Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ondasun higiezinen legeak euskaraz

Ondasun higiezinen legeak euskaraz

2005-05-25 / 07:00 / Andres Urrutia Badiola   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Ondasun higiezinen legeak eta hipoteka-legeria euskaraz ere baditugu, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta Deustuko Unibertsitatearen eskutik.

Deustuko Unibertsitateak eta Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak, azken urteetan, lege zibil elebidun zenbait argitaratu dituzte, adibidez, Kode Zibila bera (irakur artikulua HEMEN). Horien jarraikoak dira bi liburuki hauek: Lege zibilak: ondasun higiezinak eta Hipoteka-legeria. Bertara bildu dira ondasun higiezinen gaineko hainbat lege-testu, hain zuzen ere, esanahi garrantzitsua eta pisuzkoa dutenak zuzenbidearen jarduleentzat zein herritar eta kontsumitzaileen kezka eta arranguretan. Azken horiek dira, besteak beste, zuzeneko eta eguneroko harremanak dituztenak ondasun higiezinen gaineko jabetzarekin.

Bide horretan agertzen dira, beraz, oraingo honetan, lehenengo liburukian, Jabetza Horizontalaren legea, Hiri-errentamenduena, Turismo Erabilerako Ondasun Higiezinen Txandakako Aprobetxamendu-eskubideena eta Zerga-arauena, Landa-errentamenduena; eta, bigarren liburukian, Hipoteka Legea, Hipoteka Erregelamendua eta beste testu batzuk.

Horrela ere, ondasun higiezinen erabilerak arautzen dituzten lege-testu behinenak baturik eta euskaraturik daude. Hortaz, ondasun higiezinen gaineko zuzenbidearen ikuspegi zabala, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Komunitatean aplikagarri dena, eskaintzen da.

Lege zibilak: ondasun higiezinak

Jabetza Horizontalaren Legea

Aipatu legeen artean, lehendaurrez, Jabetza Horizontalaren Legea dago, horrek egun duen zeregina nabaria baita, nahiz hirietan ohiko diren etxebizitza solairudunetan auzokoen arteko elkarrekiko bizimodua antolatzeko, nahiz, bestera ere, etxebizitza bi edo gehiago dituzten baserri edo eraikin bakartuen zatiketa-arazoak konpontzeko.

49/1960 Legea, uztaileko 21ekoa, Jabetza Horizontalarena, jabeen erkidegoak osatzeko tenorean ezinbesteko gakoa da. Halakoetan bizi dira, bizi ere, gure herri eta hirietako biztanle gehienak. Horiek, zalantzarik gabe, gure kaleko nondik norakoak moldatzen dituzte.

Lan gutxi egin da, hala ere, jabeen erkidegoei halako hizkuntza-lanabesak emateko, horiek ere euskaraz bizi daitezen. Batzak, akta-liburuak egitea, iragarkiak... horra hor, besteak beste, euskarak izan dezakeen eragin zuzeneko esparrua. Horra ere, bestalde, erkidego horietan bizi diren euskaldunengana hurreratzeko modu arina.

Helburu horretara, hortaz, liburu honen legeria. Ahoz zein idatziz euren bizia euskaraz gauzatu nahi dutenentzat tresna egokia, betiere erkidegoen barneko eta kanpoko auzi-mundua alboratu gabe. Hartara, arlo honetan euskararen normalizazioa, gaur gaurkoz bederen, eginkizun da; areago oraindik idatzizko zereginetan, berori baita, esan legez, jabeen erkidegoen gorabeherak ahalik zehatzen islatzeko giltzarria.

Azpimarratzekoa da, azkenez ere, testu horrek barruratzen dituen azken lege-aldaketak; horien artean, desgai direnen bizimodua errazteko asmoarekin, eraikinaren osagaietan egin beharreko irisgarritasun-obrei dagokiena. Halaber, Kode Zibilaren 396. artikulua ere jaso da, egun duen idatzaldiarekin, berori baita baztertu ezineko osagarria jabetza horizontalari dagokionez.

