|
Blogak, blogak, blogak. Modako kontzeptua. Argitalpen azkarreko Interneteko
webgune eredua. Albiste eta nobedadeak komentatzeko, primerako eredua.
Weblog kolektiboetan badugu esperientzia bat euskaldunok Sustatu.com-ekin 2001eko azarotik hona. Blog
pertsonalen kontua, beranduago iritsi da Euskal Herrira. Ez dakit nori eman
behar diogun lehena izatearen domina. Sarean.com
Jabi Zabala kazetariaren blogari, seguruenik. 2003an sortu zen. Harrezkero,
zenbat etorri diren... batzuk saldoka ere bai, Eibar.org elkarteak blog
komunitatea sortu zenetik batez ere (2004ko
uztailean).
Zenbat blog euskaldun ote gaur? Atzo baino gehiago, eta bihar baino gutxiago.
Galduko gara informazio itsaso horretan? Ez ote da gauza gehiegi egongo
dela Interneten irakurtzeko, jakiteko? Beharbada bai. Blog euskaldun
guztiak egunero irakurtzera dedikatuko den pertsonarik ez dago Euskal
Herrian 2005. urtean. Ez da posible jarraipen hori egitea. Ez da posible,
bederen, termino humanoetan. Baina bai termino robotikoetan: 2005. urtean
martxan jarritako ekimen berri batek, Aurki.com
eraldatu duen Jarioa proiektuak, blog euskaldun guztiak irakurtzen ditu,
etengabe, eta haien azken nobedadeak antolatzen ditu albistegi kolektibo
automatiko batean: Aurkik, gainera, blogen irakurketa harpidetza bidez
egitea ahalbidetzen du, eta hori inportantea da,harpidetza bidezko irakurketa.
Ikusi dugu, adibidez, blogariren batek kezka zuela bere bloga bakartuta ez
ote zegoen, ea ez ote zuen irakurlerik; monoblogoa ote zen bere jarduna.
Beharbada bai: blog pertsonal bakoitza hedabide bat da, baina irismen
txikiko hedabidea.
Hala ere, ez du horrek inporta: irakurlegoaren eskasiak bost axola.
Azaltzen saiatuko naiz jarraian.
Etorkizunean denok izango dugu 15...
Denok ezagutzen dugu 20. mendean mass-medien eragina sinbolizatzera
etorri zen esaldi famatu hura, Andy Warholek esana: Etorkizunean denok
izango dugu 15 minutuko ospea. Asmatu zuen Warholek. Mass-medien
biderkatze eta irismen populista bazter guztietara iritsi da, eta gutako
edozein txotxolok du aukera (eskubidea, esan genezake) telebistako
talk-show estupido batean azaltzeko, Klaudio Landak elkarrizketa gaitzan.
Bai, nire mutilaguna transexuala da eta gustura onartzen dut.
Baina orain 21. mendean bizi gara, eta mass-mediak barik, Internet dugu
artikulu honetako gaia. Paradigma aldatu da. Ez du balio Warholen
predikzioak. Beste bat da gaurko profezia fetitxea: Etorkizunean denok
izango ditugu 15 harpidedun.
Halaxe da, bai. Gutako edozein hedabide bihurtzen denean, bakoitzak bere
mikro-audientzia izango du. Gure lagunek, gure etsaiek, gure seme-alabek
irakurriko gaituzte... Haientzat garrantzitsua izango da gure bloga, eta
gutako bakoitzak, halaber, bere kuttunak izango ditu: harpidetza batzuk
jarriatuko ditugu, ez beharbada masiboak, bai edozein faktoregatik gutako
inportanteak direnak.
Buztan Luzea, The Long Tail
Blogen audientzian, sareko beste alor askotan bezala, buztan luzearen
kontzeptuak funtzionatzen du. Interneteko egia estatistiko bitxi bat da
hau, The Long Tail esaten zaio ingelesez. Adi grafiko honi:

Salmenta aukerak merkatu jakin batean. Horixe adierazten du grafikoak:
produktu salduenak, ezkerraldean, asko saltzen dira. Katalogoko lau
produktu salduenek milaka ale saltzen dituzte. Baina katalogoa luzatu
ahala, bateko eta besteko aleak dozenaka edo banaka saltzen dira. Denda
batean halako katalogoa gobernatzerik ez dago: asko saldu daitezkeenak
bakarrik izan daitezke baldetan. Supermerkatuak aukera gehiago du buztana
luzatzeko, baina neurri batera arte: hilean ale bat edo beste salduko duen
produkturik ezin diete tokirik kendu korridoreetan asko saltzen dutenei.
