![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ion Urrusolo Santos - LAB / Irakaskuntza / 2005-04-06 / 07:01
Egun hauetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Irakaskuntza Publikoak dituen arazoak bigarren mailara pasaraziz, egonkortasuna galdu duten 157 irakasleen auziarekin jo eta su ari dira asko bazterrak nahasten.
LABek berretsi egiten du akordioaren balioa eta egonkortasun akordioa berritu zenean, Hizkuntza Eskakizunaren betekizuna eskatu zuela argi azaldu nahi du. LAB ezertan damutzen bada, akordio horri lotuta egonkortasun poltsarako egonkorren kopuru handiagoa lortu ez izana da.
2005 urte honetan, LABen ustez, asko dira Irakaskuntza Publikoak dituen arazoak, eta horietako askok, zerikusi handia dute plantilarekin: Haur eta Lehen Hezkuntzan eskola orduak 23tik 22ra jaistea, espezialista berriak, eskola txikiek jaso behar duten bestelako trataera, irakasle ibiltarien lan baldintzak, ikasturte hasierako esleipenetako arautegi zaharkitu eta onartezina, plantilaren adina, jubilazioak, 55 urtetik gorakoentzat jardun murrizketa, ordezkoen prestakuntza eta euskalduntzerako kupoen igoerak, ...
Baina orain, egonkortasuna galdu duten irakasleetaz hitz egin beharra dagoen honetan, LABek, negoziazio mahaian esan zuen bezala, hitz egiteko etapa guztietan, Lanbide Heziketa eta Helduen Heziketa barne, abiapuntutzat honakoa hartuko luke: lanpostu guztiek 2. Hizkuntza Eskakizuna eduki behar dutela. Bide batez, aipatu beharra dago, zerrendetan dauden 17.000 irakasle horien artean gehienek titulazio akademikoa zein 2. Hizkuntza Eskakizuna dutela eta beraz, LABen iritziz, irakasle hauek guztiak 157 horien aurrean aurkituko lirateke egonkortasuna lortzeko garaian.
Azken egunotan, komunikabideetan 157 irakasle hauei eskubide guztiak aitortu zaizkien bitartean, zerrendetan dauden gainerakoak ez dira aipatu, eta aipatzen ez dena, ez da existitzen. LABek iruzurrik ez duela onartuko argi eta garbi adierazi nahi du, zerrendetan betekizun guztiak betetzen dituztenekiko inongo kalterik ezin da eman. Zerrendetan dauden guztiak aukera/lehentasun berdinak eduki behar dituzte eta, aukera/lehentasun honek, duten antzinatasunari, titulazioari eta hizkuntza eskakizunari erantzun behar diete.
Zerrendetan dauden 17000 irakasle horietatik, 2400ek kurtso osoko lanpostu hutsa hartu izan zuten esleipenetan. Gainontzeko guztiak, ordezkapenetarako geldituz. Auzi honetan eztabaida ez dago 157 irakasle hauen inguruan, kalitazteko enplegua nola sortu baizik, jakinda lanpostu hauek euskaraz izango direla. Honen inguruan hitz egin, negoziatu eta borrokatu beharko dugu. Irakaskuntzan, arestian aipatutako elementuetan eragingo bagenu, enplegua sortuko genuke. Bitartean, dugun plantilaren gainean, ezinbestekoak dira hainbat ekimen abian jartzea:
Bien bitartean, LABek berresten du, irakasle orok titulazio eta Hizkuntza Eskakizunaren baldintzak betetzeko beharra, langileen gabeziek ezin baitute baldintzatu euskal hezkuntza sistemaren garapena. Irakasle erdaldun elebakar hauei esan nahi diegu eskertu beharko luketela euskal jendartea, lanerako derrigorrezkoak diren betekizunetatik bat izan gabe ere lanean jarduten hainbat urtetan utzi zaielako.
LABek afera honetan ez du atzerapausorik onartuko eta CCOO eta UGT sindikatuek duten jarrera demagogikoa salatzen du. Bi hizkuntza ofizialak duten beste lurraldeetan balio eta onartzen dutena, inposaketa politikoa eta bazterkeri linguistikoa al da Euskal Herrian? Ahantzi gabe, sindikatu hauek berberak direla Nafarroan, bertako irakasleen euskalduntze prozesua galarazten dutenak.
Argi utzi nahi dugu sistema honen beharrei erantzuten dien irakasleriaren eskubideen defentsa sutsua egingo dugula eta ez dugula onartuko hauen kontrako jarrera diskriminatzailerik. Gogoratu nahi dugu sinatutako akordioa betearazi behar dela eta jarrera horretan atzera egingo balitz irakasle elebidunen eskubideak eta aukerak urratuko liratekeela.
(ION URRUSOLO SANTOS Langile Abertzaleen Batzordeak -LAB- sindikatuaren Irakaskuntza sektoreko idazkaria da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |