Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Nafarroako alderdiek gutxieneko neurririk ez euskararentzat

Itxaso Ferreras Santamaria / Herri-administrazioa / 2005-06-20 / 07:00


Kontseiluak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko lege organikoaren inguruko eztabaidan, alderdi politikoek aurkeztutako proposamenen azterketa egin du, euskarari dagokionez. “Alderdiek ez dituzte gutxieneko neurriak ere hartzen euskararen normalizazioa lortzeko”, salatu dute.



Aurkeztutako informean UPNk, PSNk, Ezker Batuak, Aralarrek, CDNk, Eusko Alkartasunak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak egindako ekarpenak aztertu dituzte. Kontseiluko ordezkariek lau ezaugarri hartu dituzte abiapuntutzat: euskararen izaerari, hizkuntza-politikari, euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari eta hizkuntza-eskubideei buruz proposatutakoa. “Euskarari etorkizun latza aurreikusten diogu horrelako jarrerekin jarraituz gero”, adierazi du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Alde batetik, Gobernuan gehiengoa duten alderdien ekarpenak jaso ditu, UPN, PSN eta CDNrena, alegia. “Ez dute aldaketarik proposatzen euskararen estatusari dagokionez, beraz, gaur egungo eskubide urraketa sistematikoa ahalbidetzen duen markoari eusten diote, etorkizunean sor litekeen konponbidea ukatuz”, azaldu du Iñaki Lasak, Ildo Politiko-Instituzionaleko arduradunak.

Alderdi horientzat hizkuntza-eskubideek ez dute aipamenik ere merezi, Kontseiluko ordezkarien aburuz, “nahiz eta oraingo Nafarroan desoreka sozial nabarmena izan. Nafarroako herritar euskaldunek pairatzen duten bidegabekeriari galga jartzeko inolako borondaterik ez dute erakusten”.

Hizkuntza-politikari dagokionez, ez dute ekarpenik egiten. “Kontuan hartzen badugu gehiengo politikoa direla nekez ikusiko dugu etorkizun hurbilean konponbiderik”, salatu du Iñaki Lasak.

Bestetik, Aralarren, EAren, EAJren eta EBren proposamenen edukia alderatu du. Hauek euskararen ofizialtasuna eskatzen dute, “baina bakar batek ere ez du euskararen estatusa definitzen lehentasuneko izaera erabiliz eta bakar batek ere ez du ezagutu beharra aldarrikatzen”.

Aralarren kasuan Justizia administrazioari buruz egiten duen ekarpena ‘anbiguoa’ dela aditzera eman du Kontseiluko Ildo Politikoko arduradunak, “ez baitu zehazten itzultzailearen bitartekaritza ontzat ematen duen ala ez ‘beharrezko baliabideak’ soilik aipatzen dituelako”.

Izan ere, Aralarrek, EAk, EAJk eta EBk hizkuntza-eskubideen aipamena egiten dutela jakinarazi dute, “nahiz eta hainbat kasutan aditz tinkoak erabiltzen ez diren”.

Azkenik, datu bitxi bati buruz ohartarazi du Kontseiluak. “EAJren portaerak harritu gaitu. EAEko Estatutu Berrirako Proposamenaren egilea da eta testu horretan ez da jasotzen gaztelania berezko hizkuntza gisa eta bai, ordea, Nafarroan egin duten proposamenean. Erabat ezezagunak dira guretzat aldaketa hori sortu duten arrazoiak eta ez dakigu zergatik den gaztelania berezkoa Nafarroan. Horixe da EAEn aurkeztutako testuarekiko aldaketa bakarra”, azaldu du Iñaki Lasak.

Jaso beharrekoa

Kontseiluaren Idazkari Nagusiak alderdiek kontuan hartu beharreko ideiak argitu ditu. “Lehendabizi Euskara Nafarroako berezko hizkuntza, lehentasunekoa eta ezagutu beharrekoa dela argi utzi behar dute”.

Izan ere, hizkuntza-politika oso baten beharra azpimarratu du, “Administrazio Nagusitik Toki Administraziorainokoa, baliabidez ongi hornitua, sailartekoa, gizarteko sektore guztietara iristeko modukoa gizarte osoa inplikatzeko xedez”. Era berean, hizkuntza-politika horrek helburu eta epe zehatzak izan behar dituela gogorarazi du Mendigurenek.