Hiri-errentamenduen Legea

Esanahi handikoa bada eguneroko jardunean jabetza horizontalaren esparrua, beste horrenbeste gertatzen da Hiri-errentamenduen Legearekin, horren bidez iristen baitira hainbat eta hainbat herritar etxebizitzaren gozamenera.

Espainiako estatuaren euskal herrialdeen kasuan, indarreko legeria 1995. urteko Hiri-errentamenduen Legea da. Horixe da liburu honetara ekarritako lege-testua. Horretara ere, tradizio laburra osatu da, lege-testu honen aurrekoa ere euskaraturik baitago, haren eranskin erabilgarriak eta guzti, hots, hiri-errentamenduek dituzten kontratu desberdinetako agiritegi euskarazkoa.

Euskarazko testu berri honen egiteak ekarri du, elebitasunaz kanpo ere, halako jokaera orekatua, edukiaren aldetik hurbilen dituen beste lege zibilen eremuan bera ere kokatzekoa. Horretan datza, bestalde, edozein antolamendu juridikok behar duen osotasuna.

Turismo Erabilerako Ondasun Higiezinen Txandakako Aprobetxamendu-eskubideen eta Zerga-arauen Legea

Menturaz, lege hau da gutxien aplikatzen dena Espainiako estatuaren euskal herrialdeetan. Hemen sartzea, berriz, nahitaezkoa da, ondasun higiezinak erabiltzeko modu ez ohikoa dakarren neurrian, batik bat herri anglosaxoien eraginpean. Bide bertsutik, horrek dakartza jabetzaren esangura klasikoaren urradura eta muga berriak, jabetzaren iraupena dela eta.

Legeak berak batzen ditu, bestetik ere, txandakako aprobetxamenduaren arazoak, eta era-erara zuritzen du Espainiako antolamendu juridikoan kontzeptuari eman zaion irtenbidea. Gogoeta bera egin da euskaraz ere, formarik egokiena zein den zehazteko. Huraxe bildu da testu honetara. Galdera bera egin daiteke, jakina, lege honen hizkuntza-xedapen batzuen eraginarengatik, hala nola, txandakako kontratuak zein hizkuntzetan idatzi behar diren arautzen duen horrexegatik. Hari bertsutik etor daiteke, etorri ere, euskaldunek euren atsedenlekuetan, halako kontratuak euskaraz jasotzeko aukera eta abagunea izatea.

Landa-errentamenduen Legea

Liburu honetara bildutako testu guztien artean, hauxe da berriena, joan den urtean onetsi, Estatuko Aldizkari Ofizialean azaroaren hogeita zazpian argitaratu eta aldarrikatu baita. Indarrean ere, oraintsu jarri da, argitaratzetik sei hilabetera, eta horren jarduera praktikoa berrikuntzaren aldetik dator.

Nolanahi ere, lehen aldiz egin da landa-errentamenduen testu elebidun eta osoa, gai honek agerpen ugari izan baititu betidanik Euskal Herrian, baserria eta horren ustiapena ere tartean dagoela, dela errentamenduaren bidez, dela apartzeria eta osterantzeko kontratuen bidez. Horren ondorioz, lege honek berebiziko eragina izan dezake euskal gizartean aintzat hartzeko modukoa den nekazaritza-alorrean.

Izatez, badira XX. mendean baserri-giroko xedapenak, Euskal Herriko herrialdeetan euskaraz barreiatu direnak. Adibidez, Bigarren Errepublikaren Dekretua, lehen Eusko Jaurlaritzaren edota oraintsu arte indarrean egon den kontratu-tipoaren itzulpena. Egin-eginean ere, aurrekarien bila joateak XIX. mende hondarretara edo XX. mende hasierara garamatza, euskaraz eta gaztelaniaz edo frantsesez idatzitako baserritar sindikatuen testu elebidunekoak aurkitu arte. Nabarmen-nabarmen, bidegintza horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean ondutako elebidun aldizkaria, nekazaritzaren inguruko lege-testu osoak barneratu zituena.

