Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntza politika legegintzaldiaren atarian

Hizkuntza politika legegintzaldiaren atarian

2005-05-11 / 07:00 / Iñaki Irazabalbeitia Fenández   HERRI-ADMINISTRAZIOA

"Totes les persones a Catalunya tenen el dret d'utilitzar i el deure conèixer les dues llengües oficials" edo antzeko esaldiren bat agertuko ei da Kataluniako estatutu berrian orain arte alderdi katalanek esandakoari jaramon egiten badiogu. Deus berririk ez dizuet esango inbidia handia sentitu nuela proposamenaren berri izan nuenean aitortzen badizuet. Jakina hizkuntzaren egoera eta indar sozialak ez direla berdinak han eta hemen, baina ausardian eta kemenean ere aldea handia dela ematen du. Begiratu besterik ez dago hirukoaren Estatutu Berrirako proposamenak zein tratamendu eskasa ematen dion euskarari.

Legegintzaldi berri baten atarian gaude. Gehienen iritziari jaramon egiten badiogu normalkuntza politikoa eta bakea ekar dezakeen prozesu baten atarian gaudeke. Poztuko naiz zinez horrela bada. Alabaina, ez lizkiguke aukera horrek beste batzuk zapuztu behar. Hizkuntza-politikaz esaterako mintzatu beharko genuke sakon hurrengo legegintzaldian. Uste dut egon badirela nahikoa zantzu esateko EAEko hizkuntza-politikak birplanteamendu eta eztabaida sakonak behar dituela, adibidez: ETB1eko ikus-entzuleen beherakada, hezkuntza-sistemaren bidezko euskalduntzearen mugak agerian gelditzea edota administrazioan euskara normaltzeko bigarren plangintzaldiaren porrota. Aldi berean, Estatutu berriak euskarari ezarri beharko litzaiokeen estatusari buruz ere eztabaidatu egin beharko litzateke.

Datorren legegintzaldiko hizkuntza politikaren eztabaida eremu askotan jar daiteke, Euskararen legearen berritzean edo Biziberritze Planaren berrikusketan esaterako, baina neronek lauzpabost esparru nagusitara eramango nuke bereziki.

Batetik, hizkuntza-politikaren beraren tokia administrazio publikoan birdefinituko nuke. Egun, hizkuntza-politikan diharduten sailak kultura-sailen adarra izaten dira administrazio publikoan. Horrek hizkuntza-politikari kutsu bat damaio, alegia, kultura kontua dela ez duela, printzipioz, ekonomiarekin, osasunarekin edo justiziarekin harremanik. Era berean, eraginkortasuna kentzen dio gaienerako sailetan eragiteko, administrazioaren beraren funtzionatzeko moduagatik. Beraz, hizkuntza-politikari administrazioaren jardunean zentralitatea eman behar zaio, nolabait, zeharkako politikak ezartzeko eta kudeatzeko moduko kokapena ezarri behar zaio administrazioaren egitura organikoetan. Duela urte batzuk, orduan ere Eusko Jaurlaritza berri baten atarian, Hizkuntza Politikarako Lehendakariordetza sortzea proposatu nuen Euskaldunon Egunkariako nire zutabetik, hizkuntza-politika zeharlerro bihurtu eta eraginkortasuna emendatzeko bide moduan. Orduko EAEko hizkuntza-politikako arduradunei ez zitzaien asko gustatu proposamena, baina urteen perspektibak nire orduko planteamenduan indartzeko arrazoiak sendotu egin ditu. Zientzia eta Teknologia plana edo Jasangarritasun Estrategia zeharlerroak dira, zergatik ez Hizkuntza Politika?

Bigarrenik, hezkuntza-sistemak euskalduntzean eta hizkuntzaren normalizazioan zein funtzio bete behar duen berraztertu behar da eta, gainera, azterketa-prozesuak ereduen eztabaida baino haratago joan behar du. Ezin du eztabaidak horretan soilik gelditu. Hezkuntza sailak berriki eman dituen datuek ereduen balizko porrota baino errealitate konplexuagoa darakusate. Apustu jakin baten mugak agerian gelditu dira argi eta garbi. Hezkuntza-sistemak belaunaldi berrien euskalduntzea bermatuko zuela uste zuten askok eta, horien artean, eredu elebidunen alde tinko egin duten gurasoek. Ez da horrela izan, gizartea konplexuagoa delako, hezkuntzak ez dituelako bizitzaren alderdi guztiak betetzen eta EAEko errealitatea sozio-linguistikoa den bezalakoa delako. Hezkuntza-sistemaren eta gizartearen arteko feed-back-a aztertu beharko da, alegia, gizartean oro har zer normalizazio-neurri hartu behar diren hezkuntza-sistemak ezarrita dituen helburuak bete ahal izan ditzan esaterako, helduen euskalduntzean edo aisialdirako euskarazko produktuen ekoizpenean. Nago, bestela, hezkuntza-sistema isolatuta azterturik, demagun hamabost urte barru, antzeko egoeran egon gaitezkeela.

Hirugarrenik, gorago aipatu ditudan gizartean eragin behar horretan funtsezkotzat jotzen dut mundu sozio-ekonomikoan euskararen normalizatzean aurrerapauso nabarmenak egitea. Duela hogei bat urte Elhuyar lan-munduaren euskalduntzean misiolari-lanak egiten hasi zenetik hona aurrera egin denik ezin da ukatu. Orain enpresa eta erakunde askotan euskararen normalizazio-plangintzak dituzte. Alabaina, ozeano handi batean ttantta batzuk baino ez dira. Oro har, mundu sozio-ekonomikoa gazteleraz bizi den mundua da, alor formalean bereziki. Egoera hori aldatzen hasteko urrats sendoak egin behar dira, hizkuntza-politikako sailetatik ematen diren diru-laguntza urrietatik haratago doazenak. Duela hogeita bost urte hezkuntza-sistema euskalduntzea helburu nagusi moduan jarri zen bezala mundu sozio-ekonomikoa jarri behar da orain eta bidea egiteko beharrezko diru-baliabide, lege-erreminta, ingeniaritza soziala eta enparauak landu behar dira. Alferrikakoak lirateke hezkuntzan eginiko ahaleginak eta inbertsioak bizitzaren aldirik luzeena den lanean euskarak baliagarritasunik ez badu eta, gainera, domino efektua bultza lezake gurasoen elebitasun-hautua aldaraziz.

Laugarrenik, komunikabideek, eta komunikabide publikoek bereziki, hizkuntzaren normalizazioan duten tokia berraztertu behar da. Telebista digitala ate joka dugu. Irizpide ekonomiko, komertzial edo politikoen gainetik hizkuntza-politikazkoak jarri beharko lirateke lizentziak banatzerakoan mundu digitalean euskara umezurtz geldi ez dadin uhin bidezko munduan jazo den legez. ETB euskara normalizatzeko erreminta moduan jaio ei zen. Egun ez du funtzio hori betetzen, ETB1eko programazioa “anormalizatua” delako; umeen eta kirol-jaleen babeslekua delako, hain justu. EITBren komunikabide-eredua (kateen eta irratien funtzioa eta kopurua, programazioa, hizkuntza-kalitatea, sinergiak, …) itzulipurdikatu egin behar da hizkuntzaren normalizazioan erreminta egokia eta eraginkorra izan dadin.

Gernikako estatutuaren ondorengo estatus politikoa eztabaidatzen ari gara. Balia dezagun eztabaida garai berriak behar duen Hizkuntza Politika definitzeko.


(IÑAKI IRAZABALBEITIA FERNÁNDEZ zientzia dibulgatzailea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com