Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen aldeko eragozpen fiskala

Euskararen aldeko eragozpen fiskala

2005-05-05 / 07:00 / Iulen Urbiola Loiarte - Oinarriak   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Oinarriak elkargunearekin batera "Euskarari zor zaiona" eragozpen fiskala bultzatzeko kanpainan parte hartzen dugun taldeen ordezkariak elkartu gara (Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Nafarroako AEK, ESK, IKA, Karriri, LAB, Euskara Kultur Elkargoa, STEE/EILAS) Nafarroako Gobernua baliabide publikoen kudeaketaren oinarrizko irizpideak urratzen ari dela salatzeko eta herritarren artean euskararen aldeko eragozpen fiskala egiteko deia zabaltzeko.

Errenta aitorpena egiteko urte sasoian sartuko gara hurrengo egunetan eta horren haritik herritarrok oso garbi ikusten ditugu bestela egunerokotasunaren zurrunbiloan lausotzen zaizkigun zenbait gauza.

  • Lehenik eta behin, Administrazioaren kostua, bere osotasunean eta zerbitzu guztiak barne, herritarrek ordaintzen dutela zergen bidez (ez bakarrik errenta aitormenaren bidez).
  • Bigarrenik herritarrentzako oinarrizkoak diren zerbitzuak antolatu ahal izateko ordaindu behar direla aipatutako zergak.
  • Eta hirugarrenik, Administrazioa eta zergen bidezko ordainketa gizartearen elkarbizitza eta ongizaterako ezinbestekoa izanik zergak irizpide jakinen baitan eta derrigorrez ordaindu behar direla. Administrazioaren propagandak berak eta herritarrek errenta aitorpena egin behar izateak ekidinezinak bihurtzen dituzten ideiak.

Horri lotuta, baliabide zein zerbitzu publikoen kudeaketaren urrezko hiru arau agertzen dira: hiritarren berdintasuna, hiritarrei eskaintzen zaien zerbitzu bat dela (eta ordainarazten) eta kudeaketaren gardentasuna. Hala ere, azken urte hauetan ikusten ari gara Nafarroako Gobernua urrezko aurauak hausten ari dela behin eta berriro, inongo lotsarik gabe eta zuzentzeko asmorik gabe.

  • Bat: Nafarroako Gobernuak ez ditu berdintasunez hartzen herritar guztiak, ez ditu berdintasunez hartzen bertako hizkuntza den euskara erabili nahi duten herritarrak eta gainera herritar horiek euren eskubideak gauzatzeko oztopoak baino ez ditu jartzen (harrera euskaraz egiteko beharrezko egitarauak eta baliabideak ez ditu jartzen, zeuden baliabide eskasak murrizten ditu etengabe eta lege araudiak jartzen ditu indarrean euskara erabiltzeko eskubidea oraindik zailagoa bihurtzeko).
  • Bi: Nafarroako Gobernuak ez ditu betetzen pertsonen oinarrizko eskubideen eratorpenez Administrazioari dagozkion betekizunak, oraindik ez baita gauza izan (nahi izan ez duelako) hezkuntzarako giza eskubide unibertsala bertako hizkuntzan ikasteko aukera herritar guztiei emateko.
  • Hiru: jakina da Administrazioa ez dela gardentasunez jokatzen ari bertako kulturaren zaintza eta zabalpena beharko zuten horretan. Aldiz ahalegin guztiak egiten ari da arlo horretara bideratuta egon deitezkeen baliabideak gutxitzeko (2005eko aurrekontuak erakustaldi bat gehiago zan dira) eta beste asmo batzuetarako erabiltzeko (mesedeak barne).

Hau guztia ikusita, kanpainaren leloak dioen bezala ekimen zibiko bat proposatzen diogu Nafarroako gizarteari gogorarazteko oinezko herritarrok eskubidedunak garela Administrazioaren aurrean eta Administrazioaren arduradunek ezin dutela nahi dutena, nahi duten moduan eta nahi dutenean egin gure eskubideak aintzat hartu gabe. Era berean, eragozpen fiskala urrats praktiko eta eraikitzaile bat da eguneroko lanarekin baliabide publikoen kudeaketa maltzurrak sortzen dituen eragozpenak gainditzen ahalegintzen direnei laguntzeko.

Bi aukera

Eragozpen fiskala egiteko bi aukera daude.

  • Lehenengoa Oinarriak-ek Euskadiko kutxan duen kontuan (3035 0058 37 0581170000) diru ekarpena egitea eta gero 580 laukian (zatikako ordainketak) kenkaria egitea.
  • Bigarrena, ekarpena egin ondoren, errenta aitorpena beti bezala egitea eta gero instantzia bati abonarea atxiki eta zuzenketa bat egitea eskatzea. Informazio gehiago kanpainarekin bat egiten dute elkarteen bulegotan edo ondoko web orrian: www.euskararizorzaiona.info

Aurreko ediziotan bezala, kanpaina bukatutakoan parte hartu duten erakundeen artean erabakiko da jasotako diruarekin zein ekimen sustatuko diren.


(IULEN URBIOLA LOIARTE Oinarriak elkarguneko kide da eta Euskal Kultur Elkargoaren zuzendaria)

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com