Bestalde ere, bada alor honetan zer esan euskararen aldetik. Lurra sustatzen jakin dute euskaldunek, eta haren fruituak sortzeko kontratuak ere artez izendatu (erdirikue, gasaila...) Horiek ere, bazterrean ezin utzizkoak eta lagungarriak izan dira zeregin honetan, euskarari testu eguneratua eman nahian.

Argitalpenaren ezaugarriak

Gorago esan bezalaxe, argitalpen honen norabidea aurretiaz eta bilduma honetan agerturikoen lorratzetik doa. Elebiduna da testua, gaztelania-euskara, betiko aurkibide analitikoak dituela, gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania. Aringarri oso dira horiek, kontzeptu bakoitza berari dagokion lege-testuaren artikuluan kokatzeko eta bi hizkuntzen arteko ordainak erraz antzemateko. Aurkibideak ere, lege bakoitzarenak dira euren edukiaren arabera.

Euskarazko testuak Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak gorde eta oinarrian ditu, bilduma honetako bestelako liburuek bezalaxe, Deustuko Unibertsitatearen argitalpen juridikoekin osaturiko datu-basea zein osterantzeko erakunde eta ekimenak, adibidez, Euskalterm-ek landutako terminologia.

Argitalpenaren arduradunak

Aurrekoetan legez, testu hau lantalde baten emaitza da. Horren ardatza gertatu da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutuaren arteko hitzarmena. Lege hauen lehen testua egin dute Esther Urrutia eta Andres Urrutia irakasleek, Eusko Ikaskuntzen Institutuaren eta Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegiaren barruan. Horren berrikusketa ere, institutu bereko Aiora Aristondo ikerlearen eta Arantza Etxebarria laguntza terminologikoaren arduradunaren parte-hartzearekin egin da, Zuzenbideko Fakultatearen irakasle diren Esther Urrutia, Gotzon Lobera eta Andres Urrutiaren zuzendaritzapean. Testura ekarri dira, azkenez ere, HAEEren Mertxe Olaizola teknikariaren oharrak eta iradokizun terminologikoak.

Hipoteka-legeria

Prior in tempore, potior in iure

Horra hor XIX. mendeko hipoteka-printzipioak laburrean biltzen dituen latinezko esapidea; izan ere, mende horren bigarren erditsuan hipoteka-sistema berria ezarri zen Espainian, hainbat lurraldetan indarrean zegoen Hipoteka Kontularitzaren ordez, eta esapide horrek laburtzen ditu sistema hori antolatzeko printzipioak.

Garai hartan ez zegoen Kode Zibilik, lurralde-kreditua erraztu behar zen, eta, horrez gain, ondasun higiezinen gaineko transakzioetan izan beharreko segurtasun juridikoak betekizun bereziak ezarri zituen, hirugarrenei begira, batik bat. Inguruabarrok inguruabar, jatorrizko Hipoteka Legea (1861) bihurtu zen doktrinak «lege berezi» deitutakoen aurreneko ondorio, hots, legeria zibilaren zenbait atal Espainia osorako batu eta indarreko lurralde- eta foru-sistemak baliogabetu zituzten legeen ondorio.

Horrela hasi zen hipoteka-legeriaren ibilbidea, legeria hori Kode Zibilean sartuko zelakoan; azkenean, ordea, legeria horrek korpus berezia osatu zuen, geroko Kode Zibilarekin batera (1889) antolamendu juridiko berera biltzeko.

XIX. mendearen erdialdeko Hipoteka Lege hori eraldatu eta garatzean, 1946ko Hipoteka Legearen testu bategina eta horren Erregelamendua (1947) etorri ziren. Arean ere, testu horien eta euren aldarazpenen bertsio elebiduna (gaztelania-euskara) da, bi mila eta lauko abenduaren hogeita hamaikan itxitako argitalpen honen muina.

