|
Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sortu zenetik zeregin nagusia euskararen aldeko gizarte konpromisoa sustatzea izan da, eta honekin batera, euskararen normalizazioak une oro behar dituen azterketak eta ekarpenak egitea. Ildo horretatik, eta joan den 2001-2005 legegintzaldian, egindakoak aztertu eta gaizki egindakoak azpimarratu ditu Kontseiluak aurrera begira hobeki egingo direlako itxaropenarekin eta ongi egindakoak ere txalotu behar dituelarik.
Lau urte hauetan gertaera asko izan dira euskararekin zer ikusia dutenak, positiboak batzuk, negatiboak beste batzuk. Gertaera horiek iturri ezberdin asko izan dituzte eta hainbat gizarte arlorekin zerikusia izan dute.
Txosten honetan, Kontseilua legegintzaldiko hizkuntza politikarekin zerikusia izan duten gertaera nagusiak jasotzen ahalegindu da, hau da, gobernutik eraginda edota gobernuarekiko harremanetatik sortuak izan diren gertaera nagusiak. Helburua legegintzaldi horren argazki bat eskaintzea da.
Kontseiluak 2004.eko azaroaren 9an hamaika indar politiko eta sindikalekin euskararen normalizazioa bultzatzeko Akordio Soziopolitikoa sinatu zuen. Bertan, hizkuntza-politika eraginkor batek izan beharko lituzkeen gutxienekoak definitu eta adostu zituzten. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzaren zeregina bide horretatik aztertu nahi izan dugu garbi ikusten dugulako neurri horietara hurbiltzen ez den neurrian ez dela behar bezain egoki kudeatzen ari normalizazioaren zeregina.
Behin baino gehiagotan esan dugu hizkuntza-politika egin egiten dela baina, era berean, egiten ez dena ere hizkuntza-politika da euskararen ordezkatze prozesuak ez baitu etenik izango politika eraginkorrak, osoak eta ausartak abiatu ezean.
Beraz, lerrootan, 2001-2005 legegintzaldia izan denaren azterketa kritikoa, eta era berean eraikitzailea, duzue kritikekin batera politika egoki batek jaso beharko lituzkeen neurriak ere eskaini baititugu Akordio Soziopolitikoan bertan.
Legegintzaldirako Hizkuntza Politikaren Oinarri Programatikoak
VII. Legegintzaldirako Hizkuntza Politikaren oinarrian gobernua osatzera iritsi ziren alderdien hizkuntza-politika dago. Hauteskunde horietan EAJ eta EA alderdiek sinatutako hitzarmen politiko eta programatikoan badago hizkuntzari buruzko atala. Bertan, honako hauek azpimarratzen dira:
- EAEn badugu lege eta arauen markoa eta hori dugu erreferentziarik onena, herritar guztiok hizkuntza ofizialetatik edozein erabil dezagun.
- Koalizioak ekintza positiboko hizkuntza-politika egin nahi du aniztasunaren ikuspegitik.
- Politika malgua egin nahi du herritar gehienek nahi duten erritmoan aurrera egingo duena.
- Koalizioak hartzen dituen konpromisoak:
- Hezkuntza-eredu guztiak hobetzea.
- Europako beste hizkuntzen irakaskuntza areagotzea.
- Teknologia berrien alorrean euskarari bultzada ematea.
- Euskara eta kultura indarberritzeko Erakunde bat sortzea gure kulturaren eta hizkuntzaren berri eman dezan mundu zabalean.
| EAJ-PNV eta EA-ren arteko Hitzarmena, 2001-2005 bitarteko Legegintzaldian lankidetzan jarduteko oinarri politiko eta programatikoei buruzkoa.
Bilbon, 2001eko martxoaren 16an
5) Gizartearen kohesioa sustatzea kulturaren eta hizkuntzaren bitartez.
Euskarak, oraindik ere, ekintza positiboko politikaren beharra dauka. Horretarako, EAEn badugu geure lege eta arauen markoa, eta, euskal herritarrek ematen dioten erabateko babesari esker, gaur egun marko hori dugu erreferentziarik onena, herritar guztiok, apurka-apurka, geure hizkuntza ofizialetatik edozein erabili ahal izan dezagun hizkuntzaren erabileraren eremu guztietan.
Euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekintza positiboa sustatu nahi dugu, beraz, kultura eta hizkuntza anitzeko ingurune batean, eta horrexek bereizten gaitu, argi eta garbi bereizi ere, muturreko jarrera hartzen dutenengandik: batzuek elebitasuna onartzen omen dute bai, baina ez dute inolako politikarik proposatzen benetako elebitasuna lortzeko, eta ez dute nahi ekintza positiboko neurri bat bera ere hartzerik; beste batzuek euskararen erabateko normalizazioa eskatzen dute, baina ez dute kontuan hartzen gure benetako egoera soziolinguistikoa eta uko egiten diote elebitasunari. EAJ-PNV/EA koalizioak, aldiz, euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politika egin nahi du hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik, gure herriaren errealitate soziolinguistikora moldatzen den politika malgua, herritar gehienek nahi duten erritmoan aurrera egingo duena.
Bide horretan gauza hauek egiteko konpromisoa hartzen dugu: hezkuntza-eredu guztiak hobetu; Europako beste hizkuntza batzuen irakaskuntza areagotu; buru-belarri lan egin, bereziki, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien alorrean euskarari bultzada emateko, lehenengo urratsak dagoeneko eginak baititu; eta euskara eta euskal kultura indarberrituko dituen Erakunde bat sortu, gure kulturaren eta hizkuntzaren berri eman dezan eta mundu zabalean sakabanaturik dauden euskal herritarren elkarteekiko loturak sendotu ditzan. |
Bi alderdi hauek, hauteskundeak irabazi ondoren, Koalizio Akordioa sinatu zuten Jaurlaritza osatzeko. Bertan badago atal bat gizarteaz eta kulturaz diharduena eta euskarari buruz paragrafo bat jaso eta honako hau azpimarratzen duena:
- Ezinbestekoa da euskararen erabilera testuinguru eleanitzean sustatzeko politika sakontzea.
- Errealitate soziolinguistikoari eta gehiengoaren nahiari egokitutako hizkuntza-politika egin nahi da.
- Xedea benetako elebitasuna lortzea.
| EAJk eta EAk VII. Legegintzaldiko Eusko Jaurlaritza osatzeko izenpetzen duten Koalizio Akordioa
Gasteiz, 2001eko uztailak 6
4. Gizarte eta Kultur eredu berria
Ildo horri jarraiki, gure ustez ezinbestekoa da euskararen erabilera testuinguru eleanitzean sustatzeko politika sakontzeari eustea; Euskadiko errealitate soziolinguistikoari eta gure gizartearen gehiengoaren nahiari egokitutako hizkuntza-politika egin nahi dugu, azken batean, benetako elebitasuna lortzeko xedez. |
Lehendakari izendatzeko Lege Biltzarreko eztabaidan, Ibarretxek hizkuntza-politikari buruz zuen ikuspena eta asmoak azaldu zituen, honako hauek azpimarratuz:
- Euskara belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigun milaka urteko ondarea.
- Euskara guztiona da eta guztion beharra dauka.
- Jaurlaritzaren betebeharra da benetako gizarte elebiduna eraikitzeko behar diren ekintza positiboak bideratzea.
- Bi hizkuntzetako ahulena bultzatzeko politika jarri dugu martxan.
- Beti ere errespeturik handienaz eta akordiorik zabalena bilatuz.
- Euskara, gaztelania bezala, batzuetan oztopo bihur daiteke; hori gerta ez dadin ahaleginak egin ditugu.
- Inposaketarik gabe eta malgutasunez jokatu dugu, errealitate soziolinguistiko ezberdinei egokitzeko.
- Aurrerantzean irizpide berberak mantenduko ditugu.
- Edonola, oraindik ezin ziurtatu euskarak bizirik iraungo duenik.
- Konpromisoa: euskara eremu guztietan sustatzea egoera soziolinguistikoari egokitutako politikaren bidez, edozein pertsonak edozein hizkuntza ofizialean bizitzeko eskubidea erabiltzeko aukera izan dezan.
| Lehendakari Izendatzeko Eztabaida. Ibarretxeren Hitzaldia
2001eko uztailak 11
Euskara, euskal kulturaren emaitza den aldetik, belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigun milaka urteko ondarea da.
Euskara guztiona da eta guztion beharra dauka. Euskara komunikazio eta harremanetarako tresna gisa bizirik mantentzea euskal gizarte osoaren erantzukizuna da. Eta Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da, hain zuzen ere, gizarte elebiduna eraikitzeko behar diren ekintza positiborako tresnak, pertsona guztien esku jartzea.
