Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  III. mapa soziolinguistikoa

III. mapa soziolinguistikoa

2005-05-11 / 12:30 / Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Mapa soziolinguistikoa tresna baliagarria da hizkuntzen egoeraren berri izateko eta hizkuntzen bilakaera jasotzeko. Horixe bera da III. Mapa Soziolinguistiko honek egin duena, hau da, euskararen egoera nolakoa den azaldu ez ezik azken hogei urteotan izan duen ibilbidea ere deskribatzen du.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPSren) jarduketa-planak argi eta garbi jasotzen du hizkuntza-politika sistematikoki ebaluatu behar dela. Jarduera-ildo iraunkorra da, beraz. Izan ere, aginte publikoek hizkuntza-politikaren funtzionamendua ezagutu eta ebaluatu behar dute, beren eskumenen arloan, politika horren helburuak zenbateraino lortzen diren eta oinarriak noraino errespetatzen diren egiaztatzeko.

Hori dela eta, 1981etik 2001era bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) egin diren zentsuetako eta erroldetako emaitzetan oinarrituz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, EUSTATen laguntzarekin, hiru mapa soziolinguistiko kaleratu ditu. Hirugarrena, eskuetan duzu.

III. Mapa Soziolinguistikoak euskararen egoera nolakoa den azaltzeaz gain, azken hogei urteotako ibilbidea egiten du. Horretarako, zentsuan eta erroldan zuzenean jasotako hiru aldagaiez gain (hizkuntza-gaitasuna, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera), HPSek landutako bi indize aztertu dira: hizkuntza-bilakaeraren tipologia (BILA indizea) eta etxeko erabileraren tipologia (ERABIL indizea). Lan honek bigarren zatia izango du aurki. Bertan, familia-bidezko transmisioaren azterketa sakona egingo da.

Emaitzak lurraldeka, eskualdeka eta udalerrika eman dira, eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, auzoka ere bai. Adina ere kontuan izan da, hortaz, datuak bost urtekako adin-taldeetan eskaini dira.

Argitalpena bi formatutan kaleratuko da: paperean eta CDan. Paperean datuak grafikoetan eta mapetan irudikatu dira eta horien irakurketa zehatza egin da. CDak, berriz, bi informazio-mota nagusi ditu. Batetik, paperean eginiko argitalpena bera, PDF formatuan. Eta bestetik, egoeraren eta bilakaeraren irakurketa egiteko erabili diren datu nagusiak, PX formatuan.

Emaitzak nagusiak

2. IRUDIA. Hizkuntza-gaitasuna EAEn.1981 eta 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Begi-bistakoa da azken hogei urteotan euskararen ezagutza handitu egin dela Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Elebidunak bostetik bat ziren 1981. urtean, eta herena 2001ean; horrek esan nahi du euskarara beste 200.000 hiztun potentzial etorri direla.

Gaur egun, beraz, EAEko biztanleen % 32,2 (639.296 lagun) elebidunak dira, % 18,2 (361.006 lagun) elebidun hartzaileak eta gainerako % 49,6 (984.656 lagun) erdaldun elebakarrak.

3. IRUDIA. EAE. Hizkuntza-gaitasuna, adinaren arabera. 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Elebidunen gehikuntza, gainera, orokorra izan da. Izan ere hiru lurralde historikoetan gertatu da; are gehiago, adin-talde guztietan ere halaxe gertatu da, 65 urtetik gorakoen taldean izan ezik. Izan ere, elebidunak nagusi dira 25 urtetik beherako gazteen artean.

4. IRUDIA. Elebidunen portzentajea udalerrika. 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Euskarak, kopuruei dagokienez, aurrera egin du, bai, eta horrekin batera, elebidun eredu berriaren ezaugarriak ere finkatuz joan dira. Gaur egun, elebidun gehienak (% 66,3) hirietan bizi dira, batez ere hiru hiriburuetako metropoli-guneetan eta EAEko errepide-sare nagusietan lerratzen diren 10.000 biztanletik gorako udaletan, ahaztu gabe, noski, kostaldeko zenbait gunetan bizi direnak.

