![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Xabier Kintana Urtiaga / Hizkuntza / 2005-05-16 / 07:00
Euskal idazleek kultura eta zientzi mailako hitzak euskaraz emateko izan duten kezka ez da gaurkoa. Gure literaturari behako bat egitea aski da, XVI. mendean sortu zenetik terminologia kultural eta zientifikoaren auzia, praktikan zein teorian, beti presente egon dela egiaztatzeko. Bistan da lexiko berezi honen kontua ez dela beti testuinguru eta era berean planteatu, eta emandako irtenbideak ere bat baino gehiago izan direla, baina, azken buruan eta funtsean beti gauza bera zetzan: ea zilegi eta bidezko ote zen euskaldunok kanpoko hitzak hartzea geure hizkuntzarako.
Gure datuen arabera, arazo honetaz bereziki arduratu zen lehenbizikoa, Joanes Leizarraga izan zen, Testamentu Berria itzultzerakoan euskarak, ordura arteko erabilera idatzi urriagatik, lexiko arloan zeuzkan hutsune larriak salatuz (1). Hori konpontzeko asmoz, berak, garai hartako beste erdal idazle gehienek egin ohi zutenari jarraikiz (2), barra-barra eta inolako ahalkerik gabe hartu zituen latinetik itzuli behar zituen kontzeptuak adierazteko berbak. Inoiz, Villasantek eta Mitxelenak azpimarratu zutenez, kontzeptu hori esateko euskal hitz jator eta jakina zegoenean ere, hots, premiarik gabe, erdal hitza eskuratuz (cena, fluvioa, anzianoak euskarazko ‘afari’, ‘ibai’, zaharrak etab. ordez), nahiz eta, geroago maiz gertatuko zen bezala, batzuetan aukera horietan ñabardurak egiteko kezka etzan, herri mailako euskal hitz apalak erlijio-mailako goi kontzeptu bereziak adierazteko aski egokiak ez zirelakoan.
Hori gertatu zitzaion, adibidez, pescadore hitzarekin, “Zuberoako herrian usantzatan eztiraden hitz bakoitz batzu hango antzora itzuliak” atalean berberak azaltzen digunez: peskadore: arrantzale. Gehienzi lekhuetan arrantzale erraitenagatik, heuskaldun anhitzi Ma 4,19 eta Mark 1,17. “nik eginen zaituztet giza peskadore” hobeki itzeukiz, ezen ez “nik egonen zaituztet gizarrantzale”; hala usatu ukhan dugu”, arrantzale hitzak arrain-ekin daukan lotura gardenagatik itzulpen hori euskaraz trakets xamarra geldi zitekeelakoan.
Irtenbide harrigarria benetan. Hortik erraz atera liteke grezieraz alieys αλιεύς ‘arrantzale’ hitzak ikhthys ιχθύς ‘arrain’ekin zerikusirik ez daukalako, erabaki hori hartu eta euskaraz halako erdarakada sartzera grezierazko testuak bultzatu zuela, baina jakin, badakigu latin eta frantses testuak izan zirela Leizarragak, euskal itzulpena egiteko orduan, aurrean izan zituenak, eta latinezkoak “venite post me et faciam vos fieri piscatores hominum” dio, eta latinez piscator ‘arrantzale’ berbak, piscis ‘arrain’-ekiko lotura garbia erakusten du, frantsesez poisson-ek eta pêcheur-ek lotura hori ezkutuxeagoa eduki arren (3).
Antzeko ñabardura aurkitu uste izan zuen G. Arestik, Barrutiaren teatro-lanean oinarriturik, esposo/esposa ‘erlijio-zeremoniapeko hitz emanak’ eta senar/emazte ‘beste ezkontidearekin haragizko harremanak izandakoak’ arteko ezberdintasuna justifikatzeko, baina, egia esan, Leizarragaren kasuan behintzat, iritzi hori ez dago batere argi . Izan ere, San Josef Mariarekin fedatu baina “elkargana gabe” zegoen arren senhar deitzen baitu (Mat, 1.19) eta birjina ergelen parabolakoari (Mat. 25,5) eta Kanako ezteietakoari (Joan, 3,9), aldiz, esposo, hauek itxuraz bederen, ezkontza oraindik kontsumatua izan ez arren.
Urdazubiko semeak, ordea, segur aski Leizarragaren itzulpenaren zabarkeria bidenabar salatzeko asmoz, euskararako bestelako bidea proposatu zuen, oraintsura arte arrakasta eta segizio handia izan duena: jatorrismoarena: Horren arabera, ezin utzizko terminologia baztertu gabe ere (doktor, filosofia, kapitulu, teologia...), beste hizkuntzetatik jasoriko mezuak gurera aldatzean euskal sen berezira birmoldatu beharra zegoen eta hor, autorearen nortasun eta estetika pertsonalaren arabera, proportzio ezberdinetan, literatur ukitua eta dibulgazio edo maila-apaltzea tartekatzen ziren (4).
Herri-bide honek luzaro arrakasta handia izan du, hurrengo mendeetan bera onartu, landu eta segitu duten autore ugariak kontuan izanda: Mendiburu, Mogel, Duvoisin, Orixe, Olabide, Mokoroa, Lekuona, Karaberaz taldea... Halere, ez litzateke txarra izango gure hizkuntzaren kasuan auzi hori planteatu zen testuinguruaz gogoeta egitea, ez baita inola ere gertatu inguruko hizkuntzek zuten giro berean.
Alde batetik, ez genuke ahantzi behar euskararen inguruko hizkuntza guztiak (gaztelania, gaskoia, frantsesa, katalana, italiera...) latinkumeak zirela eta, alde horretatik, berezko herentziatzat jotzen zuten hizkuntza ama zahar prestigiotsuagandik jasoriko lexiko ondare osoa, hor bikote moduan jasoriko kultismoak (derecho / directo, espalda / espátula, caudal / capital, cabildo / capítulo...) zein liburu bidez harturiko kultur hitz dotoreak (bélico, tauromaquia, logogrifo, cualidad (5), sensibilidad...) sarturik, horien artean latinak berak grezierari harturikoak gaitzetsi gabe: filosofía, astrología, metafísica, aritmetica, geografía, geometria...
Beste herriek ere, ingeles-alemanak adibidez, neurri batez mendebaldeko hizkuntza klasiko horien ondare lexikala berenganatzen jakin zuten, Axularrek bera, esan dugunez, terminologia nagusian behintzat egin zuen bezalatsu.
Euskaldunak, ordea, laster konturatu ziren beren hizkuntzak ez zuela halako latin-jatorririk, baina inguruko erdaldunentzat Italiako ama hura oso noblea bazen ere, bertokoek ez zutela horregatik apalago izateko konplexurik ukan behar; aitzitik era askotako erdaldun erromaniko haien hizkuntzak nolabaiteko latin degeneratu gisa zekuskiten, eta euskara, aldiz, Axularrek berak harroki azpimarratzen zuenez (6), aparteko hizkuntza zaharra zela, segur aski Babelgo dorrearen denboratik hona aldatu gabea, beste ama-hizkuntzarik edota seniderik jakiten ez zitzaionez (7).