Jaso beharrekoen artean, herritarron hizkuntza-eskubideak giza-eskubideak diren neurrian bermatu egin behar direla eta horretarako administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak lehentasunez euskaldundu beharko direla jaso dute azterketan.

Legeei dagokienez, Kontseiluak 86an sortutako “vascuencearen legearen” ezaugarri nagusiak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko legeak ezartzen dituen ezaugarrietan oinarritzen dela gogorarazi du. “Beraz, 86ko legea aldatuko bada ezinbestekoa izango da NFEBH legean dagoen erredakzioa aldatzea”, esan du Xabier Mendigurenek.

Prentsaurrekoan Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Nafarroako alderdi politikoei euskararen normalizazioa ahalbidetzeko neurriak har ditzatela eskatu die. “Hizkuntza-politika eraginkorrik ezarri ezean, euskararen egoerak ez du konponbiderik izango”.

Azterketa

Kontseiluak Nafarroako Foru Eraetza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko lege organikoaren inguruko eztabaidan, alderdi politikoek aurkeztu dituzten proposamenen azterketa egin du, euskarari dagokionez.

Aztertzen ari den testuak euskarari buruz dioena gogoratuko dugu:

“9. artikulua.

1.- Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala.
2.- Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.”

Ikusten denez, 86an sortutako “vascuencearen legearen” ezaugarri nagusiak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko legeak ezartzen dituen ezaugarrietan oinarritzen da. Beraz, 86ko legea aldatuko bada ezinbestekoa izango da NFEBH legean dagoen erredakzioa aldatzea. Euskarak bere normalizaziorako behar duen estatusa Foru Hobetzeari buruzko legeak zehaztu behar du eta ondorioz, garrantzi handikoa da aldaketarako proposamen zehatz eta eraginkorrak egitea. Lan honen xedea alderdi politikoen ekarpenak aztertzea da euskaren normalizazioari begira funtsezkoa baita gaia egoki garatzea.

NFEBH legeak izaera estatutarioa du, Nafarroako marko juridikoaren gailurrean dago eta ondorioz, geroko garapen legala baldintzatu egiten du. Beraz, komenigarria da oso, euskararen normalizazioa erraztu eta ahalbidetuko duen erredakzioa jasotzea, gaur egungoa gaindituz, argi baitago gaur egungo erredakziotik ondorioztatzen direla euskararen normalizaziorako oztoporik handienak diren ofizialtasun falta eta zonifikazioa.

Azterketa alderdiz alderdi:

UPN

Euskararen izaerari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-politikari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-eskubideei buruz

Ez du aipamenik egiten.

PSN

Euskararen izaerari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-politikari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-eskubideei buruz

“... debe incluirse una referencia expresa y exhaustiva a los derechos de la ciudadanía en la norma fundamental de nuestro régimen de autonomía, acogiendo la garantía de acceso a unos servicios y prestaciones de calidad, a través de los correspondientes sistemas públicos de protección social, en el ejercicio de los derechos a la salud, a la educación, a la vivienda, a los servicios sociales y a la igualdad de oportunidades entre hombres y mujeres, así como la del acceso a todos aquellos recursos que permitan avanzar hacia la cohesión social de nuestra comunidad y la abolición de cualquier tipo de discriminación.”

Ezker Batua

Euskararen izaerari buruz

“Cooficialidad del castellano y del vascuence en todo el territorio de la Comunidad Foral, superando la actual normativa que discrimina los derechos lingüísticos de los ciudadanos en función de que su residencia se halle en una u otra de las tres zonas lingüísticas.”

Hizkuntza-politikari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-eskubideei buruz

“En Navarra ha de superarse la actual normativa que discrimina los derechos lingüísticos de los ciudadanos en función de que su residencia se halle en una u otra de las tres zonas lingüísticas.”

Aralar

Euskararen izaerari buruz

8. art.- NAFARROAKO HIZKUNTZAK.- Nafarroako egungo hizkuntzak euskara eta gaztelania dira eta bion ofizialtasuna adierazten da. Bi hizkuntzok dira Nafarroako ondare komuna eta herritar nafar orok du edozein motatako bere harreman sozialetan, hezkuntzan, kulturan eta Administrazioarekin dituen harremanetan erabili nahi duen hizkuntza libreki aukeratzeko eskubidea.

