako azalpenek eta zehaztapenek irakurleari egoeraren isla argiago ikusaraztea.
Ez dugu aukera alferrik galdu nahi elkarrizketak berrabiatzeko gonbitea luzatu gabe; izan ere, gu prest gaude, beti bezala, adostutako bideari eusteko eta sektorearen normalizaziorako pausuak ematen jarraitzeko. Eta, mesedez, hitzen eta zenbakien jolas maltzurrak ez gaitzala bide okerretik eraman!
(MERTXE MUGIKA, PATXI AGIRREGOMEZKORTA, ENTZI ZUBIRI ETA FITO KEREXAZU AEK, Batuz, By&Bai eta IKA-ko kideak, euskaltegi homologatuen izenean)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak
|
|
Euskaltegiak sekulako lana egiten ari dira euskararen normalizazioan: euskararen erabilera bultzatzen dute, gizartea motibatzen dute, euskal kultura zabaltzen dute, belaunaldien arteko euskarazko transmisioa errazten dute, erdaldunei mundu berri bat aurkitzen laguntzan die, euskaldunei haien mundua hobeto ezagutzen erakusten die, euskara maitatzen irakasten dute. Baina honetaz guztiaz gain, helduak euskaldundu eta alfabetatu egiten dituzte, egunero, goizez, eguerdiz, arratsaldez zein gauez. Lanean, azken finean. Eta zorionez, gure herrian lan egiten duenari ordaindu egiten zaio, eta duintasunez ahal bada. Beraz, Jaurlaritzak uste badu helduak euskaldundu eta alfabetatzea beharrezkoa dela euskararen normalizaziorako, lan hori duintasunez ordaindu behar du. Eta beharrezkoa ez dela uste badu, helduen euskalduntzea galdutako erronkatzat badauka, esan dezala garbi, itxurakeriarik gabe, eta jarrai dezala lasai euskaltegiei ogi apurrak ematen. Haiek jarraituko dute euskara maitatzen irakasten, baina zailago izango zaie eguneroko, goiz, eguerdi, arratsalde zein gaueko lanean jarraitzea.
|