|
Hizkuntza-gaitasuna ez egiaztatzeagatik egonkortasuna galdu duten EAEko bitarteko irakasleetako batzuen itxialdia zer esan ugari eman du prentsan. Sinesgaitza bada ere, EAEko Irakaskuntza Publikoko 20.000tik gora irakasleetatik 157 baino hartzen ez dituen arazoari eman diote oihartzun osoa hedabideetan, gainerako gai guztiak itzalpean utziz. Eta esan beharra dago, bidenabar, gainerako gai horiek garrantzi handiagokoak direla gure Herriko Hezkuntzaren etorkizunerako, eta konpondu gabe edo gaizki konponduta utzi dituela Hezkuntza Sailak, eta beraz Jaurlaritzak, legegintzaldi honetan. Seguraski hauteskundeak hain hurbil izatea erabakigarria izan da komunikabideek albisteari eman dioten tratamenduan.
Gaur egun Irakaskuntzak arazo asko ditu: haur hezkuntzaren 0/3 tartea, irakasleen batez besteko adin altua, eskola publikoari baliabide gehiago emateko neurriak, Hezkuntzarako aurrekontu-politika urria... Hezkuntzak dituen arazo guztietatik bitarteko irakasleen itxialdiari bakarrik eman zaio bide egunkarietan, irratian eta telebistan, gutxienezko hizkuntza-gaitasun bat ez egiaztatzeagatik egonkortasuna galdu duten bitartekoen arazoa izan da gehien harritu eta hunkitu zaiena. “Hizkuntza-diskriminazioa”, “jokabide fundamentalista”, “garbiketa etnikoa” eta antzeko ale ederrak entzun eta irakurri ahal izan ditugu arestian. Itxitakoek eta laguntzen dieten sindikatuek (CC.OO. eta UGT) eta alderdi politikoek (PP eta PSOE) egunero botatzen dituzte horrelako esaldi bitxiak, eta komunikabide hurbilek jaso eta zabaldu egiten dituzte lau haizeetara. Akusazioak, batez ere, Hezkuntza Sailarentzat izan ohi dira, baina badira, baita ere, egonkortasun-akordioak sinatu dituzten sindikatuentzat.
Horregatik, ezinbestekoa da akusazio horiei behar bezala erantzutea. Eta komeni da xehetasunak ematea hasiera-hasieratik egonkortasun-akordioa zer den ere azalduz ez dakitenei. Izan ere, Administrazioak eta sindikatuek sinaturiko akordio horren bidez lan-harremana ziurtatu zaie eraginpeko bitarteko irakasleei (finkoak ez direnei), akordioak indarrean dirauen artean. Neurri hori ez da ona bakarrik bitartekoentzat, baizik eta klaustroen eta hezkuntza-sistemaren egonkortasunerako ere bai. Are beharrezkoagoa kontuan hartzen badugu Administrazioak “plantillak izozteko” daraman aurrekontu-politika arbuiagarria. Egonkortasun-akordioak, bada, bitarteko irakasle batzuen prekarietate-mailari eusteaz gain, lan-baldintzak ere hobetzen dizkie; enplegua bermatzen baitie epealdi baterako. Komeni da esatea, aldi berean, hainbat luzapen izan duen akordio hori legezko oinarri bakarra dela egonkortasuna izateko 1500 bitarteko irakasleentzat; hau da, itxialdiko irakasle horiek hainbeste gutxiesten duten egonkortasun-akordioa desagertuko balitz, bitartekoek ez lukete inongo egonkortasunik izango. Ondorioz, izan diren egonkortasun-akordioak, azkena ere barne, konkista sindikala izan dira, eta ELA harro-harro dago horregatik, EAEko 1500 bitarteko irakasleri lan-baldintzak hobetzea ekarri dielako. Eta konkista horri liluraz begiratzen diote Estatu osoko bitartekoek, hori ere esan behar da, ez baitago antzeko akordiorik beste inongo autonomia-erkidegotan; nahiz eta horietan gehiengoa izan hemen “egonkortasun-eza” kritikatzen duten sindikatuek eta alderdiek.
Hala eta guztiz ere, akordio guztietan bezala, oraingo honetan ere, eskubideak aitortzearekin batera, beharrezko baldintzak ezartzen dira, konpromisoa betetze aldera, besteak beste, oposizioetara aurkeztea eta, halaber, euskaraz gaitasun jakin bat lortzea.
Puntu honekiko, jendaurrean aldarrikatu behar da EAEko irakasle gehienek egundoko ahalegina egin dutela euskaraz trebatzeko, gainerako lan-arloetan antzekorik izan ez duena. Ahalegin horri esker, milaka irakasleak, gehien-gehienak, euskaldundu dira. Euskal gizarteak, bere aldetik, herri-erakundeen bidez, behar beste baliabideak jarri ditu eskuzabal irakasleen eskura bide horretatik aurrera egin zezaten albait hobeki.
