Egin klik hemen INPRIMATZEKO


EUSKALTERM: Hiztegi Batuaren argitan eguneratzen

Jabier Agirre Lasarte - UZEI / Hizkuntza / 2005-06-16 / 07:00


Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak azken urte hauetan bidea argitu badu ere, zenbaitetan arazoak ere sortzen dizkigu terminologiaren alorrean gabiltzanoi. Izan ere, zehaztasun handiagoa behar dugu kontzeptuak izendatzeko. Bestalde, Euskaltzaindiak esana du terminologia ez dela bere egitekoa. Horregatik, EBPNren baitan sortu den terminologia-batzordeak hartu beharko luke terminologiagintzaren ardura.



<b>UZEI, euskal terminologia eta lexikografia zentroa</b>

UZEI, euskal terminologia eta lexikografia zentroa

UZEI 1977. urtean sortu zen helburu nagusi batekin: euskara mundu modernora egokitzea, edozein hiztunek edozein lan-eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabili ahal izateko. Alegia, hizkuntzaren corpusa modernizatzea zuen eta du UZEIk helburu, euskal lexikoaren garapenari arreta berezia eskainiz, euskara irakaskuntzan, administrazioan, komunikabideetan eta lan-munduan sartzeak dakartzan erronka berriei modu egokian eta zehazki aurre eginez.

Hasieratik edozein lan-eremutan zehaztasunez lan egin nahi horrek ekarri zuen UZEI terminologia-lanari ekin dion lehen euskal erakundea izatea. Lantalde berezia sortu zuen UZEIk bere baitan, baina kanpoko lankideekiko elkarlanari esker iritsi zen, 1986an, EUSKALTERM terminologia-zentroa sortzera, UZEIren atal nagusi gisa. Eta, horrekin batera, izen bereko terminologia-bankua ere bai, egun euskal terminologia-banku publikoa dena gainera.

Irabazi-asmorik gabeko erakundea da gurea, 1987an Eusko Jaurlaritzak Babespeko Elkarte izendatua, eta, 1989an, gainera, erakunde beretik Onura Publikoko aitorpena jaso zuena, hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorra sustatzen duelako.

Egun, UZEI Europako terminologia-zentroek sinatutako Bruselako Adierazpenaren sinatzaile da eta bere 28 urtetako lana EUSKALTERM terminologia banku publikoan dago kontsultagai.

UZEIren hiztegigintza-lana, terminologian

28 urte daramatza UZEIk hiztegi terminologikoak egiten (1), alegia, kontzeptu bakoitzari euskal termino zehatz bat ezartzen, euskara edozein esparrutan erabili ahal izateko prest izan dadin. Horren erakusgarri dira urteotan prestatu dituen 57 hiztegiak:

Fisika
Artea

Biologia
1. Izendegia
2. Botanika
3. Ekologia
4. Zoologia

Medikuntza
1. Liseriketa
2. Arnas Aparatua
3. Pediatria

Hizkuntzalaritza
Nekazaritza
Estatistika
Enpresa
Erlijioa
Politika
Gizarte-lana
Psikologia
Filosofia
Zuzenbidea

Kimika
Matematika

Kirola
- Pilota
- Atletismoa
- Futbola
- Txirrindularitza

Ekonomia
- Ekonomia
- Finantzak
- Ekonomia eta finantzak

Meteorologia
Farmazia
Psikologia
Filosofia
Erlijioa
Eraikuntza
Musika
Hirigintza
Glotodidaktika
Terminologia

Kirolkidea
Futbola

Hiztegitxoak:
- Aurrezki Kutxan
- Azokan
- Jatetxean
- Medikuarekin
- Udaletxean

Banaketa eta kontsumoko hiztegiak
1. Janari-edariak
2. Bazarra, ehunkiak, oinetakoak, drogeria
3. Etxetresna elektrikoak

Teknologia Mekanikoa
Administrazioa / Zirkulazioa
Arrantza
Administrazio Sanitarioko hiztegia
Izen geografikoen glosarioa
Informatika eta Internet hiztegia
Laburtzapenen gidaliburua
Lan Harremanen Hiztegia
Informatika

Lan egiteko eta gizarteratzeko modua ere asko aldatu da urteotan, normala denez. Lehen garai haietan, hiztegiak banaka prestatu eta argitaratzen ziren, hasieran hiztegi berdeen saila osatuz,

garai berriek eskatzen zuten diseinu modernoagora moldatuz gero,

eta paperetik sarera jauzi eginez azkenik.

