![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Antton Karrera Agirrebarrena - EB / Herri-administrazioa / 2005-04-14 / 07:01
Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan euskararentzat agindu dituztenak jaso ditugu erabili.com-en. Ondoren, Ezker Batua-Berdeak alderdiak euskararentzat agindutakoak dituzu.
Euskarak, euskaldunon hizkuntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko edo Euskadiko muga politiko eta administratiboak gainditzen ditu, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Frantzian dauden Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeen ondarea ere badelako. Inolako zalantzarik gabe, nortasunaren osagai nagusia da, eta, horren ondorioz, euskal herriaren ezaugarri bereizgarria ere bada. Horrez gain, etimologiari begira, zentzua eman dio Euskal Herria kontzeptuari, hau da, euskararen herriari. Hala ere, euskararen balioa ezaugarri bereizgarriaren baliotik haratago doa, milaka urteko hizkuntza delako, Europaren eremuan bakarra delako eta ondare kultural unibertsala delako. Ezker Batua-ren ustez, beraz, euskararen babesa, garapena eta bilakaera ez da erkidego euskaldunaren zeregina bakarrik izan behar, euskal herri osoak nazioarteko erkidegoaren aurrean bere gain hartu beharreko erantzukizuna delako.
EAEn autonomia berreskuratu zenetik igarotako urteetan, euskara berreskuratu egin da, eta prozesu hori hezkuntza-arloan gertatu da, batez ere. Zentzu horretan, guraso euskaldun edo gaztelaniadunek apustu irmoa egin dute euskararen alde, euren seme-alabak B eta D ereduetan matrikulatu dituztelako. Horri esker, EAEn ikaragarri hazi da euskara dakiten lagunen kopurua. Nolanahi ere, aurrerapen horrek ez du hizkuntzaren biziraupena ziurtatzen, eta gaur egun desagertzeko arriskuan dago oraindik, hiztun-kopuruak ez duelako jarraipena bermatzen. Dena den, Nafarroako egoera are txarragoa da, UPNko gobernuak euskarari eraso egin diolako era guztietako neurrien bitartez. Hala ere, gizarteak eta hizkuntza-berdintasunaren babesarekin engaiatuta dauden indar politiko nafarrek erantzun zabala eman dute, eta, euren artean, Nafarroako Ezker Batua-ko kideak aipatu beharrean gaude.
Iparraldeari dagokionez, lurralde euskaldun horretan euskararen egoera oso-oso txarra da inolako zalantzarik gabe. Lurralde horretan euskarak izugarri egin du atzera, eta, horren ondorioz, epe laburrerako biziraupena arrisku larrian dago. Batez ere, Frantziako administrazioa da egoera horren erantzulea, behin eta berriro atzeratzen dituelako egoera larri horri aurre egiteko neurriak, berariaz adierazi duelako ez duela hizkuntza gutxituen Europako Gutuna berretsiko eta ez duelako euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizialtzat hartzen.
Gaur egun, oso premiazkoa da Euskadiko hizkuntza-normalkuntzarako prozesuko zenbait gai jorratzea. Batetik, euskararen erabilera sustatu beharra dago gizartean, ez delako ezagutza beste hazten, eta datu hori kezkagarria da benetan. Bestetik, inmigrazio-prozesu berriaren agerpenak sortutako erronkari eta aukerari aurre egin behar zaie gaur egungo tresnen bidez, kopuruari begira 60ko eta 70eko hamarkadetakoa baino txikiagoa bada ere. Amaitzeko, normalkuntza-prozesua beste arlo batzuetara zabaldu beharra dago; esate baterako, lan edo merkataritza arlora.
Proposamenak
Bestetik, gure herrialdeko hizkuntza-erkidegoen artean dagoen harremana edo, hobeto esanda, erkidego elebakar gaztelaniadunaren eta ekoizpen kultural euskaldunaren artean dagoen harreman eskasa aztertu beharra dago. Euskarak prestigio handiagoa izan behar du gizartean eta biztanle guztiek, euskaldunak izan nahiz ez izan, euskarak balio handia duela onartu eta bere egin behar dute, bai eta euskal lurraldeetako muga administratiboetatik kanpo ere. Horrela, bada, biziraupenaren berme nagusia lortuko litzateke. Euskara erkidego euskaldun hermetikoarekin lotzen jarraituz gero eta, are txarrago, euskara euskal nazionalismoaren eta espainolaren arteko jaurtiketa-arma moduan erabiliz gero, ordea, biziraupen hori kolokan egongo litzateke. Ezinbestekoa da euskara eztabaida politikotik kanpo uztea eta euskal hiritar guztion ondarea dela onartzea, horixe bera delako, Katalunian gertatzen den bezala, esate baterako. Horretarako, euskalduntzeko prozesuek ez dute amorrurik eta gatazkarik sortu behar, azken batean hizkuntza-normalkuntzaren kalterakoa da-eta.
Proposamenak
Amaitzeko, gure ikuspegi federalistatik, euskara gizarteratzeko estrategian euskara guztion eskubidea izan dadin, gure ustez ezinbestekoa da berezko hizkuntza ofizialtzat hartzea Espainiako zein Frantziako estatuetan eta Europako Batasunean bertan. Espainiako gaur egungo Konstituzioak hizkuntza gutxituen onespen zikoitza egiten duenez, ez da harritzekoa 25 urteotan estatuak hizkuntza “arrotzarekiko” borondate oneko tolerantzia eduki izana, une onenetan, eta hizkuntza-normalkuntzarako prozesuak bete-betean oztopatu izana, une txarrenetan. PPko gobernuaren azken urteetan, gobernuak berak bultzatutako neurri judizialak izan ziren nagusi; esate baterako, euskaraz argitaratutako egunkari bakarra zen Egunkaria-ren itxiera edo AEKren edo ZABALTZENen aurkako zigor-sumario amaiezinen irekiera. Era berean, PPko gobernuak ere neurri zuzenak hartu zituen, Euskaltzaindia-ri eta Eusko Ikaskuntza-ri diru-laguntzak kendu zizkien-eta.
Estatu federalak bere egin behar ditu bertako hiritarrek darabiltzaten hizkuntza guztiak, eta, horrez gain, hizkuntzok babesteko eta berreskuratzeko konpromisoa hartu behar du. Ondorio guztietarako, estatuko hizkuntzak ofizialak izan beharko lirateke euren lurraldeetan; eta koofizialak, organo betearazle, legegile eta judizial federaletan.
Proposamenak
(ANTTON KARRERA AGIRREBARRENA Ezker Batua-Berdeak taldeko hautagaia da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
__________________________________
![]() | Inprimatu |