Demokrazian bizi izan garen azken urte hauetan, euskara eta gaztelaniaren koofizialtasuna onetsi da eta, horren ondorioz, gure Autonomi Erkidegoan, bi hizkuntzetako ahulena, euskara alegia, sustatu eta bultzatzeko politika jarri dugu martxan. Eta, horretarako, beti ere errespeturik handienaz jokatu dugu eta alderdi politiko, sindikatu, irakasle, funtzionario eta euskararen aldeko lana egiten duten pertsona ospetsu eta erakundeen arteko akordiorik zabalena bilatu dugu. Horixe da gizarte aurreratuenen ezaugarrietako bat: ahulenen aldeko neurriak hartzen dituztela, baztertuta utzi gabe. Euskara, gaztelania bezala, batzutan oztopo bihur daiteke norbaitentzat. Hala eta guztiz ere, ahal den neurrian, horrelako egoerarik ez egoteko edo konponbideak bilatzeko ahaleginak egin ditugu. Inposaketarik gabe eta malgutasunez jokatu dugu, errealitate soziolinguistiko ezberdinei egokitzeko. Hori izan da, orain arte, gure jokabidea eta, etorkizunean ere, irizpide berberak mantenduko ditugu.
Edonola ere, prozesu hasi berri honek, oraindik ezin du ziurtatu euskarak bizirik iraungo duenik eta gaurko euskal gizartearen beharrei erantzun egokia emateko hizkuntza gisa erabil daitekeenik euskara.
Horri dagokionez, euskara eremu guztietan sustatzeko konpromisoa mantenduko dugu, Euskadiko egoera soziolinguistikoari egokitutako hizkuntza politika baten bidez, edozein pertsonak gure Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan bizitzeko eskubidea erabiltzeko aukera izan dezan. |
EAJ-EA alderdiek osatutako Koalizioari, gerora, beste hirugarren alderdia gehitu zitzaion, IU-EB. Une horretan beste dokumentu bat sinatu zuten hiru alderdien artean gobernu programa egokitu eta eguneratuz. Dokumentu horretan ez dago hizkuntza-politikari buruzko inongo atalik, aipamen huts bat besterik ez dago hasieran Exekutiboak finkatu dituenak, hala nola eredu eleanitza, partekatzen dituela esnaz. Baina, gero dokumentuak zehazten dituenetan:
- Lehentasunezko ardatzetan ez da hizkuntza-politika aipatzen.
- Ardatz programatikoetan ez da hizkuntza-politikaren garapena aipatzen.
- Immigrazio politikan ez da hizkuntza-integrazioa aipatzen.
| Documento de participación de Ezker Batua en el Gobierno Vasco y de adhesión al acuerdo de coalición que suscribieron EAJ y EA para la formación del Gobierno Vasco (VII Legislatura 2001-2005).
Gasteiz, 2001eko irailak 15
Aipamen soila: ...con independencia de compartir los principios programáticos ya establecidos en el ejecutivo tales como ... el modelo pluricultural y prurilingüe... es preciso especificar en este documento los compromisos que asumen los que lo suscriben con el fin de concretar algunes ejes y proyectos. |
Kontseiluaren iritzia:
Testu horietan biltzen dira Gobernua osatzen duten alderdien funtsezko asmoak. Bere momentuan hartutako konpromisoak oso ahulak dira eta aldarrikapenak eta bitartekoak ez datoz bat. Izan ere, alde batetik, ‘gizarte elebiduna sortzeaz’ hitz egiten dute eta ‘euskararen etorkizuna ziurtaturik ez dagoela’ aitortzen dute, hala ere, neurri zehatz gutxi ageri ditu.
Bereziki azpimarragarria da hezkuntza ereduak gainditzeaz ez hitz egitea eta hobekuntza soilik proposatzea, are gehiago, kontuan hartzen badugu ereduak aldatu ezean ez dagoela ‘gizarte elebidunera’ hurbiltzerik. Hau da, helburua eta bitartekoak ez datoz bat.
Gauza bera gertatzen da immigrazio politikari dagokionez, ez baitzaio euskararen normalizazioan duen garrantzia eskaintzen.
Egoera soziolinguistikoaren menpeko politika iragarri dute, ‘gehiengoaren nahiari men’ egiten diona. Normalizazioa, ordea, neurri handi batez gizarte eraldaketa da eta zapaldutako eskubideak berreskuratzeko bidea. Euskaldunon hizkuntz eskubideak giza eskubideak diren neurrian, ez dira errealitate soziolinguistikoaren menpekoak eta hizkuntza-politika egoki batek errealitate horren eraldaketa ekarri behar digu.
Euskararekin diskurtso paternalista erabiltzen da eta legegintzaldian zehar erabili egin da. Diskurtso hori gainditu beharra dago eta beste parametro batzuetan kokatu.
Gabeziak bereziki nabarmenak dira. Hizkuntza-politika osoa da, ala ez da hizkuntza-politika. Ezagutza eta erabilpena batera garatu behar dira, gizarte sektore guztiak inplikatu behar ditu hizkuntza-politikak (hezkuntza, lan mundua, hedabideak, unibertsitatea, merkataritza, industria, kirola, kultura...) instituzio artekoa behar du, Administrazio orokorretik Toki Administraziorainokoa, Sailartekoa, diruz ongi hornitua, helburu eta epe zehatzak dituen plangintzen arabera funtzionatzen duena, etengabe ebaluatzen den hizkuntz politika behar da. Hori ez da egitasmoetan ageri eta ondorioz, ez da legegintzaldian ageri.
Indarrean dagoen legedia aztertu eta egokitu
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
ESTATUTU BERRIRAKO PROPOSAMENA
Kontseiluaren iritzia:
Kontseiluaren ustez, hizkuntzarekin erlazioa duen eta gaur egun indarrean dagoen corpus juridikoa aldatu beharra dago normalizazioak une honetan dituen beharrei egokitzeko eta aurrera egitea errazagoa izan dadin. Legegintzaldi honetan aldaketa hori egiteko aukera garrantzitsu baten aurrean egon da Eusko Jaurlaritzak Estatutua Berritzeko Proposamena landu duelako. Kontseiluak, horren garrantziaz jabeturik, ekarpen garrantzitsuak egin zituen baina, gehienak, ez ziren aintzat hartuak izan. Honako hauek izan ziren:
Estatutuak jaso beharko lituzkeen puntuak:
- Euskara, hizkuntza europarra, Euskal Herriko berezko hizkuntza da. Euskararen erabilera gizarteko maila guztietara hedatuko da.
- Euskara ofiziala izango da eta lehentasunezko estatusa izango du. Era berean, Europako hizkuntza den neurrian, Europan ere ofiziala izateko urratsak egingo dira.
- Herritar guztiek dute euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea. Hortaz, administrazioak belaunaldi berriak euskaldunak izango direla ziurtatuko duen hezkuntza sistema antolatuko du. Bide beretik, bitartekoak jarriko ditu euskara ez dakiten herritarrek euskara lehenbailehen eta doan ezagutu dezaten. Era berean, etorkinei ere, iritsi ahala, euskara ikasteko bidea emango zaie.
- Gaur egungo egoera diglosikoak sortzen duen desoreka soziala gainditzeko epe eta helburu zehatzak izango dituen hizkuntza-politika eta corpus juridikoa ezarriko dira. Corpus juridiko horrek, lehentasunez, euskara erabiltzeko eskubidea eta hizkuntza-eskubideen urraketa gainditzea bermatu behar ditu.
- Hizkuntza-politika osoa aplikatuko da: sektore artekoa, eta Administrazio nagusitik hasi -autonomikoa nahiz estatuarena- eta Toki Administraziorainokoa.
- Euskararen gizarte erakundeak instituzio aholku-emaileak izango dira.
- Hizkuntzari buruzko erabakiak burujabetza osoz hartuko dira.
Balorazioa:
Estatutu Berrirako proposamenak ez du Gernikako Estatutuaren edukia gainditzen eta ondorioz ez du funtsezko aldaketarik ekarriko. Benetan garrantzitsua izango litzateke corpus juridikoaren gailurrean dagoen testuak proposamen eraginkorragoak jasotzea, Kontseiluak egindakoak, adibidez.
Aitortu beharra dago hizkuntza-eskubideen aipamena eztabaida prozesuaren bukaeran sartu zela baina, oraindik ere, testua ez da nahikoa euskararen normalizazioak behar dituen euskarri juridikoak eskaintzeko.
Hizkuntza-politikari instituzioetan dagokion lekua ematea
Kontseiluaren iritzia:
Legegintzaldi honetan, hizkuntza-politika, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eraman du. Horrek berak adierazten du euskararen tratamendua ikuspegi kultural hutsetik kudeatzen dela.
Kontseiluak behin baino gehiagotan adierazi die arduradun instituzionalei euskararen normalizazioaren izaera zeharkakoa dela eta askoz ere egokiagoa litzatekeela Lehendakaritza Sailetik kudeatzea (Emakunde kudeatzen den bezalaxe) baina, eskariak ez dira kontuan hartuak izan.
Kontseiluak behin baino gehiagotan eta gai ezberdinekin koordinazio falta nabarmenak sumatu ahal izan ditu.
Balorazioa:
Hizkuntza-politikak zehar-politika izaten segitzen du. Legegintzaldi honetan ez du beharrezko zentralitaterik lortu, koordinazio arazoak ugariak dira eta gai zeharlerrokoa bada ere ez du tratamendu hori izan.
Administrazioa eta haren barne jarduna euskalduntzeko neurri eraginkorrak hartu
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
- 67/2003 DEKRETUA, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzekoa.
- 117/2001 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzarako neurriak finkatzen dituena.
- 15/2004 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko 2003-2007 aldirako Plana onartzen duena.
