|
Juan San Martin hil da. Halaxe jaso dut, lehorrean, astelehen goizeko albistea. Berehalakoan haren irudia nire gomutara, eta haren berbak nire belarrietara, sarri-sarri Euskaltzaindiaren batzarretan gertatzen zen bezala. Hura zen aurreko belaunaldiaren erreferentzia; sartu berrientzat eredu eta historia bizia, noiz, zer eta nola gertatu zen ezpainetan eta esanetan erraz eta zoli adierazten zuena.
Gai eta molde askotako kulturgilea genuen San Martin eibartarra. Hasieran, herri literatura; gero, poesia nahiz prosa landuak, kazetaritza inoiz ere alboratu gabe. Erraza ez, hortaz, haren ibilbidea hitz laburretan mamitzea. Errazagoa, ordea, haren nondik norakoak euskara eta euskal kulturaren baitan norabidetzea, hiruzpalau lerro nagusitan:
- a) San Martin egilea. Lehen esan legez, poesia (Otsalar goitizenarekin), euskal literaturari nahiz bestelako gaiei buruzko saiakera, umorea, artea, etnologia, hizkuntzak... Horiek izan dira hark jorratutako arloak, euskaraz zein gaztelaniaz. Horietako asko Euskera aldizkarian, Euskaltzaindiaren buletinean.
- b) San Martin eragilea. Izan ere, Juan San Martinen bizitzan egundoko garrantzia izan zuten euskal kulturaren aldeko ekimenak eta eraginak. Hainbat zereginetan nabarmendu zen, betiere herriarentzat onuragarri ikusten zituen egitasmoak eta lan-taldeak sustatuz eta bultzatuz. Aipatzekoak dira, horien artean, Aranzadi Natur Zientzietako Elkartea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretari Elkartea.
- c) San Martin kudeatzailea. Maiz gertatzen da euskalgintzaren barruan ekintzetan gogotsu hasi eta berehalakoan hasierako sua bertan behera itzaltzea, kudeaketa-lan egoki baten faltan. Horretan ere, azpimarratzekoa da San Martinen ekina, bera izan baitzen, urte luzeetan, Egan aldizkariaren ardura aurrera eraman zuena.
Aurrekoek laburbilduko lukete, menturaz, Juan San Martinen ohiko biografia. Ez, ostera, hark ondutako lan osoa, bazter utziko bailukete Juan San Martinen mendigoizaletasuna edota beste herrialdeetako aditu nahiz jakintsuekin izan zituen harremanak. Katalana eta galiziera, edota bateko nahiz besteko idazleak, ez ziren harentzat arrotz, ezta Euskal Herrian gaztelaniaz idatzi izan duten poeta batzuen lanak ere. Hor dira, besteak beste, eta esandakoaren froga, Blas de Otero eta Salvador Espriu.
Nolanahi ere, bada Euskaltzaindiaren ikuspegitik San Martini zer eskertu eta harengandik zer ikasi, berori izan baitzen, beste batzuekin batera, gerra osteko Euskaltzaindia Azkueren eskutik hartu eta hurrengo belaunaldira eraman zuena. Horretan ere, lekukotza sendoa eskaini zuen eibartarrak, erakundearen barruan karguak eta ardurak bereganatu, eta zintzo bete baitzituen, euskararentzat amultsuak eta gozoak ez ziren garaietan. Idazkari, diruzain, euskaltzainburuorde... ibilera luzea izan zuen San Martinek Euskaltzaindian. Garai latzetan, euskara batuaren aldeko apustua egin zuen, eta Euskaltzaindiaren instituzio-izaera beti aldarrikatu zuen, bateko eta besteko politiken gainetik.
Herriarekin konpromisoak eta loturak izan zituen San Martinek, berbaz ez ezik, ekintzez ere bai. Hartara, euskaltzainburuorde zela, 1989. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izendatu zuten. Ez zituen, horratio, San Martinek ahaztu, bere zeregin horretan, herri xehearen kexak eta eskabideak, batez ere euskararen ingurukoak, beti-beti sutsu agertu baitzen euskaldunen eskubideak defendatzeko orduan. Horri ere eutsi zion, eta, langintza horretan, hainbat testu klasikoren argitalpenak bultzatu zituen. Halaxe ezagutu genuen Cadizko 1812. Konstituzioaren euskarazko testua, berak aurkitutako esku-izkribu bati esker.
Sariak ere ugari jaso zituen, sona handiko kultur sustatzaile bati dagokion moduan. Agian, barrukoena eta zirraragarriena izango zitzaion hartzeko zuena, Eibarko "seme kutun"arena. Horretarako hitzordua jarria genuen aste honetako ostiralean, Eibarren bertan, eibartarrekin batera beste behin ere Euskaltzaindiaren aitortza berari egiteko.
Tamalez, hitzordu hori ezin izango du bete San Martinek. Zernahi gisaz, beste hitzordu bat zor diogu euskaltzaleok Juan San Martini, hark uzten digun emaitza egoki gizarteratzeko, eta hari eta haren etxekoei eskerrak eta goresmenak emateko. Premiazkoa da guztion artean harena goratzea eta erabiltzea, gure nortasunaren berri zehatzagoa izan dezagun. Horretarako deia egiten dut Euskaltzaindiaren izenean, dei horri erantzun zabala emango zaiolakoan.
(ANDRES URRUTIA BADIOLA euskaltzainburua da)
|