5. IRUDIA: EAEko biztanleriaren piramideak, 1981 eta 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Baina euskararen egoera eta bilakaera nolakoak diren sakontzen jarraitu aurretik, komenigarria da gure gizartearen egitura aldatzen ari diren eta, zalantzarik gabe, euskararen bilakaeran eragina izango duten bi fenomeno kontuan hartzea: biztanleriaren zahartzea eta atzerriko inmigrazioa.

Azken urteotan, EAEko jaiotza-tasa oso baxua izaten ari da. Horren ondorioz, biztanleria nabarmen zahartu da. Horren adibide 1981eko eta 2001eko adin-piramideen arteko konparaketa da.

Egia da, halere, 2001eko Zentsuan bertan joera-aldaketa baten zantzuak antzeman daitezkeela. Izan ere, lehenengo aldiz azken 20 urteotan, adin-talderik gazteena (0-4 urte) hurrengoa (5-9 urte) baino handixeagoa da.

6. IRUDIA. EAEra 1996-2001 aldian etorritako atzerritar kopuruaren bilakaera. Urtez urte eta pilatutako datuak
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Biztanle-kopurua hazten bada, kanpotik etorritako pertsonei esker izango da neurri handi batean. Biztanleria osoarekiko proportzioa oraindik txikia bada ere, azken urteotan asko hazi da bertaratu den atzerritarren kopurua. Hori egiaztatzeko, nahikoa da ikustea EAEn bizi diren atzerritarren erdia baino gehiago (% 54,9) 1996 eta 2001 bitartean etorri direla eta, gainera, azken urtean etorri direnak 1996an etorritakoak baino bost aldiz gehiago direla.

Atzerritar horiek eta datozen urteetan etorriko direnak erabat gizarteratu daitezen, euskara ahalik eta errazen eta modu naturalean jasotzeko ekimenak lehenetsi beharko dira.

7. IRUDIA. Gune soziolinguistikoak eta elebidunen banaketa erreala, udalerrika
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hizkuntzaren azterketara bueltatuz, azpimarratu behar da elebidun gehienak populazio-dentsitate handiko guneetan bizi direla. Gune horietako erdaldun elebakarren indizea oso altua denez, zuzenean eragiten du elebidunek euskara erabiltzerakoan dituzten aukeretan.

Elebidunen hazkundea gazte-gertakaria da. 20 urtetik beherako adin-taldeetan nagusi dira elebidunak. Horrez gain, adin-taldea zenbat eta gazteagoa izan, handiagoa da elebidunen ehunekoa. Izan ere, gaur egun elebidun gehienek (% 47,6) 30 urte baino gutxiago daukate.

8. IRUDIA. Euskaldun berrien banaketa, kopuru absolututan, udalerrika. 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Gazte elebidun gehienen familia-ingurunea eta harreman-ingurunea erabat erdalduna da. Beren familietan inork ere ez daki euskaraz, eta populazio-dentsitate handiko metropoli-gune oso erdaldunetan bizi dira. Euskaldun berriak dira, hau da, lehen hizkuntza euskara ez besteren bat izan dutenak eta eskolan ikasi dutenak.

9. IRUDIA. BILA indizearen bilakaera EAEn. 1986-2001 (%)
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Beraz, elebidunen kolektiboa oro har, baina bereziki gazte elebidunena, errotik aldatzen ari da. Euskaldun zaharrak, hau da, lehen hizkuntza euskara izan duten elebidunak nagusi dira oraindik, baina gero eta pisu txikiagoa dute elebidun guztiekiko. Aldiz, euskaldun berriak, esan bezala, gero eta gehiago dira bai kopuru absolutuetan baita portzentajeetan ere.

10. IRUDIA. Hizkuntza-bilakaeraren (BILA) indizea, EAEn, adinaren arabera. 2001 (%)
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Izan ere, euskaldun berriak nagusi dira 25 urtetik beherako gazteen artean.

11. IRUDIA: Galerak eta irabaziak EAEn, adinaren arabera. 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Dena den, familia bidezko transmisioa EAEn ia erabatekoa da gurasoak euskadunak direnean. Galerak, oro har, oso txikiak dira. Gainera, gero eta ohikoagoa da euskara transmititzea aitak ala amak, bietatik batek bakarrik dakienean euskaraz. Halakoetan, noski, euskararekin batera gaztelania jaso ohi dute haurrek.