Kontseiluaren iritzia
JUSTIZIA
Etengabe arazoak sortzen dituen arloa da justiziarena EAEn, bertan euskaldunaren hizkuntza-eskubideak ez daude bermatuta.
- Jaurlaritzak Justizia administrazioa euskalduntzeko dekretuak eta planak abian ditu, baina ez du ahalmenik epaileengan hizkuntza-irizpideak ezartzeko. Eta planaren garapenaren emaitzak ez dira nabarmentzen.
- Madriletik eta Auzitegi Nagusiko presidentearen aldetik oztopoak eta euskararen aurkako diskurtsoak eta jarrerak egon dira.
- Hainbat abokatu, alderdi eta Jaurlaritzako kidek ere egoera salatu egin izan dute baina ez zaio arazoari konponbiderik eman legegintzaldi osoan.
- Hainbat epaiketa bertan behera gelditzen ari da, eta epaituak zigorra jasotzen ari dira euskaraz egin nahi izateagatik.
- EAEko epaitegietan ez dago bermatuta epaiketa euskaraz egin ahal izatea. Bestalde, erdaraz egiten denean euskaldunari itzultzaile baten zerbitzua jarrita, nahasmendu- eta esanahi-arazoak sortu izan dira sarritan. Horrek, Behatokiak nabarmendu duenez, hizkuntza-eskubideak ez ezik, defentsa justu baterako eskubidea ere urratu egin du.
OSAKIDETZA
- Jaurlaritzak Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua onartu zuen 2003ko martxoan. Administrazioaren aldetik atzerapen handiz etorri den dekretua izan da, 1997az geroztik baitzuen Osakidetzak normalizazio plan bat prestatzeko betebeharra, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeak agintzen zuenaren arabera.
- Osakidetza euskalduntzeko eskari soziala handia izan da legegintzaldi osoan zehar, hizkuntza-eskubideen urraketa Osakidetzan etengabea da eta bereziki larria pediatrian eta larrialdi zerbitzuan.
- Dekretua onartu aurretik Osakidetzak lan deialdi publiko handia (1.800 lanpostu inguru) egin zuen 2002ko irailean. Deialdi hau Kontseiluak bereziki auzitan jarri izan zuen. Bere aurka errekurtsoak jarri zituzten UEMAk eta Behatokiak eta protesta ekintza ugari burutu zituzten EHEk eta beste hainbat talde euskaltzalek. Lanpostu kopuru altu horrek Osakidetzaren euskalduntzea baldintzatu egiten du eta profesional horien euskalduntzea zama ekonomikoa Administraziora pasatuko da, hau da, herritar guztiok ordainduko dugu. Euskararen ezagutzaren eskakizuna bermatu izan balitz Osakidetzaren euskalduntze prozesuak bultzada handia jasoko zukeen.
- Dekretua argitaratu ostean, beste bi urte pasa ditu Osakidetzak Normalizazio-Plana lantzen. Gainera planaren eskakizunak benetan irrigarriak dira eta abiada horretan ez dago etorkizun hurbilean zerbitzua euskaraz bermatzerik.
- Osakidetzak normalizazio plana izatea positiboa dela iruditzen zaigu. Ez zaigu hain positibo iruditzen mende laurden beranduago etortzea ezta helburu hain txikiak izatea ere.
ERTZAINTZA
- Larria da arazoa Herrizaingoari dagokionean. Sarritan gertatu da ertzainak herritar bat gelditu eta herritarrak euskaraz erantzuteagatik presioak, errententzioak eta atxiloketak ere jasan behar izatea.
- Ertzaintza euskalduntzeko planaren emaitzak ez dira argitaratuak izan eta prozesua guztiz opakoa da. Ez dakigu epeak eta helburuak betetzen ari ote diren eta ez ditugu ezagutzen Ertzaintza euskalduntzeko epe muga non zehazten duten.
- Arduradun politikoen aldetik ez da hizkuntza-eskubideen urraketa hauen aurrean eta eskubideak defendatzen aldera erantzun irmorik antzeman.
EAEko ADMINISTRAZIOAREN EUSKALDUNTZEA
Gai garrantzitsua izan da EAEko administrazioaren euskalduntzeko planaren jarraipenarena, III. Plangintzaldiari atzerapenez hasiera eman baitzaio legegintzaldi honetan EAEko administrazioan.
- Legealdi honetan EAEko administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana onartu da. Plan horren aurretik beste bi izan dira: I. Plangintzaldia (89-95) eta II. Plangintzaldia (97-02).
- II. Plana 2002an amaitu bazen ere, Jaurlaritzak 2004ko apirilera arte ez du III. Planaren zirriborroa aurkeztu (plana 2004ko abuztuan argitaratu da) eta orain arte emaitza gutxi eman dituen bideari eutsi dio gainera.
- Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du II. planaren barruan urratsik ez dela eman: 456 administrazio ataletatik 84 elebidun bihurtu behar ziren baina batek ere ez du helburua bete. Gainera, administrazioko langileen % 14,5ek bakarrik du egiaztatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna.
- Sindikatuek hainbat eskaera eta proposamen egin diote Jaurlaritzari, besteak beste: baliabide eta trebatzaile gehiago eta planaren ebaluazioa jarraitua izatea. Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu.
Administrazio Orokorra euskalduntzeko III. Plangintzaldiaren hutsune nagusiak honako hauek dira:
- 1996ko biztanleriaren erroldak emandako emaitzen arabera finkatuko ditu derrigortasun indizeak (alegia, %40,74) eta ez 2001ekoak emandakoen arabera (%44). Gizartean euskalduntzeak aurrera egin badu ere, Gasteizko Administrazioak ez dio horri erantzuten.
- Funtsean plan hau eta aurrekoa (1998-2002 aldiari zegokiona) berdinak dira alderdi guztietan. Plan zaharrak utzitako emaitzak eskasak izan direla kontuan hartuta, bidezkoa litzateke egindako ebaluazioen arabera egokitzea plan berriaren ezaugarriak. Ez egokitu izanak planaren diseinuan nahiz inplementazioan nabarmen agertu diren hutsuneak berriro ikusiko ditugula iragar daiteke dagoeneko.
- Aldi hau amaitzen denerako langileen %81 inguru adinagatik salbuetsita egongo da. Hizkuntza Eskakizuna frogatzeko adin muga 45 urtetan jartzen jarraitzeak bete betean oztopatzen du planaren garapena. Horren adibide da L1 izaerako atalak aldi honetan elebiduntzeko ezintasunari buruz planak berak dioena. Beraz, Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko plana kolapso egoera batera iristear dagoela esan daiteke. Langileen plantilla zahartzea aspaldi iragar zitekeen, gaur egoera honetan baldin bagaude Eusko Jaurlaritzak horrela gerta zedin nahi zuelako izan da.
- Plan honetan, aurrekoan bezala, politikariak eta goi-karguek tokian tokiko planak dinamizatzeko ardura dute baina ez da ezer zehazten lan horretan dagokien aitzindaritzaz edo euskalduntzen nahiz euskaraz lan egiten dagokien arduraz. Autonomiak egin dituen 25 urte hauetan maizegi ikusi dugu euskarari bizkar eman dioten arduradun politiko eta karguek zein egoeran utzi duten hainbat administrazio atal. Horietariko batzuk berariaz euskalduntzea oztopatzen ere ikusi ditugu dekretuen aplikazio maltzurrak eginez. Plan honek gabezia horrekin jarraitzen du.
- Dagokien hizkuntza-eskakizuna eskuratu arren eguneroko lan jardunean erdara hutsean lanean diharduten langileek euskarazko trebetasuna galtzeko arriskua aipatzen da. Egun euskararen erabilera urria dela kontuan izanda, neurri handiko arazo baten aurrean gaudela bistakoa da. Plan honek ez dio arazo horri dagokion neurrian erantzuten. Aipamen labur batean uzten du gaia: 2.2 puntuan “langileen euskalduntzean egindako ahaleginari etekina atera beharrean dago (...) ehunka langilek lortutako hizkuntza-gaitasuna gal ez dezaten.”
- Gizarte eragileak jarraipen eta kontrol organoetatik kanpo utzi ditu. Euskararen erabilera sustatzeko prozesua iluntasun nabarmen batez estalita gauzatu nahi du Jaurlaritzak. Gizartearen babesa bilatzen ez duten egitasmoek oztopo nabarmena izaten dute bere helburua erdiesteko. Nabarmena da Kultura Sailuburuak Administrazioan euskararen erabilerak daraman prozesu makalaren ardura gizartearen bizkar uzten ahalegindu zenean benetan ez zuela gizartearen dinamizazioa eragin nahi Administrazioaren epelkeria justifikatu baizik.
- Helburuak eta horietara iristeko urratsak ez datoz elkarrekin bat. Urratsak aitortutako helburuetara iristeko apalegiak dira alor guztietan. Plan honek bere buruari aitortzen dizkion helburuak desio mailan uzten ditu, ez baita horietara iristeko bide eraginkorrik irudikatzen. Aurreko plangintzaldian gertatutakoa horren lekuko da.