Interneten, aldiz, katalogoa infinitoa da. Amazoni ez zaio kostatzen ale
bat salduko duen diskoaren datuak datubasean gordetzea. Ez diote kentzen
tokirik salduenei. Eta, izatez, gutxi-gutxi saltzen diren milaka diskoen
artean, askoz gehiago saltzen du Amazonek superventas horiekin baino.
Interes generalistek merkatu handia dute, baina gizarte anitz batean,
milaka lagunen mikrointeres konbinatuek, merkatu handiagoa osatzen dute.
Informazioaren mundu editorialean ere berdin gertatzen da. Paperean edo
ikus-entzunezko hedabide euskaldunetan, kirol informazioan, izan dezakegu
informaziorik futbolaz eta txirrindularitzaz, dudarik ez. Interes
generalistak dira, badute berezko merkatu handi bat. Mendigoizaletasunak,
ordea, juxtu-juxtuan du jarraipena. Bere interes maila, buztan luzearen
grafikoaren alor ilun eta argiaren artean, hor nonbait behar du. Xakeak,
berriz, ez du tokirik hedabide euskaldunetan. Bere mikroaudientziak ez du
justifikatzen. Grafikoaren alde argian dago xakezaletasun euskalduna.
Interneten, berriz, desberdina da. Interes anitzen merkatu anitza osa
daiteke. Blogista bat behar dugu, ez besterik: xakeaz euskaraz idaztea
okurritzen zaion bat. Eta izango du bere mikroaudientzia. Eta haren ondoan,
beste hainbat mikro-hedabide, bakoitzaren mikro-audientziarekin. Horrelaxe
osatuko da edukiaren euskal unibertsoa sarean. Behetik gora. Nola bestela?
Nitxo bakoitza subentzionatuta? Euskal xakearen webguneari subentzio
publikoa emanez? Errezil-sagarraren foroa Diputazioen babespean eratu?
Ez. Egin dezagun zerbait eutsigarria, barka, iraunkorra. Eman diezaizkiogun
armak herriari: blogosfera osa dezaten herritarrek, euskaldun bakoitza
blogista bihurtzeko xaxatuz. Batzuek aukera aporbetxatuko dute, beste
batzuek ez; baina gutako bakoitza (edo gure artean asko eta asko behintzat)
hedabide bat denean, euskarazko informazioaren esparruak buztan luzearen
antza izango du. Eta orduan, merkatu nagusiari zerbitzatzen dion EITBk
barik, blogosfera anitz horrek okupatuko du nagusitasuna euskarazko
Interneteko komunikazio eta informazio esparruan. Gu izango gara nagusi.
Gu, blogariok, bakoitza bere 15 laguneko jarraitzaile-multzoarekin.
Podcasting egiten dugun egunean...
Eta adi, blogetako testu-produkziotik podcasting-era igaroko garelako
akaso: audio eta bideo produkzio zuzen eta pertsonalera... Bai. Zergatik
ez. Akaso bost edo hamar urte barru, euskarazko TB kanal gehien egongo den
tokia AurkiTV izango da, ez EITB edo Euskaltel.
We, the media, esango dugu. Don't hate the media, be the media.
Beste lema polit bat. Lema anbiziosoa, bai. Bueno, nik uste dut gure
helburuak errealista izan behar duela: MUNDUAREN DOMINAZIOA.
Lehenago ere azaldu dut zer esan nahi dudan horrekin. Funtsean, teknologia
geuk menderatuko dugula, ez berak gu. Eta anbizio apur bat ondo etorriko
dela. Beste adibide batekin saiatuko naiz azaltzen.
Wargames, 1983
Ordenagailuen inguruko film kultuzkoa, agian. Interneten inguruan egin den
onena, agian. Bueno, orduan Internet ez zen oraingoa, WWW ere ez zegoen,
baina tira, modem bidez ordenagailuak nola elkarlotu daitezkeen sare global
batean... Horixe iradokitzen zuen Matthew Broderick gaztetxo baten film
honek. Konektatu da mutila eskolako ordenagailura, eta bere nota kaxkarrak
igo ditu. Hegazkin-konpainiarekin beste norbaiten Visarekin, eta hara,
bidaia Parisera... Neska baten aurrean fardatzeagatik, edozer modemari eta
sareari esker.
Halako batean sarbiderik uzten ez dion ordenagailu batekin topo egiten du.