Ideologi testuinguru honetan, euskaldun apologista batzuek berehala ikusi zutela euskarak, inguruko mintzairen artean umezurtz izanda ere, aldi berean bakartasun horri fama-etekinak atera ziezazkioketela, bere ezberdintasun eta bitxitasun paregabe hura bera prestigio-iturri bihurturik.
Hortaz, pentsaera horrekin logikoa zen euskal idazleengan latinetiko hitzak mailegatzeko higuina sortzea, haren oinordeko naturalak ez zirenez gero. Agian, euskaldunek harreman gehiago izan balute garai hartako ingelesekin, lotsa txikiagoa izan zezaketen horretarako, baina, aleman edo hungariarrei gertatu zitzaien bezala, kontzeptu berriak beren kasatik asmatzeari ekin zioten. Hori egitean, Larramendik bere hiztegiaren hitzaurrean ezin argiago dioskunez, greziarrek egin zutena bera imitatu nahi zuten, eta latindarrek asmatzeko alferkeria salatzen.
Latinetiko hitzak arbuiatzeko joera honetan, noski, agian ez da ahantzi behar garai berean gaztelauen kritika eta maiseaketek, izan zuten eragina, gehientsuetan euskara itsusteko xedearekin. Izan ere, euskarak zeuzkan erdal edo latin jatorriko hitzek aitzakia ona ematen zieten horiei guztioi gurea berbeta kaxkar eta urria, gaztelaniaren eraginpeko dialekto pobre bat besterik ez zela aldarrikatzeko, berezko aberastasunik gabea. Euskaldunei gelditzen zitzaien irtenbidea, beraz, bakarra zen: norbere harrobia aztertu, eratortze eta elkartze legeak atera eta horien bidez hitz berriak asmatzea.
Horrek baina, bere betiereko garbitasunaz harrotu nahi duenaren antzera, beti birjina izatera behartzen zuen euskara, hots, bere baitan itxia eta bereizia, inoren ukitu eta mailegurik jaso gabea.
Zalantzarik gabe, erdaldunen presioak, erdarakadak euskararen endakatze eta maila eskasaren seinaletzat salatzean, euskaldun kontzientziadunen artean defentsa-jarrera sorrarazi zuen. Horren ondorioz, gure hizkuntza berezko, bere baitako eta etxekoen begietarako zerbait izateaz gainera, bere agerpen nabarmenetan, hots, idatzietan, kanpokoen uste gaizto, gaztelau-frantsesen begi kritikatien eta arrotz guztien iseketatik babestu beharreko altxor gisa kontsideratzen hasi ziren, eta euskarari buruzko iritziak haien aurreiritzien aurka moldatu ere bai.
Horretara, pixkanaka, arlo batzuetan, euskararen existentziarako oinarria “antierdara” izateraino heldu zen. Praktikan euskal hitzen jatortasunaren epailetzat inguruko erdarak jarri ziren, gaztelania hurbil eta guztiahalduna batik bat, hiztunen egiazko erabilera edo premiak alde batera utzirik, gainerako mintzairetan gertatzen ohi denaren kontra.
Beraz, irizpide honen arabera, gure hitzak euskarazkoak ziren erdarazkoen antzik ez zuten neurrian, eta ez bestela. Absurdo honen ihesbidetzat, ezin utzizko hitz kutsatuen jatortasuna salbatzeko, autore batzuek, Larramendi buru, erdal itxurako berba horiek inguruko hizkuntzek lehenago euskaratik hartuak zituztelako aitzakiak asmatu behar izan zituzten, biluztasuna estaltzen zigun soinekoa geure-geurea genuela argudiatzeko, hitz mailegatu haiek azken buruan, guk haiei barik, haiek guri kopiatuak zirelako.
Norbaitek bestela pentsa dezakeen arren, erdal eraginpeko joera horrek ezin saihestuzko garrantzia soziologikoa izaten du hizkuntza guztietan. Izan ere, zapalkuntza politikorik gabeko garaietan, beste herriekiko harremanak tratu normalean edota mirespen kultural eta politiko soilez gertatzen direnean, ohikoa izaten du herri apalagoak edota miresleak herri garatuago eta miretsiagandik berbak jasotzea. Hortxe ditugu latin jatorriko hitz zaharrak euskaraz, edota Erdi Aroan gaztelaniak arabieratik eta Berpizkunde Aroan italieratik inolako lotsarik gabe jasoriko berba ugariak.
Baina eragin hori zapalkuntza politikoaren eskutik datorrenean, edo herri batek bere kontzientzia nazionala berreskuratzeko bidean diharduenean, hitz arotzak gaitzesteko joera sortzen da eskuarki. Gogoratu besterik ez dago, adibidez, Errusian, Napoleonen erasoen ondoren, errusieratik frantseskadak saihesteko kanpaina, frantses armada Moskutik paseatu baino lehen errusiar nobleek dotorezi zurrean erabili ohi zuten mintzairatik sartuak.
Inoiz Ibon Sarasolak aipatu duenez, txekiarrek ere, luzaz Alemaniapean zapaldurik, germaniar hitzak baztertzeko joera izan dute, eta horri finlandiarren etsenplua ere erants lekioke, suediar eragina berengandik astintzeko kanpaina ezagunarekin. Mussolini, bestalde, italieratik hotel moduko galizismoak baztertzen ahalegindu zen (8) eta ez dezagun ahantz Francoren Espainia nazionalista chofer, fútbol, basketball, clip edo coñac moduko hitzen aurkako borroka latza bultzatu zuela, horien ordez, arrakasta ezberdinarekin conductor, balompié, baloncesto, labiado edo jeriñac moduko ordainak proposatuz.
Gaur ere, nazionalismo sentimendurik bat ere ez omen duen prentsa espainola –gauza jakina denez nazionalismoa euskaldun, katalan eta galego burzoroon gaixotasun atzerakoia besterik ez baita– etengabeko arauak ematen ari da hedabideen bidez anglo-saxoniar mundutik helduriko lexikoa eta esapideak uxatzeko. Beraz, puntu honetan ere, munduko gainerakoek bezala jokatzeko, ez ginateke hain itsuak izan behar, eta bai saiatu geure hizkuntzaren duintasuna bere neurrian mantentzen..
Hori da, azken buruan, XVI. mendetik aurrera alemanek egin zutena. Bide berean abiatu zen, bestalde, hungariera bera ere. Larramendik proposatzen zuen asmatze eta sortze bidea, hortaz, zentzuzkoa zen, eta ideia haiek soro egokian erein balira, bestelako giroarekin, berak proposaturiko zientzi hitz batzuk, adibidez, inolako arazorik gabe helduko ziratekeen gureganaino (9).