- Ebaluazioak, neurketak, jarraipenak… aipatzen dira, baina ez da ezer aipatzen jarraipen lan horrek ekarritakoak prozesuan txertatzeko egin beharrekoaz. Are gehiago, ez dira aipatzen aurreko aldian egindako ebaluazio eta ateratako ondorioak. Beraz, badirudi, jarraipena egin arren, planaren inplementazioak beregaintasunez jarraituko duela.
- Osakidetza edo Ertzaintzak plan honetatik kanpo egoten jarraitzen dute eta aurreko planetik honetara eragin eremuei dagokionez UTAP delakoa (Ertzaintza laguntzeko unitate teknikoa) kanpo utzi dute oraingoan inolako azalpenik eman gabe.
- Erakunde autonomo eta kontzesiopean diharduten enpresei egiten zaien hizkuntza-eskakizuna arindu egiten da gutxieneko derrigortasun indizeari egiten zitzaion aipamena ezabatu baita. Bestelako azalpenik gabe, badirudi erdaraz jarduteko askatasun handiagoa eman nahi zaiela kontratu administratiboa eskuratzen duten enpresei.
Kultura Sailburuaren esanetan, berriz, administrazioari ezin zaio gizarteari baino gehiago eskatu. Ez du esaten, ordea, da herritarren eskubideez ari garenean horiek bermatzea dela lehentasunezkoa eta Administrazioak ezin duela beste alde batera begiratu urraketak gertatzen direnean. Gaur egun, Administrazioan etengabeak eta sistematikoak dira eskubideon urraketak.
Balorazioa:
Administrazioa euskalduntzeko pauso eraginkorrik ez du eman Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan. Osakidetzak plana eskuratu du baina horren eraginkortasuna hizkuntza-eskakizunik gabeko 1800 lanpostuek eta planaren beraren helburu eskasiak baldintzatzen dute, Ertzaintzaren euskalduntze prozesuaren berririk ez dugu. Administrazio Orkorreko II. Plangintzaldiak huts egin du eta III.ak helburuak jaitsi baditu ere huts egingo duela iragar daiteke.
Hezkuntza eta unibertsitatea euskaldundu
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
3/2004 LEGEA, otsailaren 25ekoa. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea
Unibertsitatearen Legeak atal oso bat eskaintzen dio euskararen ofizialtasunetik ondorioztatzen diren betebeharrak unibertsitatearen arloan zedarritzeari. Horretaz gain, euskara sustatzeko betebeharra eta euskaraz aritzeko eskubidea jasotzen dira sistemaren definizioan, helburuetan, jardueretan, kontratazioetan eta merezimenduetan.
| 3/2004 LEGEA, otsailaren 25ekoa. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea
2. artikulua.– Euskal unibertsitate-sistema
Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egoitza duten unibertsitate guztien artean osatzen dute unibertsitate-sistema, eta Eusko Legebiltzarrak etorkizunean sortu zein onar ditzanak ere sistema horretan batera bilduko dira. Era berean, sistemaren barruan harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko etorkizuneko proiektua edo euskararen kultura partekatzen duten beste lurralde batzuetan kokaturiko beste unibertsitate-erakunde batzuekin; sustatze-lan hori irakaskuntza, ikerketa eta ekimen kulturalak koordinatuz egingo da, eta aipatutako unibertsitate-erakundeetako ikasle zein irakasleen arteko mugikortasunaren bidez, euskararen erabilera bultzatzeko, eta hori guztia Europako nazioen eremuan
3. artikulua.– Gizartearen zerbitzura
*3.–* ... Gainera, orokorrean euskal kultur ondarearen gaineko defentsa, azterlana eta sustapena bultzatuko dituzte, eta bereziki euskararena.
6. artikulua.– Euskal unibertsitate-sistemaren helburuak
e) Jakintza-arlo guztietan euskara sartuz joatea, euskararen erabileraren normalizazioari laguntzeko.
7. artikulua.– Printzipio gidariak
Hauek dira euskal unibertsitate-sistemaren antolaketak oinarri dituen printzipioak:
f) Unibertsitateko irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea benetan beteko dela bermatzeko eta zaintzeko herri-aginteek duten erantzukizuna; horretarako, beharrezko deritzeten arau bidezko garapenak eta ekintza positiboko neurriak sustatu beharko dituzte, unibertsitate-politika orokorraren barruan.
HIRUGARREN KAPITULUA
UNIBERTSITATEAN ERABILTZEKO HIZKUNTZAK
11. artikulua.– Hizkuntzen erabilera
*1.–* Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira euskal unibertsitate-sisteman.
*2.–* Herri-aginteei dagokie hizkuntza-normalizazioa bermatzea, euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politikaren oinarriak ezarrita.
*3.–* Unibertsitateek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, araudian eta berariazko planetan gai honi buruz ezarritakoarekin bat etorriz, bere osotasunean bermatuz euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea.
*4.–* Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen (uztailaren 6ko 6/89 Legearen) 2. artikuluaren aplikazioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzako eskumena duen sailak proposaturikoaren arabera, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren berezitasunei egokitzeko arau espezifikoak onartuko ditu. Eusko Jaurlaritzak eta unibertsitateak, indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, hautaketa, sarbide eta ebaluaketa prozesuak arau horiei egokiturik egotea bermatu behar dute.
*5.–* Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langile guztiei, bestalde, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileentzat aurreikusitakoa aplikatuko zaie.
*6.–* Unibertsitateen gaian eskumena duen sailak eta unibertsitateek eurek zientziarako erabiltzen diren beste hizkuntza batzuk jakitea sustatuko dute, eta unibertsitatearen jarduera akademikoetan sartuko dute hizkuntza horien erabilera
18. artikulua.– Hautaketa-batzordeak
*5.–* Hautaketa-batzordeek izangai guztien merezimenduak eta jarritako proben emaitzak baloratu beharko dituzte, eta lehenesteen eta bakoitzari zenbakitan emandako balorazioaren gaineko arrazoiak azaldu egin beharko dituzte. Aginduzkoa da merezimenduen artean Euskadiko hizkuntza ofizialak jakitea balora dadin, eta lanpostuen zerrendan elebidun izendatutako lanpostu guztietan aginduzkoa izango da euskara jakitea.
46. artikulua.- Tituluak
*3.–* Funts publikoz finantzatutako titulu berriak ezartzerakoan, taldeak finkatzeko euskara erabiliko da lehentasuneko irizpide.
KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIA
80. artikulua.– Xedea eta eginkizunak
j) Irakasle bakoitzak –funtzionario zein kontratatutako– arlo hauetan egin dituen merezimenduak baloratzea: euskara unibertsitateko jarduera guztietan benetan sartzeari begira egindako jardueretan, eta, bereziki, irakaskuntzako, zientzia gizartera zabaltzeko eta ikerketa-jarduera gizartera hedatzeko materialen prestaketa eta kudeaketan, orobat espezializatutako glosarioenean. |
Kontseiluaren iritzia:
HEZKUNTZA
Gorabehera asko izan da Hezkuntzaren esparruan legegintzaldi honetan, baina bi gai nagusi azpimarratzeko: ereduen sistema eta irakasleen hizkuntza-eskakizuna.
- Ereduen inguruko eztabaida indartu egin da legegintzaldi honetan zehar. Datuek erakusten dutenez, derrigorrezko hezkuntza bukatzen duten ikasle guztiak ez dira euskara jakinda irteten, hau da, legeak berak jarritako helburuetariko bat ez da betetzen.
- A eta B ereduaren porrota agerian geratu arren, Hezkuntza Sailak ez du eredu horiek kentzeko asmoa adierazi. Horren ordez, errefortzuzko hainbat plan edo erreforma jarri du abian.
- Matrikulazioaren datuak, berriz, D ereduen aldekoak dira.
- Lanbide Heziketaren gabeziak ere nabarmenagoak eta larriak dira.
- Gizartean Euskal Hezkuntza Sistemaren aldeko mugimendua zabaltzen joan da, «Euskal Herriak bere Eskola» kanpainarekin eta «Eskolak euskaldundu behar du» lemarekin.
- EAEko auzitegi nagusiak bertan behera utzi zuen Hezkuntza Berezirako irakasleen hizkuntza hizkuntza-eskakizuna zehazten dituen araudia CCOO sindikatuak errekurtsoa jarri ondoren.
- Hizkuntza Eskakizuna eskuratu ez duten irakasleek gatazka piztu dute egonkortasuna galdu dutelako eta EAEko auzitegi nagusiak aintzat hartu du UGTk 158/2004 ebazpenaren kontra ipinitako errekurtsoa.
- Hezkuntza Sailburuak hizkuntza-eskakizunen betekizunaren alde jarrera irmoa adierazi du.
- Irakasle hauen jarrera gaitzetsi dute hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk.
- Hezkuntza Sailak eta hezkuntza alorreko 22 eragilek Euskal Currriculuma aurrera ateratzeko konpromisoa sinatu dute legegintzaldi honen amaieran.
Balorazioa:
Euskalduntzearen ikuspuntutik A eta B ereduek gainditzeko inolako ahaleginik ez da egin Eusko Jaurlaritzatik. Neurri txiki eta askiezak aurkeztu dizkigute arazoa inondik inora konpontzen ez dutenak. Haien egitarauan ereduen hobekuntza jasotzen bazen ere hartutako neurriek ez dute lortu hobekuntza hori.