Nafarroako erakundeek hiritar bakoitzaren hizkuntz eskubideak errespetatuko dituzte. Horretarako beharrezko baliabideak jarriko dituzte, aukera hori benetan bermatua izan dadin, hizkuntz aukera dela-eta diskriminaziorik gertatu gabe.

Euskara bere hizkuntzetako bat duela baina esklusiboki berea ez dela aitortzen du Nafarroak. Horregatik, hizkuntza horren zaintza eta sustapena Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako edo Iparraldeko gizarte eta erakunde eta ordezkapen politikoei dagozkie. Ondorio horretarako, hitzarmen egokiak eratu eta garatzen ahalko dira.

Euskara, Europan bizirik diraun indoeuropeoen aurreko hizkuntza bakarra izanik, gizateriaren ondarea da. Nafarroak bide egokietatik sustatuko du, berea duten gainerako komunitateekin batera hala badagokie, euskarak Europan ofizialtasuna izan dezan.

Hizkuntz arauak finkatzeko kontsultarako erakunde ofizialak Real Academia de la Lengua Española eta Euskaltzaindia izanen dira”.

Hizkuntza-politikari buruz

Ez dago aipamen zehatzik hizkuntza-politikak izan behar dituen ezaugarri zehatzei buruz.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

45. art.- HIZKUNTZ ESKUBIDEAK NAFARROAKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN.- Nafarroako Gobernuak hizkuntz gaietan aholkularitza eta prestakuntza bideratuko ditu edozein herritar aukeratzen duen hizkuntza ofizialean artatu ahal izateko.

Halaber, Justizia Administrazioari dagokionez, herritar oro behar bezala entzun eta ulertzea bermatzen den hizkuntzaz artatzeko beharrezko baliabideak ezarriko dira.”

Hizkuntza-eskubideei buruz

Bi aipamen ditugu:

“Hauek izanen dira Nafarroako Gobernuaren funtzionamenduaren printzipio gidatzaileak:

- A) Pertsona guztien berdintasuna eta haietako bakoitzaren giza eskubideen defentsa.

- B) Hiritar guztien banakako identitateari datxezkion eskubideak, eskubide kolektiboak, hizkuntza eskubideak eta erlijio, kultur edo gizarte atxikipenekoak errespetatzea.”

“Nafarroako Komunitateak Nafarroan pertsona ororen banakako giza eskubideak errespeta eta gauza daitezen zainduko du, pertsonak jatorriz, sexuz, ideologiaz, arrazaz, hizkuntzaz edo beste edozein ezaugarri edo gorabeheraz bereizi gabe: bizitzarako eskubidea; bere osotasunerako eskubidea; ohorerako eskubidea; askatasun ideologiko, kultural eta erlijiosorako eskubidea, bai hedatu eta aldarrikatzearen zentzu aktiboan bai errespetu eta jasotzearen pasiboan; egoitza-askatasunerako eskubidea eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta, eskubide sozial eta kolektiboei dagokienez, norberaren aukerarakoa”

CDN

Euskararen izaerari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-politikari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-eskubideei buruz

Ez du aipamenik egiten.

Eusko Alkartasuna

Euskararen izaerari buruz

Testu legalaren erreformarako oinarriak:

“2- La oficialidad del euskara como garante de la existencia de dos lenguas en Navarra. El tratamiento al euskara es totalmente discriminatorio, vulnerándose los derechos lingüísticos de toda la ciudadanía navarra. La cooficialidad del euskara y castellano superaría dicha situación y supondría la derogación de la ley del Vascuence 8/86 y de los decretos posteriores.”

Hizkuntza-politikari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-eskubideei buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euzko Alderdi Jeltzalea

Euskararen izaerari buruz

“8. artikulua.

1.- Gaztelania eta euskara dira Nafarroako hizkuntza berezkoak eta biak izanen dira Nafarroako hizkuntza ofizial. Nafarroako biztanle guztiek dute bi hizkuntzak erabiltzeko eta jakiteko eskubidea.