Zenbaitek bestelako ustea zabaldu arren, irakaskuntzako postuetan euskaraz jakiteko eskakizuna ez da inoren arbitrarietatea, ezta apeta ere; dagoen arrazoi bakarra hau besterik ez da: EAEko herritarrek gero eta gehiago hautatzen dituzte euskal ereduak beren seme-alabentzat. Gizarte honek, hezkuntza-arloan behintzat, elebitasunaren alde egiten duen aukeraren ondorioz gero eta irakasle elebidun gehiago behar dira.
Benetako egoera zein den jakinda, gogoan izan behar dugu EAEko irakasleen hizkuntza-eskakizunak, eta derrigortasun-datak, orain dela urte mordoska, 1993. urtean, finkatu zirela, eta orduko Hezkuntza Saila PSOE alderdikoa zela —hizkuntza diskriminazioa (sic) sustatzeko ez oso alderdi susmagarria—.
Ari garen kasuan, egonkortasuna galdu duten 157 irakasleetako batzuek (eta haiekin batera CC.OO.k eta UGTk) zurruntasuna eta “fundamentalismoa” salatu dute hainbat komunikabidetan, bai EAEn, baita Estatuan ere, egonkortasuna kendu dietelako, hizkuntza-maila lortu ez izateagatik. Egiari zor zaionagatik esan behar dugu, ezer izatekotan, malgutasuna egon dela, eta kidego hori uneoro izan dugula denok kontuan, ikusi besterik ez daude egonkortasun-akordio guztietan hartu diren neurri bereziak.
Lehenengo eta behin, azpimarratu behar da 55 urtetik gorako irakasleak salbuetsita daudela akordioetan ezarritako hizkuntza-eskakizunetatik. Adina salbuesteko arrazoietako bat da, beraz. Bigarren, eta aspertu arte errepikatu den arren, ukatu behar da inork egonkortasuna galdu duenik 2 HE lortu ez izateagatik. 1 HE, gutxienezkoa, lortu ez duenak galdu du; beste era batez esanda, egonkortasuna galdu du batere mailarik gainditu ez duenak.
55 urtetik beherako 157 bitarteko irakasle horiek, batere euskara-mailarik gainditu ez dutenek, batez bestez 15 urtez daramate sare publikoan, eta 11 urtez baino gutxiago batek ere ez. 1998 urteaz geroztik bazekiten 2001eko abuzturako maila gainditu behar zutela. Orduan, lehenengo luzapena eman zitzaien 2002ko abuztura arte. Bigarren epe hori ere ez zen bete, eta orain itxitakoek hainbeste gaitzesten duten urte hartako akordioari esker, ELAk, STEE-EILASek eta LABek sinaturiko akordioari esker, ez zuten garai hartan egonkortasuna galdu, inongo hizkuntza-eskakizunik gainditu ez bazuten ere. Eta horrela jarraitu dute 2004ko abuztura arte. Epeak malguak baino malguagoak izan dira, beraz.
Gainera, 1998ko akordioan ez zen bakarrik ezartzen derrigortasuna, horrekin batera, eta ikasbidea erraztearren, baliabideak eskaintzen zitzaizkien irakasleei. Horrela, bitarteko irakasleek, karrerako funtzionarioek bezala, bi ikasturte oso izan dituzte, eskolak eman beharrik izan gabe, 1 HE ateratzeko; eta 3 ikasturte oso, 2 HE ateratzeko. Soldata osoa kobratuz, jakina.
Orain arte esandakoa nahikoa da, nik uste, edonor konturatzeko irakasle horiek arrazoizkoak baino epe eta baliabide gehiago izan dituztela, eskatzen zitzaiena betetzeko. Baina gehiago ere badago, egonkortasun-akordioaren azken luzapenean, 2004. urtean sinaturikoan, bazeuden beste klausula berezi batzuk, ELAren proposamenez sarturik, perfila ez ateratzeagatik egonkortasuna galtzen zuten irakasleen alde. Klausula horiei esker (klausulak hainbeste arbuiatzen duten akordioari dagozkio), bitarteko horiek egonkor moduan izan dira tratatuak aurtengo ikasturtean ere. Hori praktikan, egonkortasunaren beste luzapen bat izan da, 2005eko abuztura artekoa. Klausula horiei esker, langile horiek euskalduntze-prozesuan jarraitu dezakete, lehen bezala, lansari guztiak jasoz. Eta azkenik, klausula horiei esker, beste aukera bat ere badago, komunikabideetan behar bezala zabaldu ez dena: irakasle horiek dagokien hizkuntza-eskakizuna gaindituko balute, egoera egonkorra berreskuratuko lukete, eta lehentasuna izango lukete, postuak betetzeko ohiko prozeduraren aldean. Lehentasun hori ez daukate egonkortasuna beste arrazoi batzuengatik galdu dutenek —esate baterako, oposizioetara aurkeztu ez direnek—, horiek ezin dute berreskuratu. Bestela esanda, beren esku dago egonkortasuna berreskuratzea.
