|
Azken urteotan zehar euskaltegi homologatuen ahotsa behin eta berriro entzuteko parada izan dugu. Egunotan beretan ere kaleratu zaizkigu euskaltegietako ordezkariak. Horregatik guk ere geure ikuspegia eskaini nahi genioke euskal herritarrari.
Euskalduntzearen krisiaz behin baino gehiagotan hitz egin da. Hau dela eta, 2002an Eusko Jaurlaritzak IKEI enpresari azterketa bat agindu zion. Zenbait ondorio eta bide berri proposatzen zituen lan horrek. Bitariko batzorde bat ere abian jarri zen euskaltegi pribatuen eta administrazioaren artean osatua.
Batzorde horrek eman du zenbait fruitu. Besteak beste, ikasleen beharretara egokitutako irakaskuntza aintzat hartu da, ikas-prozesuaren eraginkortasuna indartzeko proposamenak egin dira, hizkuntza mailen aitortza sistema egituratu da, irakasleen etengabeko prestakuntzaren inguruko plangintza adostu da, euskaltegien maparako irizpideak bateratu dira eta abar.
Baina batzorde hori, parte bati entzunda behintzat, kolokan dagoela dirudi. Negoziazioak eteteko prest omen dira. Hala adierazi dute euskaltegien ordezkariek.
Baina zertan dira kontuak?
Inoiz zalantzan jarria izan da euskalduntze-alfabetatzearen sustapenari buruz Jaurlaritzak duen borondatea. Garbi dago, hala ere, Jaurlaritzaren ibilbideak, eta bereziki azken urteotakoak zalantzari oinarri gutxi eskaintzen diola. Funtsean dagoen galdera honako hau da: Zein da euskalduntze-alfabetatzearen betebeharreko helburu nagusia? Euskaltegiak ikaslez beterik izatea? Euskaltegiko langileen eta euskaltegien beren jardunari eustea? Ala euskaldunak, euskal hiztunak, lortzea?
Hiru helburuok zilegi dira, jakina, baina hizkuntza politikaren egokitasunaren ikuspegitik argi dago zein den lehenetsi behar dena, bera baita nagusi eta oinarrizko: euskaraz hitz egiteko gai diren pertsona helduak kaleratzea eta hauek euskara erabiltzea. Hori da benetako helburua. Beraz, hartzen diren neurriak hartzen direla, irizpide hau kontuan izanik hartu beharko lirateke.
Euskaltegiek lan handia egin dute eta segitzen dute egiten. Baina azken hamarkadan gauzak asko aldatu dira. Aipa ditzagun, argibide gisa, zenbait datu:
- Euskaltegi pribatuetako ikasleen bilakaera oso nabarmentzekoa da:
| Ikasturtea | Ikasleak |
|---|
| 1995-1996 | 32.951 | | 1996-1997 | 31.971 | | 1997-1998 | 30.811 | | 1998-1999 | 30.738 | | 1999-2000 | 30.966 | | 2000-2001 | 27.584 | | 2001-2002 | 25.083 | | 2002-2003 | 24.102 | | 2003-2004 | 25.912 | | 2004-2005 | 27.516 |
Urterik urte etengabeko galera izan da: zazpi urtetan % 27ko jaitsiera. Baina beheranzko bide hori eten da eta azken bi urteetan gorantz egin du berriro.
- Ikasleen emaitzak ere esanguratsuak dira.
Euskalduntzeko prozesua luzea da eta jarraitzea eskatzen du. Hala ere, urte batetik bestera ikasten jarraitzen dutenak erdiak edo dira. Zehazki, beheko mailetan % 45 birmatrikulatzen da. Gainerako guztiek ikasprozesua amaitutzat ematen dute, atalase mailara iritsi gabe.
Taula honek erakusten digu zein den birmatrikulatze tasa hori:
| Maila | Jarraitze-tasa |
|---|
| 1-3 urratsak | % 45,0 | | 4-6 urratsak | % 56,2 | | 7-9 urratsak | % 56,5 | | 10-12 urratsak | % 37,9 | | alfabetatzea | % 24,5 |
Eta ikasmailen egiaztatzeari erreparatuz gero, euskaltegiak azterketara aurkezteko gai jotzen dituen ikasleak erdiak edo dira, eta hauetatik % 55 inguruk gainditzen dute azterketa.