Baina guztiok dakigunez, ordukoa ez zen gure hizkuntzarentzat sasoi ona. Alemanak, hungarierak eta garai hartako beste mintzaira batzuek, Estatu-hizkuntzak ziren aldetik, aukera egokia zuten beren idazleen hitz sormena lantzeaz gainera emaitzak ere gizarteratzeko. Euskara, aldiz, ez zen ofiziala eta horrek erabat behaztopatzen zion administrazio eta irakaskuntzako erabilera arautua, eta horrako finkatu eta sortu beharreko lexikoaren premia praktikan ezereztu ere bai.
Beraz, alfer-alferrik ari zen, gure Larramendi, borondaterik onenarekin teologia, astrologia, uranologia edota kronologia euskara garbian nola esan zitezkeen asmatzen, hitz horiek azaltzeko eta erabiltzeko eskola eta irakaskuntza-eremurik ez zegoen artean.
Norbaitek erran lezake, ofizialtasunik izan ez arren ere, liburuetan behintzat horretako hitzak erabil zitezkeela, eta nolabait arrazoia luke. Eta erabili ere, horietako batzuk erabili izan dira, bai eta gure menderaino heldu ere: gudari edo garrantzia, esaterako. Baina ez gaitezen engaina, gure jendea euskaraz osotoro alfabeta zezakeen egiazko eskolarik gabe –katekesiaren ahalegintxoa urriegia eta mugatuegia baitzen– maila horretako liburuak eskura litzaketen irakurleengan pentsatzea amets hutsa zen.
Bitartean, balizko olak burdinarik egin ez daroala ahantzirik, euskara ofizialki saihestuaren inguruan, euskaltzaleek haren birjintasunezko mito ederra eho zuten. Irakaskuntzaren eta zientziaren praktikan erabiltzen ez den mintzairari buruz nahi adina fantasia asma daitezke, eta horiek, pittinka, azkenean, ekinaren ekinaz dena bustitzen duen zirimiriaren antzera, gure herriko seme erdaldundu baina euskaltzaleengan ere txertatu ziren. Halere, halakoek, euskaraz hizketan jakin ez arren, XIX, mendetik aurrera oso ongi zekiten, -kanpoko filologo ospetsuei esker- euskara Espainiako, Europako eta agian mundu osokoko hizkuntza zaharrena zela. Horren aparteko aberastasunaren froga gisa, gainera, lehen Larramendik eta geroagoko beste euskalari batzuek asmaturiko hitz zerrendatxoak ere ikasten zituzten, horiekin erdaldunak txunditzeko. Horietako batzuek, akeita, txola, txokorra eta urrutizkina ezagunek, esaterako, oraintsura arte iraun dute.
Giro anomalo horretan, been artean ia beti erdaraz zihardutenen artean, posible zen berek egiaz erabili gabeko euskara birjina hura garbi eta txukun mantentzea Platonen gogoko munduan. Baina mundu horrek ez zeukan zer ikusirik egiazko euskaldunek egunero bizi behar zutenarekin.
Andres Urrutiak argitara eman dituen testuetan garbi ageri denez (10), XIX. mendean garaiko foruzaleen abertzaletasunari esker euskarak Bizkaiko Batzar Nagusietan izandako onespenaz baliatuz, saio batzuk, oso luzeak, egin ziren bileren aktak, hitzaldiak eta akordioak gure hizkuntzara itzultzeko, inoiz pentsa litekeen baino emaitza hobeekin, herriko jende euskaldunak gauzak erraz ulertzeko helburuaz, baina hura guztia, funtsean, galeriara begira egiten zen, sinbolismo hutsez, eta ez jende erabat euskaldunak –orduan zoritxarrez kultura maila eskasean– haren premia eta egarria sentitzen zuelako. Horregatik, itzulpenen aldi hori bat-batean amaitu zenean, ez dirudi herri-protesta handirik izan zenik.
Bazen, gainera, beste oztopo bat. Hitz berriak sortzeko arloa ez zuen ordura arte inork behar den bezala jorratu, eta hortaz, ez zegoen hartarako gramatika oinarri sendorik. Baziren, hori bai, idazle trebe batzuk (Oihenarte, Larramendi bera) herri-senaz euskaraz hitz berri aski egoki eta politak asmatzeko ahalmenarekin, baina, oro har, fantasiazko arauetan finkatzen zen guztia, arbitrarietaterik handienaz. Egiazki, hitzak elkartzeko eta eratortzeko arauak ez ziren sakonki aztertzen hasiko Azkuek bere Morfología Vasca landu arte, XX. mendearen hasieran. Hortik abiaturik, oinarri teoriko aski ongi errotuarekin, hasiko ziren zuzenki asmatzen gaur egunean erabat normalak iruditzen zaizkigun hitz berri gehienak.
Ez zen hura, zoritxarrez bakarra. Zutik zirauen, fundatzailearen prestigio politikoagatik, Arana-Goiriren eskolako neoastarloismoak, fonemetan ustezko erroak ikusi nahi zituenak. Edonola ere, aitortu beharra dago Azkueren bideak askoz ere zentzuzkoagoa zirudiela eta arrakasta handiagoa lortuz zihoala.
Horrela, Azkueren lanari esker, Francoren altxamendu faxista gertatu ez balitz, segur aski terminologia zientifikoaren arazoa jadanik Espainiako bigarren Errepublikaren garaian planteatuko zatekeen, lehen euskal autonomi estatutua normaltasun giroan garatu izanez gero behintzat. Ordurako, lehenbiziko ikastolak sortuak ziren eta horri erantzuteko Xabiertxo moduko testu-liburutxoak agertzen hasi ziren, eta Historiako lehen euskal eskola publikoak martxan hastekoak ziren. Baina hura jaio bezain laster ito zuten oraingo demokrata batzuen aitona-amonek.
Hala eta guztiz ere, euskarak izan zuen ofizialkidetasun aldi laburrean, Eusko Jaurlaritzaren inguruko testu ofizial gehienak –Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa adibidez- goitik behera Sabino Aranak bultzaturiko garbizalekeriaz kutsaturik zeuden. Hori baina, ez zen harritzekoa, Bizkaiko, eta, batez ere, Bilbao-Abandoko PNV-EAJk, hizkuntzaz gehienbat erdaldunak, eta sabindiarrek garai hartan hor izan zuten nagusigo linguistikoa kontuan izanda, gorago aipaturiko fenomenoak, euskaltzale erdaldunen garbizalekeria eta erdaldunen aurrean sinbolismo hutsez ezberdindu nahia, ezin hobeki islatuz. Seber Altube bezalako buru argiek, ordea, alderdi berekoak izanagatik, bere protestak agertu zituzten Justo Garatek, umorez, dialecto experimental aberriano de la calle de Bidebarrieta deitzen zuenaren aurka.