Paperean ezagutu ez ditugun hiztegiak zuzenean aurkituko ditugu sareko kontsultan. Azken urteotan, esaterako, ondoko 25 hiztegiok landu dira, alor eta jakintzagai bakoitza bere aldetik, baina ondoren EUSKALTERMen integratu dira zuzenean:

- Aseguruen Hiztegia
- Ostalaritza Hiztegia
- Zenbakizko kontrola. Hiztegia
- Jatetxe, Taberna eta Kafetegietako Hiztegia
- Bulegotikako Hiztegia
- Europako Hiztegia
- Laburtzapenen Hiztegia
- Irudia, Ikus-entzunezkoak eta Soinua Hiztegia
- Itsas Zuzenbideko Hiztegia
- Hizkuntza Teknologien Hiztegia
- Turismo Hiztegia
- Tostako arraunketaren oinarrizko Hiztegia
- Estatistika Hiztegia
- Altzariak Hiztegia
- Norberaren Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika Hiztegia
- Zapata-denden Hiztegia
- Makina–tresnen Hiztegia
- Kooperatiba Hiztegia
- Arropa-denden Hiztegia
- Iturgintza Hiztegia
- Burdindegia Hiztegia
- Automobilen Mantentze Hiztegia
- Elektrizitate Dendetako Hiztegia
- Eskubaloia. Hiztegia
- Saskibaloia. Hiztegia

Egun, hiztegi horiek guztiak, bai eta prestatzen diren hiztegi berriak ere, EUSKALTERMen integratzen dira, guztiak elkarrekin kontsultatzeko aukera emanez. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, terminoak etengabe zuzentzen eta berrikusten direnez, bankuko informazio guztia eguneratua mantentzen da. Horiek horrela, 82 hiztegiei eta hustuketa terminologikoei dagozkien 684.199 sarreratan jasotako 187.600 kontzeptu biltzen ditu terminologia-bankuak, zazpi hizkuntzatan gainera: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa hizkuntza nagusi gisa, baina baita katalana, alemana eta latina ere, hainbat kasutan.

UZEIren jarduna terminologiaren eguneratze-lanean

Aurreko atalean UZEIren hiztegigintza-lana aipatu dugu, 28 urteotan prestatu dituen hiztegi terminologiko guztiak aurkeztu ditugu. Horrez gain, lan horiek guztiak terminologia-bankuan integratzen direla ikusi dugu, baina ez modu automatiko hutsean, barne-koherentzia zainduz baizik. Hala ere, egindako lanak bateratzearekin ez da UZEIren terminologia-lana amaitzen. Izan ere, EUSKALTERMeko terminoak etengabe berrikusi eta, dagokionean, eguneratu behar dira. Horixe da atal honetan azaltzen saiatuko garena. Terminoak aurkeztu bai, baina gerora jarraipena egin behar zaie, eta, gutxieneko maila batean behintzat, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak dioena aplikatu behar da batetik, eta terminologiaren oinarrizko teorizazioari dagozkion gainerako arauak bestetik, betiere Terminologia Batzordearen argitan.

Mahai-inguru honen gaira —alegia, “EUSKALTERM terminologia-bankua Hiztegi Batuaren argitan eguneratzen”— bueltatuz, Euskaltzaindiko arauen aplikazioari lotuko gatzaizkio segidan.

Hasteko, gogora ditzagun hainbat puntu, garaian eta egitekoetan errazago kokatzeko:

Zerrenda horiek abiapuntu hartuta, beraz, hor agertzen diren formak baliatzen ditugu UZEIn EUSKALTERM eguneratzen joateko. Bestela esanda, Hiztegi Batuko irizpideak aplikatzen ditugu, liburuaren hitzaurrean bertan azaltzen diren irizpide horiek gure eginez:

Ondoko orriotan irizpideok ikusiko ditugu, banaka, eta aplikazio batzuk sortu dituzten arazoak zein emandako irtenbideak planteatuko ditugu kasuan-kasuan.