2.- Nafarroako erakundeek, aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuz, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, bien ofizialtasuna arautuz, eta haien ezagutza segurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.

3.- Inor ere ezin izanen da hizkuntza dela-eta diskriminatu. Beraz, nafar herritar guztien hizkuntza-eskubideak begiratuko dira.

4.- Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia da erakunde aholku emaile ofiziala.

5.- Euskara beste euskal lurralde eta giza talde batzuen ondare den aldetik, eta erakunde akademiko eta kulturalen arteko harreman eta loturez gain, Nafarroako Foru Komunitateak lurralde eta giza talde horiekin akordio edo hitzarmenak izenpetuko ditu, euskara zaindu eta sustatu beharrez.

6.- Espainiako Estatuak, hizkuntza anitzeko estatua dela aintzat hartuz, euskara errespetatu, sustatu eta babestuko du erakunde-eremu guztietan, baita Europar Batasunean eta nazioartean ere.”

Hizkuntza-politikari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Euskarak Justizia administrazioan izan behar duen lekuari buruz

Ez du aipamenik egiten.

Hizkuntza-eskubideei buruz

“3.- Inor ere ezin izanen da hizkuntza dela-eta diskriminatu. Beraz, nafar herritar guztien hizkuntza-eskubideak begiratuko dira.”

Jaso beharrekoa

Kontseiluaren iritziz honako puntu edo ideia hauek jaso beharko lirateke testuan:

  1. Euskara Nafarroako berezko hizkuntza da, lehentasunekoa eta ezagutu beharrekoa.
  2. Hizkuntza-politika osoa behar da, Administrazio Nagusitik Toki Administraziorainokoa, baliabidez ongi hornitua, sailartekoa, gizarteko sektore guztietara iristeko modukoa gizarte osoa inplikatzeko xedez. Hizkuntza-politika horrek helburu eta epe zehatzak izan behar ditu.
  3. Herritarron hizkuntza-eskubideak giza eskubideak diren neurrian bermatu egingo dira eta horretarako administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak lehentasunez euskaldunduko dira.

Ondorio nagusiak

1. UPN, PSN eta CDN alderdiek ez dute aldaketarik proposatzen euskararen estatusari dagokionez, beraz, gaur egungo eskubide urraketa sistematikoa ahalbidetzen duen markoari eusten diote etorkizunean gerta litekeen konponbidea ukatuz.

2. Alderdiontzat hizkuntza-eskubideek ez dute merezi ezta aipamenik egin ere, nahiz eta oraingo Nafarroan desoreka sozial nabarmena izan. Nafarroako herritar euskaldunek pairatzen duten bidegabekeriari galga jartzeko inolako borondaterik ez dute erakusten.

3. Hizkuntza-politika berri eta justuago bat ezartzeko ez dute ekarpenik egiten. Kontuan hartzen badugu gehiengo politikoa direla nekez ikusiko dugu etorkizun hurbilean konponbiderik.

4. Aralarrek, EAk, EAJk eta EBk euskararen ofizialtasuna eskatzen dute baina, bakar batek ere ez du euskararen estatusa definitzen lehentasunezko izaera erabiliz eta bakar batek ere ez du ezagutu beharra aldarrikatzen.

5. Aralarren kasuan Justizia administrazioari buruz egiten duen ekarpena aski anbiguoa da ez baitu zehazten itzultzailearen bitartekaritza ontzat ematen duen ala ez “beharrezko baliabideak” soilik aipatzen dituelako.

6. Aralarrek, EAk, EAJk eta EBk hizkuntza-eskubideen aipamena egiten dute nahiz eta hainbat kasutan aditz tinkoak erabiltzen ez diren.

7. Bereziki bitxia suertatu zaigu EAJren kasua. Izan ere, EAEko Estatutu Berrirako Proposamenaren egilea da eta hango testuan ez da jasotzen gaztelania berezko hizkuntza gisa eta bai Nafarroan egin duten proposamenean. Erabat ezezagunak dira guretzat aldaketa hori sortu duten arrazoiak eta ez dakigu zergatik den gaztelania berezkoa Nafarroan. Horixe da EAEn aurkeztutako testuarekiko aldaketa bakarra.

(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1119028856