Halere, aski da garai hartan euskara eguneroko giza harremanetan egiazki erabiltzen zen tokietako kartel, abisu, iragarki eta argibideen testuak ikustea, Gipuzkoan adibidez, horko euskara askoz ere errealagoa eta ulerterrazagoa zela konturatzeko. Ene ustez, orduko autonomiak segida izan balu, praxiak beraz baztertuko zukeen purismoa, geroago gertatuko zenez. Ez dezagun ahantz, adibidez, 1936an Justo Mari Mokoroa aurreikusleak argitaraturiko Genio y Lengua liburu kritikoa, garbizalekeriaren funtsezko errakuntzak salatzen zituena.
Gerrak, dena den, eten handia ekarri zuen. Euskara eta euskal kultura katakunbetan ezkutatu ziren eta euskaltzale askok erbestera abiatu. Handik aldizkari batzuk argitaratzen ziren; sonatuena Eusko Gogoa. Hor Xabier Lizardik gerra baino lehen aldarrikaturiko helburuari atxikiz –euskara: orotarako hizkuntza– kultur gaiak euskaraz landu ziren, eta haren zuzendariak, Jokin Zaitegik, lan luze eta neketsua egin zuen, batez ere grezierazko obra klasikoak euskarara ematen. Lan horiek baina, neurri handiz, diletante batzuek beren lagunarteko beste diletante batzuentzat eginak izaten ziren. Guztiek ideologia berbera edo oso antzekoa zeukaten, hizkuntzari zegokionean behintzat, eta berriz ere, eguneroko praktikatik urrunduta, ahalegin haien euskara, zoritxarrez, garbizaletasunaren aurreiritziek jota agertzen zen.
Ez da ahanzteko, ordea, ikuspegi ezberdinetatik Sebero Altunek eta Federiko Krutwigek ordura arteko garbibideari egindako kritika zuhurrak, nazioarteko kultur terminologia euskararako ere onar zedin eskatzeko. Baina hura guztia, berriz ere, maila teoriko hutsean gelditzen zen, airean, egiazko beharrizanak planteaturiko praktikara jaitsi gabe.
Euskararen une erabakigarria, benetan zirt edo zart egitekoa, 60en hamarkadan gauzatu zen, euskara batuaren auziarekin. Orduan mahairatu eta eztabaidatu ziren arazo gehienak ez ziren berriak: aspaldian, behin eta berriro errepikatuak ziren. Haien aldeko eta aurkako argudioak ere, lehendik emanak eta xeheki azalduak zituzten Leizarragak, Larramendik, Aizkibelek, Hendaiako kongresuak, Luis Elizaldek, Broussain-Kanpionen txostenak, Altubek, Mokoroak, Krutwigek, Villasantek... ia guztia esana eta errepikatua zen.
Aurreko garaietatik agian zegoen alde bakarra, proiektuaren baliatze-eremu zabalagoa zen: herrialde bakarraren mailako, Frantzia aldeko edo Espainia aldeko euskaldunentzako proposamena barik, oraingoan, euskaldunon garapen politiko eta nazionalaren ondorioz, Euskal Herri osorako zerbait zen, proiektu orokorragoa. Baina hizkuntzaren batasunaren auziak bazuen aldean, ordura arte lehenago sekula ukan ez bezala, beste elementu bat, eta, ene ustez, horrexek bultzatu zuen aurrera, eta erabateko arrakasta eman ere bai.
Lehenago, kasurik hoberenetan, hizkuntzaren aldeko proiektuak ongi diseinatuak, helburu onez proposatuak eta, neurri bateraino, adostasunez onartuak izan zitezkeen, baina, euskararen benetako egoera soziala kontuan izanda, borondate hutsezkoak ziren. Errealitatean ez zuten inolako gizarte premiarik betetzen, hizkuntza bera ez baitzen ofizialki onartua.
Hala baina, batasunaren auzia azkenean planteatu zenean, bazen premia objektibo bat, jendeak kontzienteki hura ez bazekusan ere: euskara irakaskuntzan abiatua zen jada eta ikastolak urtez urte hasten ziren sortzen eta hazten, eta hor behintzat bai, hor euskara batua, beharrezkoa zen, hor testu-liburuetan, matematikan, fisikan, geografian eta beste irakasgaietan zientzia irakasteko zer nolako hitzak erabili behar ziren erabaki beharra zegoen. Gainera horri alfabetatze-euskalduntze kanpainen sorrera erantsi behar zitzaion. Beharrizana objektiboa zen eta, horrexegatik, gizartearen premia egiazko bat betetzera zetorrelako, euskara batuak arrakasta izan zuen.
Handik laster, Gernikako estatutuarekin, euskaldunok geure hizkuntzaren ofizialtasuna era iraunkorrez ikusi genuen, Euskal Herriko Autonomi Erkidegoaren eremuan behintzat. Gure hizkuntza irakaskuntzan sartu zen erabat, lehen mailako eskoletatik Unibertsitatera heldu arte. Halere, aitortu beharrekoa da, ikastolen eta alfabetatze-euskalduntze mugimendua hamarkada bat lehenago sortzeak euskara batuaren proiektua zenbait urtez aurrerarazi zigula.
Horrela, ofizialtasunaren egun desiratua heldu zitzaigunean, parte teorikoaren atal nagusia jadanik aztertua, erabakia, zatiz garatu eta aski onarturik aurkitzen zen gure gizartean. Hori guztiori ofizialtasuna lortzean egiten hasi behar izan bagenu, egia esan, euskal irakaskuntzak izugarrizko atzerakada izango zukeen. Hasiak egina dirudi baina halere, dena ez zegoen eginik. Bide luzea gelditzen zitzaigun oraindik ongi amaituaren urregorriaren distira ikusteko.
Lehen mailetan terminologia arazoa oso larria ez bazen ere (11), Unibertsitatera heltzean problemak berehala azaltzen hasi ziren. Egia da, ofizialtasuna baino lehen ere, irakasle batzuk –eta zilegi izan bekit ene adiskide Jose Ramon Etxebarria hemen goraipatzea- ari zirela, beren kontutik, zientzia euskaraz. Azpimarratzekoa da, halaber, -beharrak zaharra merkatura- orduko anitz irakasle, letretakoak izan ez arren, beren konturik euskal gramatika eta euskal hitz berriak sortzeko baliabideak ikasten saiatzen zirela. Bestalde, Arantzazuko frantziskotarrek bultzatua zuten Jakin izeneko humanistika eta zientzia aldizkari interesgarri bat, eta hor entseiukarrean bederen gai zientifiko asko euskaraz jorratzen ziren, idazle gazteei, bide batez, trabatzeko aukera emanez. Bestetik Lur editorialak eta Jesuiten El Mensajero-ko Etor sailak goi dibulgazioko euskal lanak argitaratzen zituzten, eta hor pixkanaka euskara bera arlo eta gai horietarako egokitzen ari zen. Alde horretatik oso mesedegarriak izan ziren, L. Villasanteren Palabras compuestas y derivadas liburutxoan gomendaturiko bide-iradokizunak.