Bere hacker truko guztiek huts egiten diote. Halako batean, esaten dio
aldamenean duen neskari: Tira, makina hauek ez dizute sartzen utziko,
baina normalean joko zerrenda eskatuta, jokatzeko aukera ematen dizute
behintzat. Eta hala egiten du, joko-zerrenda eskatzen dio zerraila
itxi-itxia duen makina misteriotsua.
Txorakeria bat da hori, baina pelikula bat da, ez ahaztu. Eta makinak
erantzun ederra emaren dio une horretan:
Greetings, Professor Falken. chess checkers tic-tac-toe global thermonuclear war How about a nice game of chess? |
Zerrenda luzeagoa da. Xakea, damak, hiru erreskadan, karta-jokoak eta
bestelakoak tartean, eta azkenean, aukera potolo hori, Global
thermonuclear war. Mutila liluratuta gelditzen da, baina, noski, ez du
aukeratzen makinak Falken profesore misteriotsuari eskaintzen dion
xake-partida. Ez, noski. Neska aldamenean duela, aukera posible bakarra du
Matthewk, eta huraxe sakatzen du: Global thermonuclear war. Ondoren,
misilak jaurtitzen dituzte, eta abentura gehiago...
Kontua da gu ere iritsi garela pantaila horren aurrera. Hala-nola, iritsi
gara 21. mendera euskaldunok, gure kultura gutxitu eta diglosikoarekin.
Iritsi gara, konektatu gara Internetera, eta jokoa aukeratu behar dugu
orain. Zein aukeratuko dugu? Erantzun zentzuzko bakarra dago: Jokorik
interesgarrienean jokatuko dugu... Zergatik gutxiagorekin konformatu?
Global thermonuclear war!
Izarren ligan gaude: blog bat, atari bat baino interesgarriagoa da. Eta
liga horretan gaude, beraz. Interneteko komunikazio esparrua ez du
Euskaltelek edo EITBk menderatuko, guk menderatuko dugu, guk, blogariok.
(LUISTXO FERNANDEZ OSTOLAZA CodeSyntax enpresako proiektu arduraduna da)
|
|
Ingelesen Hilerriko nire artikuluak erabili.com-en irten izanak, beste pentsakizun gehigarri batzuk ekarri dizkit gogora. Hizkuntzen jokoa edo talka, nolakoa ote da blogosferan? Zein ote da blogen buztan luzeko soziolinguistika propioa?
Susmo bat besterik ez da, baina hauxe da dudan susmoa: blogen buztan luzean, buztan lau-lau eta harpidetza murritzeko horretan, berdintsu da ingelesezko blog bat eta euskarazko bat. Blogari guztiek dute 15 harpideduneko audientzia potentziala, eta uste dut, berdintsu dela hizkuntzaren indarra.
Jakina, ingelesez edo gaztelaniaz dagoen blog batek, potentzialki, askoz irakurle gehiago izan ditzake, eta askok izan badituzte, baina blog ertainak, blog arruntak, mikrointeres zehatz bati zerbitzatzen dion blogariak, bere 15 laguneko zirkulutxoa izango du ingelesez. Blog ohikoenak horrelakoak dira ingelesez ere, buztan luzean galduta daude. Alde horretatik, ez dira asko desberdinduko euskarazko blog ohikoenetik.
Hortaz, hizkuntza gutxituaren estatus gutxituak hedabidearen irismenean eraginik ez duen hedabide mota berri baten aurrean gaude? akaso bai. Ikerlarien zain geratzen gara.
Hala ere, blogak banaka hartuta gertatuko litzateke egoera hori. Blogosfera bere osotasunean hartuta, ez, jakina. Gaztelaniazko edo ingelesezko blogosferak askoz pisutsuagoak dira. Eta ideia batek blog batetik bestera salto egiteko duen gaitasuna (informazioa berria edo meme errepikakorrak sortzeko gaitasuna), blogosferarekiko proportzionala delakoan nago. Ez bakarrik blogari gehiago daudelako interkonektatuta hizkuntza handietan, agregatzaile indartsuak haien zerbitzuan daudelako baizik (eta horiek laguntzen dute meme eta blog-ideia edo blog-albisteen hedapenean). Alderdi honetatik, optimismo gutxiago diglosiari begira. Baina bestean, argi izpi batzuk ikusten ditut.
Edozein modutan, idatziko dira tesiak... Zuberogoitiak paperera begira jarraitzen du, baina etorriko dira komunikatzaile are berriagoak.
|