|
Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan euskararentzat agindu dituztenak jaso ditugu erabili.com-en. Ondoren, Ezker Batua-Berdeak alderdiak euskararentzat agindutakoak dituzu.
Euskara, guztion altxorra
Euskara, guztion altxorra
Euskarak, euskaldunon hizkuntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko edo Euskadiko muga politiko eta administratiboak gainditzen ditu, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Frantzian dauden Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeen ondarea ere badelako. Inolako zalantzarik gabe, nortasunaren osagai nagusia da, eta, horren ondorioz, euskal herriaren ezaugarri bereizgarria ere bada. Horrez gain, etimologiari begira, zentzua eman dio Euskal Herria kontzeptuari, hau da, euskararen herriari. Hala ere, euskararen balioa ezaugarri bereizgarriaren baliotik haratago doa, milaka urteko hizkuntza delako, Europaren eremuan bakarra delako eta ondare kultural unibertsala delako. Ezker Batua-ren ustez, beraz, euskararen babesa, garapena eta bilakaera ez da erkidego euskaldunaren zeregina bakarrik izan behar, euskal herri osoak nazioarteko erkidegoaren aurrean bere gain hartu beharreko erantzukizuna delako.
Ezagutza eta erabilera
EAEn autonomia berreskuratu zenetik igarotako urteetan, euskara berreskuratu egin da, eta prozesu hori hezkuntza-arloan gertatu da, batez ere. Zentzu horretan, guraso euskaldun edo gaztelaniadunek apustu irmoa egin dute euskararen alde, euren seme-alabak B eta D ereduetan matrikulatu dituztelako. Horri esker, EAEn ikaragarri hazi da euskara dakiten lagunen kopurua. Nolanahi ere, aurrerapen horrek ez du hizkuntzaren biziraupena ziurtatzen, eta gaur egun desagertzeko arriskuan dago oraindik, hiztun-kopuruak ez duelako jarraipena bermatzen. Dena den, Nafarroako egoera are txarragoa da, UPNko gobernuak euskarari eraso egin diolako era guztietako neurrien bitartez. Hala ere, gizarteak eta hizkuntza-berdintasunaren babesarekin engaiatuta dauden indar politiko nafarrek erantzun zabala eman dute, eta, euren artean, Nafarroako Ezker Batua-ko kideak aipatu beharrean gaude.
Iparraldeari dagokionez, lurralde euskaldun horretan euskararen egoera oso-oso txarra da inolako zalantzarik gabe. Lurralde horretan euskarak izugarri egin du atzera, eta, horren ondorioz, epe laburrerako biziraupena arrisku larrian dago. Batez ere, Frantziako administrazioa da egoera horren erantzulea, behin eta berriro atzeratzen dituelako egoera larri horri aurre egiteko neurriak, berariaz adierazi duelako ez duela hizkuntza gutxituen Europako Gutuna berretsiko eta ez duelako euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizialtzat hartzen.
Gaur egun, oso premiazkoa da Euskadiko hizkuntza-normalkuntzarako prozesuko zenbait gai jorratzea. Batetik, euskararen erabilera sustatu beharra dago gizartean, ez delako ezagutza beste hazten, eta datu hori kezkagarria da benetan. Bestetik, inmigrazio-prozesu berriaren agerpenak sortutako erronkari eta aukerari aurre egin behar zaie gaur egungo tresnen bidez, kopuruari begira 60ko eta 70eko hamarkadetakoa baino txikiagoa bada ere. Amaitzeko, normalkuntza-prozesua beste arlo batzuetara zabaldu beharra dago; esate baterako, lan edo merkataritza arlora.
Proposamenak
- Euskararen Erabileraren Normalkuntzari buruzko Oinarrizko Legea berrikusi eta eguneratu egin behar da. Era berean, urteotan euskararen egoera bilakatu egin denez, egoeraren eta helburuen aldaketara egokitu beharra dago legea.
- Ahalegin handia egin behar da Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintza oso-osorik euskalduntzeko.
- Helduak euskalduntzeko gaur egungo hezkuntza-egitura sendotu eta aldatu egin behar da, eta, horretarako:
- Ikasketa-emaitzei lotutako diru-laguntzak handitu eta orokortu egin behar dira, harik eta doakotasuna lortu arte.