Halere, begien bistan dago, borondate ona eta bere asignatura emateko trebetasuna gora behera, berez irakasleak ez duela zertan terminologia sortzaile trebe izan behar. Inguruko herrietan behintzat irakasleak berak bere hizkuntzaz ikasirikoa transmititu besterik ez du egiten, baina eskuarki ez ditu jakintza-hitzak asmatu behar, ematen duen irakasgaia ingelesez edota beste erdaraz jaso ez badu bederen, eta hor, gainera, maiz lexiko-kidetasun handia egon ohi da.
Terminologiaren problema hau aurrenik ikusi zuena, zalantzarik gabe, UZEI izan zen, eta unibertsitate giroko euskal irakaskuntzari laguntzeko asmoz bere zientzi hiztegi bereziak argitaratzen hasi zen, garai hartako zientzi eta hizkuntza espezialisten arteko lankidetza sortu eta bultzatuz.
Lan eskerga bezain eskergaitza izan zen hura guztia, bai eta, batzuen aldetik, gaizki ikusi eta ulertua ere. Kontuan izan behar da jakintza arlo askotan euskaldunok ez genuela inolako tradiziorik eta, egileen formazio, gustu eta trebetasuna nolakoa, lanak ere halakoak izaten zirela, giza ekintza guztietan bezala, gorabehera nabarmenenekin.
Luis Mitxelenak, askoren ustez, injustuki jo zuen UZEIren aurka. Alde batetik, Leizarragak duela lau mende esana zuenez, aurrekaririk gabeko lanei, hasiera-hasierakoei ezin eska dakiekeelako behingoan erabateko perfekziorik. Are gehiago, artean Euskaltzaindia isilik zegoela kontuan harturik, hitz berriei eta nazioarteko terminologiari buruz inolako irizpiderik eman gabe.
Egia da, askoz ere lehenago 1959an, Euskaltzaindiak adierazpen famatu bat emana zuela, ”Euskal hitzak zein diren jakiteko bidea”, politika, teknika, literatura, metro edo telefono moduko berbak onartuz, baina horien forma eta grafiaz gehiago zehaztu beharra zegoen, azken urteetan ageri zen anarkia amaitzeko.
Ondoren, “Batasunerako hiztegia” (1968) eta “Zortzi urte arteko Ikastola Hiztegia” argitaratu zituen, biak maila apalekoak. Geroago, Ramon Labaien Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuaren eskariari erantzunez, 1981an, Hondarribian, hiztegigintzari buruzko adierazpen bat egin zuen, hor lexiko orokorra, hiritartua eta espezializatuak bereiztu eta horiek banan-banan aztertzeko batzordeak sortzeko komenientzia aipatuz. Hirugarren hiztegiez, hots, gaur tekniko zientifiko deituko genituzkeenez, Euskaltzaindiak horiek ez zirela bere egitekoak adierazi zuen, horiek prestatzeko irizpide orokorrak finkatzea baizik.
Garai hartako euskaltzainburuak, Luis Villasantek, argi zekusan terminologia modernoaren problema, bai eta inbidiaz deitoratu, Real Academia Españolak ez bezala, Euskaltzaindiak diru-laguntza eta bitartekorik nahiko ez izatea, zenbait pertsona, besterik gabe, hartarako lanean jartzeko. Baina berak errepikatu ohi zuenez: “Hobe hobeak eta sendoagoak bagenitu, baina, besterik lortu artean, ditugun idi argal hauekin segitu beharko dugu goldatzen euskal soroa”.
Azkenean, 1983an, euskaltzain eta idazle batzuen ekimen eta eskariaz, Akademiak nazioarteko hitzen grafiaz arau batzuk eman zituen, eta era horretako hitzen transkripzioa euskaraz modu koherentean egin zedin. Idazleek, oro har, gogo onez hartu zituzten arau haiek. Azkenik, 1991an, beste adierazpen labur bat plazaratu zuen euskal hitzen jatortasuna zertan oinarritzen zen argitzeko, batez ere, azken aldiko erdarakadak gaitzesteko.
Arlo zientifikoan lan berezirik egin ez arren, Euskaltzaindiak, aldiz, Orotariko Hiztegia bultzatu eta eragitean, lehenik Mitxelenaren zuzendaritzapean eta beronen heriotzaz gero I. Sarasolarenean, gure literaturaren autore nagusien obretan oinarrituriko hitz bilketari ekiten zion, ordura arte inoiz egin gabea. Aurten, bere azken liburukia bukatzean, 16.a, zinez esan dezakegu hor kontsulta-altxor funtsezkoa dugula, inbentario zabal bat, hortik abiatuta bestelako lexikografi lan berezituak moldatzeko.
Bestalde, epe honetan Euskara Batuko hiztegia, hogei mila hitz ingurukoa, prestatu eta plazaratu du Euskaltzaindiak, UZEIren oinegitura eta laguntzari esker, eta hori ere hemendik aurrera laguntza estimagarria dateke.
Irakaskuntzan, oro har, UZEIk eta EHUko irakasleek markaturiko bidea onartzen ari zen. Eusko Jaurlaritzan, berriz, gobernuaren argitalpen ofizialen itzulpenak Josu Oregiren esku utzi ziren. Jakite handiko gizona zen Oregi, baina, aldi berean, bakartia eta gerra aurreko purismo girokoa, Zaitegi eta Eusko Gogoa tankerakoa, eta hori bere testuetan nabarmentzen zen. Gramatika aldetik erabat zuzena zen, baina irakurle arruntak, Mitxelenak barne, neke gaitza izaten zuen hain hitz lokal, bitxi eta adiera xelebreetan erabili haiekin esan nahi zuena aditzeko. Praktikak berak erakusten zuenez, bidea ezin zitekeen hori izan, eta bera zendu zenean, Jaurlaritzaren itzulpengintzak erabat bestelako bidea hartu zuen, gainerako idazleen sintonian, joerak pixkanaka hurbildu arte.
Euskal Herriko Unibertsitateetan azken hogeita bost urteotan euskarazko irakaskuntza, neurri handiz, UZEIren lanean oinarritu izan da, bai eta harrezkero atera izan diren bestelako hiztegi eta liburu zientifikoetan ere. Administrazioak, bestalde, lan bikaina egin du, eta Zuzenbide munduarekin daukan zerikusiagatik, koordinatuki ari dira Zuzenbide Fakultateetako lan-taldeekin, Deustuko Unibertsitatearen aitzindaritzarekin.
Ez dira ahanztekoak, bestalde, argitalpen-etxeek testugintzan (Ikastolen Federazioak, Santillana-Zubia editorialak eta bestek), Entziklopediagileek (LUR eta Elhuyar) dibulgazio eta zientzi arloan(Gaiak, Elhuyar) eskaini dizkiguten obra ugari eta aberasgarriak. Horien guztien atzean, noski, prestatzaile eta itzultzaile talde ongi trebatuak ezkutatzen dira. Azkenik, hedabideek, prentsa idatziak batik bat, egunero edota astero emaitza estimagarria kaleratzen jardun dute, hor ere eguneroko berriak eta gaiak ukitzeko hizkuntza ereduak eskainiz.