Ondorioz, ozenki esan daiteke ELAk beti izan dituela kontuan kidego horren interesak; baina noski gizarte honek hezkuntza elebiduna izateko duen interes orokorrarekin uztartu nahian.
Beste puntu bat ere argitu behar da: irakasle horiek ez dituzte kaleratu. Datozen ikasturteei begira, eta HE ateratzen ez badute ere, ordezkapen-zerrendetan jarraituko dute, beste 17.000 irakaslerekin batera, eta lehenengo postuetan egongo dira, eta HEen beharrik ez duten postuak hartu ahal izango dituzte. HEik gabeko posturik dagoen artean, lana izango dute. Badirudi hau guztia azaltzea ez dela efektista; kaleratzea eta langabezia aipatzea bezain deigarria ez, behintzat. Errealitatea bestelakoa da, ordea.
HE gainditu ez izana zuritu nahian, itxitakoak eta laguntzen dietenak IRALEren aurka ere ari izan dira (irakasleak euskalduntzeko programa), eta zalantzatan jarri dute egindako lana, azken urteotan gainditu dutenen portzentaia %30 besterik ez delako izan, edo etengabeko ebaluazioa kontuan hartzen ez delako. Horri erantzunez esan behar dugu lehen gainditutakoen portzentajea, izan ere, askoz handiagoa zela; eta horrexegatik, hain zuzen, dira oraingo emaitzak are harrigarriagoak, orain inoiz baino liberazio-txanda gehiago dutelako, orain baliabide materialak lehengoak baino askoz hobeak direlako, orain irakasleek lehen baino esperientzia gehiago dutelako... eta hobera edo gora aldatu ez den datu bakarra maila da, hori lehengoa bezalakoa da, bere lehengo horretan jarraitzen du. Nork bere ondorioak atera ditzala. Etengabeko ebaluazioari dagokionez, teknikariek zehaztu behar dute neurria hizkuntzen ikaskuntzarako. Baina ez da esaten duten bezala, kontuan hartzen dute, gehiegi luzatu gabe esan dezaket HE gainditzen dutenen %14 etengabeko ebaluazioari esker gainditu dutela, hots, probetan eskas samar geratu arren, ikaslearen ahaleginak eta dedikazioa aintzat harturik aitortu izan zaie maila.
Hori guztia esan eta gero, ELA prest egon da beti kidego horren banako arazoei banako irtenbideak emateko, eta elkarrekin egoera bideratzeko. Nolanahi ere, Administrazioak, bere eskumenak erabiliz, hasi beharko luke prozesu hori. ELAren ikuspuntutik, argiro utzi nahi dugu, hala ere, balizko prozesu horrek muga jakinak izan beharko lituzkeela: indarrean dagoen egonkortasun-akordioa ez jartzea auzitan, ez oraingo 1500 bitartekoei dagokienez, ezta akordioan jasotzen diren printzipioei dagokienez ere.
Azkenik, artikulu honen azken lerroetan “hizkuntza-diskriminazioa” salatzen dutenen hipokresia itzela eta bahe bikoitza ondo agerian utzi nahi ditut. Izan ere, Bertendonako Institutuan itxitakoek eta laguntzen dieten sindikatu eta alderdi politikoek ondo dakite Espainiako Estatuan irakasle-postu bat betetzeko, gaztelaniaz jakin behar dela derrigorrez, eta horregatik, Europako Batasuneko herritar batek gaztelania-proba berezia gainditu behar duela, irakasle-postua bete nahi badu. Eskakizun hori momentuan bertan gainditu behar du, ordaindutako liberazioak izan barik eta inolako luzapenik gabe. Hori hala dela baldin badakite, orduan, EAEko irakasleei bertako hizkuntza ofizialetako batean gutxienezko gaitasuna eskatzen zaienean, zergatik deitzen diote “hizkuntza-diskriminazioa”? Bi hizkuntza ofizial dituen erkidego batean hain pentsaezinezkoa al da irakasleei gutxienezko gaitasuna eskatzea bi hizkuntzetan? Batez ere, eskakizun hori betetzeko, hain epe luzeak eta hainbeste baliabide eman zaienean... Zer gertatzen da, hizkuntza-diskriminazioa euskara eskatzen denean bakarrik ematen dela?
(XABIER EXPOSITO Euskal Langileen Alkartasuna -ELA- sindikatuaren Irakaskuntza Arloko kide da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|