Hiztegi Batuak hitzen aukera egokiak finkatzen ditu

Gure eguneroko lanean ohizkoak diren kontzeptuak euskaraz izendatzeko orduan, hiztegi batetik bestera zegoen aukera-aniztasuna nolabait konpontzera etorri da Hiztegi Batua. Zalantza asko argitzeko modua eman digu Hiztegi Batuak hitz-zerrendak argitaratu ahala, bai hitzen grafiari dagozkionak (marra jarri ala ez, esaterako), bai mailegutzan hartutako formen egokitzapenari dagozkionak (hitz-bukaerako -o/-u zalantza, adibidez) edota eratorpeneko hainbat legeren ingurukoak, besteak beste. Bestalde, kontzeptu jakin bat izendatzeko aukera bat baino gehiago zeuden kasuetan, forma bat Hiztegi Batuan agertzea aski arrazoi izan da guretzat forma hori onartzeko, eta agertzen ez den bere lehiakidea baztertzeko. Hauen adibide dira:

Hiztegi Batuan agertzen daEUSKALTERMen zer egin den
erietxeHorrela, eritetxe zena erietxe utzi da
eskorbuto Med.Beraz, eskorbutu > eskorbuto
eskuzapiesku-zapi > eskuzapi
infekzio Med. (eta ‘zoldura’ hitza ez da ageri)Garai batean erabiltzen zen zoldura kendu egin da
immunitate
immunizatu
immunizazio
Lehen inm- zirenak aldatu egin dira
karburagailukarburadore > karburagailu
kirofano* e. operazio(-)gela,
ebakuntza(-) gela
operazio-gela hobetsi da gure fitxetarako
liseriketa* e. digestioZuzendu egin da. Eta, horrekin, baita familia osoa ere (digeritu, digestio, digerierraz, etab.)
motore* e. motorEUSKALTERMeko fitxetan motor bakarrik agertzen da, baita eratorrietan ere (psikomotor, serbomotor, okulomotor, etab.)
ospitaleratu ‘ospitalera eraman’Eta, ingresatu formarik ez dagoenez, medikuntzako fitxak aldatu egin dira.

Hiztegi Batuak hitzen adiera-eremuak finkatzen ditu

Teknika- eta zientzia-hitzei dagokienez, bakoitzaren alorra mugatzen du Hiztegi Batuak, Mat., Admin. eta kideko laburduren bidez. Hala ere, kasu batzuetan, hitz jakin bati markatutako eremua estuegia iruditu zaigunean, antzeko beste alor batzuetara ere hedatu dugu forma horren erabilera. Bestalde, zenbait kasutan komatxoak erabiltzen dira Hiztegi Batuan hainbat hitzen esanahia argitzeko, definizio gisa, edo, bide batez, erabiliagoa den besteren bat hobesteko.

Hiztegi Batuak sinonimoak diren hitzak markatzen ditu

Liburuaren sarreran bertan aipatzen den bezala, ahalegin berezia egin du Hiztegi Batuak sinonimoak eta antonimoak ematen, zenbait kasutan horietako batzuk sinonimo beteak ez direla jakin arren.

Lehen zegoen EUSKALTERMenHiztegi Batuko erabakia aplikatuz
tomotomo + liburuki
jaspejaspe + harrinabar
karikaturakarikatura + irrimarra
optimismooptimismo + baikortasun
optimistaoptimista + baikor

Ikusten denez, Hiztegi Batuak markatutako sinonimia jaso da EUSKALTERMeko fitxetan. Baina, kasu batzuetan Hiztegi Batuan sinonimotzat jotzen diren batzuk bi kontzeptu dira terminologian, eta hala jaso dira bankuan. Flora eta landaredi hitzen kasuan ikus dezakegu hori: Hiztegi Batuan flora Sin. landaredi jaso da; EUSKALTERMen, aldiz:

flora = Herrialde, leku edo garai bateko landareen multzoa. Landare horien deskribapena dakarren liburua. Organo partikular baten baitako mikroorganismoak. Adib. heste-flora.

landaredi = Area bat okupatzen duten landare guztien multzoa. Batez ere banakoen kopurua eta haien arteko harremanak hartzen dira kontuan eta ez hainbeste landare-mota desberdinak, flora-azterketan egiten den bezala (Adib. paduretako landaredia (2)).