Oraingo honetan, beraz, orain arte eginiko lana berrikusi, aztertu, kritikatu, puntu batzuetan agian zuzendu, eta hemendik aurrerakoa planifikatzeko garaia heldu zaigu.
Lexiko zientifiko-teknikoaren prestaketa arrazionalak, ene aburuz, hiru oinarri beharko lituzke:
Lehen taldea, bistan denez, gure irakaskuntza, administrazio, editorial, itzultzaile eta komunikabideetako pertsona interesatuz osatua beharko genuke, horiexek baitira, jakin, euskaraz zer esan behar duten benetan dakitenak.
Hizkuntzaren aholkularitzari dagokionez, lehenengo eta behin, Euskaltzaindia legoke, bera baita, izan, legez Euskal Herriko hizkuntz gidaritza daukan erakunde bakarra, nahiz eta, berberak maiz errepikatu duenez, bere egitekoa ez den hitz berriak sortzea, sortzeko arau orokorrak ematea baizik.
Egokiena, hortaz, eta honetara geroago itzuliko naiz, lankidetza finkatzea litzateke, bitzuen arteko harreman-prozedurak ezarriz.
Lexiko tekniko eta zientifikoaren auzi hau behin eta berriro planteatu da Euskaltzaindiak aspaldiko urteotan lantzen diharduen hiztegia moldatzean, hor zeintzuk hitz bai eta zeintzuk ez sartu behar ziren eztabaidatzerakoan.
Hiztegi hori, dakizuenez, testuen erabileran oinarritua izan da, aurretik bilduriko corpusetan, eta, hortaz, garbi dago azken urteotan eta bereziki unibertsitate mailako liburuetan agertu izan diren hitz askok, prozeduragatik beragatik, ez zuketela sarrerarik. Hori ez zetorren bat, jakina, hitz horiek adierazten duten kontzeptuek gaurko bizitzan daukaten garrantziarekin, eta, beraz, Euskaltzaindiak, cospusetatik at, bestelako laginketak eta aukerak egin behar izan ditu.
Duela urte batzuk, gainera, arlo zientifiko bakoitzetik hitz erabilienak eta premiazkoenak hautatzeko pertsonak izendatu ziren, hiztegi batuaren bigarren pasaldian emaitza horiek sartzeko. Administrazio eta Zuzenbide arlokoa, gainera, jadanik aurkeztua izan da.
Orain arte baina, zinez esan daiteke Euskaltzaindiak, oro har, lexiko tekniko-zientifikoan egin duen lana, metodologiko eta sistematikoa barik, gehiago lekukotasunezkoa izan dela, hots, zientzi arlo guztietatik halako berba andana bat aukeratu duela, jendeari hitz horiek, nazioarteko itxurakoak gehienak, euskaraz ere erabil daitezkeela erakusteko. Hots, euskal hiztegian ageri diren hitz tekniko-zientifiko guztiak euskarazkoak badirela, baina ez diren guztiak hiztegian ageri direla. Eta orain arte izan dugun purismo giroa kontuan izanda, ene ustez, hau beharrezkoa izan da.
Hitz tekniko-zientifikoen arloan, Euskaltzaindiak, bestalde, irizpide jakinak erabili izan ditu. Alde batetik, nazioarteko hitzak, gutxienez frantses, ingeles eta espainolez erabiliak, eta are gehiago, horiez gainera alemanez, errusieraz eta bestelako hizkuntzetan ere halaxe direnean, grafiaren egokitzapenaz, eskuarki euskararako ere ontzat ematen ditu.
Horrek ez du esan nahi, ordea, euskaraz ondare lexiko propioan aspaldian errotua dagoen hitza dugunean, hori kendu eta horren ordainez nazioartekoa nahitaez jarri behar dela. Asko dira nazioarteko hitzaren lekuan propioa daukaten hizkuntzak. Nekez konbentzituko genituzke alemanak edo errusiarrak beren Winkel-en edo угол ugol-en ordez *Angle gisakorik onartzera, ingelesek, frantsesek, espainolek, katalanek, portugesek, italiarrek, galesek eta euskaldunok adibidez angle, ángulo, angolo, ongl eta angelu esaten dugula argudiatuz. Horrexegatik, eta gurera etorriz, adibide xumea ipintzearren, Europako hizkuntza gehienetan director, direttore, directeur, Direktor, diccionario, dizionario, dictionaire, dictionary edo dialogo, dialogue, diàleg, diálogo, Dialog gisakoak erabiltzeak ez gaitu euskaldunok direktore, dizionario edo dialogo erabiltzera behartzen, geure ohiko zuzendari edo hiztegi, elkarrizketa bazterturik.
Zientzi eta teknika hitzek, bestalde, aldean kulturazko edo goi mailako lexikoaren kutsua ohi daramate. Hori dela eta, kulturak, hasteko, norbere nazio esparrua lantzea eskatzen duenez gero, kontuan hartu behar da euskaldun arrunten belarrietarako, kultur kutsu nabarmenagoa dutela euskal errotik ongi sorturiko hitzek, erdarazkoak bezalakoek baino, batez ere, hauek, behialako sorrera jasoa gora behera, gaur egun beheko hizkera arrunt bihurtu direnean.
Hori da, adibidez, etsenplu sonatu bat aipatzearren, karniboro hitz sonatuaren kasua. Ongisko dakigu hitz hau aski zabaldua eta nazioartekoa dela carnivora ordenako animaliak izendatzeko, baina latinetikoa denez gero (13), eta gaurko ohiko erdaran perro eta gato bezain arrunta izanik, euskaldun normalek erabat gaitzesten dute, euskaraz benetako kultur terminoa haragi-jalea delakoan, berau erabiltzeko, karniboro esateko ez bezala, pertsona batek euskaraz ongi ikasia izan behar baitu (14).
Horrek ez du esan nahi, maila hertsiki zientifikoan, karniboro – ene ustez, karnivoro hobe, aleman ereduari jarraikiz (15). – ezin erabil daitekeenik, baina beti esparru bereziki mugatuan. Alemanak, adibidez, maila horretarako, eta beti pluralean, Karnivoren onartzen du, baina baita Fleischfresser ere, hots, gure haragi-jalearen kidea. Izan ere, era horretako hitzak kontrolik gabe erabiltzeak izugarrizko nahasketa sor lezake gure gizartean, jendeak pentsa dezakeelako, mundu guztia, Jainkoari eskerrak, filologo eta taxonomista ez baita, euskaraz karniboro esatea zilegi bada, erdal hiztegiko gainerako erdal hitz guztiak ere berdin eta eskubide berberaz esan daitezkeela euskaraz ere, eta gainera horiekin kultura jasoagoa erakusten dela.
Begien bistan da jadanik beste mintzaira askotan asmatua, homologatua eta ongi errotua dagoen lexiko osoa, hitzez hitz berriro asmatzen ibiltzea alferlan nekagarri bezain ezinezkoa gertatuko litzaiokeela gurea bezalako hizkuntza txiki bati, baina horrek ez du esan nahi, oinarriz, ahal denean eta emaitza egokiak erraz lor daitezkeenean ere, gure asmamena antzutzen utzi beharko genukeenik. Batez ere erabilera eta maiztasun handiko kontzeptuak direnean.