- Itunpeko euskaltegien finantziazioa 2 euro handitu behar da orduko eta ikasleko, sektore osoak aldarrikatzen duen bezala.
- Irakaskuntza-sistemak teknologia berrietara eta ikasleen ezaugarri eta premia berrietara egokitzeko prozesua sustatu eta finantzatu egin behar da.
- Euren diru-ahalmenera eta astira, ama-hizkuntzara... egokitutako egitasmo bereziak sortu behar dira etorkinentzat.
- Hizkuntza-normalkuntza sustatu behar da lan-munduan, eta, horretarako:
- Enpresetan hizkuntza-normalkuntzarako eta langileen hizkuntza-eskubideen babeserako klausulak jasotzen direla sustatu behar da, sindikatuen, enpresa-batzordeen eta patronalen bidez.
- Langileek eta enpresak hizkuntza-normalkuntzarako hitzartutako planen finantziazioa publikoa izan behar da.
- Euskara bera enpresa publiko eta pribatuetako etengabeko prestakuntzarako planetan hartu behar da kontuan, gai berezi moduan eta beste gai batzuetarako komunikazio-hizkuntza moduan.
- Publizitatea eta etiketak euskaldundu egin behar dira.
- Euren zerbitzuak euskaraz emateko gaitasuna egiaztatzen duten enpresentzako ziurtagiria sortu behar da. Ziurtagiri hori kontratazio publikoetarako hartu ahal izango da kontuan.
- Euskarak teknologia berrietan izan behar duen agerpenaren aldeko apustua egin beharra dago, diru-laguntzen eta erakundeen publizitatearen bitartez edo beste bide batzuen bitartez.
- Euskararen agerpen-kuota ezarri behar da zine-aretoetan.
- Gaur egun euskara darabilten komunikabideak sendotu eta berriak sortu behar dira. Horrez gain, gaur egun gaztelaniaz argitaratzen diren egunkari edo aldizkarien bertsio itzuliak eman behar dira argitara, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeren bidez, Katalunian eta Galizian egiten duten bezala.
- ETB 1 bultzatu beharra dago. Hain zuzen ere, herritar euskaldunen osaketa soziologikotik hurbilago dauden eduki erakargarriagoak eskaini behar ditu, herritarrok hirian bizi diren gazteak direlako, batez ere.
Euskal hiritarren ondarea
Bestetik, gure herrialdeko hizkuntza-erkidegoen artean dagoen harremana edo, hobeto esanda, erkidego elebakar gaztelaniadunaren eta ekoizpen kultural euskaldunaren artean dagoen harreman eskasa aztertu beharra dago. Euskarak prestigio handiagoa izan behar du gizartean eta biztanle guztiek, euskaldunak izan nahiz ez izan, euskarak balio handia duela onartu eta bere egin behar dute, bai eta euskal lurraldeetako muga administratiboetatik kanpo ere. Horrela, bada, biziraupenaren berme nagusia lortuko litzateke. Euskara erkidego euskaldun hermetikoarekin lotzen jarraituz gero eta, are txarrago, euskara euskal nazionalismoaren eta espainolaren arteko jaurtiketa-arma moduan erabiliz gero, ordea, biziraupen hori kolokan egongo litzateke. Ezinbestekoa da euskara eztabaida politikotik kanpo uztea eta euskal hiritar guztion ondarea dela onartzea, horixe bera delako, Katalunian gertatzen den bezala, esate baterako. Horretarako, euskalduntzeko prozesuek ez dute amorrurik eta gatazkarik sortu behar, azken batean hizkuntza-normalkuntzaren kalterakoa da-eta.
Proposamenak
- Erakunde publikoek euskararen omenez sustatutako jaiegun bateratzailearen ospakizuna sendotu behar da, gizarte osoak euskararen eta bere biziraupenaren babesaren alde dagoela adierazteko. Horretarako, EZKER BATUA - BERDEAKek abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko proposamena egiten du. Egun hori jaieguna izan daiteke EAEn, eta Legebiltzarraren Adierazpenaren bidez ezarri daiteke. Era berean, horri esker, Euskadik gure erkidegoko sentsibilitate ideologiko guztien adostasuna erakartzen duen jaieguna izango luke azkenean.
- Euskararen errealitatea, literaturako sortzaileak eta euren lanak, musika, bertsolaritza, ahozko ohiturak... zabaltzeko kanpainak egin behar dira, euskararen mundua agerpena duten lurraldeetako hiritar guztiengana hurbiltzeko asmoz.