Euskara idatzian azken urteotan eztabaidagai izandako hainbat hitzen grafia finkatzen du Hiztegi Batuak

Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, lehen idatzaldian bederen, ortografia-hiztegia da batez ere. Hitzen forma grafiko egokia finkatzen da bertan, betidaniko gure dudak argituz. Hain zuzen, lehen urrats hori garrantzi handikoa izan da EUSKALTERMeko fitxen grafiaren inguruan genituen zalantza gehienak —ez guztiak zoritxarrez— modu koherente eta logikoan erabakitzeko. Adibide batzuk aipatzeko:

Baina, hala ere, maileguen egokitzapenari dagokionez, bada kontraesanik Hiztegi Batuan. Euskaltzaindiak 1984ko martxoaren 30ean ontzat hartu zuen oso-osoan aurretik Alfontso Irigoienek proposatua. Maileguaren iturri zaharra grekoa zenean, honela zioen 3. atalean:

Grekozko [.....hainbat forma...] nominatiboko azken –s gabe har daiteke: analisi, katekesi, psikosi, neurosi, metropoli. Baina hala ere –s gorderik –itis bukaera dutenak: flebitis, otitis, meningitis, edo silaba bat edo biko hitzak direnean: iris, atlas, kosmos, etab.

Hala ere, Hiztegi Batuan tetanos edo diabetes bezalako formak agertzen dira.

Hitzen erabilera-eremua markatzen du Hiztegi Batuak

Dela euskalkien erabilera (Gip., Bizk., Naf.), dela erabilera geografikoa (Heg. edo Ipar.) adierazten du Hiztegi Batuak kasu batzuetan.

Irizpide horri jarraituz, hasierako hiztegietan euskara baturako proposatzen genituen hainbat formaren erabilera guk uste genuena baino murritzagoa dela ikusi dugu, eta forma horien ondoan erabilera geografiko zabalagoa duen beste adiera osoago bat proposatzen da gaur egun EUSKALTERMen forma nagusi bezala.

Hiztegi BatuaEUSKALTERM egokitua
benda Heg. h. loturalotura da termino nagusia (TN); benda hitzari Heg. marka jarri zaio
derrigorre(z)ko Heg h. nahitaezko, baitezpadakoGarai bateko hainbat fitxatan derrigorrezko zirenak nahitaezko bihurtu dira
herentzia Heg. ‘ondoretasuna’ondoretasun hitzari TN marka jarri zaio, eta herentzia sinonimo bezala utzi da
txoko Heg. AdkorLehen txoko erabiltzen zen hainbat eremutan; orain zoko proposatzen da (Ekologian, adib.)
lente Heg. h. leiarEUSKALTERMeko fitxetan (Optika, Argazkigintza, Elektronika, Medikuntza, etab.) bi formak utzi dira
momentu 1 Heg. Lgart. h.
memento
momentu 2 Fis
Lehen adierari dagozkion hainbat fitxatan momentu zena memento bihurtu da
alturako arrantza Heg.
baxurako arrantza Heg
alturako arrantza eta baxurako arrantza kontzeptuei Heg. marka jarri zaie, eta bestelako adiera neutroak hobetsi dira (itsas zabaleko edo ur handitako arrantza, eta itsasbazterreko arrantza, hurrenez hurren)
txofer Heg. Herr.gidari hitzari TN marka jarri zaio; txofer bigarren mailako sinonimo bezala utzi da
tortilla Heg. ‘arrautzopila’Erabiltzen den forma nagusia arrautzopil da. Inoiz tortilla eta moleta ere ematen dira, Heg. edo Ipar. sinonimo markatu moduan

Baina badira Hiztegi Batuan, Hegoaldeko hitz bezala markatuta agertu arren, aukera “neutrorik” ez duten hitzak: esate baterako, aleazio, traje edo txikle hitzek Heg. marka daramate, baina ez da hitz horien ordain “osoagorik” eskaintzen.

Bestalde, hitz lehiakideen artean lehentasunak markatzen ditu Hiztegi Batuak, espresuki kasu batzuetan eta adiera zabalagoko beste ordainen bat hobetsiz, bestetan.

