Euskarari agindutakoak ( VI )
Aintzane Ezenarro Egurbide / Herri-administrazioa / 2005-04-15 / 07:01
Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan euskararentzat agindu dituztenak jaso ditugu erabili.com-en. Ondoren, Aralar alderdiak euskararentzat agindutakoak dituzu.
Programaren oinarriak: euskara
Programaren oinarriak: euskara
Euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidego osoan. Herritar guztiok dugu hura ezagutzeko eskubidea. Administrazioak eskubide hori gauzatu ahal izateko bitartekoak ipini behar ditu. Hamasei urte bitarteko derrigorrezko hezkuntza euskalduntzeko ere erabili behar da: DBH amaituta, gazte guztiek hizkuntza ofiziala berba egiteko gauza izan behar dute. Hori segurtatzen ez duten hezkuntza-ereduak guztiontzat kaltegarriak dira, hizkuntz normalizazioa eten barik atzeratzen dutelako. Gainera, euskaraz ikasteko aukera hezkuntza-maila guztietan eskaini behar da, baita lanbide heziketan eta unibertsitatean ere.
Horrekin batera, helduen euskalduntzea sustatu egin behar da: asko dira euskaraz ez dakiten euskal herritarrak —eta horretarako eskubidea dutela ez da ahaztu behar— eta, bestetik, etorkinek gero eta pisu handiagoa hartuko dute gure sozietatean, eta gure herrira datozen helduak euskalduntzea premiazkoa izango da.
Euskara hizkuntza ofiziala delako, euskal herritarrok hura erabiltzeko eskubidea dugu. Administrazioak eskubide hori ziurtatu egin behar digu. Hizkuntz eskakizunak zehazteko legea aldatu egin behar da, euskararen aldeko neurri positiboak hartuaz aldatu ere. Ez da bidezkoa Ertzaintzaren azkeneko deialdian polizia berriak euskaldunak izango direla ez segurtatzea: ez da bidezkoa herritarron hizkuntz eskubideak errespetatuko ez dituzten funtzionarioak hartuko direlako, eta ez da bidezkoa langile horiek geroago euskaldundu egin beharko direlako, diru asko eta denbora luzea erabiliz.
Alor sozialean, euskararen erabilera sustatzeko egitarauak behar dira: kultur sorkuntzan, aisialdian, lan esparruetan... euskara berrindartzeko egitasmoak sustatu eta bitartekoz hornitu behar ditu, hala Euskal Autonomia Erkidegoan, nola gainerako euskal herrialdeetan.
Euskararen normalizazioa eta kulturaren indartzea
Kontseiluak bultzatutako akordioa babestu, bultzatu eta zabaltzea, euskara sustatu eta euskararen gizarte-erakundeak defendatzeko. Bi arlo nagusi bereizi nahi ditugu:
Euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak
Euskararen erabilera normalizatzeko, erakunde eta gizarte mailako ekimenak ezarri behar dira, oraingo programak indartu eta hobetzeko, legezko neurriak hartzeko, lurralde osoan hizkuntza-eskubideak eta ofizialtasunaren garapena bermaturik gera daitezen. Hortik abiaturik, normalizazio-proiektu estrategiko berriei ekingo zaie, euskalduntzeko politika aktiboak bultzatuz eta erakunde guztietan neurriak har daitezen eta euskararen aldeko proiektuak abian jar daitezen lan eginez.
Hauek dira normalizazio-prozesua azkartzeko neurriak:
- Egungo legedia berriro aztertu eta egokitzea; lurralde osoan euskararen ofizialtasuna bermatuz eta bertako hizkuntza dela eta lehenetsi beharrekoa euskararen normalizaziorako legeetan jasoz. Lurraldean historikoki bizi izan den komunitatearen hizkuntza jotzen da bertakotzat, eta lehenetsi beharrekoa dela esaten da bazterketa positiboa behar duelako, hizkuntza gutxitua denez gero.
- Erakundeetan hizkuntza-politikak merezi duen lekua ematea; hizkuntza garatzeko sail eta eremu guztietan (gobernuetatik hasita udaletxeetaraino) hartu beharreko neurriak hartzea.
- Administrazioa eta bere barne-jarduera euskalduntzeko neurriak; euskalduntze-plan eraginkorrak abiaraziz eta daudenak bultzatuz; ematen diren dirulaguntza-lerroetan euskara aintzat hartuz; zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresen euskalduntzea antolatuz; eta administrazioko langileen kontratazio berri guztietan elebitasuna betebeharra izateko helburuak eta aplikazio-epeak zehaztuz.