- Euskaltegi pribatuen esku jarritako diru baliabideetan ere aldaketak ez dira nolanahikoak izan.
| Ikasturtea | HABEren ekarpena |
|---|
| 1995-1996 | 11.440.541,61 | | 1996-1997 | 11.086.418,42 | | 1997-1998 | 11.665.385,59 | | 1998-1999 | 11.625.427,03 | | 1999-2000 | 12.691.409,91 | | 2000-2001 | 14.503.945,30 | | 2001-2002 | 14.137.506,31 | | 2002-2003 | 13.199.135,61 | | 2003-2004 | 15.257.447,90 | | 2004-2005 | 16.819.659,86 |
Azken hamarkadan (1995etik aurrera) bilakaera hau izan du euskalduntze-alfabetatzearen sektore pribatuari zuzendutako diru laguntzak: 1995-96 ikasturtean 11.440.541 euro eman ziren eta 2004-05ean 16.819.656 euro (% 47ko igoera). Aipatzekoa da, halaber, azken bi ikasturteetakoa, % 27,43koa hain zuzen. Hamarkada berean, ordea, ikasle kopuruak % 16,49ko beherakada izan du. Beraz, eremu honetan ere, aldaketa nabarmena.
Aurrera begira, Eusko Jaurlaritzaren asmoa euskalduntze-alfabetatzearen esparrua indartzea da eta euskaltegi pribatuei etorkizuna bermatzen duen eskaintza egin zaie: orain arte zenbait bidetatik emandako diru kopurua egonkortzea eta datozen lau ikasturteetan urteroko igoera bermatzea (KPIa 05-06tik 08-09ra) hain zuzen ere.
Honezaz gainera, bada beste lerro bat ere, finantzaketaren eremuan, abian jarri duguna: ikasleei begirako beka sistema. Honek Euskararen Aholku Batzordearen gomendioari erantzuten dio. Euskara ikasteak esfortzu handia eskatzen du. Horregatik, ahalegin hori aintzat hartuz, diru laguntza lerro bat ireki da, maila gainditzen duen ikasleari euskara ikastea dohainik atera dakion. Bide hori iaz urratu zen lehenengoz eta, aurten diru laguntza hirukoiztu egin da (625.000 euro). Asmoa da maila gainditzen duen ikasleak matrikuletan ordaindu duena berreskuratzea. Era honetako ekimen batekin euskalduntze-alfabetatzearen eraginkortasunaren adierazlerik argiena bultzatzen da, emaitzen baloratzea, alegia. Era honetan lortuko duguna ez da soilik ikasleen ahalegina saritzea, besterik gabe, baizik eta euskaltegien jarduera bera ere horri begira jartzea. Azken batean, ikasleen emaitzak ez ezik, euskaltegienak ere sustatuko dira eta honi igarri egingo zaio kalean ere. Euskaltegien jarduera ere hobetu daiteke horrela.
Beraz, beti ere helburu nagusia begien aurrean dugula, Batzordean eskainitakoak finantzaketa egonkortzen du eta etorkizuna bermatzen. Hori da mahai gainean jarri duguna.
Finantzaketa sistemak ezin du saihestu helburu nagusia, euskal hiztunak lortzearena, alegia. Horretarako, emaitza onak lortzen dituen ikaslea nahiz euskaltegia saritu behar da. Hori da Administrazioaren betebeharra. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak "produktuari" begiratzeaz gain "prozesuan" ere parte hartu behar du euskaltegien kalitate proiektuak garatuz, materialen kalitatea zainduz eta abar, baina aurrean aipatutako norabidea galdu gabe.
Administrazioa ordezkatzen dutenak ez dira oraindik altxatu bitariko batzorde horretako mahaitik, eskainitako formula bidezkoa dela uste baitugu. Mahaia hankaz gora botatzeak aurreko egoerara itzultzea ekar lezake. Ez dugu hori nahi.
Azken batean euskaltegien kalitatea dago hemen jokoan. Beraz, euskaltegientzat oraindik ere bada lanik eta nahi genuke lana gero eta hobeki egin ahal izatea eta gero eta euskaldun gehiago ateratzea. Ezin dugu helburu hori ahantzi. Eta horren alde ari gara eta etorkizunean jarraituko da.
(PATXI GOENAGA MENDIZABAL Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
- Artikulua honako hauek ere izenpetu dute: JOKIN AZKUE ARRASTOA HABEren zuzendari nagusiak, XABIER HUIZI EGILEGOR Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen normalkuntzarako zuzendariak eta GOTZON LOBERA REVILLA Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara sustatzeko zuzendari nagusiak. Guztiak administrazioaren ordezkariak dira Batzorde Bitarikoan.
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak
|