Hezkuntzaren euskalduntzea eragozten duen corpus juridiko nahasia gainditzeko lege baten aukera aipatu bada ere ez da legegintzaldi honetan iniziatiba sendorik ikusi lege hori sortzeko bidean.
Bereziki interesgarriak dira unibertsitate-legea eta Euskal Curriculumaren gainean egindako lana. Bietan, herri iniziatibarekin lortutako osagarritasuna kontuan hartzekoa iruditzen zaigu. Unibertsitate euskalduna lehentasunezkoa da normalizaziorako eta lege berriak pausoak ematea ahalbidetuko duela uste dugu. Berdin esan liteke curriculumaz.
Txalogarriak bestalde, sailburuak egonkortasuna galdu duten bitarteko irakasleen aurrean erakutsitako irmotasuna, diskurtsoa eta malgutasuna.
Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea indarberritu
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
Inmigrazioari buruzko Euskal Plana (2003-2005)
Inmigrazioaren planak jasotzen du etorkinen gizarteratzea ahalbideratzeko euskara ikasteak eduki dezakeen garrantzia eta finkatzen du horretarako hezkuntzarekin lotutako helburu bat eta zenbait proposamen euskaltegietan eta helduen hezkuntza zentroetan euskara irakasteko bidea egiteko.
| Inmigrazioari buruzko Euskal Plana 2003-2005
3.9. Hezkuntza
Gazte atzerritarren hizkuntza mailako gizarteratzea bultzatze, euskararen ikaskuntza bereziki kontuan hartuta.
Proposamenak:
Beste erakunde publiko batzuekin batera gazte etorkinei euskaltegi-sarearen bitartez euskara irakasteko ekintzak bultzatzea.
Kultura Sailarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea eskolan hasitako euskalduntze-prozesuari jarraipena emango dioten ekimenak bultzatzeko, euskaltegien sarearen bitartez bereziki.
Helduen hezkuntza zentroetara joaten diren ikasle etorkinen artean gure kultur eta hizkuntza errealitateari buruzko ezagutza sendotzea |
Kontseiluaren iritzia:
Sektore honek zenbait faktorek eragindako krisia bizi izan du legegintzaldiak iraun duen lau urte hauetan, Administrazioak hainbat aldaketa sustatu ditu eta horrek kontrako jarrerak piztu ditu sektoreko erakundeen aldetik.
- Legealdi honetan Jaurlaritzak sektore honen egoerari buruzko diagnosia eta bideragarritasun plana bideratu ditu eta sektorea arautzeko dekretu berria onartu du 2003an.
- Legegintzaldi osoan zehar tira-birak etengabeak izan dira. Sektoreko euskaltegi ia guztiak batu egin dira eta Kultura Sailari desadostasunak eta aldarrikapenak aurkeztu dizkiote hainbat protesta-ekintzaren bidez.
Sektorean berrikuntza ugari etorri da: eskaintzaren dibertsifikazioa (ikastaro laburragoak, programa berezituak, autoikaskuntza sistemak...), akreditazio-sistema berriak (EGA azpitiko bi ziurtagiri) eta finantzaketa-irizpideen aldaketa (euskaltegiari dirulaguntza zuzenak eta ikasleari emaitzen arabera matrikularen erdia eskuratzeko aukera).
Sektorearen lan baldintzak eta bitartekoak ez dira inondik inora helduen euskalduntzeak euskararen normalizazioan duen izaera estrategikoarekin bat datozenak. Herritarrek bertako hizkuntza ofiziala ezagutzeagatik ez lukete ordaindu beharko gaur egun eskatzen zaizkien dirutzak eta hori egin ezean herritarrak animatzeko kanpainak baldintzatuak egongo dira.
Balorazioa:
Belaunaldi galduaren ideia zabaltzen da inplizituki, oraindik ere, administraziotik eta, oro har, ez zaio eskaintzen normalizazioaren bidean duen izaera estrategikoa, ezta beharrezko baliabide ekonomikorik ere doakotasunaren bidean.
Lan munduaren euskalduntzea bizkortu
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
6/2003 LEGEA abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena
Kontsumitzaileen Legeak atal VII. Osoa eskaintzen dio kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak jasotzeari, 6 artikulutan jasotako irizpideen bitartez. Araubide honen bitartez, herritarrei edozein ondasun edo zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea eta EAEn kokatutako edozein enpresa, erakunde edo establezimendurekin harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie.
| 6/2003 LEGEA abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena
VII. kapitulua: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak
37. artikulua.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak.
Kapitulu honetan ezarritakoarekin eta bertan biltzen diren progresibotasun-baldintzekin bat etorriz, kontsumitzaile eta erabiltzaileek honako hizkuntza-eskubideak dituzte:
- Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzekoa, lege honetako 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa; enpresa eta establezimendu hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko diete.
38. artikulua.– Erakunde publikoak.
- – Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak izango dira erakunde publikoak:
- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Estatuko Administrazioa, eta baita horien mende dauden edo horietako erakunde-administrazioa osatzen duten zuzenbide pribatu edo publikoko entitateak ere.
b) Titulartzat aurreko idatz-zatian aipatutako administrazioak dituzten zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren edozein izaeratako erakundeak, baldin eta horiek mota honetako zerbitzuak eskaintzen diharduten.
c) Batik bat a) idatz-zatian aipatutako administrazio eta erakundeen partaidetza duten edo horien kontrolpeko erakundeak, hauen izaera edozein dela ere. Ondorio hauetarako, kontrol-harremana honako kasuetan dagoela ulertuko da: erakundearen boto-eskubide gehienak dituztenean edo gobernu-organoko kide gehienak izendatu edo kargutik kentzeko eskubidea dutenean.
*2.–* Erakunde publikoek kontsumitzaile eta erabiltzeekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute. Hau guztia honela egingo da:
3. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko establezimenduetan, errotuluak, oharrak eta, oro har, jendeari zuzendutako jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira.
b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek betetzeko egiten diren inprimaki edo eredu ofizialak bi hizkuntzatan emango dira.
c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berak hizkuntza ofizialetako bakarra erabiltzea nahi duela adierazi ezean, bi hizkuntzatan idatziko dira atxikipen-kontratuak, klausula-ereduak dituzten kontratuak, araupeko kontratuak, baldintza orokorrak eta kontratu horiei buruzko edo horiek egitearen ondoriozko agiriak.
d) Zehazki kontsumitzaileei zuzendutako jakinarazpenak bi hizkuntzatan eman beharko dira, eta baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko agiriak ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileak berak bi hizkuntza ofizialetako bat bakarrik erabiltzea aukeratu ezean.
e) Bi hizkuntzatan idatziko dira, halaber, produktu eta zerbitzuak erabili eta mantentzeko jarraibideen liburuxkak, berme-agiriak eta etiketetan eta ontzietan adierazi beharrekoak.
f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, erabilitako euskarria edozein dela ere, bi hizkuntzatan egingo da.
*3.–* Erakunde publikoekin dituzten harremanetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek arreta eurak hautatzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko eskubidea dute. Herri-administrazioei dagokienez, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 6. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Jaurlaritzak egoki ikusten dituen neurriak hartuko ditu eta eskubide hori erabiltzen dela arian-arian bermatzeko beharrezko bitartekoak jarriko dira eskura.
*4.–* Estatuko Administrazioari aplikatzen zaizkion lege honetako xedapenek ez diote kalterik egingo Estatuaren eskumenari bere zerbitzuak antolatu behar dituenean.
39. artikulua.– Diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak.
- – Lege honen ondorioetarako, honakoak izango dira diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak:
4. Legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak, edo unibertsaltasun eta berdintasuneko araubide juridikoaren pean dauden zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola garraioak, telekomunikazioak eta energia-zerbitzuak.
b) Euskal herri-administrazioek ematen dituzten laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak diren erakunde edo pertsona juridikoak, edo horietako edozeinekin lankidetza-hitzarmena sinatu dutenak. Kasu honetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokien bermeak diru-laguntza edo hitzarmenaren xedearekin erlazionatutako harremanen eremua ere hartuko du.
*2.–* Erakunde hauek, publikoak direnean izan ezik, lege honetako 38. artikuluko 2. paragrafoan, a) , b) c) eta d) idatz-zatietan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Erregelamendu bidez finkatuko da horiek arian-arian nola bete.
40. artikulua.– Bezeroarentzako arreta.
- – Jendeari produktuak saldu eta zerbitzuak egiteaz arduratzen diren establezimenduek lege honetako 38. artikuluko 2. paragrafoan, a) , b) eta c) idatz-zatietan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Era berean, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko gertu egon behar dute, horien hizkuntza ofiziala edozein dela ere.
- – Aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrez gain, indarreko legeriak establezimendu komertzial handi gisa kalifikatzen diren establezimenduek, baita jendeari ondasun eta produktuak eskaintzen dizkioten eta, hala ez diren arren, erakunde handi gisa kalifikatzen diren establezimenduek ere, 38. artikuluko 2. paragrafoan, d) idatz-zatian, jasotako betebeharra ere bete beharko dute. Erregelamenduz finkatuko dira erakunde handi kontsideratzeko betekizunak, alegia, negozio-bolumenari, langile-kopuruari eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoan duten presentziari dagozkienak.