Zernahi gisaz, argitalpen hau gaurkotzeke geratuko litzateke, Jabetza Erregistroa emeki-emeki modernizatzeko atazan funtsezkoak izan diren bi xedapen sartu ezean. Lehenik eta behin, uztailaren 4ko 1.093/1997 Errege Dekretua aipatu behar, Hipoteka Legea betearazteko Erregelamenduaren arau osagarriak onetsi dituena, alegia, Jabetza Erregistroan hirigintza-egintzak inskribatzeari buruzko arauak. Testu horren bitartez, Jabetza Erregistroa eta Hirigintza-zuzenbidea koordinatu ez ezik, ahalegin berezia egin da ondasun higiezinen gaineko zuzenbide pribatua eta egungo hirigintza-arauketaren administrazio-eskakizunak bateratzeko; horrela, bi esparru horien arteko elkarrekintza esanguratsua erdietsi da, eta, herritarrengan zuzeneko eragina duten eguneroko zereginak gauzatzean, herri administrazioek ezin diote lepo eman elkarrekintza horri.

Argitalpen honetara bildu den bigarren xedapena da martxoaren 30eko 2/1994 Legea, hipoteka-maileguak subrogatu eta aldarazteari buruzkoa. Xedapen hori bete-betean sartzen da egungo gizarte-errealitatean, bai eta hipoteka-merkatua liberalizatzeko beharrizanean ere. XIX. mendearen erdialdean helburua zen lurralde-kredituaren eta ondasun higiezinen gaineko jabetzaren sistema fidagarri bat eratzea; gaur, aldiz, XXI. mendearen hasieran, Hipoteka-zuzenbidearen lehendabiziko jomugak nahitaez izan behar dira, hala kontsumitzailea babestea —betiere, teknika juridikoari dagokiona bazter utzi gabe—, nola hipoteka finantzaketa-tresna bihurtzea, hain zuzen ere, jabetza —oinarrian, hiri-jabetza— eskuratzeko ezinbestekoa izango den finantzaketa-tresna. Horri guztiari gehitzen badiogu finantza-erakundeen artean izan beharreko elkarlehia, argi dago hipotekak egun duen garrantziak esparru tekniko-juridikoa gainditzen duela, eta aipatu bezalako arauketak beharrezkoak direla; horrexegatik sartu da testu hori liburu honetan.

Jabetza Erregistroa eta hizkuntzen ofizialkidetasuna

XIX. mendeko jatorrizko hipoteka-legerian, hizkuntzari buruzko xedapen bakarra 1861ko Legearen 5. artikuluan agertu zen; artikulu horretan ez ziren aipatzen gaztelaniaz besteko hizkuntza espainiarrak, baina bai atzerrian egiletsitako agirien inskripzioa. Ildo horri ekinez, 1861ko lege hori betearazteko Erregelamenduaren 9. artikuluak azpimarratu zuen agiriok gaztelaniara itzuli behar zirela.

Gerogarrenean, 1863ko ekainaren 1eko Errege Aginduak prozedura berezia ezarri zuen «latinez edo probintziako dialektoaz» zeuden agiriak itzuli eta inskribatzeko; horrez gain, erregistratzaileari itzulpen-agiri ofiziala bazter uzteko ahalmena eratxiki zion. 1869ko abenduaren 21ko Legeak, Hipoteka Legea eraldatzeko eman zenak, ez zuen ukitu lege-testu horren 5. artikuluaren idazkera; bai, ordea, Hipoteka Erregelamenduaren 9. artikulua: 1870ko testuan, artikulu horrek berriro aipatu zuen atzerrian egiletsitako agiriak itzuli behar zirela inskribatu aurretik.

1909ko Hipoteka Legearen 5. artikulua bide bertsutik aritu zen. 1915eko Hipoteka Erregelamenduak, aitzitik, lehendabizi aipatu zituen «latina eta Espainiako dialektoak» 48. artikuluan, Jabetza Erregistroan aurkeztutako agiriak nahitaez itzultzeko formula ezarrita: agiriak egin badira latinez edota Espainiako dialektoren bat nahiz antzinako letra erabilita, edota horiek ulertezinak badira erregistratzailearentzat, agiriekin batera euren itzulpena aurkeztu behar da, edota Artxibozain eta Liburuzainen Kidegoko titular batek zein funtzionario eskudunak eginiko kopia askietsia.

