Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Juan San Martini neure lekukotasuna

Juan San Martini neure lekukotasuna

2005-06-01 / 07:00 / Koldo Zuazo Zelaieta   BESTELAKOAK

Hamasei urte nituen, eta Frantziako 1789ko Iraultzaz lan bat egiteko agindu zigun Historiako irakasleak. Urrunekoa egiten zitzaidan gertakaria eta gogoz kontra hartu nuen agindua, baina pentsatzen jarrita, Iraultza hark Ipar Euskal Herrian izandako eragina aztertzea bururatu zitzaidan. Banuen, beraz, gogoko gaia, baina nondik hasi eta nondik jo ez nenkiela nengoen. 1972ko garai hartan ez zen oraingo Internetik, entziklopediarik eta bestelako bitartekorik. Ez, behintzat, nire eskura. Bazen, ordea, udalekuak antolatzen, euskaraz idazten eta gazteekin hartu-emana zuen apaiz bat Eibarren, Jesus Mari Arrieta donostiarra, eta harengana jo nuen laguntza bila. Bera ez zegoela horretan jantzita, baina Juan San Martinek lagunduko zidala esan zidan.

Hitzorduaren eguna hurreratu ahala, handiagoa zen nire urduritasuna. Euskaraz banekien, baina alfabetatu gabe nengoen, eta euskaltzain batekin hitz egiteak lotsa eta beldurra sortzen zidan. Gainera, hamaika bider entzunda neukan «euskalgaiztoa» zela Eibarkoa.

Juan San Martinen etxera joan eta berak zabaldu zigun atea. Laneko jantziekin zegoen, traje eta gorbatarekin, eta ikusi bezain laster agur hauxe egin zidan:

  • Hi haiz, orduan, Zuazo? Ezautzen jittuat hire gurasuak...

Edozein eibartarren moduan hitz egin zidan: herriko euskaran eta hitanoan. Berehala galdu nuen beldurra eta berehala askatu zen nire barrena, eta neuk ere herriko euskaran jardun nuen lasai eta nasai. Historiako lana nola egin esateaz gainera, beste ikasgai bat eman zidan: hartu-emana gertukoa izango bada, hizkuntzak ere gertukoa izan behar duela. Irakaslea naiz bizibidez, eta beti izan dut ikasgai hori gogoan.

Garaitsu hartan egin zen euskara batua, 1968an, eta makina bat liskar sortu zen bazterretan. Eibarren, ostera, patxada handiagoz ikusi zela iruditzen zait. Halaxe gogoratzen dut nik behintzat. Euskara batuaren aldekoa zen Juan San Martin, eta baita Imanol Laspiur eta Serafin Basauri ere, Eibarko euskaltzalerik ezagunenak. Sarri joan nintzen euren hitzaldietara, eta beti, salbuespenik gabe, herriko euskaran mintzatu ohi ziren. Horixe da haiengandik ikasi nuen bigarren ikasgaia: euskara batua ezinbestekoa dela, baina herri barruko jardunetarako bertako hizkera dela egokiena.

Dena dela, hitzaldi haietan erabiltzen zuten hizkera ez zen kalean eta tabernetan egiten zen berbera. Jasoagoa eta jantziagoa zen, hitzak osorik esaten zituzten, erdarakada gutxiago sartzen zituzten, eta horixe da haiengandik ikasi nuen hirugarren ikasgaia: euskalkien barruan ere hizkera mota bi daudela, lagunartekoa eta jasoa. Eta bihotz-bihotzez eskertzen dut ikasgaia, gaur berton ere badirelako euskalkia lagunarteko eta taberna giroko hizkerarekin erabat berdintzen dutenak.

Baina euskara batuaren, euskalkiaren eta hizkera jasoaren gainetik euskara bera dago hemen jokoan, eta joko hori inoiz baino zailagoa izan zen Franco jeneralaren diktadura garaian. Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri eta beste zenbait lagun izan ziren horretan ere gure belaunaldikoondako eredua eta iparra. Ozen eta garden agertu ziren euskararen alde, eta haien atzean ibili ginen ondorengook ere.

Joan den aspaldi luzean nork bere bidetik jarraitu dugu Juan San Martinek eta biok, bata bestearengandik gertu batzuetan, eta aldenduago besteetan, baina une eta gune honetan banuen neure zorra aitortzeko gogoa, eta haren senideei eta lagunei neure dolumina eta elkartasuna erakusteko beharra. Juan San Martin joan da, baina haren erakutsia barruan daramat.


(KOLDO ZUAZO ZELAIETA hizkuntzalaria, euskaltzain urgazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)


Inprimatu


Erantzun

 
Gustura irakurria.
2005-06-01 / 09:54 / Erramun Gerrikagoitia

Esan nahi dut labur ezen gustura irakurri dut kommentarioa. Bai aldetik dioena, aldetik darabilen euskara naturala Zuazok eta aldetik ideiak agertzen dituenak. Bai, gustura irakurria eta irakurtzekoa eta natural; eskertzekoa.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
"Sendabelarrik" eraginkor eta goxoagorik nekez
2005-06-02 / 12:04 / Nekane San Miguel Bergaretxe

Oso gustura irakurri dut Koldok idatzitakoa, are gehiago hiru gizon horien hizkeraz eta idazkeraz behin baino gehiagotan disfrutatu izana dudalako. Horien lekukoa, hik, Koldo, hartu behar, hauek eman ziguten "sendabelarrik" eraginkor eta goxoagorik nekez aurkituko dugu, eta ez bakarrik hizkuntzari dagokionez. Euren handitasunean, eta nik ezagutu nituen (eta ditudan, Serafin hor dago eta) neurrian behintzat jende guztia (aurka zutena ere) orain dagoeneko modan ez dagoen errespetoz tratatu zuten (du).


(NEKANE SAN MIGUEL BERGARETXE epailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com