- – Erakunde publikoei atxikita eta jendearentzat irekita dauden establezimenduei lege honetako 38. artikuluan aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie.
- – Diruz lagundutako erakundeei eta interes orokorreko sektoreei dagozkien eta jendearentzat irekita dauden establezimenduek, 39. artikuluan bildutako betebeharrak betetzeaz gain, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko moduan egon beharko dute, horiek darabilten hizkuntza ofiziala edozein dela ere.
- – Jaurlaritzak erregelamendu bidez finkatuko du artikulu honetako betebeharrak arian-arian nola bete.
41. artikulua.– Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza.
- – Kapitulu honetan berariazko araubiderik eskatu ezean, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan ondasun eta zerbitzuen inguruan kontsumitzaile eta erabiltzaileei banatzen zaien informazioa, etiketa, ontzi eta jarraibide-inprimakietakoa barne, euskaraz nahiz gaztelaniaz eman ahal izango da, betiere osasuna eta segurtasuna babesteko asmoz aplikatzen den legeriak ezar dezakeenari kalterik egin gabe.
- – Jaurlaritzak 1. paragrafoak aipatzen duen ondasun eta produktuei buruzko informazioan euskara erabil dadin sustatuko du.
- – Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan araututako jatorri-deitura edo kalitate-deitura duten euskal ondasunek eta artisau-produktuek dituzten etiketetan jartzen diren nahitaezko datuak eta borondatezko informazio gehigarriak euskaraz agertuko dira, gutxienez. Betebehar hau arian-arian nola ezarri, erregelamendu bidez finkatuko da.
42. artikulua.– Sustapen-jarduketa publikoa.
- – Jaurlaritzak kontsumitzaile eta erabiltzaileei ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen jarduketen eremuan euskara erabil dadin sustatzeko egoki ikusten dituen neurriak sustatu eta beharrezko bitartekoak jarriko ditu eskura.
- – Jaurlaritzak arlo honetan euskara erabiltzea errazagoa egiten duten hizkera espezializatuko materialak zabaltzea sustatuko du.
|
4/2004 LEGEA, martxoaren 18koa. Errepideko Bidaiari Garraioaren Legea
Lege honek ez du hizkuntza eskubideen aipamen zuzena egiten, baina 8. artikuluan garraioa erabiltzen dituztenen eskubideak zehazterakoan Kontsumitzaileen Legearen aipamena egiten du, han jasotako eskubideak izango dituztela esanez; beraz, tartean, hizkuntza-eskubideak.
| 4/2004 LEGEA, martxoaren 18koa, Errepideko Bidaiari Garraioarena
5. artikulua.– Eskubideak
Lege honetan araututako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen dituztenek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legerian jasotako eskubideak edukiko dituzte, eta, nolanahi ere, ondorengo hauek... |
8/2004 LEGEA, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa
Kontseiluaren iritzia:
Industria-legeak, beste hainbat punturen artean, jardueren eta produktuen segurtasuna eta baldintza teknikoak arautzen ditu, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak bermatze aldera. Bestalde, legeak esaten du administrazioak industria alorrean industria-jarduera, teknologia, ezagutza eta kalitatea sustatu egingo dituela.
Baina honetan guztian, legeak ez du jasotzen ez kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko aipamenik, ez enpresaren erantzukizuna hizkuntza-garapenarekiko, ez normalizazio jarduerak sustatuko direnik ere.
Euskararen normalizazio prozesuaren hasieratik lan munduaren euskalduntzea seriotasunez jorratu ez den bidea da. Horretara zuzendutako diru baliabideak hutsaren hurrengoak izan dira, plangintzak eta proiektuak ia ez dira existitu eta legez araututakoa oso gutxi da. Legegintzaldi hau ez da salbuespena izan.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legea izan zitekeen salbuespena ez balitz bertan jasotzen dena praktikara eramateko ez plangintza ezta baliabiderik ez dagoela. Gainera, legea aurkeztua izan zen unean bertan garbi azpimarratu zen bertan jasotzen zirenak ez betetzeagatik ez dela zigorrik izango eta ondorioz, neurrion betetzea bera hutsaren hurrengoa izan da eta izango da.
Bereziki larria da Industria legean ez jasotzea ezer. Horrek garbi adierazten du hizkuntza-politikaren izaera osoa ez dela kontuan hartzen eta soilik arlo sozial batzuetan aplikatzen dela gainerakoak ahaztuz. Lan mundua euskalduntzeko politika eraginkorrik ez egoteak normalizazio prozesuan eragiten du era oso kaltegarrian hizkuntzaren erabilpen soziala txokoratzen eta herritarren hizkuntzarekiko pertzepzioa desitxuratzen duelako.
Balorazioa:
Lan-mundua euskalduntzeko politika eraginkorrik ez dugu izan legegintzaldi honetan. Ez da behar besteko bitarteko ekonomikorik izan, ezta plangintzarik ere eta lege berrietan aipamenak jaso direnean horiek betearazteko inolako neurririk ez da hartu.
Komunikabideak eta kultura-jarduna euskalduntzeko diskriminazio positiborako neurriak ezarri
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
KIROLAREN EUSKAL PLANA (2003-2007)
Kirolaren planaren helburu estrategikoetariko batek kirola euskal identitatea zabaltzeko bide gisa planteatzen du. Helburu honi dagozkion ildo estrategikoen artean kirol-jarduera euskaraz garatu ahal izateko irizpideak azaltzen ditu.
| Kirolaren Euskal Plana 2003-2007
Helburu Estrategikoak:
4. Kirola sustatzea, herrialde garatuaren irudia eta euskal kulturaren identitatea zabaltzeko bide gisa.
4.d. Kirolaren bizitza zikloaren garapena, partehartzaile aktibo bezala hautazko hizkuntzan eman ahal izatea eta kirol-ekitaldi garrantzitsuen emankizunetan erabilitako hizkuntza euskara izan dadin bultzatzeko ekintza multzoa:
- Alde batetik, hiru ekintza moten inguruan, plan bat egituratzea: materiala sortzea eta hedapena, entrenatzaileen prestakuntza ikastaroak eta sentsibilizatze eta zabaltzea, bai orokorrean, baita udal mailan.
- Bestalde, EAEko enpresa edo entitate publikoekin lan egiteko pertsonak edo zerbitzuak kontratatzeko unean, hizkuntza irizpideak kontuan hartzea.
|
Kulturaren Euskal Plana
Kulturaren Planak ere atal oso bat dauka kultura eta euskara aztertzen duena. Azterketa horren ondorioz, Kulturgintzan euskararen erabilera indartzeko ardatz estrategiko bat definitzen du, ondoren zazpi jarduera-ildoren bitartez garatzen dena.
Kulturaren Euskal Plana
- 3.6. Kultura eta euskara
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak lehentasun moduan xedatzen ditu ahalik eta hiztun gehien lortzea eta euskararen gizarte erabilera areagotzea. Kulturaren Euskal Planean aurrikusitako jarduera-ildoak eta helburuak ere euskararen egoera hobetzeko baliagarriak izatea dute xede (bai corpusari bai estatusari begira). Izan ere, euskararen egoera hobetzea eta hizkuntzaren erabilera normaltzea euskal kulturaren gaineko gure jarduera ardatzen funtsezko elementuak dirá.
Euskara euskal kulturaren oinarri nagusietako bat da, euskaldunon berezko hizkuntza izateaz gain, eta, gaztelania eta frantsesarekin batera, historian zehar euskal kultura sortzeko erabili izan den, eta erabiltzen den, tresnetako bat. Euskara eta euskal' kultura estuki lotuta daudelarik, euskarak euskal kulturaren etorkizuna baldintzatzen du, eta, hizkuntza edozein delarik ere, kultur garapen orokor baten mende dago, euskal kultura sortu, ekoitzi eta zabaltzeko gai guztietan; esan beharrik ez dago, bestalde, euskararen etorkizunak berak kulturak bere adierazpen guztietan iraun eta indarra har dezan behar duela.
Euskarazko kultur produktuen eskálako ekonomiak oso bestelakoak dirá gaztelaniazko edo frantsesezko kultur produktuen ekonomiekiko. Euskarak arreta berezia behar du, eta bere zabalkundean eta telebista, irratia, prentsa edo Internet bezalako komunikabideetan (komunikazio publikorako hizkuntza), produktuetan (produktu edo kultur zerbitzuko hizkuntza) eta ekoizpen prozesu kulturaletan (laneko hizkuntza), euskararen erabilera sustatu behar da.
Horretarako, komeni da legearen aldetik laguntzak izatea (zentzuzko kuota politika batez zerbitzu publikoko komunikabideetan, edo kontzertuen eta zerga pizgarrien bidez) eta hizkuntzaren eta zabalkundearen industrietan garapen teknologikoei arreta berezia eskaintzea.
7. Ardatz Estrategikoa:
Kulturgintzan euskararen erabilera indartzea
Ardatz estrategikoaren xede orokorra:
Kultur zerbitzuetako ahozko zein idatzizko harremanetan eúskararen erabilera bermatu, euskarazko produkzio eta sorkuntza kulturala bultzatu, eta kultura euskaraz eskaintzeari eta erakusteari lagundu.