Alemanez, adibidez, bikote ugari eratu dituzte, erabateko sinonimo gisa, nazioarteko hitzen ondoan, germaniar erroekin sorturikoak ere onartuz: Historie – Geschichte, Misantropie – Menschenhaß, Telephon – Fernsprecher, Odontolog – Zehnarzt, Prophet –Wahrsager, horietako batzuk, Fernsehen ‘telebista’ esaterako, jendearen erabileran nazioarteko berba erabat baztertu arte. Gogora dezagun, guk ere, maila apalagoa bada ere, antzeko arrakasta lortu izan dugula argazki edo hegazkin moduko zenbait hitz asmaturekin ere.
Dena den, asmatzen hasi baino lehenago, on da geure inbentarioan jadanik dauzkagun hitzen berri jakitea, berreskurapen edo berrezarpen lexikalak inoiz zerbitzu ona eskain diezaguke eta. Eta honetan ere Euskaltzaindiak laguntza ona eman lezake. Hortxe dira, adibidez, espainierazko azafata, Erdi Aroan ‘andre nagusien neska edo dama zerbitzaria’ eta gaur ‘hegazkin eta kongresuetako neska zerbitzaria’, kitxuazko chaski ‘inken garaiko mezulari-zerbitzua’, gaur ‘posta’, edo euskara zaharreko erkidego eguneratua, eremu urriko guraskide berreskuratuarekin batera, guztiak egungo premietarako ondo egokituak.
Asmatzeko orduan, elkartze eta eratortzeko arauak ere kontuan hartu behar dira, berriki asmatzen den hitzari, gutxienez formazko zuzentasuna eskatu behar zaiolako, ene ustez. Horrez gainera, laburtasuna, esateko erraztasuna, eufonia eta politasuna ere kontuan hartzekoak lirateke, nahiz eta estetika kontuan buru bezainbat aburu gerta daitezkeen.
Edonola ere, gorago esan bezala, ez doakio Euskaltzaindiari asmatzea, ezin bestean besterik, eta hortaz, mundu guztian ohi den bezala, idazleek, itzultzaileek eta irakasleek sortzen eta proposatzen dituzte eskuarki hitz berriak, hots, egiazko erabiltzaile-sortzaileek. Hortaz, Euskaltzaindiak horiek berrikusi eta onespena eman beharko lieke, eta gaitzestekotan, ahal bada, ordain hobea eskaini.
Jadanik 1991.eko adierazpenean Euskaltzaindia prest agertu zen zientzialariekin elkar lanean aritzeko, eta orain ere uste horretan dirau fermuki. Lan egiteko, ordea, harreman horiek ordenatuki eta frankotiratzailerik gabe antolatzeko formula egokiak bilatu beharko lirateke, Akademiagana erabiltzaileen eguneroko premiak, erabakietan aurkituriko puntu ilun eta kontraesanak, oraindik askatu gabeko zalantzak, kezkak eta proposamenak era jariotsuan hel daitezen.
Lan horretarako baina, arbitrarioki izendaturiko talde oro-jakile bat barik, segurenetik zientzia arlo horietako askotan espezialista ez dena, askoz zentzuzkoagoa dirudi ofiziokoek berek beren baitatik ordezkari aproposenak izendatu eta Euskaltzaindiari proposatzea, elkarlanean jarduteko. Horiexek jakingo baitute, zehazki, hitz bakoitzak nolako kontzeptu zehatza adierazi behar duen.
Ez da ahantzi behar, bestalde, hitz espezializatuegiak ez direla akademia baten hiztegi orokorrean zertan sartu behar, eta horiek gai bakoitzaren liburu eta lexiko berezietarako, edota entziklopedietarako utzi ohi direla. Halere, egia da gaur eguneko zientzien eta tekniken aurrerapen etengabeei esker, atzora arte esparru bereziko kontzeptuak zirenak, gaur egun barra-barra iragan direla hedabideetara eta orotariko jendeen ezpainetara. Beraz, arlo bakoitzeko nahitaezko gaurko terminologia minimoa finkatu beharko litzateke, eta Euskaltzaindiari proposatu, bere hiztegian sar lezan. Zerrenda hori, noski, aldizka eguneratu beharko litzateke, behar diren heinean hitz gehiago sartzeko.
Manuel de LARRAMENDI: Diccionario Trilingüe del Castellano, vascuence y latín, Lehen liburukia. Hitzaurrea. 1745. (grafia eguneratuan)
1.- Hay otras [palabras ] que se han introducido por necesidad, como en otras lenguas, y son de objetos que nuevamente se han descubierto, y no ha habido vascongado que fabrique voces propias y acomodadas al carácter de su lengua; y estas necesariamente se habían de poner en el diccionario. Op. cit. XLVIII. orr.
2.- “De las voces facultativas y de la licencia que tomo en la formación de algunos vocablos"
Además del lenguaje vulgar, y de sus voces, pongo en este diccionario las voces que pertenecen a las Facultades, Artes y Ciencias. En cuanto a estas, en un sentido puede decirse que el vascuence es pobre y que no tiene voces ningunas suyas. Y en otro sentido puede y debe decirse que tiene todas las necesarias propias de sus raíces y origen. En el primer sentido el vascuence no ha necesitado de voces propias ni ajenas, porque ninguno ha hablado ni escrito en vascuence en las Facultades y ciencias ni ha pensado que sea lengua oportuna para hablar en ellas, Ahora está en otra disposición el vascuence y en punto para hablarse en cualquiera ciencia y facultad; y es la ocasión de buscar las voces oportunas que hasta ahora no ha tenido, o tomándolas de otras lenguas, o inventándolas o formándolas de sus fecundas raíces, según lo que dice Cicerón. En tiempo de este príncipe de la elocuencia se puso el latín en el mismo estado: no tenía voces facultativas y era pobre. Tenía entonces el derecho y necesidad de buscarlas, fuesen ajenas fuesen propias. Inventó algunas Cicerón y otros, pero aterrados del trabajo se valieron de las voces griegas y dejaron al latín en su pobreza nativa
No quiero que al vascuence suceda esta desgracia. Y pues en lo demás es una lengua de tanta armonía y belleza, y se presenta ocasión oportuna, quiero hacerla rica, no de voces ajenas, sino de las suyas propias sin dejarme vencer del trabajo ímprobo que me espera. Necesita el vascuence de voces facultativas y no las tiene formadas pero tienen propio caudal para adquirirlas y ganarlas sin negociarlas en otras lenguas. Y este es el otro sentido en que he dicho que tiene todas las voces necesarias. Aun para explicarse en las Facultades....