- Langile publikoak euskalduntzeko prozesuak ahalik eta zentzuzkoenak izan behar dira. Hori dela eta, langileei ez zaie euren eginkizunen edukiarekin zerikusirik ez duen hizkuntza-eskakizunik esleitu behar, euren inguruabarrak hartu behar dira kontuan eta etengabeko ebaluazioa egin behar da euskalduntzeko prozesuan, gaur egun gertatzen den bezala, ikasturte osoko arrakasta edo porrota azken azterketa bakar batean neurtu ez dadin.
Euskara, estatu federaleko hizkuntza ofiziala
Amaitzeko, gure ikuspegi federalistatik, euskara gizarteratzeko estrategian euskara guztion eskubidea izan dadin, gure ustez ezinbestekoa da berezko hizkuntza ofizialtzat hartzea Espainiako zein Frantziako estatuetan eta Europako Batasunean bertan. Espainiako gaur egungo Konstituzioak hizkuntza gutxituen onespen zikoitza egiten duenez, ez da harritzekoa 25 urteotan estatuak hizkuntza “arrotzarekiko” borondate oneko tolerantzia eduki izana, une onenetan, eta hizkuntza-normalkuntzarako prozesuak bete-betean oztopatu izana, une txarrenetan. PPko gobernuaren azken urteetan, gobernuak berak bultzatutako neurri judizialak izan ziren nagusi; esate baterako, euskaraz argitaratutako egunkari bakarra zen Egunkaria-ren itxiera edo AEKren edo ZABALTZENen aurkako zigor-sumario amaiezinen irekiera. Era berean, PPko gobernuak ere neurri zuzenak hartu zituen, Euskaltzaindia-ri eta Eusko Ikaskuntza-ri diru-laguntzak kendu zizkien-eta.
Estatu federalak bere egin behar ditu bertako hiritarrek darabiltzaten hizkuntza guztiak, eta, horrez gain, hizkuntzok babesteko eta berreskuratzeko konpromisoa hartu behar du. Ondorio guztietarako, estatuko hizkuntzak ofizialak izan beharko lirateke euren lurraldeetan; eta koofizialak, organo betearazle, legegile eta judizial federaletan.
Proposamenak
- Hizkuntza-politikak ezarri behar dira estatuko aldiriko administrazioan eta justiziako administrazioan, toki-administrazioetan eta Eusko Jaurlaritzan erabilitako irizpideak kontuan hartuta. Horrela, bada, administrazio publikoak elebitasuna bermatuko du EAEren eremuan.
- EAEko lurralde historikoen izenetan, moneta eta seiluen jaulkipenean, NANean, pasaportean, gidabaimenean, agiri zein inprimaki ofizial guztietan eta erakundeen web orrietan, estatuko hizkuntza aniztasuna onartuko dela bermatu beharra dago.
- Estatuko Aurrekontu Orokorretan kontu-sail bereziak zehaztu behar dira, estatuko hizkuntza guztien normalkuntzari begira.
- Estatuko kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruko oinarrizko ezagutzak hartu behar dira kontuan hezkuntza-sistema osoko gutxieneko egitarauetan.
- Autonomia-erkidegoetako gobernuen menpe dauden irratiak (emanaldiak euskaraz, galegoz eta katalanez egiten dutenak ere bai) estatuko lurralde osoan entzun ahal izango direla bermatu behar da.
- Euskararen, galegoaren eta katalanaren irakaskuntza eta zabalkundea estatuko kanpoko ekintza guztietan hartu behar dira kontuan, Cervantes Institutuan bertan ere bai.
- Euskara eta Europako beste hizkuntza gutxitu batzuk Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak izan behar dira.
- Itunak eta hitzarmenak sinatu behar dira euskararen agerpena duten beste lurraldeekin, estatu espainolean bertan zein estatu espainoletik kanpo, hizkuntza-politikak koordinatzeko eta bitartekoak zein esperientziak trukatzeko.
(ANTTON KARRERA AGIRREBARRENA Ezker Batua-Berdeak taldeko hautagaia da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
__________________________________
- Bozketa eguneko nondik norakoei buruzko argibideak ematen dituen infografia biziduna ikusi nahi baduzu sakatu HEMEN
|