Hiztegi Batuan markatzen daEuskalterm zuzenduz
letxuga h. urazauraza da termino nagusia (TN) eta, horrez gain, letxuga sinonimoa
dedikazio h. arduraldiarduraldi (TN); dedikazio sinonimoa da
enpresaburu hitza azaltzen da, ‘enpresari’ ezenpresaburu (TN marka jarri zaio)
fetu ‘umekia’umeki (TN marka jarri zaio); fetu hitza, hala ere, mantentzen da
garbantzu h. txitxiriotxitxirio da forma nagusia
integrazio 1 Mat. 2 h. bertakotze, gizarteratzegizarteratze modukoak lehenetsi dira bigarren adierari dagozkion fitxetan
konposaketa h. konposiziokonposizio bakarrik utzi da
marfil h. boliboli hitzari TN marka jarri zaio

Eztabaidak sorrarazi dituzten erabakiak

Euskaltzaindiak azken urteotan Hiztegi Batuan proposatutako formek arrakasta eta onarpen-maila zabala izan dute. Baina, hamaika urte eskaseko errepaso horretan izan dira hautsak harrotu dituzten erabakiak, erabiltzaileen artean zalaparta eta hots handi samarrak eragin dituztenak. Ez da ahaztu behar Hiztegi Batuan lexiko orokorreko hitzak direla nagusi, nahiz eta tarteka terminologia-kontuak ere agertzen diren ezinbestean:

Amaitzeko, esan beharra dago EUSKALTERMen eguneratze-lanetan nekez onartu eta aurrera eramateko moduko erabaki edo proposamenak ere topatu izan ditugula Hiztegi batuan. Adibidez:

Hori ikusita, elbarritasun da nagusi, eta paralisi hitza ez da ageri Hiztegi Batuan. Dena den, horrelako zuzenketa bat sistematikoki egitea oso zaila da: zer egin paralitiko izenondoarekin? Estrabismo paralitikoa zegoen tokian estrabismo perlesiaduna esan behar al dugu orain?

Hiztegi Batuan: lore(-)orratz Sin. pistilo jaso da. Baina, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian ikus daitekeenez, lore-orratza “loreak pistiloan duen luzakina da”: alegia, pistiloa izan ordez, estiloa litzateke sinonimoa. Horregatik ez da erabaki hori aintzat hartu EUSKALTERMeko fitxetan.

Ondorio gisa

Hiztegi Batuak bidea argitu digu azken urteotan, oinarrizko lexiko orokorraz gain, hainbat termino —eta haien familiak— finkatzen lagundu baitigu. Gaur ezinbesteko dugu gure lanean, lan egiteko moduan ziurtasuna ekarri digu eta horren erakusgarri da EUSKALTERMen egin dugun aplikazio sistematikoa.

Hala ere, gure lan-esparrua terminologia den aldetik, zenbaitetan arazoak sortu eta sortzen dizkigu Hiztegi Batuaren aplikazio sistematikoak —hau da, lexiko orokor arautuak—, terminologian dihardugunok zehaztasun handiagoa behar baitugu kontzeptuak izendatzeko. Egia da Euskaltzaindiak esana duela terminologia ez dela bere egitekoa eta, horrek, batzuetan umezurtz uzten bagaitu ere, tarteka askatasun-izpi bat ematen digu zenbait arauren aplikazioan.

Bada, baina, terminologiari zuzenean lotutako beste foro bat: Eusko Jaurlaritzak bideratutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan sortu den terminologia-batzordea. Horixe da guk terminologia-kontuetan ardura hartu eta eragile izateko proposatu eta eskatu nahi genukeena. Batzorde honek hartu beharko luke terminologiagintzaren ardura, betiere Euskaltzaindiarekin batera —hari baitagozkio hitz-osaerari buruzko irizpide nagusiak zehaztea—, baina terminologiako irizpideak —UZEIk prestatu eta Terminologia Batzordeak eskura dituenak— alde batera utzi gabe. Eskaera honekin, beraz, bukatu nahi genuke aurkezpen hau, Hiztegi Batuaren aplikazioak eredu bat izateak euskararen normalizazioari ekarri dizkion onurak erakutsi dizkigun bezala —nahiz hura lexiko orokorrari zuzendua zegoen eta guk terminologia proposatu dugun—, terminologia-batzordeak terminologian ofizialtasuna ezar dezan beharko litzateke-eta.

(JABIER AGIRRE LASARTE UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroko teknikaria da)

Oin-oharrak

(1) UZEIko beste sail nagusia lexikografiakoa da, corpusgintzan eta hiztegigintzan diharduena. Lexikografiako hiztegi osagarrien artean, Atzekoz aurrera. Hitz-bukaeren hiztegia, Sinonimoen Hiztegia (paperean, CDan eta MS Word-en integratua) eta Maiztasun Hiztegia kaleratu ditu UZEIk. Ez ditugu, noski, hiztegi terminologikoekin batera aipatu, hiztegigintza orokorrari baitagozkio.

(2) Adibidea gurea da.

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1118430956