Lehentasunezko Jarduera-ildoak:
- Euskarazko kultura ekoizten duten sektoreak garatzeko erakundeek koordinaturiko ekimen publikoak zehaztu.
- Euskal kulturaren arlo guztietan (ondarea, arteak eta industria) kalitateko euskarazko edukien sorkuntza bultzatu.
- Euskarazko kultur produkzio garrantzitsua lortzen lagunduko duten enpresa-egiturak garatu.
- Hizkuntz aniztasunerako teknologia sortu, euskaratik abiatuz. Teknologia hori geure premiak asetzeko, ¡zango litzateke, hala nola beste gizarte batzuenak. Hizkuntzaren industriak garatuko lirateke euskararentzat eta, bidenabar, beste hizkuntza batzuentzat.
- Euskaraz egiten den kulturaren hedapena bideratu, euskal kultura barruko zein kanpoko merkatuetan bultzatuz.
- Euskarazko kulturaren segimendua egin, bai Sarean bai etorkizuneko kulturaren behatokian.
- Etorkinekin kultur truke dinamikak indartu eta saiatu euskarara eta beronen ezagutzara hurbil daitezen.
|
EUSKADI INFORMAZIO GIZARTEAN PLANA
Euskadi Informazio gizartean Planak atal oso bat dauka euskararen eta euskal kulturaren zabalkundearen gaia jasotzen duena. Helburu hori abiapuntu, planak euskarazko teknologia eta edukiak sustatzeko hainbat programa definitzen du.
| Euskadi Informazio Gizartean Plana
7.4 Euskadi Sarean
Jarduera honek helburu hauek ditu: Euskadiren irudia indartzea, Sarean euskararen presentzia eta erabilpena sustatzea eta euskal kultura hedatzea...
B) Interneten euskararen presentzia eta erabilpena laguntzea, euskarari Euskadin zein Euskaditik kanpo merezi duen garrantzia emanez, elementu bereizgarria den heinean. Ekintzetariko batzuk:
Hizkuntzaren industriak indartzea
Euskarazko ahots tknologien zerbitzuak ikertu eta ezartzea
Euskarazko aplikazio eta tresna teknologikoak garatzea
Produktu, euskarri eta eduki telematikoen katalogazioa
Hizkuntza sustatzeko proiektu berritzaileei laguntza ematea
Haurrentzako euskarazko erreferentzia atariak sortzea. |
Balorazioa:
Hiru plan hauek eragin nabarikoak izan zitezkeen baldin eta euskarak garrantzi handiagoko dimentsioa eskuratu izan balu. Berriro ere, lagundu, bultzatu, indartu, segimendua egin... bezalako aditz ebalua ezinak agertzen zaizkigu. Neurri zehatzak behar dira eta plan hauek ez dituzte horiek zehazten.
Euskarak zentralitatea behar du kirolean, kulturan eta informazioan eta Gobernu honek ez du bere politikarekin hori bermatu.
Udal-ordenantzen bidetik udalerriak euskalduntzeko planak abiatu
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibarik garrantzitsuenak arlo honetan:
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.
Kontseiluaren iritzia:
- Legegintzaldi honetan, Jaurlaritzak Euskara Biziberritze Plan Nagusia udalerrietan hedatzeari ekin dio. Egun, EBPN onartuta duten udalak 60 inguru dira.
- Zailtasunak izan dira legegintzaldian zehar EBPN herri-ekimenaren eta beste egitasmo batzuen artean (Horien artean Kontseiluaren Bai Euskarari Akordioa Herrietan) osagarritasuna aurkitzeko. Elkarlanean uztartu beharrean bikoizte eta ordezkatzezko protagonismo-jarrerak agertu izan dira administrazioaren aldetik.
- Hainbat herritan planen arteko uztarketei bidea egin zaie eta horietan emaitzak interesgarriak dira oso.
Balorazioa:
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia opakutasun handiz kudeatzen da. Ez ditugu planak eta haien emaitzak sistematikoki eskuratzen eta benetan zaila da segimendua egitea.
Dirulaguntza-politika maila guztietan aztertu eta diru baliabideak handitu
Kontseiluaren iritzia:
Euskararen aurrekontuak aztertuz gero berehala ohartuko gara normalizazio-prozesuak dituen beharretatik oso urrun dagoela. Gainera, diru laguntzak berandu esleitzen dira eta beranduago ordaindu benetako arazoak sortuz euskalgintzako erakundeek egin behar duten lanari begira.
Legegintzaldi honetan ez da diru laguntzetan igoera nabarmenik egon eta arestian aipatu bezala bereziki kezkagarria da helduen euskalduntzearen egoera, lan baldintzak oso txarrak direlako eta ikasleek dirutza ordaindu behar dutelako.
Beste hainbeste gertatzen da lan mundua euskalduntzeko bitarteko ekonomikoak aztertuz gero, zinean eta aisialdian (zine DVDak, zine-aretoetako pelikulak, bideo-jokoak...) inbertitzen direnak aztertuta, etab. Normalizazioaren beharretatik benetan urrun gaude.
Balorazioa:
Legegintzaldi honetan ez dira laguntzak nabarmen handitu eta normalizazioan inbertitzen diren diruak oso urrun daude haren beharretatik.
Azpiegitura publikoak sortu euskararen eta euskal kulturaren ezartze eta garatze-kostuak murrizteko
Kontseiluaren iritzia:
Bereziki azpimarragarriak dira hiru proiektu, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoak eta Euskalgintzaren presentzia izan dutenak. Soziolinguistikaren arloan sortutako klusterra da bat, haur literaturaren inguruan Asteasun sortuko den ‘Ipupomamua’ proiektua eta ahozko tradizioaren ikerkuntzarako sortutakoa.
Hirurak interesgarriak iruditzen zaizkigu eta normalizazioaren bidean kontuan hartzeko pauso eraginkorrak izan daitezke.
Balorazioa:
Azpiegituren arloan egindakoa interesgarria da. Soziolinguistika klusterra, ‘Ipupomamua’ eta ahozko transmisioa lantzeko proiektuak zinez erakargarriak dira.
Euskalgintza erasoez babesteko neurriak
Kontseiluaren iritzia:
- Legegintzaldia markatu duten gertaerak izan dira euskalgintzako hainbat erakunde eta pertsona kualifikaturen aurkako eraso politiko-judizialak, Madriletik bideratutakoak. Inoiz ez bezalako erasoak izan dira eragina, tamaina eta krudelkeriarengatik. 1998 urtetik honako egoera bada ere legegintzaldi honetan ezagutu ditugu erasorik bortitzenak.
- Eraso horiek euskalgintzaren eta normalizazioaren garapena mugatu eta galera sorrarazi dute.
- Egoera horien aurrean Jaurlaritzako arduradunen jarrera euskalgintzaren aldekoa izan da. Baina, era berean, ez da babes neurri eraginkorrik ezarri.
Balorazioa:
Euskalgintzak bizi duen babes-gabezia eta horri aurre egiteko Jaurlaritzak duen ahalmen-eza nabaria da.
Beste ekimen batzuk
Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren iniziatibak:
ESTATISTIKA PLANA
Legegintzaldian lehen Estatistika Planaren legea 2002an onartu zen, eta bigarrena (2005-2008 tartekoa) 2005ean. Lege hauetan bilakaera nabarmena egon da euskarari dagokionean. Azterketa estatistikoetako kontuan hartzen diren atalak euskararen arloan dira:
2002ko Estatistika Planean:
- III. Soziolinguistikazko mapa
- III. Soziolinguistikazko inkesta
- Euskararen bilakaerari buruzko inkesta
2005eko Estatistika Planean:
- III. Mapa soziolinguistikoa
- IV. Inkesta soziolinguistikoa
- 100 langile baino gehiagoko enpresetako hizkuntza-jokabideei buruzko inkesta
- EAEko txikizkako merkataritzako establezimendu, taberna eta jatetxeetako hizkuntza-jokabideei buruzko inkesta
- Helduen euskalduntzearen estatistika: ikasleak eta euskaltegiak
- Euskararen gizarte-azpiegitura publikoen eta pribatuen zentsua
- Funtzionarioen estatistika, euskara-mailaren arabera (egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna) eta administrazio-motaka
| 4/2002 Legea, martxoaren 27koa, Euskal Estatistika Plana onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea aldatzen duena
020702 III. soziolinguistikazko mapa
Helburuak: Euskararen ezagutzan, erabileran zein familia bidezko jarraipenean sakontzea.
020703 III. soziolinguistikazko inkesta
Helburuak: Euskararen ezagutzan, erabileran zein familia bidezko jarraipenean sakontzea.
020704 Euskararen bilakaerari buruzko inkesta
Helburuak: Euskararen ezagutzaren eta erabileraren aldagai nagusien bilakaerari buruzko informazioa lortzea, urtez urte.
2/2005 LEGEA, otsailaren 17koa, 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Planarena
020702 III. Mapa soziolinguistikoa
Helburuak. Ama-hizkuntzaren araberako hizkuntza-gaitasunaren bilakaera eta etxeko euskaldunen dentsitatearen araberako euskararen etxeko erabileraren bilakaera ezagutzea (1981-2001), bai eta gurasoen hizkuntza-tipologiaren araberako familia bidezko transmisioarena ere; bilakaera lurralde-eremuaren (EAEtik auzoraino) eta jatorriaren arabera ikusiko da, eta adinari jarraiki.
