Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bertendonakoak gogoan

Bertendonakoak gogoan

2005-04-07 / 07:00 / Koldo Tellitu Mejia - Partaide   IRAKASKUNTZA

Uste genuen legeak eta aginduak euskaldunon eskumenak murrizteko zirela bakarrik. Eta, ordez, euskararen eremua defendatu beharra dagoenean, hori egiten duen araurik badago, bere erabilpenean gutxienez malguak izatera, kontsentsuaren bidez jokatzea inposatu nahi izaten zaigu, arau hori bete nahi ez duenaren eskubidea, sentiberatasuna eta mendeetako estatu pribilegioak ez urratzeko.

Honetan ginela iritsi da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Anjeles Iztueta, gogoraraztera badaudela euskaldunon alde egiten duten dekretuak ere. Eta badaudela, baita, salbuespenak badira ere, horiek betearazten dituzten agintariak. Harira, asko gara, beraz, sailburu anderearengana gerturatu garenak Bertendonako gatazkaren aurrean gure atxikimendua adieraztera. Niri dagokidanez, eremu pertsonala gaindituaz, nire egia iritzi publikoaren leihora eramatea deliberatu dut, nahiz eta badakidan intentziorik onenarekin egindako urrats honek agian, eta paradoxikoki, kaltea ekar dakiokeela onura eraman nahi diodanari.

Izan ere, mundu guztiak ongi dakien bezala, Anjeles Iztuetaren agintaldiaren ezaugarri nagusietako bat izan da ikastolen aldeko jolas lotsagabea. Hala balitz, artikulu honek berretsi besterik ez luke egingo, ez susmoak bakarrik, baizik eta balizko gertakariak. Nahiz eta, bestalde, ez dakit zergatik kezkatu beharko nintzatekeen, Bertendonako gatazkaren karietara izan baita ikastolak erabili nahi izan dituenik, arlotekerian eta manipulazioan erorita ere, sailburuaren aurka jaurtitzeko.

Benetan, Bertendonakoen argudioak ez du izenik. Iztuetak azaleratutako datuek ez diote zalantzari tarte handirik uzten. Hamaika milioi euro baino gehiago euren trebakuntzarako ogasun publikotik emanak. Euretatik berrogeita hamar inguru ez direla azterketara ageri ere. Beste horrenbestek euskararen erabilpenean zero profila eman duela. Sei urteko epea egokitzapen hutsalerako, horietatik hiru eguneroko eginbeharretatik liberatuta soil-soilik euskara ikastera dedikatzeko. Batzuk euskarazko klaseetan azaldu ere ez. Eta horrela beste hainbat zehaztasun.

Dirudienez, baliabideen optimizazioa, gastuaren kalitate hobekuntza eta gizarte kontrola, batzuentzat paper bustia besterik ez dira zeregin publikoa gaizki deitutako horretan dihardutenei lagundu behar zaienean, edozeren gainetik. Eta orain gastua bera gehitzea proposatzen da zalantzazkoa den helburu baterako, alegia, ehunkada luze hori osatzen duten interinoen arazo pertsonala konpontzeko.

Eztabaidaren mamira itzuliz, irakasle horien kontrakotasun itxi berbera dago Kataluniako hezkuntzan ere katalan hizkuntzarekiko. Han ere bazterrekoa da jarrera, baina eskuin muturrekotzat hartzen dute hemen ordez babestu egiten duten hainbatek. Non geratu ote zaie horiei koherentzia.

Ez dut esaten ez legokeenik agian irtenbide pertsonala bilatzerik, esan den bezala bazterrekoa den arazo honetan, banan-banan aplikatuta, zarata sozial gehiegirik atera gabe eta beste alde batera begiratuta, afektatutako batzuen kasuetan gutxienez. Baina inola ere ez araudi bat dantzan jarrita, araudi horrek bilatzen duenean, arrakasta gutxirekin bada ere, eskola adinean dauden hiritarrek hezkuntza euskaraz jasotzeko duten eskubidea. Argi eta garbi, eskumen horrek ez du biderik zerbitzari publikoek euskararik ez badakite.