Dirán que estas voces no se entienden. Lo primero no son voces del vulgo, sino facultativas, basta que las entiendan los profesores de las Ciencias, y es también lo que sucede a las voces griegas y latinas correspondientes. Lo segundo, importa poco que no se entiendan al principio, porque con el tiempo y la repetición se entenderán fácilmente. Lo tercero, aun para el vulgo son mas perceptibles estas voces vascongadas Jainkokindea, izarkindea, zerukindea, erakindea que no las correspondientes teología, astrología, Uranologia cronología, porque en estas nada les suena a vascuence, y en aquellas sí. Lo cuarto, ninguna hay que explicada una vez la voz vascongada, no se quede con ella, y con su significación v.gr. Jainko(ja)kindea deritza Jainkoaz ta Jainkoaren gauzaz hitz egiten duen jakindeari, Izarkindea deitzen diogu izarren egokiak irakasten dituen jakindeari. Y después de esto puede repetirse Jainkokindea, izarkindea, con la seguridad de que se entenderán mejor que no las correspondientes teología, astrología”. Op. cit. XLVIII-L. orr.
3.- Los que en Gipuzkoa, v.gr. y en Bizkaia saben el castellano, y vascuence, solo saben una pequeña parte del castellano, reducida a las voces necesarias, para explicarse en las materias obvias y manuales de cada día, y no más. Y si han de hablar de otros objetos no tan útiles y ordinarios, se hallan atajados y sin voces. Y es un defecto muy común entre los mismos castellanos. Preguntarles a estos los nombres y verbos de aquellos objetos y ejercicios que caen fuera del lenguaje y su esfera acostumbrada, era lo mismo que preguntarles griego, y esto no me causaba novedad. Lo que me causaba mucho disgusto y pena era el ver que no acertaban a darme las voces vascongadas correspondientes al castellano usual que sabían y hablaban, ni tampoco al contrario. Pongo ejemplo como se dice en vascuence ‘acordarse’? Y me respondían akordatu. Pues no dicen también oroitu, komutatu? Y para decir ‘aguarda’, ‘tu te me acordarás’, no dicen itxozu, gogoango didazu? respondían pasmados; es verdad, tiene razón. Y lo mismo me sucedía en otros innumerables vocablos, que saben, pero sin reflexión ni comparación de una y otra lengua. Op. cit. LIII orr.
Juan VERNET. Literatura árabe. Ed. El Acantilado, Barcelona, 2002.
4.- “En la época ‘abbāsí, las traducciones –excepción hecha de apólogos y cuentos populares–fueron esencialmente científicas (matemáticas, astronomía, medicina, mecánica, etc) y recabaron la atención de los eruditos, quienes despreciaron casi todo aquello que podía tener valor literario. En cambio, la nahda [= XIX. mendeko arabiar pizkundea] centra sus esfuerzos en la versión de las novelas, comedia y dramas occidentales ( y en este término incluimos también a Rusia) al árabe y deja que los estudiantes de disciplinas científicas utilicen, directamente, los libros de texto occidentales; es más, durante muchos años las clases de estas materias se han profesado en las aulas orientales en francés o inglés, según fuera la lengua nativa del profesor contratado. La inversión de valores es clara: la terminología científica creada por los árabes de los siglos medievales invadió las lenguas occidentales y aún hoy ocupa un puesto de honor en nuestros diccionarios; a cambio les devolvemos la nueva terminología científica de origen occidental, que sufre los avatares más insospechados al arabizarse, lo mismo que ocurrió en la Edad Media, pero al revés. Y, encima, y a diferencia de lo que ocurrió entonces, les llenamos la cabeza con nuestras corrientes literarias”. Juan VERNET . Op. Cit. 2002, 219-220 or.
5.- “Taha Husayn no vaciló en opinar que “Proteger a los dialectos es exponerse a tener que traducirlos un día del uno al otro, tal como hoy se traduce al italiano o al español o al francés. Si se quiere evitar la parcelación dialectal del mundo árabe no hay más que una solución: el árabe moderno que se extiende desde Marruecos hasta el Iraq”. Juan VERNET. Op. cit.222. or.
(XABIER KINTANA URTIAGA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Erramun Gerrikagoitia / 2005-05-27 / 16:40
Xabier Kintana akademikoa alde dago hon neologismoak baldin neologismook ba dagoz ongi eta korrektuki eginak eta formatuak. Nik ikusten dut, aitzitik, arazoa hon neologismoa -hau da, purismo lexikala- nola arazoa, nola revisionismo lexikala. Neologismoen bidea, areago loturik tu lexiko zientifikoa nola da kasua hemen kin akademiko numerario Xabier Kintana, da niretzat erabili beharrekoa neologismoa soil noiz behar da, noiz beste erremediorik ez da, ezinbestean. Kontua ez da ea neologismoa dago ongi edo txarto formulatua; edo korrektua da ministrari edo ministro, edo senatari edo senadore edo senagildor… Hori litzateke basatzea lexiko osoa an revisionismoa (bere zentzu neutroan an re + vision edo zentzu visual manipulativoa non ikusten lirateke hitzak banan banan beti an desphase khroniko khronologikoa, eta baita zentzu negativoa edo persekutivo restriktivo lexikala non gogora ekartzen du horrek referentzia eginez religioari Offizio Saindua personalizatua gan aktualki ha kardinal Razinger edo Benedikto pontifizea); revisionismo kaltegarria nolanahi bi aldetatik, hain kaltegarria tik zentzu neutro desphasatua khronologikoki nola persekutivo inquisitoriala. Nahi nuke sinetsi ezen ez du behar euskarak ez Offizio Saindua eta ezta kardinal Razinger bilakagai pontifize Benedikto.
Diosku X. Kintanak exitoa izan dute euskaraz ere neologismo batzuk, esaterako bi aipatzearren argazki eta hegazkin. Bi exempluok, argazki eta hegazkin, nik ikusten ditudanak erakusten duela Kintanak nola ehiza tropheo, dira bi exemplu rakhitiko zeren batetik ez da egia dutenik oraindio behintzat exito soziala eta bestetik iragan dugu 30 urte baino gehiago horiek sartu nahian; prezio sobera karioa noiz denborarik sobera ez daukagu guk euskaldunok. Zenbat denbora -urte edo mende laurden- beharko dugu sartzeko beste hainbat eta hainbat hitz eta bakoitza? Khronoa ere arazo bat da, arazo bat dugu, Xabier. Gainera, nire ustez, printzipioz okerra eta areago desegokia da bide hori hon neologismoak, ez duena stetika kulturalik ere esango nuke eta gutiago konkordantzia kulturalik. Dirudienez ez gara konturatzen, ez garateke konturatzen zenbat puntu duen euskarak konpontzeko aurretiaz ere.
Orduan, Xabier, hobe gordetzen bazendu lotsaz tropheo lexilalok -argazki eta hegazkin- eta guziok an ahalik konkordantzia handiena (barru direla ere frankotiradoreak) lotu gaitezen eta zentra gaitezen zentroan eta tranzendentzian hon euskara.
Lekeitio, maiatza 27 barikua, 2005.
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)