- Hezkuntza eta Unibertsitatea euskalduntzea; egungo sistemak atzean utziz, ez baitute bermatzen eskolak euskalduntzen duela, nahiz eta hori duen ezinbesteko eginkizun; Nafarroan eta Iparraldean dagoen egoera ezegokia konponduz, behar besteko inbertsio ekonomikoen bidez eta zatikako egungo antolamendu murriztailea gaindituz; Lanbide Heziketaren eskaintza guztiz euskalduntzeko neurriak hartuz eta etorkinen seme-alaben integrazioa lortzeko erraztasunak emanez, horretarako, baliabide materialak egokitzeko eta irakasleak prestatzeko esfortzu handia egin behar den arren.
- Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea suspertzea; doakotasuna laster lortzeko laguntzak areagotuz; euskara ikasteko motibazioa areagotzeko ekimenak abiaraziz; gaur egun euskara erabil ezin daitekeen lekuetan eskaintza bermatuz; helduen euskalduntze eta alfabetatze arloko irakasleen lan-baldintzak hezkuntza-sistemako gainerako irakasleenekin parekatuz; etorkinei hona iritsi bezain laster euskara ikasteko aukera eskainiz.
- Lan-munduaren euskalduntzea piztea; lan-munduaren euskalduntzea helburu berezitzat duen fundazio bat sortuz, hor ordezkatuta egongo bailirateke sindikatuak, ugazabak, kooperatiba-mundua, administrazioa eta elkarte euskaltzaleak; lege bidez publizitatearen eta etiketajearen euskalduntzea arautuz, eta administrazioen baldintzak antolatuz, hain zuzen ere zerbitzu publikoak emateko kontratatzen edo homologatzen dituzten enpresetan euskarazko zerbitzuak eskain daitezen.
- Hedabideak eta kultur jarduna euskalduntzako neurriak, bazterketa positibokoak; Euskal Herrian egoitza duten hedabideen lege-araubidea programatuz (talde horren barruan, zinemak eta film-banatzaileak daude); euskarazko sortzaile eta ekoizleei diruz lagunduz; ekoizpen eta kontsumo arloetan inbertsio publiko egokia egingo dela bermatuz; ikusentzunezkoen eskolak sustatuz; ekoizpen-areto publikoak eraikiz; arlo teknologikoko transferentziak sustatuz eta Internet bidezko ekoizpena bultzatuz.
- Euskalduntzeko udal planak orokortzea; toki-autonomia udal ordenantzen bidez erabiliz, normalizaziorantz sendo egiteko.
- Euskaraz sortutako produktuak edo euskal kultur ekoizpenekoak direnak sustatzea; haien aldeko erakunde-kanpainak eginez.
- Diru-laguntzen politika berrikustea eta baliabide ekonomikoak areagotzea; prestazioak nabarmen handituko direla eta azkar erabilgarri egongo direla bermatuz.
- Proiektu berrietarako dirulaguntza-lerroak sortzea; proiektu berriak garatzeko oztopo ekonomikoak edo zailtasun materialak kenduz.
- Azpiegiturak sortzea euskal hizkuntza eta kultura ezarri eta garatzeak eragiten dituen kostuak gutxitzeko; azpiegiturei erabilera balioanitza emanez, eta horrek bidea emango digu proiektu normalizatzaile berriak garatzeko.
- Eragile sozial eta politikoen euskalduntzea; organismo bakoitzaren baitan normalizazio-planak martxan jarriz.
- Etorkinei begira, harrera eta hizkuntza normalizazio protokoloak garatzea eta aplikatzea.
Euskararen munduaren bideragarritasuna eta biziraupena bermatzea
Euskararen mundua osatzen duten antolakundeen bideragarritasun eta biziraupena bermatzeko, jarduera politiko-instituzioanala eta gizarte-ekintza egokiro egituratu behar dira.
- Euskararen mundua babesteko neurriak:
- Erasoek eragindako kalteengatik ordaina ematea.
- Defentsa-ekintzetarako baliabide ekonomikoak.
- Euskararen gizarte-erakundeek lan egiteko babesa eta segurtasuna.
- Euskararen egoera nazioartean zabaltzeko plana.
- Interes publikoko elkarteen aitorpena berehalaxe ematea, hala eskatzen duten erakundeei.
- Erakundeek, alderdi politikoek eta gizarte-eragileek euskararen munduari aintzatespen publikoa egitea.
- Euskal industria kulturalari buruzko azterlan ekonomikoa.
- Orain arte sortutako kalte guztiak zenbatu eta baloratzeko nazioarteko ikuskapen-batzorde bat eratzea.
(AINTZANE EZENARRO EGURBIDE Aralar alderdiaren hautagaia da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
__________________________________
- Bozketa eguneko nondik norakoei buruzko argibideak ematen dituen infografia biziduna ikusi nahi baduzu sakatu HEMEN
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1113208422