Gaztelaniaren eta Espainiako beste hizkuntzen arteko ofizialkidetasunari buruzko lehen adierazpenak Espainiako Bigarren Errepublikaren Konstituzioan agertu ziren. Nolanahi ere, euskararen eta gaztelaniaren ofizialkidetasuna gerra zibilaren barrena aldarrikatu zen; baina, praktikan, aldarrikapen horrek ez zuen aldatu indarreko hipoteka-legeriak horren inguruan ezarritakoa.

Egungo hipoteka-legeriak 1947ko Hipoteka Erregelamenduaren 37. artikuluan jorratzen du autu hori: …latina, Espainiako dialektoren bat edo antzinako letra erabili bada agiriak egiteko, edota horiek ulertezinak badira erregistratzailearentzat, agiriekin batera euren itzulpena aurkeztu behar da, edota Artxibozain eta Liburuzainen Kidegoko titular batek zein funtzionario eskudunak eginiko kopia askietsia, 35. artikuluan xedatutakoa salbu. Artikulu horrek ondokoa gaineratzen du: Erregistratzaileak kasuan kasuko hizkuntza, dialektoa nahiz antzinako letra badaki, itzulpen-agiri ofiziala bazter dezake bere erantzukizunpean.

1978ko Konstituzioak gaztelaniaren eta autonomia erkidego bakoitzeko hizkuntzen arteko ofizialkidetasuna ezartzeaz gain, estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko eskumenak eremu juridiko desberdinetan banatzeko sistema eratu du, eremu horien artean Jabetza Erregistroa izanik.

Ikuspegi horri ekinez, Konstituzioak 149.1.8 artikuluan aipatu ditu arlo honetan estatuak dituen eskumenak: Honako gai hauek estatuaren eskumen esklusibokoak dira: …legegintza zibila; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek… iraunarazi, aldatu eta garatu ahal izango dituzte… Edozein kasutan… erregistro eta agerkari publikoen antolakuntza…

Egun, euskara ofizialkidea den lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean), Autonomi Estatutuak (1979) eta Foruaren Hobetzeak (1982) ezarri dute, hurrenez hurren, hizkuntzen ofizialkidetasuna, baita testuok garatzeko eman den hizkuntza-legeriak ere. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, hauxe xedatu du, 7. artikuluan: autonomia-elkartearen menpeko ez diren herri-erroldetegietan (Jabetza Erregistroaren kasua), Eusko Jaurlaritzak, gaitasunaren jabe diren ihardutze-sailekin elkar hartuz, euskeraren erabilpena arauzkotzea sustatuko du. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ezarri duenez, eremu euskalduneko erregistro publikoetan, idazpenak dokumentua dagoen hizkuntza ofizialean luzatuko dira, eta, betiere, gaztelaniaz; horrez landara, lege horrek dioenez, kopia eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetarik edozeinetan luzatuko dira (13. art.).

Konstituzio Auzitegiak, bestalde, 1997ko apirilaren 24ko epaian zehaztu ditu hizkuntzen ofizialkidetasunak erregistro-gaietan dituen mugak, Merkataritzako Erregistroaren Erregelamendua dela eta; horretarako, irizpide hauek hartu ditu oinarritzat: hizkuntza ofizialkideetan idatzitako agiriak eragingarri eta baliozkoak dira; inskripzioak gaztelaniaz egingo dira; Erregistroko ziurtagiri eta komunikazioak eskatzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean egingo dira; betiere, estatuak baliabide material eta pertsonalak ezarri behar ditu, segurtasun juridikoa izan dadin, eta agirien izapidetza zein inskripzioa atzeratu ez dadin, horiek idazteko hizkuntzaren arabera.