Baina, lehenago esan bezala, elebidunen ezaugarri berri horiek erabat baldintzatzen dute euskararen erabilera, eta bereziki etxeko erabilera. Hizkuntzaren erabileran gehien eragiten duten faktoreak bi dira: hizkuntza erabiltzeko erraztasuna eta hiztunen dentsitatea. Orain arte egin ditugun azterketek erakutsi digute gaur egun duela 10 urte baino euskara gehiago hitz egiten dela oro har. Baina, erabileraren hazkunde hori batez ere eremu formaletan gertatu da, eta ez horrenbeste familian.

12. IRUDIA. ERABIL indizea EAE. 2001 (%)
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Gertakari hori hobeto ezagutzeko, etxeko erabileraren tipologia (ERABIL indizea) landu dugu. Indizea osatzeko, hiru aldagai gurutzatu ditugu: lehen hizkuntza, hizkuntza-gaitasuna eta etxeko hizkuntza. Horrela, elebidun-mota bakoitzak (euskaldun zaharra, jatorrizko elebiduna, euskaldun berria…) etxean nagusiki zein hizkuntza erabiltzen duen jakingo dugu.

13. IRUDIA. ERABIL indizea adinaren arabera, EAE. 2001
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Badakigu euskara erabiltzeko orduan, euskaldunen dentsitatea erabakigarriagoa dela etxean gainerako erabilera-esparruetan baino (lagunartean edo lanean esaterako). Are gehiago, euskara etxeko ohiko hizkuntza izan dadin, beharrezkoa da etxeko kide guztiek euskaraz jakitea. Nahikoa da etxeko kide batek euskaraz ez jakitea erabilerak oso behera egiteko.

Beraz, euskaldun berriek etxean euskara gutxi erabiltzen dute etxeko euskaldunen dentsitatea oso txikia delako eta, oro har, erraztasun handiagoa dutelako gaztelaniaz. Euskaldun berrien familiako kide gehienak erdaldunak dira. Askotan, euskaraz neba-arreba gazteek baino ez dakite. Horrela, etxean euskaraz mintzatzen diren euskaldun berriak % 2 baino gutxiago dira eta gaztelaniarekin batera mintzatzen direnak % 17.

14. IRUDIA. Etxeko hizkuntza, etxeko elebidunen dentsitatearen arabera EAE (%)
Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Baina baldintzak egokiak direnean, euskara da gehien erabiltzen den hizkuntza. Izan ere, emaitzek erakusten digute euskaldun zahar gehienek (% 70) euskara erabiltzen dutela etxean eta % 20k euskara gaztelaniarekin batera. Gainera, euskara erabiltzen duten euskaldun zaharrak nagusi dira adin-talde guztietan.

Gure helburua elebidunentzat euskara ohiko tresna izatea bada; gero eta jende gehiagok euskaraz hitz egitea nahi badugu; etxean ez ezik gainerako esparruetan ere maizago eta gehiago erabiltzea, ezinbestekoa da elebidunek euskaraz erraz, trebe eta naturaltasun osoz hitz egin dezaten. Izan ere, hitz egiteko bidea erraza eta atsegina ez bada, nekez hitz egingo dugu euskaraz gehiago eta toki gehiagotan.

Horretarako, beraz, behar-beharrezkoa da hiztunen hizkuntza-gaitasuna hobetzea eta elebidunei aukerak eskaintzea euskaraz jardun dezaten. Jomuga hori izanik, jarduera, zerbitzu eta produktu atsegin gehiago eskainiz gero euskaraz, baliteke kontsumitzaile eta erabiltzaileen ohiturak aldatzea, eta, horren ondorioz, euskaraz mintzatzea ohiko izatea eguneroko jardueretan, besteekiko harremanetan eta gure ohituretan ere bai.


Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Eusko Jaurlaritzaren (EJ) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS)


Agiri interesgarriak (eskuratzeko gainean sakatu)


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com