|
Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan euskararentzat agindu dituztenak jaso ditugu erabili.com-en. Ondoren, PSE-EE alderdiak euskararentzat agindutakoak dituzu.
Hizkuntza politika
Hizkuntza politika
Sozialistok komunikazio bidetzat hartzen dugu euskara, eta Euskadiko hiritarron arteko gizarte kohesiorako elementutzat.
Proposatzen dugu:
- Hizkuntza politikan adostasuna aldeztea, Eusko Legebiltzarretik abiatuta, Euskadiko ordezkaritza erakunde gorena baita.
- Sektorekako euskalduntze politiketan adostasunez aurrera egitea, eskubideen subjektua hizkuntza ez baizik pertsona dela kontuan izanik, gizarte presioa errepresio bihur ez dadin.
- Erabilera mailak neurtzea, eta ez bakarrik jakintza mailak.
- Euskararen Erabilera Arautzen duen Legearen inguruan lortutako adostasunarekin bat ez datozen euskalduntze politikak eta arauak berraztertzea.
- Herri Administrazioetan sartzeko azaltzen diren arazoei irtenbidea ematea, euskaltegietan, hizkuntza eskola ofizialetan, EGA azterketetan edota derrigorrezko hezkuntzan nahiz batxilergoan egindako ikasketak arautuz eta homologatuz. Helduak euskalduntzeko zerbitzuen etorkizuna argitzea: HABEren eta euskaltegi sarearen zeregina.
Kultura zabalkundeko politika egitea, euskaraz kultura garaikideko liburuak (literatura, arte plastikoak…) argitaratuz, euskara modernotasunean txertatzeko bide gisa.
Hizkuntzen arteko elkargunerantz
Gobernutik euskara babesteko politika aktiboa aplikatu nahi dugu, eta, horregatik, gure asmoa da euskara bere etsairik txarrenen eskuetatik askatzea, hau da, intolerantzia eta kontrol demokratikorik eza oinarri dituen hizkuntza politika egiten tematzen direnen eskuetatik askatzea.
Horregatik guztiagatik, sozialistok geure gain hartzen ditugu eginbehar hauek:
- Euskadiko gizartearen barruan, bi hizkuntza ofizialak erabiliz, barne komunikagarritasuna lortzeko helburuaren alde lan egitea.
- Hizkuntza politika berraztertzea, Euskararen Erabilera Arautzen duen Legearen inguruan lortutako adostasunak berritzeko eta haiek garatzeko xedearekin.
- Elebitasun integratzailearen aurrerakuntza helburu estrategikotzat hartzea.
- Hizkuntza politika demokratizatzea.
- Hizkuntza aniztasuna babestu beharreko aberastasuntzat mantentzeko neurriak hartzea.
- Hizkuntzen arteko elkargunetarako organoa eratzea, eta Euskararen Aholku Batzordearen egitekoak berriz definitzea, kontseilu horretan gaztelaniazko eremuaren eta euskarazko eremuaren ordezkari gaituak sar daitezen.
- Kanpoan euskarazko literatura sustatzea, Estatuko kultura organoekin batera lan eginez.
- Elebitasuna kultura politika aktiboago eta irekiagoaren zerbitzura jartzea.
- Eskola, benetako elebitasunaren funtsezko bultzatzaile bihurtzea.
- IRALEn ebaluazio jarraitua sartzea.
- Hizkuntzen ofizialkidetasunaren ebaluazioa bultzatzea.
(PATXI LÓPEZ ÁLVAREZ Euskadiko Alderdi Sozialistaren - PSE-EE - lehendakari izateko hautagaia da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
__________________________________
- Bozketa eguneko nondik norakoei buruzko argibideak ematen dituen infografia biziduna ikusi nahi baduzu sakatu HEMEN
|