Gai honen inguruko azken zertzelada emateko, Hizkuntza-Politikari buruzko Kataluniako Legea (urtarrilaren 7ko 1/1998 Legea) ekarri behar da hizpidera. Lege horren oinarriak ondokoak dira: hizkuntza ofizialkidetarik edozeinetan (gaztelaniaz zein katalanez) aurkeztutako agiriak erregistra daitezke; erregistroko idazkuna eragin duen agiria zein hizkuntzatan izan, eta hizkuntza ofizial hori erabil daiteke idazkuna egiteko; eskatzaileak aukeratutako hizkuntzan emango dira ziurtagiriak; herritarra hartzeko, edozein hizkuntza erabil daiteke, baina bi hizkuntza ofizialetako inprimakiak egongo dira eta euren arteko itzulpen-lanak arinduko dira.

Euskarazko testuaren ezaugarri teknikoak

Bilduma honetan egin ohi den bezala, testuak bi zutabetan agertzen dira, gaztelaniaz eta euskaraz. Hipoteka Erregelamenduaren kasuan, eta Auzitegi Gorenak 2000eko otsailaren 24an, 2000eko maiatzaren 22an, 2000eko abenduaren 12an eta 2001eko urtarrilaren 31n emandako epaien ondorioz, zenbait artikulu kurtsibaz agertzen dira, testu horren hasierako oharrak zehaztu bezala; horretara, egun erabiltzen diren argitalpenik gehienek erabilitako irizpideari ekin diogu guk ere.

Beste alde batetik, bi mila eta lauko abenduaren hogeita hamaikan batean itxitako argitalpen honi kasuan kasuko aurkibide analitikoak gehitu zaizkio, gaztelaniaz eta euskaraz; horri esker, kontzeptuei lege-kokapen egokia emateaz gain, aise jakin daiteke kontzeptuok beste hizkuntza ofizialean duten baliokidea.

Esan gabe doa, hipoteka- eta erregistro-autuen konplexutasuna lehendabizi eta modu sistematikoan euskaraz ematea ez dela lan erraza izan. Aurrekaririk arestikoena Deustuko Unibertsitateak orain urte batzuk eskubide errealen inguruan argitaratutako eskuliburua da, Zuzenbide Fakultateko eskoletan maiz erabiltzen dena. Horrez landara, erreferentzia espezializatu moduan erabili dira, dela Deustuko Unibertsitateko euskarri lexiko juridikoa, dela Euskalterm datutegia, dela Euskal Herriko Unibertsitateko zuzenbide zibilaren lexikoa.

Edonondik begira dakiola, euskarazko testuak adierazpen-ahalegin berezia ekarri du, batik bat, erabilitako terminologia, diskurtsoa eta morfosintaxia kontuan izanda. Kode Zibilaren euskarazko testuaren ildotik, jarraian atal horiek aztertuko ditugu zehatzago:

  • Terminologia

    Hizkera juridikoaren aldetik, Hipoteka-zuzenbideari buruzkoak espezializazio-maila nabarmena dakar. Espezializazio hori aurkeztu eta laburbiltzeko, hipoteka-antolamenduaren oinarrizko ardatzak biltzen dituzten hurrengo hiru eremusemantikoak izan daitezke adierazgarri:

    • Eskubide erreala oinarrizko kontzeptu bezala jorratzen duen eremua. KodeZibilean eginiko lana beste errealitate batzuetara zabaldu da (azalera-eskubide; lurgain-eskubide), horien zerrenda osatua eratu arte (jabetza, gozamen, zortasun).
    • Eskubide errealen objektu den finkari eta horren aldaketei buruzko eremua (landa-finka/hiri-finka; bereizte/elkartze/eranste).
    • Azkenik, Jabetza Erregistroa bera; Erregistro Zibilari buruzko legeriarenaurreko esperientzia erabilita (bilduma honetan bertsio elebidunean argitaratua), Jabetza Erregistroan egin daitezkeen idazkun guztien zerrenda xehea egin ahal izan da, hiperonimotik hasi (idazkun), Jabetza Erregistroan eguneroko errealitatea osatzen duten idazkun-mota desberdinekin amaitu (inskripzio/idatzohar/ezerezte), eta, tartean, liburuak (liburu-inbentarioa, liburu-egunkaria, inskripzio-liburua), lurralde-antolaketa (erregistroen mugapea, lurralde-mugabarrua) eta antolaketa pertsonala (Zuzendaritza Nagusia, Teknikarien kidego berezia, Ikuskatzailetza zentrala) jorratuz.
  • Morfosintaxia eta diskurtsoa

    Esparru honetan terminologia funtzezkoa bada ere, ezin ahantz daitezke morfosintaxia eta diskurtsoa. Bilduma honetako Kode Zibilaren sarreran zehaztu irizpideei ekinez:

    • Euskaltzaindiaren arau eta gomendioekin bat datorren testu gaurkotua eman nahi izan da. Ondorenez, testu bateginaren bigarren itzulian zehazten ari diren terminoak erabili dira. Ulerbidez, valorar/valoración hitzak itzultzeko, (baloratu/balorazio) hizkuntza-maileguak erabili dira, eta balioetsi/balioespen kontzeptuak gorde dira, berriz, justipreciar/justiprecio esateko.
    • Gaztelaniazko adjektibo erreferentzialak itzultzeko orduan, arau orokor gisa, hitz-elkarketa erabili da, batik bat, kontuan hartuta horixe dela Euskaltzaindiak 25. arauan hobetsitako joera (adibidez, acreedor hipotecario/hipoteka-hartzekoduna). Hala ere, testuingurua dela eta, batzuetan, hitz-elkarketak ez du balio, eta, ondorenez, maileguetara jotzea erabaki da (berbarako, mandamiento judicial/ manamendu judiziala).
  • Testuaren antolaketa eta lege-igorpenak
    • Liburuak, tituluak, kapituluak eta atalak zenbatzeko orduan, ohiko arauak aplikatu dira: lehenengoa izan denean, letraz idatzi da primero/lehenengoa; harrezkerokoetan, zenbaki erromatarrak erabili dira (I, II, III…), atalen kasuan izan ezik, horietan zenbaki arruntak erabili baitira (1.ª, 2.ª, 3.ª…/1., 2., 3…).
    • Prozedura Zibilaren Legeko artikuluak aipatu direnean, artikuluok 1881ko Legearenak dira; beraz, kontuan izan beharko da Prozedura Zibilaren Lege berriak, urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak, zer dioen horren inguruan.

Argitalpenaren arduradunak

Lege-testuen bildumaren barrena, eta beste kasu batzuetan gertatu bezala, argitalpen hau hitzarmen bati esker sortu da, hain zuzen ere, HAEE-IVAPek, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegiak sinatutako hitzarmenari esker; horiekin batera, Espainiako Erregistratzaileen Ohorezko Bazkunearen Euskal Herriko Ordezkaritza ere elkarlanean aritu da eginbehar honetan. Testua bera Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Eba Gaminde irakaslearen eskutik etorri da, betiere fakultate bereko irakasle den Andres Urrutia jaunaren zuzendaritzapean, eta Gotzon Lobera nahiz Esther Urrutiaren ohar eta iruzkinekin, horiek ere Fakultateko irakasleak. Halaber, goraipatzeko modukoak dira hurrengo esku-hartzeak: Bilboko jabetza-erregistratzaile den Julio García Rosado jaunak testuak aukeratu eta finkatu ditu; Herri Arduralaritzako Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko Mertxe Olaizola terminologoak terminologiaren inguruko oharrak egin ditu, eskaintzen dugun testu hau finkatzean oso kontuan izan ditugunak.

Hartara, beste aurrerapauso bat eman nahi izan da, jardule juridikoek euren eguneroko zereginetan euskara erabil dezaten. Azkenean, jarduleok zehaztu beharko dute eginiko ahalegina baliozkoa izan den edo ez, aipatu helburuak erdiesteko.

(ANDRES URRUTIA BADIOLA notarioa, euskaltzainburua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da)

Ildo berreko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com