020703 IV. Inkesta soziolinguistikoa
Helburuak. Euskararen ezagutzan, erabileran zein familia bidezko jarraipenean sakontzea.
020706 100 langile baino gehiagoko enpresetako hizkuntza-jokabideei buruzko inkesta
Helburuak. Euskararen ezagutzan sakontzea, EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) esparru sozioekonomikoan garatzeko.
020707 EAEko txikizkako merkataritzako establezimendu, taberna eta jatetxeetako hizkuntza-jokabideei buruzko inkesta
Helburuak: Euskararen ezagutzan sakontzea, EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) esparru sozioekonomikoan garatzeko.
020711 Helduen euskalduntzearen estatistika: ikasleak eta euskaltegiak
Helburuak: EAEko helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen bilakaera ezagutzea.
020713 Euskararen gizarte-azpiegitura publikoen eta pribatuen zentsua.
Helburuak: Organismo edo elkartea identifikatzea, sektorearen, jardun-eremuaren eta kokapen geografikoaren arabera.
020715 Funtzionarioen estatistika, euskara-mailaren arabera (egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna) eta administrazio-motaka.
Helburuak: EAEko herri-administrazioetako funtzionarioen euskalduntzearen bilakaera ezagutzea. |
EAE-ko II. GAZTE PLANA (2002-2005)
Gazte Planak atal oso bat dauka euskararen diagnosia egiten duena, eta oinarri gisa hartzen dena ondoren helburua eta ekintza-ildo batzuk planteatzeko.
| EAE-ko II. GAZTE PLANA 2002-2005
Euskara
Euskararen munduak ere leku garrantzitsua betetzen du Gazte Plan honen diagnostikoan. Kontua ez da euskararen gaiari bere konplexutasunean heltzea, lan hori zuzenean arduratzen diren agenteen aldetik egiten ari baita, horretarako egokiagoak izanik. Aldiz, euskarak gazteriaren jardueretan duen garrantzia azpimarratzea eta neurri zehatzen bidez bere erabilera sustatzea da kontua. Horretarako, hizkuntza hori presente egon behar duen integraziorako tresnatzat hartu behar da, hizkuntza baten berezko funtzio guztiak betetzen.
Zenbakiek diotenez, gero eta gehiago dira euskara erabiltzen duten gazteak, beren prestakuntzara bideratutako ahalegin eta baliabide ekonomikoei esker; eta, beraz, ondo legoke garapen-ildo horri eustea eta normalizazio-proiektu gehiagori jarraikortasuna ematea.
Gaur egungo erronka nagusia hauxe da: euskararen benetako erabilera lortzea eta erabili ahal izateko espazioak sortzen laguntzea. Euskarak ezin du hezkuntza-esparruan isolatuta geratu; aitzitik, gazteriaren gainerako espazioetara hedatu behar du: kultura, lana, komunikabideak, aisia, etab. Arlo horretan gazteriarekin harreman-eredu elebidunak garatzeko eta gazteen espazioetan normalizazio-proiektuak bultzatzeko eskatzen zaio administrazioari. Gazteak dira etorkizuna eta hizkuntzaren etorkizuna gazteriarengan dago.
Bestalde, euskara, kultur elementua izateaz gain, kultura sortzeko bitartekoa ere bada, eta, beraz, arreta berezia eskaini beharko zaio bai euskaraz sortzen den kulturari eta bai kultura horren eta komunikazio-tresna berrien arteko harremanari ere.
Euskara ezin dugu alderdi folklorikora murriztu, integraziorako tresna mestizoa izan behar du, bizia, esparru guztietan presente egongo dena. Euskara tresna bat da, ez helburu bat. Horregatik, erakargarria bihurtu behar da, inposatu gabe. Horregatik guztiagatik, hizkuntza hau integraziorako tresnatzat jotzen dugu, presente egon beharrekoa, eta bizitzaren arlo guztietan erakargarria bihurtu beharrekoa, hizkuntza baten berezko funtzio guztiak betetzen.”.
Ondorioak
- ...
- Euskarak kultur jardueraren dimentsio guztietan egon behar du. Halaber, euskaraz sortzen den gazteen kulturari arreta berezia eskaini behar zaio.
Helburuak
Kultur jardueraren eremuan egindako diagnostikoan oinarrituta, ondorengo helburuak finkatu dira:
- ...
- Euskararen erabilera sustatzea.
Esku hartzeko ildoak
Jarritako helburuak bi esku-hartze ildotan gauzatzen dira.
5.4. esku-hartze ildoa:
Gazteen kultur jardueraren fase guztiei laguntzea.
5.5. esku-hartze ildoa:
Euskararen erabilera sustatzea kirol-jarduera, kultur jarduera eta aisiako kultur jardueren eskaintzan.
| 5.6. Kirol, kultura eta aisiako jardueren eskaintzan euskararen erabilpena sustatzea |
|---|
| Ekintz. zk. | Ekintza | Arduradunak | | 5.6.1 | Euskararen Kontseilu Ahokularian batera landu diren estrategia-ildoak garatzea |
| | 5.6.2 | Aisialdiko jardueretan euskararen erabilpena sustatzeko administrazioek egiten dituzten dirulaguntza-deialdiak eta kontratuak arautzea |
| | 5.6.3 | Komunikazio-teknologia berrietan euskararen erabilpena sustatzea |
|
|
|
Kontseiluaren iritzia:
Interesgarriak dira bi ekimen hauek. Euskararen normalizazioa etengabe eta estuki aztertu beharreko gaia da eta ildo horretatik Estatistika planean jaso direnak hartzea ongi dago. Hala ere, faltan nabaritzen dugu azterketa xeheagoa egitea ahalbidetuko luketen beste hainbat azterketa gehiago. Batzuk aipatzeagatik honako hauek:
- EAEn erabiltzen diren hedabideen euskararen erabilpenaren azterketa.
- Euskal Autonomi Erkidegoan komertzializatzen diren produktuen etiketak jartzearen moduaren egoeraren azterketa.
- EAEko zine aretoetan dagoen zine-eskaintza baita formatu berrietan eskaintzen dena ere (DVD...).
- Planen betetzearen inguruko azterketa. Osakidetza, Ertzaintza, Administrazio Orokorra, Justizia...
Gazte-planak, bestalde, aurreko planen arazo bera du, neurriak baino asmoak areago adierazten dira eta etengabe aditz ebaluatu ezinak erabiltzen dira. Plan hauek denek zehaztasun maila handiagoak ekarri ezean oso zalantzazkoa da haien eragimena.
Balorazioa:
Bai Estatistika Planak, bai eta Gazte Planak ere, euskararen gaia hartzen dute. Bi kasuetan gabeziak ditugu: batean euskararen normalizazioaren ikuspuntutik ez baita aztertzen beharrezkoa den guztia, eta Gazte Planean neurri zehatzetan baino gehiago asmoetan gelditzen delako.
Ondorioak
Txostenean jasotakoa honako ideia nagusi hauetan laburbil daiteke:
- 2001-2005 Legegintzaldiak ez du euskararentzat aurrerapauso esanguratsurik ekarri.
- ‘Errealitate soziolinguistikoa’ edo ‘gehiengoaren nahia’ bezalako esamoldeak etengabe erabili izan dira balazta gisa normalizazioak eskatzen dituen neurri eraginkorrak ez hartzeko.
- Legegintzaldian sortutako legeak, dekretuak eta planak ‘lagundu’, ‘bultzatu’, ‘sustatu’ eta ‘garatu’ bezalako aditz ebaluaezinez beterik daude eta guztiz desorekaturik ageri zaizkigu helburuak eta bitartekoak.
- Hizkuntza-politika ez da sektore guztietara iristen, gabezia nabarmenak ditu, ez da sail artekoa eta ez ditu beharrezko diru-baliabideak. Koordinazio-falta nabarmena da oso.
- Alor positiboen artean unibertsitate legea aipatu behar dugu, dituen aukerengatik eta batez ere sortze-prozesu eredugarriarengatik; Osakidetzaren euskalduntze-plana, nahiz eta eduki eskasekoa izan, 20 urte pasatu ondoren garaia baitzen plan bat izateko; baita beste zenbait gai jorratzeko helburuarekin egin diren azpiegitura inbertsioak ere.
- Alor guztiz negatiboan daude ordea, Estatutu berriaren proposamenean euskararen estatusean aurrerakuntzarik jaso ez izana; ereduak gainditu ez izana eta oraindik Hezkuntza Sistemak belaunaldi berriak osorik ez euskalduntzea; eta Administrazio Orokorra euskalduntzeko II. Planaren porrot eskandaluzkoa eta III. Planaren gabezia nabarmena. Negatiboa da oso Osakidetza euskalduntzeko plana abiatu baino lehenago 1.800 langile berri hizkuntza-eskakizunik gabe kontratatzea. Oro har, euskararen alde lanean ari diren gizarte-eragileekiko harreman-moldeak ezegokiak dira. Azkenik, administrazioak eskaintzen dituen zerbitzuak euskalduntzeko planek huts egiten dute sistematikoki eta gardentasun gutxirekin kudeatzen dira.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da.)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|