Bertendonan pultsua ikusten dut. Pultsua Ťadministrazio nazionalistariť, eurek esaten duten bezala, iraganaren inertziak eraman dituenen aldetik, estatuaren eta horren laguntzaile sozial eta politikoen inpunitateak babestuta egon direnen aldetik. Eta, ez. Oraingoan erratu egin dira.

Ez gaude soil-soilik maila ematen ez duen irakasle taldearen aurrean, eta hori ere kezkagarria litzateke. Bertendona ikastetxeko kanpoko hesian itxialdiko lehen egunetan gazteleradunen eskubideen aldeko kartelak zeuden, nahiz eta eskubide horiek izan gaur egun nagusiak gizarte honetan, diktadorearen garaian bezala bakarrak ez badira ere.

Garai zailak datoz, garai erabakigarriak datozen bakoitzean bezala. Hurrengo legegintzaldia erabakigarria izango da beste ziklo luze baterako. Euskal Eskolaren legea, edo antzerakoa, edota Eskola Ituna, edo biak, gauzatu egin beharko dira datozen lau urteetan gure eremu autonomikoan. Gaizki joango dira gauzak horrela ez bada. Egungo araudia agortuta dago eta itoginak ditu bazter guztietatik. Zenbait arlotan itoginak zituen hasiera-hasieratik, eta denborarekin zirrikituak zabaldu besterik ez dira egin.

Atzeraezinezko erronkek esku ausarta eskatzen dute, egungo sailburuarena bezalakoa. Hezkuntza, gatazka eremu ideologikoko lehen mailako gai bilakatu da berriro ere. Horretan, garapen nazionala eta hezkuntza proiektu propioaren helburua konpartitzen dugunon aurrean PP eta PSOE euren arteko ia xehetasunik gabe aurkezten zaizkigu. Hala ere ez dira falta kontsentsurako orubeak. Baina ez dira hauek anbiguotasunerako eta kikiltzeko garaiak, uste sendoetarako sasoia baizik.

Gure aldetik ez gara gauza guztietan bat etorri sailburuaren politikarekin azken lau urteotako jardunean. Batez ere ez gara bat etorri emaitzak neurtzean. Baina, bere eskuarekin, urteetan gatazka ekiditeko asmo hutsarekin landutako politika kontserbadore baten eraginez geldituta egon diren zenbait konturi hautsa kendu egin zaie gainetik.

Iztuetak zezenari adarretik oratuz jokatu du, errotutako tabu ukiezinak ematen zutenak pikutara jaurtiz, balizko hodeiertz arazotsu eta kostu politiko pertsonalei jaramonik egin gabe. Bere alde esan behar da Unibertsitatearen Legeari heldu diola, 0-3 gaia jorratu duela, curriculum propioa landu duela, ikastetxe publikoen autonomiaren alde, publikotasun kontzeptua zentroak emandako zerbitzuaren eta eskubide zein betebeharren arabera kokatu duela, eta ez titulartasunaren arabera, hezkuntza sare desberdinen arteko harreman konpetitiboa gaindituz.

Baina, noski, ez dago bide hori urratzerik egungo statu quo-a hautsi gabe, aurre egin gabe, egungo sare publikoan, funtzionalgoko zenbait taldek inertziaz Madrilera begira egoteari, eta ez euren herriari; ikasleen gurasoen elkarteak oraindik emantzipatu gabe egoteari, ondorioz sare funtzionariala gehiago dugularik soziala baino; aurre egin gabe, sare kontzertatuko atalik handienean, euskalduntzearenganako jazarpena, ikasleak hautatzeko joera nabarmena. Ikastoletan ere baditugu zuzendu beharreko inertziak, baina beste batzuek aipa ditzatela.

Joko arauak berregingo baditugu, kontsentsuatu beharra izango dugu, zalantzarik gabe, baina aurretik arazoak identifikatu egin beharko ditugu, eta sailburuak hatza zaurian jartzen asmatu du, tinko azaldu den bezala hezkuntzaren alorrean euskalduntzeak irabazi duen zati, gure ustez oraindik txikiegiaren alde.

Etorkizunerako erronkek dei egiten digute.


(KOLDO TELLITU MEJIA Ikastolen Elkartea-Partaideko lehendakaria)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com